2013ko uztailaren 18a

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2013ko uztailaren 18an, osteguna, 19:30etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, Ohikoa egiteko xedez, lehen deialdian, Eneko Lartige Zabaleku alkateordearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla, Ainhoa Intxaurrandieta Ezkurra, Garazi Kuesta Unzain, Naroa Tubilla Ziganda, Luis Garrido Corral, Miren Tarragona Perez (BILDU udal taldekoak), Kepa Garbizu Azkue, Xubero Ubillos Apaolaza, Enrique Figueroa Laboa (EAJ-PNV udal taldekoak) eta Mikel Antxon Arrizabalaga Brusín (Eusko Sozialistak-Socialistas Vascos).

Ez dira bileran egon Ainhoa Zabalo Loiarte, Mikel Arruti Salaberria eta Angel Portugal Formoso (BILDU udal taldekoak)

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiola Aristik.

1. Egoki irudituz gero, 2013ko maiatzaren 29an egindako osoko bilkurako akta onartzea.

Gaztelerako aktan, akats bat dagoela ohartarazi da. 164 eta 165. orriak, errepikatuak daude. Horregatik, 10.puntuaren azken 8 paragrafoak eta 11.puntuaren lehen 4 paragrafoak ez daude inprimaturik.

Idazkariak esan du, gaztelerako akta zuzendu eta hurrengo plenora ekarriko duela.

Euskarako akta, inolako aldaketarik gabe onartu da.

2. Diktamina, 2013. urteko Lan Postuen Zerrenda aldatzeko (2013PE290001).

Eneko Lartige, alkateordeak, diktamina onartzea proposatzen du. Honela dio diktaminak:

“2013/2014 ikasturterako Musika Eskolako matrikulazio ofizialaren kanpaina amaituta, zuzendariak matrikulazio datuak aurkeztu eta, datu horien baitan, 2013ko irailaren 1ean hasiko den 2013-2014 ikasturtean musika-tresna bakoitzari dagozkien dedikazio portzentajeak ezarri ditu.

Funtsezko aldaketarik aurreikusten ez bada ere, musika-tresna batzuen dedikazio portzentajeak alda daitezke, egin daitezkeen matrikulazio berrien edota ikasturte hasierako bajen baitan. Halere, aldaketa txikiak izango direla aurreikusten da. Horiek horrela, Alkateari ahalmenak ematea proposatzen da, gerta daitezkeen aldaketen ondorioz dedikazio portzentaje berriak onartzeko. Dena den, balizko aldaketa hauek 2014. udal langileen Lan Postuen Zerrenda orokorra onartzeko garaian kontuan hartuko dira.

Horiek horrela, Eneko Lartige Zabaleku, Ainhoa Intxaurrandieta Ezkurra eta Luis Garrido Corralen aldeko botoekin eta Enrique Figueroa Laboa eta Mikel Antxon Arrizabalaga Brusinen abstentzioarekin, Barne Batzordeak, behean heldu dena diktaminatu du Osoko Bilkurak onar dezan:

ERABAKI PROPOSAMENA:

BAT: Hasierako onarpena ematea 2013ko Lan Postuen Zerrendaren aldaketari. Bertan, 2013/2014 ikasturtean irakatsiko diren instrumentu bakoitzaren lan postuaren lanaldien ehunekoak ezartzen dira. Dedikazio portzentaje hauek 2013ko irailaren 1ean indarrean sartuko dira.
BI: 2013/2014 ikasturteko lanaldien ehunekoak hurrengoak izango dira:

- Perkusioa + osagarriak: %30,83.
- Pianoa + osagarriak: % 34,83.
- Akordeoia + osagarriak: %25,83.
- Flauta + osagarriak: %17,33.
- Oboea + osagarriak: %1,33.
- Musika Mintzaira: %27,08.
- Trikitixa + osagarriak: %34,83.
- Saxofoia + osagarriak: %13,33.
- Biolina + osagarriak: %17,33.
- Tronpeta + osagarriak: %21,33.
- Klarinetea + osagarriak: %13,33.
- Gitarra + osagarriak: %33,50.
- Txeloa + osagarriak: %6,67

HIRU: Alkateari ahalmenak ematea, egin daitezkeen matrikulazio berrien edota ikasturte hasierako bajen baitan gerta daitezkeen aldaketen ondorioz, musika irakasleen dedikazio portzentaje berriak onartzeko. Eman daitezkeen aldaketak gauzatuak izango dira 2014. urteko Udal langileen Lanpostuen Zerrendaren onarpenean

LAU: Espedientea jendaurrean jartzea hamabost egun baliodunez.

