2018KO AZAROAK 29

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2018ko azaroaren 29an, 19:30etan, eratu da OSOKO UDALBATZA OHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Jesus Maria Martiarena Jaca alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Maria Noemi Arberas Oses, Alfredo de la Puente Pagola, Enrique Figueroa Laboa, Irlentz Ortega Ugalde eta Miguel Angel Sanchez Antunez (EAJ-PNV udal taldea), Ainhoa Zabalo Loiarte, Mikel Arruti Salaberria, Ainhoa Intxaurrandieta Ezkurra, Angel Portugal Formoso eta Asier Irastorza Alustiza (EHBILDU udal taldea) eta Jose Angel Sanchez Gallardo (Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos).

Ez da bileran izan Igor Cordero de la Fuente (EHBILDU udal taldea).

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiola Aristik.

Osoko bilkuran da ere udal kontuhartzailea, Pedro Etxarri Ollokiegi.

1. 2018ko irailaren 27an ohiko izaerarekin eta urriaren 29an ezohiko izaerarekin egindako bileren aktak onartzea (2018ID200005 eta 2018ID200006).

Aktak inolako aldaketarik gabe onartu dira.

2. 2019 udal aurrekontuak onartzeko diktamena (2018KO290004).

Honela dio diktamenak:

“2019ko Udal Aurrekontua lantzeko eta onartzeko tramitatzen ari den espedientea ikusirik, Batzorde Informatibo Orokorrak, 2018ko azaroaren 22an egindako bilkuran, Jesus Maria Martiarena Jaca, Maria Noemi Arberas Oses eta Miguel Angel Sanchez Antunez zinegotzien botoa alde dela eta Ainhoa Zabalo Loiarte eta Mikel Arruti Salaberria zinegotzien aurkako botoarekin, behean heldu dena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Hasierako onarpena ematea 2019. ekitaldiko Udal Aurrekontuari. Hona hemen aurrekontua atalez-atal zehaztuta:

Kap

AZALPENA

GASTUAK

Kap

AZALPENA

SARRERAK

2019

2019

1

Pertsonal Gastuak

3.030.000

1

Zuzeneko zergak

2.586.000

2

Gastuak ondasun arrunt.

2.838.000

2

Zeharkako zergak

120.000

3

Finantza gastuak

16.000

3

Tasak eta bestelako zergak

1.284.000

4

Transferentzia arruntak

1.450.000

4

Transferentzia arruntak

4.470.000

5

Kreditu Globala eta bes

210.000

5

Ondare sarrerak

10.000

6

Inbertsio errealak

691.000

7

Kapital transferentziak

235.000

8

Finantza aktiboak

12.000,00

8

Finantza aktiboak

12.000

9

Finantza pasiboak

470.000

GUZTIRA

8.717.000

GUZTIRA

8.717.000

BI: Informazio publikorako hamabost egunetako epea irekitzea, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta iragarki oholtzan iragarkia argitaratuz, alegazioak aurkez daitezen.”

Udal kontuhartzaileak aurrekontuak azaltzeko espedientearen dagoen bere txostenaren hamar atalen atalez ataleko azalpena egin du. Txostenaren arabera aurkeztutako aurrekontu proposamenak betetzen ditu lege baldintzak eta onartu daiteke.

Ainhoa Zabalok EHBilduren proposamena irakurri du. Honela dio irakurritako testuak:

“Herri baten kudeaketak erantzukizun handia eskatzen du. Lezok, 8.717.000,00 euroko aurrekontu bat du datorren urterako eta politika egiteko modu ezberdinek, aurrekontuen kudeaketa modu batetara edo bestera erabiltzera ulertu dezakegu, hala ere, zentzuarekin eta arduraz jokatzea eskatzea ez zaigu gehiegizkoa iruditzen, eskatu beharreko minimoa izan beharko luke.

Lehengo astean aurrekontuak lantzeko batzarra izan genuen EAJrekin, beste gai batzuen artean, Lezok zertan gastatu, inbertituko dituen 8.717.000,00 euro horien esplikazioa eman behar zigun EAJ-k, Lezoko kontuhartzaileak hartu zuen lehenengo hitza, diru sarreren nondik norakoa azaldu zituen, baita Fondo Foralak zenbat diru jarriko zuen; 4.270.000,00 €. 25 minutuko esplikazio bat eman zuen, gure iritziz argia eta nahikoa. Ondoren suposatzen da, EAJ-k bere aurrekontuaren zergatia, bere proiektua, bere proiektuak, bere gai garrantzitsuenak herrirako etab. esplikatu behar zituela.

Esplikazio guztiak hiru minututan eman zituzten eta honako hauek izan ziren:

  • Gure helburua inbertsiotan dago, irisgarritasunean, enplegu planean, kulturan eta konponketetan.
  • Irisgarritasunean kiroldegitik igerilekura joateko bidea bukatu nahi dugu. 2, fasean Villa 1etik igerilekura.
  • Kulturan gehiago gastatuko dugu, kirolean 100.000€ haur jolasak egiteko.
  • Enplegu plana murriztuko dugu ez dugulako dena gastatu aurten.

    8.717.000,00€ko aurrekontu baten esplikazioa hiru minututan? Eta inongo detailerik eman gabe??? Irisgarritasunean 332.000€, bidea egiten? Irisgarritasun Plana kontuan hartu da?.

    Administrazio orokorra proiektuak 50.000(0) urbanizazio inbertsioak 75.500(0). Ze proiektu? Ze inbertsio?

    Bestalde herritarrek parte hartzen zuten proiektu garrantzitsu bat, bertan behera uzten dute (100.000,00) datorren urtean 0€.

    Berdintasun partidak %47ko jaitsiera izan du, gaur egun bizi dugun egoeran tamalgarria iruditzen zaigu.

