Asteburu kulturala Lezon

Og, 2021-10-14 17:15

Udazkeneko programak egitarau zabala eskaintzen du asteburuan.

Udazkena aurrera doa eta, Lezon, egitarau kultural zabal batez gozatzeko aukera dago astebururo.

Ostiral, larunbat eta iganderako antzerkia, ikus entzunezko emanaldiak eta dantza saioak antolatu dira. Sarrerak lortzeko aukera dago oraindik, udaleko webgunean

Ostiralean, urriak 15, haurrentzako antzerkia egongo da Gezala Auditoriumean 17:15etan. “Giza gorputzaren erdigunera bidaia” antzerkian, pertsona baten barruan sartu eta abentura harrigarri bat bizitzeko aukera egongo da. Gaztela eta Leongo Antzerki Feriako haurrentzako ikuskizun onenaren saria jaso du antzezlanak. Spasmo konpainiaren antzezlana da.

Larunbatean bi ikus entzunezko emanaldi egongo dira. Arratsaldekoa, 16:30etakoa, haurrei zuzendua egongo da. “Elfkinak” 200 urte baino gehiago daramatzate lur azpian bizitzen, gizakiekin inolako harremanik izan gabe. Halako batean, Elfie-k, Kipp-ek eta Buck-ek lurrazalera igotzea erabaki dute. Haien abenturak ikusteko aukera izango dute lezoarrek.

Ondoren, larunbatean 19:00etan, “Anderea” dokumental errealista eta onirikoa ikusteko aukera izango da. Euskal mitologiaren numen nagusian oinarritua, Mari edo Anbotoko dama, paleolitotik gaur egun arte Euskal Herriaren oroimen kolektiboan bizirik iraun duen dama antzinakoa eta misteriotsuari buruzkoa.

Igandean, dantzarentzat izango da protagonismoa. Lasala konpainiaren eskutik “Dead” ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute lezoarrek 20:00etan. Hil aurretik bizitza bizi behar dela adierazten dute. Norberaren esperientziaren mugak gainditu eta bizitzeko leihoa erakutsi nahi dute.

 

Arloa edo saila