BOST: Jendaurreko epean alegaziorik aurkeztuko ez balitz, aldaketa behin betiko onartu eta argitaratzeko agindua emango litzateke, bestelako erabakirik hartu beharrik gabe.”

Diktamina onartu egin da aldeko 6 botoekin ( BILDU udal taldea) eta 4 abstentzioekin (3 PNV-EAJ udal taldekoak eta 1 Eusko-Sozialistak taldekoa)

3. Kontu ematea, alkateak egindako aurrekontu aldaketena (2013KO030005, 2013KO030006 eta 201KO030007, 2013KO010003, 2013KO030008).

Alkateak egindako aurrekontua aldaketaren berri eman du 2013KO030005, 2013KO030006 eta 201KO030007, 2013KO010003 eta 2013KO030008 espedienteetan jasoak. Hain zuzen, kamioiaren alokairua, Atez-ateko osagaiak, Berdintasun logo lehiaketa, Musika Eskola, Publizitatea- Kirolak eta dirulaguntzak.

4. Mozioa, Zero Zabor taldekoak aurkeztua: Hondakinen gaian, konpromiso etikoa eskatuz. (2013ALO50013).

Honela dio Lezo Zero Zabor taldeak aurkeztutako mozioak:

“Udalak gure herrian sortutako zaborra jasotzen duten herrietako biztanleei ahalik eta kalterik txikiena eragiteko KONPROMISO ETIKOA bere egiten du, eta hori bete ahal izateko ondorengo neurriak hartuko ditu:

• Murrizketa: Ahalik eta hondakin gutxien sortzeko burutu ditzakeen ekintzak aztertu eta abian jarriko ditu.

• Birziklatzea: Sortutako hondakinak nahasi gabe biltzeko emaitza hoberenak lortzen dituzten bilketa sistemak ezarriko ditu.

• Parte hartzea: Herritarren parte hartzea bultzatuko du, herritarrak ondo informatuta egon daitezen, herritarrek aipatutako konpromisoak betetzea bermatuko duten proposamenak egin ditzaten, eta konpromiso etiko horiek betetzen dituzten proposamenen artean erabaki dezaten.”

Kepa Garbizuk, EAJ udal taldeko zinegotziak, mozio alternatiboa aurkezten du. Honela dio:

“Lezoko Udalak bere egiten du honako KONPROMISO ETIKOA: gure herrian sortutako hondakinak jasotzen dituzten herrietako biztanleei ahalik eta kalte txikiena eragitekoa. Hori bete ahal izateko ondorengo neurriok hartzen ditu:

1. Murrizketa: ahalik eta hondakin gutxien sortzeko, Udalak burutu ditzaken ekintzak aztertu eta abian jarriko ditu.
2. Birziklatzea: sortutako hondakinak gaika eta nahasi gabe biltzeko, herritarren gehiengoak onartutako bilketa¬ sistemak ezarriko ditu Udalak.
3. Parte-hartzea: bilketa-sistema desberdinen gaineko informazioa herritarrei eskaintzeko, Udalak herritarren parte-hartzea bultzatuko du, herritarrek bilketa¬sistema desberdinen artean erabaki ahal izan dezaten.
Behin hori eginda, herritarren iritzia jasoko du Udalak, herri¬galdeketa bitartez. Galdeketa horren emaitzak errespetatuko dituelako konpromiso etiko eta demokratikoa hartzen du Udalak.”

Ainhoa Intxaurrandietak gogoratu ditu parte hartze prozesuan 800 herritarrek parte hartu zutela, batzuek boikota egin arren.