    Enplegu planean 50.000€ko jaitsiera, %25ekoa. Lezok 2018ko urrian ia %9ko langabetuen tasa zuen, eta egoera honekin lasai-lasai botatzea batzar batean datorren urterako 50.000€ gutxiago aurreikusten dituzuela diru kopuru hori gastatu ez delako 2018 urtean lotsagarria eta tamalgarria iruditzen zaigu. Lezon dauden 360 pertsona langabetu horiengana joan eta aurpegira hitz berdinak esateko gai izango zinateketen jakitea gustatuko litzaiguke.

    Bestalde, kultur ekitaldietan aurrekontua %100ean igotzen duzue, 45.000tik 90.000€ra pasatzen duzue, jakin daiteke zertan?

    Euskaran diru laguntzak 6.000€ murrizten dituzue. Euskararen egoera latza ikusita lan ugari egiteko dugula iruditzen zaigu herri honetan eta ekintza ezberdin asko egin daitezkeela iruditzen zaigu herritarrei euskara ikasteko grina eta motibazioa pizteko.
    Kiroldegian 87.000€ko inbertsioa egingo da, haur jolasak?

    Gobernu organotan, ordezkapen arretan 6.000€ jarri dituzue, ze gastu dira? fakturak badaude?

    GURE PROPOSAMENA:
  • ENPLEGUA:
    Udalak dituen enplegu planen jarraipen zehatza egin beharko litzateke, hastean egun eta ordu konkretu bat finkatu herritarrak informatu ahal izateko eta 200.000€ko aurrekontua utzi.
  • BERDINTASUNA:
    Kalean zein instituzioetan indarkeri matxistari irmoki erantzun behar diogu. Lezoko elkarteekin gaia landu beharko litzateke, horretarako 28.000€ko aurrekontua utzi beharko genuke.
  • EUSKARA:
    Merkataritza eta ostalaritza euskalduntzeko neurriak hartu beharko lirateke, horretarako 40.000€ko aurrekontua utzi beharko genuke.
  • PARTE HARTZEA:
    Herritarren parte hartzea sustatu beharko genuke, beraien kezkak lehen eskutik ezagutu, baita bere beharrak ere, horretarako 100.000€ utzi beharko genituzke.
  • GAZTEAK:
    Herriko etorkizuna, beraientzat zerbait pentsatu duzue?
    Lezoko gazteen kezkak, arazoak eta beharrak zeintzuk diren identifikatu behar ditugu eta elkar lanean ekintza plan bat diseinatu. Herriko etorkizuna dira, horretarako 25.000€.”

Jose Angel Sanchezek dio hasierako aurrekontu zirriborroan enplegu planetarako aurtengo diru kopurua mantentzen zela baina Oarsoaldeako teknikariekin hitz egin ondoren, ikusi zen diru kopurua jaitsi zitekeela: langabezi kopuruak jaitsi egin dira eta teknikariek eta udal gizarte zerbitzuetatik eta hiri mantenimendutik egindako proposamenak ahal direla egin diru gutxiagorekin. Bestalde, Lezoko Udalak egiten du Oarsoaldeko beste udalek baino ekarpen gehiago plan hauentzat. Berak ez omen du inongo eragozpenik gastua handitzeko edo horretarako konpromisoa hartzeko baldin eta hori egiten bada Oarsoaldeako teknikariekin hitz egin ondoren eta haiek proposatutako kopuruetan.

Ainhoa Zabalori iruditzen zaio aitzakia direla Jose Angel Sanchezek esandakoak, Lezoko Udalak nahiko baliabide dituelako Lezoko langabetuengana zuzentzeko. Gogoratu du Lezoko EHBilduren ekimenez emakumeen langabezia murrizteko martxan jarritako eta ondo funtzionatu duen Kokatu programa. 2018ko aurreikusitako kopuru guztiak ez erabili izanaren arrazoia gobernu taldearen lan falta dela dio Zabalo andereak, beharrak bazeuden baina ez dira atenditu.

Ainhoa Intxaurrandietak proposatu du EHBilduk proposatutako aldaketak puntuz puntu eztabaidatu eta bozkatzea. Alkateak esan dio aurrekontu proposamena bere osotasunean bozkatuko dela. Ainhoa Intxaurrandietak eskatu du nahi eta bozketa bakarra egin puntuz puntuko azalpena emateko gastu partiden inguruko zalantzak argitzeko. Alkateak dio proposamenean jasotako diru kopuruak teknikariek proposatutakoak direla.

Besterik gabe, bozketa egin da eta diktamena onartu da aldeko zazpi botorekin (alkatea, EAJ-PNV Udal taldeko zinegotziak eta Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos taldeko zinegotziarena) eta aurkako bost botorekin (bilkuran diren EH Bildu taldeko zinegotzienak).

Ainhoa Zabalok dio aurka bozkatu duela azalpenik eman ez zaielako eta Ainhoa Intxaurrandietak dio ezezkoa eman dutela aurrekontuak ezagutzen ez dituztelako, dituzten zalantzak inork argitu ez dizkielako.

3. 2018ko udal aurrekontu aldaketaren kontu ematea (2018KO090001).

Alkatearen D18/1059 dekretu bidez onartutako aurrekontu aldaketaren berri eman zaio Udalbatzari, 2018-11-22an Batzorde Informatibo Orokorrarekin egin zen moduan. Honela dio alkate D18/1059. dekretuak:

Ikusita udal honen aurrekontuko kredituak aldatzeko espedientea, kreditu gaikuntzaren modalitatekoa, 2018-KALD-000004-00 zenbakiduna.

Ikusita kontu-hartzaileak idatzitako txosten eta ziurtagiriaren arabera espedientea bat datorrela aplikagarria zaion legeriarekin, zehazki 21/2003 Foru Arauak, abenduaren 19koak, Toki Erakundeen Aurrekontuei buruzkoak, 31. artikuluan ezarritakoarekin.

