Asteburuan ekingo zaio Kilometro Lezo udako kultur agendari

Az, 2020-08-12 13:34

Ostiralean Haatik dantza taldearen emanaldia eskainiko da eta larunbatean, Maria Berasarte artista donostiarrak bere lan berria aurkeztu eta estreinatuko du Lezon.

Bi ekitaldiak Herri Eskolako patioan eskainiko dira gaueko 23:00an eta sarrerak salgai daude udal webgunean edota kultura saileko bulegoetan.

Uda garaiko bigarren erdialdean murgilduta, asteburu honetan Kilometro Lezo deituriko udako kultur agenda estreinatuko du Lezok, euskal musika, dantza eta antzerkia uztartzen dituen agenda, alegia.

Izan ere, Lezoko Udalak kulturarekiko apustu irmoa azaldu du beti eta aipatu agendaren bitartez, konpromiso eta apustu horri jarraipena eman nahi dio, Lezo kulturalki pizten eta indartzen jarraitzeko, “kulturarik gabe ez baitago Lezorik” aipatu dute Udaletik.

Gauzak horrela, Kilometro Lezo agendaren helburu nagusia da kultur ekintza, ekitaldi zein jarduerak suspertzea eta noski, euskal kultura indartzen eta bultzatzen jarraitzea, kulturak zein arte sormenak gure gizartean duten eginkizuna eta balioa ikusaraziz.

Dantza eta musika nagusi Kilometro Lezoko lehen asteburuan

Kilometro Lezok guztira 8 ekitaldi jasotzen ditu eta asteburu honetan, hain zuzen, ostiral zein larunbatean eskainiko dira lehen biak.

Ostiralean, hilak 14, Haatik dantza konpainiaren txanda izango da. Talde honek “Errimak bi oinetan” lana eskainiko du, zeinak garai bateko zein gaurko bertso eta doinuak uztartzen dituen, emanaldi entretenigarri eta dibertigarria osatuz.

Sustrai Colina, Xalbador, Aitor Mendiluze, Lazkao Txiki, Uxue Alberdi, Odei Barroso eta bertsolari gehiagoren errimekin egingo dute dantza bost dantzarik. Igelaren bandak jarri die soinua bertsoei, eta Thierry Biscary, Maddalen Arzallus eta beste hainbatek jarri diote ahotsa, bertsoa entzun, dantza ikusi eta emanaldia bizi araziz.

Izan ere, bertso ariketa eta jokoak dantzara eramatea da emanaldi honen berezitasuna, baita horien bitartez gaurkotasunari buruzko gogoetak plazaratzea, kantu ezagunei eta bertso sorta zahar eta berriei mugimendua emanez.

Maria Berasarteren lan berriaren estreinaldia Lezon

Larunbatean halaber, Maria Berasarte artista donostiarra izango da Lezon “Lurra eta bidea” deituriko bere lan berria lehen aldiz jendaurrean estreinatu eta aurkezten.

Lurra eta Bidea Maria Berasarteren proiekturik pertsonalena eta originalena da. Bertan, bere euskal sustraiak erakutsiko ditu, beste musika estilo batzuetan zehar egindako bidaia, non lehen aldiz euskal musika eta poetikara itzuli izana nabarmenduko den.

Ideia euskal sustraiei dagokienez, bere jatorriaren iruditeriarekin, bere nazioarteko ibilbidearekin eta abeslariaren zein euskal kulturaren sentimenduekin bat egiteko lehen aldiz lan berri eta pertsonal bat egiteko borondatetik sortu zen.

Horrela, “Lurra eta bidea” jarraipena izan eta mugak gainditu nahi dituen proiektua da. Euskal izaera musikala ezagutzera emateko modu bat da, hain dokumentatua ez den ikuspegi batetik.

Gutxi dira gure mugetatik haratago ezagutzera emateko gaitasuna duten horrelako proiektuen buru diren emakumezko ahotsen erreferentziak. Abeslari donostiarrak bere errepertorioan euskal kantua sartzen du beti eta aukera paregabea izango litzateke ikuskizun inspiratzaile eta paregabea garatzeko, artistaren ezaugarriengatik.

Maria Berasartek Joseba Irazoki izango du gitarran, Igor Telletxea perkusioan eta David Azurza izango du gonbidatu.

Sarrerak dagoeneko eskuragarri

Aipatu bi ekitaldiak gaueko 23:00etan eskainiko dira Herri Eskolako patioan, doakoak izango dira eta sarrerak dagoeneko eskuragarri daude udal webgunean zein kultura saileko bulegoetan.

Amaitzeko, egungo egoera kontutan hartuta, Kilometro Lezoko ekitaldiak aurrera eramateko protokolo zorrotz bat osatu du Udalak, antolatzaile, artista parte-hartzaile eta ikusle ororen segurtasuna eta osasuna bermatzeko. Hauek dira hartutako neurri nagusiak:

  • Ekitaldi bakoitzeko gehiengo aforoa 250 pertsonakoa izango da eta guztiak eserita egon beharko dute
  • Horretarako aulkien arteko segurtasun distantzia bermatuko duen espazioa aukeratu da, Herri Eskolako patioa hain zuzen
  • Sarreran eskuak bertan egongo den gel hidroalkoholikoarekin garbitu beharko dira
  • Barrura sartzeko ezinbestekoa izango da musukoa erabiltzea, baita ekitaldiak irauten duen bitartean ere
Arloa edo saila