Mikel Antxon Arrizabalagak dio abstenitu egingo dela bi mozioetan. Fartsa bat iruditzen zaio guztia, inposaketa bat, aitzakia bat non hondakina da gutxien inporta duena.

EAJren mozio alternatiboa bozkatu eta ez da onartu kontrako 6 botoekin (BILDU udal taldekoak), aldeko 3 botoekin (EAJ udal taldekoak) eta abstentzio batekin (Eusko Sozialistas-Socialistas Vascos)

Zero Zabor taldeak aurkeztutako mozioa onartu da aldeko 6 botoekin (BILDU udal taldekoak), kontrako 3 botoekin (EAJ udal taldekoak) eta abstentzio batekin (Eusko Sozialistak).

5. Mozioa, Kidetzak aurkeztutakoa: Guraso erantzukidetasunaren euskal legearen alde (2013AL050014).

Honela dio, Kidetzak (Euskadiko Guraso Bananduen Federakuntza), aurkeztutako mozioak:

1-1989ko azaroaren 20an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak aldarrikatutako Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenak, 1990eko azaroaren 30ean Espainiako estatuak berretsi zuenak, Estatuak behartzen ditu haurrak bere bi gurasoekin modu erregularrean harreman pertsonalak eta kontaktu zuzena izateko duen eskubidea gordetzera, haurraren osotasunerako kaltegarria izango litzatekeen kasu haietan salbu.

2-- Hitzarmen horretako 5. artikuluak Estatuak zehazki eta espresuki behartzen ditu aiten eta amen erantzukizunak eta betebeharrak errespetatzera, baita beste familia kideenak ere, haurrari bere garapenarekin eta gaitasunekin bat datorren orientabidea ematerakoan.

3- Eta 18. artikuluak zehazten du aiten eta amen lehen erantzukizuna dela seme-alaben haziera eta Estatuen betebeharra dela erantzukizun hau betetzen dela zaintzea.
Begi bistakoa da indarrean dagoen dibortzioaren legeak, ulertzera ematen duenaren eta emaitzen arabera, zaintza partekatua ohiz kanpoko aukera moduan hartzen duela. Begi bistakoa da aipatutako eskubideak urratzen direla lege honen anparoan.

4- Auzitegi Gorenak apirilak 29ko 257/2013 sententzian esaten du, zaintza partekatua izan behar dela araua, bi parteen edo bakarraren eskaeraren ondorioz, adinez txikiaren kalterako izan daitekeen kasu haietan ezik. Beraz, gogoan hartu beharreko irizpideak ezartzen ditu.

5- Gizon eta emakumeen arteko funtsezko berdintasuna bizitzako alor guztietan
iraunkorra da demokrazia aurreratuenetan eta helburu nagusia berdintasunezko gizarte zuzenago bat lortzeko bidean.

6- Oinarri hauen garapenean Eusko Legebiltzarrean seme alabak dituzten gurasoen elkarbizitzaren haustura kasuetarako familia harremanen eta gurasoen erantzukidetasunaren lege proposamena aurkeztu eta izapidetu da.

Guzti honegatik Lezoko Udalak Eusko Legebiltzarrari presazko izaeran euskal erantzukidetasun legea bideratu eta onartzeko eskaera egiten dio Euskal Herrian zaintza partekatua lehentasunezkoa eredu nagusi izan dadin.

Luis Garrido Zinegotziak, Bilduk gaiaren inguruan duen jarrera erakusten duen testu bat irakurri du. Eusko Legebiltzarrean Bilduk azaldutako jarrera da. Honela dio:

“Zaintza arduratsua defendatzen dugu, zaintza hori partekatua nahiz aldebakarrekoa izan. Edozein neurri hartzen dela ere, haurren beharrak eta interesak lehenetsi behar dira. Haurren egonkortasun pertsonala, afektiboa eta familiarra da lehentasuna. Banantze kasuetan adingabearen ongizateak izan behar du helburu, baina horretarako ez da zertan zaintza partekatua lehentasun bilakatu behar.