Arestian aipatutako foru arauak 31. artikuluaren 5. eta 6. apartatuen bitartez ematen dizkidan eskumenez baliatuz, hau

EBATZI DUT

Lehenengoa.- Onartzea udal honen aurrekontuko kredituak aldatzeko espedientea, kreditu gaikuntzaren modalitatekoa, proposamenean ageri den partidakako xehetasunarekin, laburpen honen arabera

Gastuen Aplikazioa

Azalpena

Zenbatekoa

1 480.01.231.30 2018

GIZARTE LARRIALDIKO LAGUNTZA

41.998,00

1 601.01.153.20 2018

URBANIZAZIOAK, AZPIEGITURAK

189.138,63

GAITUTAKO KREDITUAK GUZTIRA

231.136,63

Cód.

Sarreren aplikazioa

Azalpena

Zenbatekoa

a

2 410.04.231.30 2018

GLL-AES (E.JAURLARITZA)

41.998,00

a

2 720.01.153.20 2018

LEZO-DONIBANE BIDEGORRIA

189.138,63

FINANTZAKETA GUZTIRA

231.136,63

Bigarrena.- Egintza hau bestelako tramiterik gabe irmo eta exekutiboa denez gero, bidezkoa da Kontuhartzailetza Zerbitzuak berehala kontabilizatzea onartutako kreditu aldaketa, eta egintza honen berri eman zaio udalbatzari.

4. 2018.ekitaldian kreditu kobraezinak ebazteko diktamena (2018KO120001).

2014ko ekitaldira arte kobraezinak izan diren erreziboei dagokienez, Kontuhartzailetzako sailak aurkeztutako dokumentazioa aztertu eta gero, Batzorde Informatibo Orokorrak, 2018ko azaroaren 22an egindako bilkuran, emandako aldeko diktamenarekin, Udalaren Osoko Bilkurak ahobatez erabaki du:

BAT: Kaudimen-gabeziagatik, preskripzioagatik, leku ezezagunean egoteagatik, bikoiztasunagatik, gehiegizko aitortutako eskubideengatik edota dena delakoagatik, aurkeztutako zerrendan jasotakoak kobraezintzat jotzea (101.793,89€), honako egoerak direla medio:

Zordunen egon lekua zein den ez jakitea

Bahitzeko ondasunik ez edukitzea, edo ondasun higiezinak izanik, hauen bahituaren kostua, zorraren kopuruarekiko neurrigabea izatea.

5. Txostenak: Kontuhartzailearena eta diruzainarena.

Udal kontuhartzailearen hiru txosten eta diruzainaren diruzaintza planaren berri eman zaio osoko bilkurari, deialdiarekin zabaldutako dokumentazioarekin azaroaren 22ko batzorde berriemaile orokorrean egin bezala. Hauek dira banatutako txostenak:

  1. 2018ko 3. hiruhilekoari dagokion ordaintzeko bataz besteko epeari (OBE) buruzko txostena.
  2. Barne kontroleko urteko txostena 2017 eta auditoria.

Kasu honetan txostena mahai gainen utzi da auditoria txostenak oraindik zirriborro moduan daudelako eta aipatzen diren kontu batzuk ez direlako aurrez udal departamentuekin hitz egin. Auditoria txosten definitiboa izatean eta behin udal departamentuekin entzunaldia burutu ondoren aurkeztuko zaio txostena batzorde eta osoko bilkurari.

3. 2018ko finantza eta aurrekontuen arloko informazioa (21/2003 Foru Arauaren 49.3 art.)

4. Diruzaintza plana 2018ko abendutik 2019ko otsailera bitartekoa.

6. 2019ko udal plantilla organikoa eta lan postuen zerrenda onartzeko diktamena (2018PE290004).

Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legeak, bere 13. artikuluaren arabera, lan postuen zerrendak eta plantillak, Euskal administrazio publikoek bere barne egiturak arrazoibideratu eta eratu, langilego beharrak finkatu, lan postutan jarduteko eskatutako baldintzak zehaztu eta horietako bakoitza sailkatzeko baliagarriak dira.

Horiek horrela, eta ordezkaritza sindikalarekin gai tratatu ondoren, 2019. urteko plantila organikoan eta lan postuen zerrendaren onarpen proposamenean, hurrengo aldaketak jasotzen dira 2018. urteko Plantila Organikoarekin eta Lan Postu Zerrendarekin alderatuz:

  1. Hurrengo lan postuak sortu dira:

    – Udaltzaingoko ofizial-ondokoa (58/2015 Dekretua maiatzaren 5koa). 15. nibela + %20 dedikazioa, baloratzeke.
    - Udaltzaingoko agente lehena (58/2015 Dekretua maiatzaren 5koa). 13. Nibela baloratzeke.
  • Diruzaina (128/2018 Errege Dekretua). 14. nibela baloratzeke.
  • Modernizazioa eta berrikuntza Teknikaria. 14. nibela baloratzeke.
  • Idazkaritzako administraria. 12. nibela.
  • Etxez etxeko laguntza zerbitzuko koordinatzailea (lanaldiaren %50a). 14. nibela.
  • Udaltzaingoko administraria (lanaldiaren %50), 12. nibela.

2. Kulturako administrariaren lan dedikazioa lanaldiaren %100era igo da.


Horiek horrela, Batzorde Informatibo Orokorrak 2018/11/22an egindako bilkuran diktaminatu eta udalaren osoko bilkurak, aldeko zazpi botorekin (alkatea, EAJ-PNV Udal taldeko zinegotziak eta Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos taldeko zinegotziarena) eta aurkako bost botorekin (bilkuran diren EH Bildu taldeko zinegotzienak) erabaki du:

BAT 2019. urteko udal plantila organikoa hastapenez onartzea.

BI: 2019. urteko lanpostuen zerrenda hastapenez onartzea.

Mikel Arrutik kexatu da lanpostu berri batzuen aldaketa arrazoitu behar luketen txostenak falta direla eta daudenen kasuan, batzuk gaztelera hutsean daudela.

