Oarsoaldeako jarduera fisikoaren eta kirolaren eskaintza jasotzen dituen eskuorria aurkeztu da gaur Lezon

Og, 2019-11-07 14:29

Esku-orrian, besteak beste, eskualdeko klubetako kontaktuak, kirolguneak, orientazio zerbitzuak eta herri bakoitzeko kirol sailetako kontaktuak daude jasota.

Aipatu dokumentua eskuragarri dago lau herrietako kiroldegi edota harrera bulegoetan eta epe motzean udal bakoitzeko webgunean ere jarriko da.

Gaur goizean lehenbizikoz aurkeztu da Oarsoaldeako jarduera fisikoaren eta kirolaren eskaintza jasotzen duen esku-orria. Aurkezpena Lezoko Kultura aretoan izan da eta bertan parte hartu dute lau herrietako kirol zinegotziek - Irlentz Ortega (Lezo), Enekoitz Markos (Oiartzun), Maite Gartzia (Errenteria) eta Lore Suarez (Pasaia)-.

Zinegotziek azaldu bezala, “Oarsoaldeako kirol koordinazio mahaia osatzen dugun lau udalerrietako politikari zein teknikariek eskualdeko eskaintza euskarri bakar batean bateratzeko premia sumatu genuen. Izan ere, konturatu ginen behin eskola kirola amaitzean, eskualdeko haur askok ez zekitela non jarraitu beren gustuko modalitatearekin eta ezjakintasun horrek bultzatuta, haur askok kirol praktikari uzten ziotela”.

Premia horretatik abiatuta, beraz, hasi zen koordinazio mahaia gaur aurkeztutako esku-orria lantzen. Lanketa luzea izan dela adierazi dute zinegotziek: “hasiera batean eskualdeko kirol kluben harremanetarako bideak jasotzea zen egitasmoa, baina bileraz bilera ikuspegia zabaltzen joan zen eta egindako lanketari esker, gaur egun, eskualde mailan jarduera fisikoa eta kirola egiteko aukera eta eskaintza anitzak biltzen dituen dokumentua osatu ahal izan dugu, modu horretara, herri bakoitzeko biztanleei eskualde mailan dagoen eskaintza eta aukera guztiak ezagutzera emateko”.

Esku-orriak, hain zuzen, eskualdeko kluben informazioa, kirolguneak, orientazio zerbitzuak edota herri bakoitzeko kirol sailetako kontaktuak jasotzen ditu. Horiez gain, eskualdeko parke osasungarriak, bidegorriak edota ibilbideak- Donajakue bidea, Talaia bidea eta San Markos inguruko ibilbidea - ere markatuta daude dokumentuan.

Era berean, esku-orria dokumentu bizia dela azpimarratu dute lau zinegotziek, hau da, urtetik urtera aktualizatzen, osatzen eta aberasten joango den dokumentua dela, alegia. Ildo horretan, datorren urteari begira ibilbide gehiago edota kirol gune pribatuen kokaleku zein kontaktua gehitzea da asmoa.

Oarsoaldea eskualdeak kirol arloan eskaintzen dituen aukerak ezagutzeko interesa duen orok, beraz, eskuragarri du esku-orria lau udalerrietako udal webgunean eta kiroldegi zein harrera bulegoetan.

Arloa edo saila