Zaintza partekatuaren alde gaude, gurasoek adostutakoa bada. Zaintza partekatua gauzatzea konplexua da; banandutako gurasoen artean komunikazio eta afinitate maila handia eskatzen du, haustura-kasu askotan ematen ez dena, hain zuzen, eta are gutxiago, epaitegietan bukatzen duten kasuetan. Izan ere, lege-proposamen honetan, epaitegietan bukatzen duten kasuetan zaintza partekatua lehenesteaz ari dira. Horregatik, inposatutako zaintza partekatuaren kontra gaude, haurren ongizate psikologiko eta emozionalean eragin negatiboa izateko baldintza guztiak dituelako.

Epaitegietan bukatzen duten gurasoen banantze kasuetan, haurren zaintzaren inguruko erabakiak haurraren interesean oinarrituta egon behar du oso-osorik. Haur bakoitzak mesedegarriena zaion zaintza-sistemarako eskubidea dauka. Gurasoak ados jartzen ez diren kasuetan, kasu bakoitza aztertzea eskatzen du horrek. Hori egiten da gaur egun, hain zuzen. Hori dela eta, ez gaude inposatutako zaintza partekatuaren alde, haurren interesen gainetik haurren zaintza partekatua modu orokorrean eta lehentasunez ezartzearen alde.

Gaur egungo erregulazioan zaintza partekatua bada aukera bat, gurasoek hala adostuz gero gauzatu daitekeena. Badago gurasoek adostu gabe ere zaintza partekatua ezartzeko aukera, epaiketan gurasoetako batek horrela eskatzen badu. Hortaz, zaintza partekatua existitu existitzen da egungo ordenamendu juridikoan baina, adostasunik egon ezean, ez da lehentasunezkoa.

Aitek haurren zaintzan eta arduran esku hartzea defendatzen dugu; baina ez gurasoak banatzen diren unea zero puntu gisa ulertuta. Zaintzak partekatua izan behar du haurra jaiotzen den unetik hasita eta ondorengo urteetan ere bai, noski. Gaur egun, ordea, bestelakoa da egoera. Datuek adierazten dute haurren zaintzaz arduratzen direnak emakumeak dira gehien bat; haurrak zaintzeko lanaldia murrizten duten % 93 emakumeak dira; haurrak zaintzeko eszedentziak eskatzen dituzten % 90 ere bai; eta zazpi aitatik bakarrak eskaintzen dio haurrak zaintzeari amak eskaintzen dion denbora berbera. Bikote bat banatu ondoren haurren zaintzan izan behar duten paperak, elkarbizitzan zehar izan zuten papera hartu behar du kontuan, amatasuna eta aitatasuna ez baitira hasten gurasoak banantzen diren unean.”

Kepa Garbizuren uztez legebiltzarraren gaia da eta haien erabakiaren zain geratzen da,

Mozioa ez da onartu, aldeko botorik ez duelako izan: bilkuran diren hamar kideak abstenitu egin dira (6 BILDU udal taldekoak, 3 EAJ-PNV udal taldekoak eta 1 Eusko Sozialistak taldekoa).


6. Mozioa, EAJk eta PSEk aurkeztua: Txingudi Gipuzkoako Hondakinen Patzuergoan sartzearen aldekoa (2013ALO50015).

Honela dio, EAJko eta PSEko udal ordezkariak aurkeztutako mozioak:

“Hondakinen kudeaketa gipuzkoarrontzat arazo larria bihurtu da. Egun, indarrean dagoen Gipuzkoako Hiri-Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorrak honako helburua du: Hiri-hondakinen kudeaketan herritarrei kalitatezko zerbitzua ematea eta, horretarako, kostua Gipuzkoa osoan antzekoa izango da eta ingurumena babestu beharko du, betiere, araudiari eta garapen jasangarriaren irizpideei jarraituta. Gipuzkoan, Hiri¬Hondakinen Kudeaketarako Planaren barruan, zortzi mankomunitate daude: Sasieta, Urola Erdia, Urola Kosta, Debagoiena, Debabarrena, Tolosaldea, San Marcos eta Txingudi. Mankomunitate horiek eta udalek hiri-hondakinen kudeaketa bere gain hartzen dute.