7. Produktibitate-osagarria ordaintzeko bideratuko den zenbateko globala onartzeko diktamena (2018PE290005).

Azken urteotan, sektore publikoaren zerbitzuko langileen gastuei buruz eman diren oinarrizko xedapenei jarraituz, Udalak aurrezteko neurriak hartu behar izan ditu, horien artean langileen gastuari eustea Legeak ezarritako neurritan.

Aurrezteko, 2018. urtean ordezkapen gutxiago egin dira, eta lan asko pilatu den uneetan ahalik eta gehien murriztu dira langile berriak. Arrazoi horregatik, zerbitzuen maila egokiari eusteko, azken urteetan langileek lan-karga handiagoak jasan behar izan dituzte.

Ildo honetatik, langileek izan duten jarduna saritzeko ordainsarietan dauden aukerak aztertuta, produktibitatearen sariaz baliatzea pentsatu da.

Produktibitate-kontzeptuak berak berekin dakar osagarria jasoko duenak nahitaez jarduera batean aritzea. Hori dela eta, osagarria kalkulatzeko, 2018ko lanaldia bete izanaren ebaluazioa erabiltzea proposatzen da. Kalkulua egiteko, 2018ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era arteko aldia erabiliko da.

Proposamena aurkeztua izan da ordezkaritza sindikalari, negoziazio prozeduraz bideratu da eta oniritzia jaso du 2018ko azaroaren 19an.

Ikuspuntu horretatik, Toki Administrazioko Funtzionarioen Ordainsari Araubideari buruzko 861/1986 EDko 5.5 artikuluan jasotakoari jarraikiz, Udalbatzari dagokio aurrekontuetan produktibitate-osagarrietara zuzendutako zenbateko globala zehaztea.

Horiek horrela, Batzorde Informatibo Orokorrak 2018/11/22an egindako bilkuran diktaminatu eta udalaren osoko bilkurak, aldeko zazpi botorekin (alkatea, EAJ-PNV Udal taldeko zinegotziak eta Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos taldeko zinegotziarena) eta bost abstentziorekin (bilkuran diren EH Bildu taldeko zinegotzienak) erabaki du:

BAT: 76.000€ bideratzea udal langileei produktibitate-osagarria ordaintzeko 2018. urtean.

Mikel Arrutiri iruditzen zaio azterketa sakon bat merezi duela udal langileenak, kopurua eta gastua nabarmen igotzen ari direla azken urteetan eta erne egon beharko genukeela beste krisi garai bat gertatuko zen kasurako. Gaur egun pertsonal gastuak aurrekontuaren heren bat suposatzen duela azpimarratu du.

8. “Hizkuntza Ofizialak normalizatzeko Plan Estrategikoa (2018-2022). VI. Plangintzaldia (2018-2022)” eta “Hizkuntza Ofizialak normalizatzeko Kudeaketa Plana 2018” arautzen duten plangintzaldi berria onartzeko diktamena (2017KU290001).

Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 4. artikuluak xedatzen du, prozesu hori hezurmami dadin, entitate bakoitzak euskararen erabilera normalizatzeko plana onartu eta gauzatu behar duela. Era berean, lanpostu bakoitzari hizkuntz eskakizuna ezarriko zaio eta, hala dagokionean, derrigortasun-data ere bai.

Dekretu horren 18. artikuluari jarraituz, euskal herri-administrazioek euskararen erabileraren normalkuntzarako planak onartuko dituzte plangintzaldi bakoitzaren lehenengo urtean, eta horrelakorik onartuta duten kasuetan, hauei egin beharreko egokitzapenak.

Lezoko Udalak, bere aldetik, euskararen erabileraren ordenantza onartu zuen 1987ko abenduaren 17an egindako Osoko Bilkuran.

V. plangintzaldian, 2013-12-31eko datarekin eta D13/1144 dekretu bidez, egun indarrean ditugun Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak (HOEI) onartu ziren.

Halaber, Udalak euskararen erabilera plana berritzeari ekin dio eta, beraz, esku artean dugun agiria VI. plangintzaldirako onartu beharreko plana da. Erabilera planean, gaur egun Lezoko Udalak, bere hizkuntz irizpideak kontuan harturik, Udaleko sail bakoitzaren egoera zehaztu eta aurrera begirako irizpideak eta helburuak definitu ditu.

Hona hemen plangintzaren arlo nagusiak laburbilduta:

  • Planaren helburu orokorrak:
  • Herritarrekiko harremanetan euskara zerbitzu hizkuntza izan dadin bermatzea, beti ere herritarren hizkuntza eskubideak errespetatuz.
  • Euskara beste administrazioekiko harremanetako hizkuntza izan dadin bermatzea.
  • Euskara administrazio barneko lan hizkuntza izan dadin bermatzea.
  • Planaren edukiari dagokionez:

    Udalaren egoera horretatik abiatuta, plangintzaldi amaierarako lortu nahi diren helburu estrategikoak eta aurrerantzean Udalak bere egingo dituen hizkuntz irizpideak zehaztu dira.

    Erabilera planaren barruan sartzen diren udal langileak zein diren zehaztu da, 61, hain zuzen ere. Lanpostu zerrendan jasotako derrigortasun data eta hizkuntza eskakizunen berrikuspena ere egin da.

    Horretaz gain, administrazio atalak zehaztu dira eta bakoitzari dagokion lan hizkuntza eta zerbitzu hizkuntza ere.
  • Planaren iraupena: bost urtekoa izango da: 2018-2022.

    Euskara Zerbitzuak egindako txosten teknikoa aztertuta, 2018/11/22an egin zen Batzorde Informatibo Orokorraren aldeko diktaminarekin, udalaren osoko bilkurak ahobatez behean heldu dena erabaki du:

    BAT.- Lezoko Udaleko “Hizkuntza Ofizialak normalizatzeko Plan Estrategikoa (2018-2022). VI. Plangintzaldia (2018-2022)” eta “Hizkuntza Ofizialak normalizatzeko Kudeaketa Plana 2018” arautzen duten plangintzaldi berriari hasierako onarpena ematea.

9. Hirugarren adineko "HERRIKIDE" Eguneko Arreta zerbitzua arautzen duen araudia onartzeko diktamena (2018GZ190001).

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak xedatzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioak gizarte zerbitzuen arloan dituen eskumenak.

Aipatutako Legeak Eguneko Arretako Zerbitzua sartzen du Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoan, lehen mailako arretako zerbitzu gisa (22.1.7 artikulua), eta ezartzen du udalen gizarte zerbitzuei dagokiela zerbitzu horiek eskaintzea eta betetzea

Era berean, 185/2015 Dekretuak, urriaren 6koak, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzkoak, horrela dio:

— 5. Artikuluan: “Udalek eskumena izango dute Gizarte Zerbitzuei buruzko 12/2008 Legearen 22. artikuluan zehaztutako lehen mailako arreta-zerbitzu guztiak emateko, telelaguntza zerbitzua izan ezik.

Lezoko Udalak adinekoen Eguneko Arreta zerbitzua martxan jartzeko beharrezkoa du zerbitzu horrek izango duen gestio eredua eta funtzionatzeko modua martxan jarri aurretik onartzea.

Horiek horrela, 2018/11/22an egin zen Batzorde Informatibo Orokorraren aldeko diktaminarekin, udalaren osoko bilkurak ahobatez behean heldu dena erabaki du:

BAT: Hirugarren adineko "HERRIKIDE" Eguneko Arreta zerbitzua arautzen duen araudi berriari hasierako onarpena ematea.

BI: Jendaurrean jartzea GAOn eta udaletxeko iragarki oholeko anuntzio bidez, hilabeteko epean espedientea aztertu eta alegazioak egin ahal izateko.

Epe horretan alegaziorik ez bada jasotzen, araudiak behin betiko onarpena izango luke.

HIRU: Erabaki hau tramitezkoa denez ezin da bere aurka errekurtsorik jarri

10. Adierazpen instituzionala: Pertsona nagusien balioa eta eskubideen defentsa (2018AL050009).

Adierazpen instituzionalak honela dio:

“Alkate jaun/andere agurgarria:

Iraila eta urria hilabeteetan, Gipuzkoako udal guztietan, nagusien balioaz eta gure eskubideen defentsaren garrantziaz sentiberatasunezko kanpaina bat bultzatzen ari gara.

1. Ikuspegi orokorra

1.1 Jendetza

Zorionez urte gehiagotan bizi izateko itxaropena bizi-kalitatearekin elkartuta doa. Zahartze aktiboa sustatu nahi dugu. Gainera, pertsona zaharren ahalduntzeak aldi bakoitzean gehiagotara joan behar du, eta paper parte-hartzailea, nabarmenagoa eta adierazgarriagoa izan beharko luke bai prozesu publikoetan eta baita udalaren bizitza politikoan.

1.2 Pentsioen jasangarritasuna

Garrantzitsua da pentsio duineko pertsona nagusiek eros-ahalmena galtzen ez duten sistema publikoa bermatzea. Horregatik, garrantzitsua da KPIa lotuz egon dadila pentsio igoera eta hau egonkortua izan dadila eta ez dadila egon alderdi politikoen eta gobernu itunen menpe. Era berean, jasangarritasun faktorearen indargabetzea eskatzen dugu.

Zahartzaroan zehar emakumeen zaurgarritasun ekonomiko eta sozialak arduratzen gaitu, bai lan bizitzan dagoen soldata desberdintasuna pentsioetara ere eramatea, eta batez ere, alarguntza pentsioen estaldura sistema kolokan jartzen dugunean.

2. Gure Udalari eskaerak.

  1. 2.1 Erretirodunen Zentro/Gunekiko harreman instituzional hobea bultzatzea.
  2. 2.2 Gure Zentro/Guneen jasangarritasun ekonomikoa bermatzea.
  3. 2.3 Pentsio duin eta zuzenago baten aldeko gure eskabidea babestea.
  4. 2.4 Mota guztien hesiak ezabatzea eta etxebizitza-eraikuntza eta pertsona guztien hiri-espazioa ahalbideratzea eta hori erraztuz eta persona guztien elkar-lotura bultzatuko duena.
  5. 2.5 Eskatzen dugu gure Lezoko Udalak “Euskadi-Lagunkoia” proiektuarekin bat egin dezala, hiri eta pertsona nagusiekiko herri adiskidetsua izan dadin, hiri-altzarien mantenua, espazio berdeko gozamena egiaztatuz, garbiketa eta segurtasuna zainduz eta irisgarritasuna hobetuz.
  6. 2.6 Herri mailako Pertsona Nagusien Kontseiluak bultzatzea, eta erakunde honetako pertsona batek zuzendua izan dadin.
  7. 2.7 Bizitza guztirako izan behar duen heziketa aktiboa bultzatzea. Eremu honetarako inbertsioa biziagotu beharko litzake.
  8. 2.8 Domotikaren aldeko apustua egitea bai Jubilatuen Elkarteetan eta baita pertsona nagusien etxebizitzetan, bizitza errazago eta duinago bat izan dezaten.
  9. 2.9 Aldarrikatzen dugu ez desiratutako bakardadeari eta isolamenduari amaiera ematea, zeren bere osasun fisikoa eta burukoa ahuldu dezaketelako.

3. Azkeneko hitzak

  1. 3.1 Bere aurrekontu egokiarekin Pertsona Nagusien zinegotzitza eskatzen dugu, herritar osoak, eskubideekin eta betebeharrekin izaten jarraitzen dugunez gero.
  2. 3.2 Uste dugu “zaharkeriaren” fenomenoak, adinean oinarritutako diskriminazioak baduela bere eragina, eta bizitza arruntean bezala bizitza administratiboan konpontzen joan behar duela. Eskatzen ditugu hurbiltasun gehiago eta urruntze gutxiago, zuzeneko erlazio gehiago eta burokrazia gutxiago.
  3. 3.3 Nahiko genuke udalbatza osoan eskutitz hau aztertzea eta ahal bada onartzea, pertsona nagusiaren balioztapena eta aintzatespena aitortuz eta partaidetza bideratuz.
  4. 3.4 Badakizu non gauden, eta nahiko genuke zurekin harreman zuzena izatea. Gustatuko litzaiguke bilera bat zurekin izatea. Horregatik lehenbailehen jaso ahal gaitzala erregutuko genizuke.”

Adierazpen instituzionala ahobatez onartu da.

Mikel Arrutik dio alde bozkatu badute ere EHBildu 1.080 €tako pentsio duina eskatzekoaren alde dela eta ez KPI eguneratzeak soilik.

11. Adierazpen instituzionala: Azaroak 25: Emakumeenganako indarkeriaren kontrako nazioarteko eguna (2018AL050010).

Adierazpen instituzionalak honela dio:

“Beste behin ere hementxe da Azaroaren 25a, emakumeenganako indarkeriaren aurkako eguna. Halako bortizkeria Emakumeen Giza Eskubideen urratze larritzat jo zuen NBE-k, bizitzeko, diskriminatua ez izateko, ongizaterako, integritaterako eta duintasunerako eta askatasunean bizitzeko eskubidearen aurkako erasotzat, besteak beste.

Teoria feministaren eta giza eskubideekin lotutako erakundeen arabera, berdintasun eza dago auziaren oinarrian. Arazoa egiturazkoa da, eta horri aurre egiteko giza-sareak eta erakunde-egiturak ehuntzen ibilbide luzea egin da.

Ez da nahikoa ordea, izan ere, andreenganako basakeriak bizi-bizirik darrai, eta horrekin batera, Azaroaren 25a borroka eguna bilakatu da, munduko leku askotan.

Egun horretan emakumeek emakume izate hutsagatik egunero jasandako eraso matxistak ekarri ohi dira gogora, kaltetuen kopuruari errepausoa eginez, oro har, urtean barrena ahaztutako kopuruak.

Auzi zaharraren izozmendiaren ttonttorrean, erailketak daude: muturreko kasuak. Termino horietan aurtengoa urte lazgarria izan da, izan ere, lerro hauek idazteko orduan, zazpi ziren Euskal Herrian, eraildako andreak:

  • Maria Jose Bejarano (42 urte) eta Florentina Jimenez ama-alaba (Gasteiz)
  • Roxana, 32 urteko emakume brasildarra (Donibane Garazi)
  • Rejene 70 urteko andrea (Bidarte)
  • Natalya Bally-k 38 urteko ukraniarra (Uharte)
  • Maguette Mbeugou 25 urteko senegaldarra (Bilbo)
  • Yolanda Jaen Gomez, 50 urte (Iruñea)

Biktimetatik hiru migrariak ziren, andre atzerritarrek euren bizi-baldintzak eta egoera psikosoziala dela eta, bizi duten aparteko hauskortasuna azaleratuta.

Lezori dagokionez, zorionez, ez da puntako kasurik egon, baina datuek azaleratzen dute herria ez dela indarkeria matxistaz libratzen.

Iaz 11 emakume artatu zituzten Udaleko gizarte zerbitzuetan. 23 kaltetu, guztira, aipatutako andreak gehi haien adingabeko 13 seme-alabak, ez dezagun ahantzi Istanbuleko hitzarmenak, emakumeen aurkako indarkeriari buruzko Europako lehenengo tresna juridiko lotezlea, biktima zuzentzat jotzen dituela erasotutako emakumeen seme-alaba adingabeak.

Eta jakina, ezin aipatu gabe utzi ixilean joandako kasuak, etxeko lau pareten artean ezkutuan geratzen diren horiek, baita Lezon ere.

Testuinguru honetan, arreta jarri nahi dugu indarkeria matxistaren biktimek duten erreparazio-eskubidean. Erreparazio horrek egiarako eskubidea dakar; alegia, bizi izandako indarkeriaren, salaketaren eta emakumeen hitzen errelatoa egiazki entzuna izatea. Horren guztiaren xedea da hautsitako eskubideak lehengoratzea eta pairatutako indarkeriaren inpaktuak sozialki aitortzea. Indarkeria matxista hauek bizitzen dituzten emakumeen errelatoak zalantzan jartzen direnean, haien hitza gutxietsia izaten da, zikindua, are isilarazia. Halakoetan biktimizazio bikoitza gertatzen da: emakume biktimek jasandako minari, lotsa eta erruduntasuna eransten zaizkio. Bien bitartean, erasotzaileak justifikatu egiten dira.

Gauzak horrela, ezinbestekoa da emakumeei ahotsa ematea, eta garrantzia beraien lekukotzari eta bizi izandako indarkeriari buruz egiten duten errelatoari. Horrek esan nahi du indarkeriari aurrea hartutako emakumeen hitza aintzat hartu beharra dagoela, haien minari erreparazioa eskaini, emakumeen askatasuna berrezarri, hartara indarkeriarik bizirik atera den pertsonatzat har daitezen eta beren komunitateetan eskubide osoko duintasun- eta herritartasun-zentzua berreskura dezaten.

Hori guztia dela eta, Lezoko udalak honako konpromisoak hartzen ditu:

  • Berdintasun politikak indartzen jarraitzea, izan ere, soilik berdintasuna lortuta amaituko da indarkeria matxista
  • Biktimen arretarako erakundeen arteko protokoloa bete eta horren etengabeko jarraipena egitea
  • Kaltetuak eskubide titular gisa hartzea eta ez zerbitzuen erabiltzaile eta onuragarri bezala
  • Hauskortasun handiko emakumeengan arreta berezia jartzea; hala nola, migrariak, landa ingurunetakoak, adineko emakumeak eta aniztasun funtzionala dutenak
  • Zerbitzuak hobetzen laguntzea, biktimak osatzeko arreta osoa bermatzeko sostengu-zerbitzuzko sare bat gauzatzeko, beti ere ahalduntze feminista eta banakako erreparazioa ikuspegi nagusitik abiatuta
  • Bizirik atera diren emakumeak entzutea, prebentzio eta segurtasun neurriak diseinatzeko, emakumeei bizirauten eta babesten balio dieten aurre-emate estrategiak balioan jarriz
  • Emakumeen ondoan egotea, laguntza-zerbitzuetatik hasita eta bizi izandako indarkeriari buruzko beraien errelatoa sortzeraino, ulertzen baita indarkeria hori menderapen- eta kontrol-mekanismoa dela, gizarte-sistema patriarkalean eraikia
  • Ekimen kolektiboei laguntza ematea (laguntza-taldeak eta plataformak), hartara bizirik irtendako emakumeek indarkeria horri buruzko errelato kolektiboa landu dezaten eta hautsitako eskubideak zein erreparazioa aldarrika ditzaten.
  • Biktimen salaketa- eta erreklamazio-prozesuetan laguntza ematea, emakumeek adierazitako testigantza eta beharrak egiaztatzeko.
  • Jendartean oldarkeriari aurrea hartzeko inplikazioa eta erantzun soziala sustatzea, bereziki gizonen eta haurrengan
  • Emakume taldeei eta batez ere Mugimendu feministari arazoarekin amaitzeko egindako lanaren aitortza egin eta horienganako zubiak estutzea
  • Elkarlanean jardun mugimendu feministako ordezkariekin, adituekin eta indarkeria matxistatik bizirik irtendako emakume biktimen kolektibo eta elkarteekin.”

Adierazpen instituzionala ahobatez onartu da.

12. Adierazpen instituzionala: Abenduak 3:Euskararen nazioarteko eguna (2018AL050011).

Adierazpen instituzionalak honela dio:

“Bizi. Prest.

Halaxe datorkigu euskara bere aurtengo Nazioarteko Egunean. Eta halaxe doa etorkizunerantz. Mingainetan, pantailetan, uhinetan bizi-bizi. Zernahitarako prest.

Etxean bizi-bizi, kalean bezala; bizi-bizi eskolako jolastokian, ikasgelan bezala; lantokian bizi-bizi, lagunarteko solasaldietan bezala; bizi-bizi osagilearenean, saltokian bezala; zuzeneko harremanetan bizi-bizi, birtualetan bezala; bizi-bizi kirolean, liburuetan edo zineman bezala.

Prest gaudelako gu, euskal herritar gehien-gehienok, hori horrela izan dadin. Prest gaudelako euskarari gure hitzen hegoak eskaintzeko, ahotik belarrira, bihotzetik bihotzera, burutik burura hegalda dadin, samur bezain indartsu. Dakiguna dakigula, mintzatzen ez dena baita euskara eskas bakarra.

Prest gaude, eta gogotsu, euskarak gure ahoan bizi-bizi dantza egin dezan. Gogotsu gaude, eta prest, gure belarrietan atseginez onartzeko euskararen soinua. Dakiguna dakigula, entzuten ez dena baita euskara kaskar bakarra.

Prest gaudelako, eta ezin gogotsuago, euskaraz ere gero eta gehiago bizitzeko. Ingurune guztietan. Eginkizun orotan. Natural-natural. Bizi-bizi.

Euskal hiztunok horretarako egin behar dugun urratsa ez da txikia, ez erraza. Borondate aktiboa eskatzen digu. Erosokeriari izkin egitea eskatzen digu. Sakon errotutako ohiturak aldatzea eskatzen digu. Kontzientzia ahalegin sendoa eskatzen digu. Euskaraz ere herritar izateko aukera egitea eskatzen digu.

Eta eskatzen digu, batez ere, euskaldun izatetik euskaldun bizitzera doan tartea gainditzeko jokaera aktiboa. Eta etengabea.

Euskararen erabileran egin beharreko urrats erabakigarri hau zinez da gizarte-eraldaketa zabal sakona, neurri historikoa duena, gure gizartearen bilakabidean mugarri izango dena. Eta, neurri horretako aldaketa guztien antzera, adostasuna du elikagai nagusi, prestasun eta prestutasunarekin batera.

Euskararen gizartea. Gizartearen euskara

Adostasuna eta batasuna dira, beraz, bidea, euskarak batura behar duelako, ez kenketa; biderketa behar du, ez zatiketa.

Herri aginteak, gizarteak bere dinamika propiotik sorturiko erakundeak, herritar guztiok eta gutariko bakoitza: den-denok gara, aldi berean, euskararen erabilera eraginkortasunez areagotzeak ezinbestekoa duen adostasun zibil zabalaren osagai eta eragile, aldi berean garen bezala haren onuradun eta bultzatzaile, bideratzaile eta babesle.

Baina aktibotasuna, praktikotasuna, da adostasun horren osagarri nahitaezkoa. Aski ez delako, honezkero, aldarrikapen hutsen linboan galtzen diren asmo arranditsuak plazaratzea. Atzean utzi behar dugulako beste inork euskararen alde egin lezakeenaren zain egotea. Lorgarria delako, erabat, euskararen erabilera hazkunde iraunkorraren bidean jartzea, baldin eta herritar bakoitzak euskara ezpainetara eramateko bere erabaki pertsonala gauzatzen badu, hori eta ez besterik delako, azken finean, gizartearen helburu kolektiboa: aukera pertsonal ugariren batura.

Eta egin egingo dugu.

Munduari euskaraz ere helduz, euskararentzat belarria zein gogoa prest izanez, euskara ahoz zein idatziz bizi-bizi eskainiz. Euskarak eguneroko bizitza aberastu dezan; eguneroko bizitzak euskara bete dezan.

Elkarrekin.

Elkarrenganako errespetu osoz, elkarrengandik adorea jasoz.

Elkarri euskara eskainiz.

Euskara bizi-indarrez sendoagotuz.

Bizi. Prest.

Egunero delako euskararen aldia.”

Adierazpen instituzionala ahobatez onartu da.

Mikel Arrutik dio urteroko adierazpena dela baina egoera ez dela hobetzen. Egoera ondo deskribatzen duen, eta udaleko gure espediente administratiboena ere ondo deskribatzen duen, Euskaraldiaren inguruan Ametz Arzallusek esandakoak ekarri ditu gogora: "Orain, eta Euskaraldian zehar ikusiko da, mundu guztia dago euskararen alde, baita euskararen heriotza diseinatu eta praktikatu zutenak, eta haien oinordeko denak ere.

Baina diskurtso horiek badute tranpa bat erdian, euskara onartzen dute baina bere eremutxoan, bere bazter horretan. eta ahal baldin bada trabarik egin gabe besteei. Hortik ateratzen denean, eta besteen pare jarri eta erdiguneratzen denean, orduan gatazkak sortzen dira. Eta gatazken aurrean, guk ere askotan konplexuz betetako diskurtsoak eta argumentuak ditugu.

Euskaldun batek beti bere burua justifikatu behar duela dirudi. Bai bere lagunarte hurbilean, edo parlamentu batean... euskaldunak beti darama berekin bere burua justifikatu beharraren zama. Eta zama hori benetan da nekagarria eta harrigarria. Nire ustez, justifikatu beharko balu norbaitek bere burua, ez dakienak justifikatu beharko luke. Baina ez, hemen erantsi diote zama hori, dakienari.

Gutxiagotasun horretatik atera behar badugu, eta menperakuntza honetatik behingoz, gure burua gutxiago justifikatu eta konplexurik gabe egin beharko dugu euskara erdigunera ekartzearen pauso hori, hierarkia kultural eta linguistikoak hautsi egin behar dira eta elkarren parean jarri behar dugu eta euskara ardatzera ekarri".

13. Adierazpen instituzionala: Azaroak 20: Haurren munduko eguna (2018AL050012).

Adierazpen instituzionalak honela dio:

“Duela 28 urte Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioa onartu zenetik aurrerapen handiak lortu dira, nahiz eta haur eta nerabe guztiek, hemen, eta mundu guztian, beren eskubideak bermatuak izatea lortzeko geratzen diren erronkak itzelak izan.

5 urtetik beherako 15.000 haur hiltzen dira egunero munduan aurrez jakin daitezkeen arrazoiengatik, eta gure hurbileko inguruan pobrezia-arriskua eta desberdintasuna gero eta nabarmenagoak dira haurren artean. Horri beheranzko joera demografikoa eta haurren aurkako indarkeria-datu kezkagarriak gehitu behar zaizkio.

HAURRAK GARRANTZITSUAK dira; sozialki duten balioak etxeko esparrua gainditzen du: beraien familien kontua dira, baina baita gizarte osoarena ere. Zeren haurrik gabe ez dago etorkizunik.

Lurraldea antolatzeko oinarrizko toki-erakunde gisa udalerriek duten eginkizuna oinarri oinarrizkoa da haurren oraina eta geroa bermatzeko eta hurbileko inguruan haurren parte-hartzea ziurtatzeko.

Aurreko guztia dela eta, Lezoko Udalak honako hau ebatzi du:

1.- Haurren Eskubideen Konbentzioarekiko atxikipena jendaurrean adieraztea.

2.- Udal eskumenen esparruan ahal diren ahalegin guztiak egitea Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioa bete dadila bermatzeko, gizarte justu eta berdintasunezkoagoa ahalbidetuko duten haur-politikak lantzea eta garatzea sustatuz.

3.- Haurren eta nerabeen ahotsa aintzat hartzea zuzenean edo zeharka dagozkien kontuetan.”

Adierazpen instituzionala ahobatez onartu da.

14. Alkatearen, Organo Kolegiatuetako udal-ordezkarien eta Delegatuen txostenak.

14.1.- Miguel Angel Sanchezek, Hirigintza eta Obretako zinegotzi delegatuak, dio obra batzuk martxan daudela Elias Salaberriako espaloiak, Donibanerako Bidegorria eta Altamirarako igogailua. Beste obra batzuk ere aztertzen ari direla dio: Itturrin poligonoko urbanizazio berritzeko obrak eta mugikortasuna plana ere.

14.2.- Irlentz Ortegak, kirol gaietarako zinegotziak, dio kirol elkarteentzako urteroko dirulaguntzak hurrengo Tokiko Gobernu Batzarrean erabakiko direla.

Bestalde, gabon garaian egingo diren kirol ekitaldien berri eman du: emakumeen eskubaloi partida, Saskibaloi txapelketa, eskubaloi kanpusa, … .

14.3.- Alfredo de la Puentek dio Musika Eskolako 2018-2019 ikasturteko matrikula itxi dela ia 400 ikaslerekin. Musika hiru talde berri hasi direla herrian. Elbarrientzako klase bereziak hasi direla eta gabon garairako hogei jarduera inguru antolatu direla.

15. Galde eskaerak.

15.1.- Angel Portugalek galdetu du zergatik egin den hain berandu zuhaitzen kimaketa. Atzeratzeak arazoak eragiten dituelako kale garbiketa zerbitzuan, eta zabor bilketa garestitzen duelako.

Miguel Angel Sanchezek dio teknikarien aholkuz egin dela kimaketa egin den sasoian.

15.2.- Ainhoa Intxaurrandietak galdetu du ea udalak badituen daturik hondakin organikoarekin batera jasotzen diren inpropioen kopuruez.

Miguel Angel Sanchezek dio Lezoko bilketan ez da apenas inpropiorik biltzen, %1 edo %0,5 besterik ez.

Aktaren amaiera.

Alkate-lehendakariak, aztertzeko ziren gai guztiak aztertu ondoren, 20:55ean eman dio buru bilkurari. Idazkari naizen aldetik, akta 1432626tik 1432641ra zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta berrespena ematen diot alkatearen oniritziaz.

Eguna