Jasotako zaborrei tratamendu egokia eman ahal izateko, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoa sortu zen. Partzuergo hau, Gipuzkoako zazpi mankomunitatek (denak Txingudi izan ezik) eta Gipuzkoako Foru Aldundiak osatzen dute. Dena den, erakunde hau gipuzkoar guztiei zerbitzua emateko asmoarekin jaio zen eta honetaz gain, Gipuzkoako alderdi politikoek behin eta berriz adierazi dute zaborren tratamenduaren arloan, Partzuergoaren asanblada foro egokia dela gipuzkoar guztiok eztabaidatzeko eta adostasunak lortzeko.

Dena dela, gaur egun, Txingudiko mankomunitateak oraindik ezin du Partzuergoaren kide izan eta asanbladan parte hartu, beste mankomunitate guztiekin batera.
Egoera hau, borondate politikoarekin erraz konpondu daiteke. Aitzitik, borondate politiko hau ez adieraztea, apartheid politikoaren aldeko ekintza bezala ulertu beharko litzateke.
Beraz, eta honen guztiaren ondorioz, Lezoko Udal Batzarrak, honakoa onartzen du:
1.- Lezoko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoan dituen ordezkariei eskatzen die, Txingudiko mankomunitateak Partzuergoan sartu ahal izateko hartu behar diren akordioak onartu ditzatela.
2.- Lezoko Udalak bere aldeko bozka ematen du Txingudi Mankomunitateak lurraldeko beste mankomunitate guztiek bezalaxe parte hartu dezan Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoan bere betebehar eta eskubide guztiekin.”
Ainhoa Intxaurrandietak esan du Txingudik ez diola eskaerarik egin Partzuergoari, prentsan azaldu dela baina ez dela zuzendu zuzendu behar duen tokira. Berak ez du problemarik ikusten jarraitu behar diren pausoak eta bidea egiteko. Gogoratu du gaurko egoera gaizki egindakoaren ondorioa dela, hasiera Txingudik ez zuelako nahi izan Partzuergoan sartu eta gero modu irregular batean sartu zelako eta horrela ebatzi dutelako epaitegiek. Dena den, Txingudiren hondakinak Partzuergoko azpiegituretan tratatzen direla zehaztu du.
Mikel Antxon Arrizabalagak dio Bildu interesatzen zaioenean bakarrik babesten dela legean. Bere ustez, guzti honen atzean borondate politiko garbia dago erakundeetako gehiengoak baldintzatzeko.

Mozioa ez da onartu kontrako 6 botoekin ( BILDU udal taldekoak) eta aldeko 4 botoekin (3 EAJ-PNV udal taldekoak eta 1 Eusko Sozialistak taldekoa).

7. Alkatearen, Organo Kolegiatuetako udal-ordezkarien eta Delegatuen txostenak.

Ez da inongo berri eman.

8. Galde-eskeak.

1. Kepa Garbizuk diru-laguntzen deialdiei buruzko galdera batzuk egin ditu; hain zuzen, Gipuzkoa IKT programa, Eskuhartze sozialaren esparruan teknikariak edo administrariak kontratatzeko programa, kale antzerkia bultzatzeko, gazteria arloan egitarauak eta jarduerak garatzeko, Euskara biziberritzeko Plan Nagusia garatzeko, Gazte ekipamenduen sarea bultzatzeko, adikzioen prebentziorako, jarduera fisikoa sustatzeko eta arriskuak eta kalteak prebenitzeko proiektuak egiteko.

2. Aralar kaleko dotazionalen inguruan Gasteizen egin den bilerari buruz galdetu du. Eneko Lartigek erantzun dio. Jaurlaritzak Lezo eta inguruko herritako herritarrek Etxebiden dituzten eskaerak aztertuko dituzte, haien ezaugarriak, eta ea haietatik garantizatu daiteken alokairuzko apartamentu horien inbertsioa justifikatzen den.Irailean gaia nola dagoen jakiteko hitz egiteko gelditu zirela dio.

Kepa Garbizuk erregu bat egin du, osoko bilkura data aldatu aurretik gainontzeko zinegotzi eta taldeekin hitz egitearena, gaurkora egin ez den bezala.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 20:05ean eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta .etik .ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna