2014ko martxoaren 27an

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2014ko martxoaren 27an, osteguna, arratsaldeko 19:30etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, OHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Ainhoa Zabalo Loiarte alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Ainhoa Intxaurrandieta Ezkurra, Mikel Arruti Salaberria, Eneko Lartige Zabaleku, Angel Portugal Formoso, Naroa Tubilla Ziganda eta Luis Garrido Corral (BILDU udal taldea), Kepa Garbizu Azkue, Xubero Ubillos Apaolaza, eta Enrique Figueroa Laboa (EAJ-PNV udal taldea)

Ez dira bileran egon, Garazi Kuesta Unzain, Miren Tarragona Perez (BILDU udal taldea) eta Mikel Antxon Arrizabalaga Brusín (Eusko Sozialistak-Socialistas Vascos)

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

1. Egoki irudituz gero, 2014ko urtarrilaren 30eko Ohiko eta otsailaren 13ko Ezohiko eta Presazko osoko bilkurako aktak onartzea.

Aktak onartu eta sinatu egin dira.

2. Bildu udal Taldeak aurkeztutako mozioa, “Inposizioaren aurka; Ikurriña gurea” (2014ALO50010)

Alkateak berak irakurri du mozioa. Honela dio:

“2011ko azaroan Gobernu Delegatuak Lezoko Udalari 39/1981eko legeak xedatutakoa betetzea agindu zion: Espainiako bandera udaletxearen balkoian jartzea.

Prozedura judizialak aurrera jarraitu du, aginduaren ondoren errekerimendu, auzi-eskea eta, azkenik, epaiaren forma hartu arte. 2012ko azaroan, epai horren kontra helegitea tarteratu zuen Lezoko Udalak eta Auzitegi Nagusiak azken epaia 2013ko azaroan 29an eman zuen.

Espainiako Gobernuak lezoar gehienak ordezkatzen ez dituen ikurra inposatu nahi digu eta halabeharrez, gure sentimendu eta nahien kontra, etorri berri den epaia, bete beharrean aurkitzen gara.

Honengatik guztiagatik, mozio hau aurkezten dugu Udal Batzarrean onartua izan dadin:

1. Lezoar gehienen sentimenduen kontra espainiar bandera ezartzera derrigortzen gaituen legearen inposizioa salatu nahi du Lezoko Udalak eta bere erabateko desadostasuna adierazi.

2. Inposatzen zaigun banderak ez du inoiz herri hau ordezkatu; ez lehen eta ez orain. Espainiako bandera zigor mehatxupean ezarritako sinboloa izango da gure erakundean.

3. Herritar gehienen nahiaren aurka eta bere ordezkarien erabakimenaren kontra ezartzen den sinboloa izanda, neurri hau lezoarren borondatearekiko errespetu falta da, baita askatasunez erabakitzeko eskubidearen ukapena ere.

4. Ikurrinak merezi duen presentzia izan dezan Udaletxearen inguruan, herriko plazan modu iraunkorrean egongo den masta eta ikurrina jarriko ditu Udalak”

Kepa Garbizu (EAJ-PNV udal taldea) beste mozio bat aurkeztu dutela esan du. Honela dio irakurritako mozioak:

Gaur, Lezoko udaletik, Lezo herriaren erakunde gorenetik, gure herriarekiko daukagun konpromiso etenezina berresten dugu.

Gizartearen borondate askearekiko gure konpromisoa. Konpromiso hori betez, esaten dugu ezin zaiola uko egin euskal herriaren izatea aitortzeari eta euskal herria borondate kolektiboa duen subjektua dela kultura, ekonomia eta politika aldetik.

Uste osoz, berresten dugu, euskal herritarren erabakitzeko ahalmenaren aitortza, ezinbesteko eskubide demokratikoa dela. Euskal gizarteak, bere aniztasunetik, behin eta berriro adierazi du, erabakitzeko eskubidearen aldeko iritzia.

Aniztasuna mantentzeko demokraziak eskaintzen duen bermea, nahi kolektiboa gauzatzeko aukeran dago; subiranotasun horietatik ez datozen nahi kolektiboen ínstituzionaltzea baztertzen duten, nazioen subiranotasunen betorik gabe gauzatzean.

Bere burua horrela definitzen duen edozein demokraziaren funtsetako bat da aniztasunarekiko izan behar duen errespetua. Boina aniztasuna ez da bitarteko erretoriko bat soilik, norbanako zein taldeko eskubide oro errespetatuko dituen bizikidetzaren oinarria baizik.

Uniformeak erretratatu nahi izateak totalitarismora eramaten du, inoiz ez bizikidetzara.

Beraz, demokraziaren uste sendo hauetatik oso urrun dago gure erakunde guztietan bandera espainiarra ezartzea, eta gainera, "ordezkatzen dituen konstituzioaren balio, printzipio, eskubide eta beharren" eta "Estatu espainolaren, batasun, independentzia, subiranotasun eta zintzotasunaren" adierazpen pisa egitea.

Horregatik, agindu judizialari zor zaion errespetua eta epaia nahi eta nahiez bete beharraren aurrean, baina gure ardurari aurre eginez, ondorengo hau onar dadin proposatzen dugu:

MOZIOA:

1. Lezoko udalbatzak, inposizio hau desagertu artean, Gurutze Santuaren Plazan plaka bat jartzea onartzen du ondorengo testuarekin:

"Espainiako Auzitegi Gorenak 13/2012 errekurtsoan emandako 223/2012 epaiaren bidez, Espainiako bandera jartzera behartu du Lezoko udala, herritarren borondatearen aurka. Epaia betetzean, Lezoko udalak ondorengo adierazpena helarazi nahi die herritarrei:

Herri bat herri da, iragan eta etorkizun, osatzen duten pertsona gehienek hala sentitzen dutenean. Ikur bat ikur da: logo, oihal zati, margo. Gertatu ohi da ikurra herri baten ametsaren sinbolo izatea. Orduan baliagarri da, gutasunaren sentipen txikien piztaile delako, ez gehiago.

Gerta liteke ikurra herriaren ametsaren sinbolo ez izatea. Indarraren legez eta legearen indarrez ezarria izatea. Orduan ere baliagarri izan liteke, inposaketaren sinbolo bihurtzen baita, bizilegezko gabezien gogoratzaile.

Bandera espainiarra zigor mehatxupean ezarritako sinboloa da gure erakundean. Lezoar gehienon nahiaren aurka eta beren ordezkarien erabakimenaren kontra jarria dago. Herritarren borondatearekiko errespetu falta da, askatasunez erabakitzeko eskubidearen ukapena. Horra bada bandera, egoeraren ikur, jarri duenak berak jarri duenak berak jarri nahi ez duen oihal. Haizeak ironiaz darabil.

Ainhoa Zabalo alkateak, bi mozioak bat egitea eta botazio bakar batean egitea proposatzen du.

Ondoren, alkateak herritar bati hitza eman dio, honek, herrian zehar jaso diren sinadura guztiak aurkeztu ditu.

Mozioak aho batez onartu dira aldeko 10 botoekin (7 BILDU udal taldekoak eta 3 EAJ-PNV udal taldekoak)

Alkateak proposaturik eta udalbatzak onartuta, hamar minutuko etenaldia egin da Ikurriña, Lezoko bandera eta Nafar bandera plazan jartzeko. 19:40etik 19:50era.

3. EAJ-PNV aurkeztutako mozioa, “Herriko Tabernak” izeneko 35/02 epaiketaren amaieraren ingurukoa (2014ALO50011)

Alkateak hitza, Kepa Garbizuri (EAJ-PNV) eman dio eta honek aurkezturiko ondoko mozioa irakurri du:

“Auzitegi Nazionalak epaitu duen 35/02 prozedura judizialaren amaieraren aurrean eta ahozko ikustaldiaren garapena, salaketen funtsik eza eta egozpen eta froga auzien oinarririk eza kontuan harturik, Lezoko Udal Batzarrak zara adierazi nahi du:

1.- Epaiketa honen hasieratik adierazita zegoela prozedurak gutxieneko oinarri juridikorik ez duela, eta ondorioz, ez zela inoiz hasi behar edo, bere kasuan, auzia largetsi beharra zegoela eta prozedura artxibatu, largespenak eta artxíbatzeak zigor justiziaren agintea eta prestigioa berreskuratzen lagunduko zutelakoan. Era berean uste dugu lagungarri gertatuko zela Euskadiko bake eta normalizazio politikoak aurrera egiteko prozesuan.

2.-. Oraindik ere uste dugu "dena da ETA" printzipio hori aplikatzeak ez duela inolako zigor oinarri juridiko arrazoiturik, eta salbuespen egoeran erabili izana zuzenbideaz kanpoko arrazoi politikoek gidatua izan dela uste dugu. Ondorioz eskatzen dugu sorburu politikoa izan duen praktika judizial hau ixtea.

3.-ETAren bortxakeria desagertu den distentsio denbora honetan salbuespen irizpideak aplikatzen jarraitzeak ez du normaltasun eta bizikidetza soluzioak bideratzen lagunduko, guztiontzako bake iraunkor eta bidezkoa finkatzea bilatzen duen gizartean.

4.- Horregatik guztiagatik, honen bidez eskatzen dugu auziperatuak largestea, auzia behin betiko ixtea eta zigor justiziari bere aginte eta prestigioa itzultzea, hori dena aniztasun politikoari eta elkartzeko, pentsatzeko eta adierazteko oinarrizko eskubideei zor zaien errespetutik abiatuta eta, behin betiko, oraingo”

Mozioa aho batez onartu da aldeko 10 botoekin (7 BILDU udal taldekoak eta 3 EAJ-PNV udal taldekoak)

4. EAJ-PNV aurkeztutako mozioa, Martxoak 8: Emakumeen nazioarteko egunaren ingurukoa (2014ALO50012)

Alkateak hitza, Kepa Garbizuri (EAJ-PNV) eman dio eta honek aurkezturiko ondoko mozioa irakurri du:

Nazio Batuen Erakundeak 1975 urtean martxoaren 8ari eman zion `Emakumeen Nazioarteko Eguna' izena. Ospakizun honen kariaz, Lezoko Udalak aitortu egiten da emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna giza eskubide izateaz gain, "Gobernu onerako" faktore oinarrizko eta ezinbestekoa dela eta, horrekin batera, Euskadiko giza garapenaren eta gizartearen garapen sozial eta ekonomikorako elementu beharrezkoa.

Berdintasunerako bidean aurrerapausoak eman dira,bai, baina luzea da oraindik egin behar den ibilbide zatia. Oraindik ere, XXI. mendean eta mendebaldeko gizartea deitzen den honetan, gizonak emakumeak baino gehiago direla pentsatzen da, eta haiek egiten dutena garrantzitsuagoa delako ustea zabalduta dago. Hainbat gazte jendearen buruan errotuta dagoen pentsamolde hori da esparru ugaritan desberdintasunak eta diskriminazioa betikotzea eragiten duena.

Oraingo testuinguru sozial eta politikoan kezka biziz egiaztatzen dugu berdintasunaren ameskeriak berdintasun horren lorpen efektibo eta egiazkoa geldiarazteko mehatxua suposatzen duela. Arduratuta ikusten dugu orain arte lortutakoan atzerako pausuak ematen ari direla. Horregatik uste dugu ekinean jarraitu behar dugula, lan eginez eta ekinez, gizarte bidezkoago eta berdintzaileagoa lortzeko.

Lezoko Udalak beharrezko eta premiazko jotzen du berdintasuna gauzatzeko behar den gizarte eraldaketa ekarriko duen balore aldaketa. Eredu patriarkal eta matxistatik jauzi egin behar dugu eredu berdintzaile eta bidezkoagora sartzeko. Horixe izango da, emakume eta gizonok, lan esparruan emakumeen diskriminazioaren kontra, lan produktiboaren eta ugalketa lanaren banaketa desorekatuaren aurka eta emakumeenganako bortxakeriaren kontra egin behar dugun borrokatik garaile irteteko giltzarria.

Balore aldaketa hori sustatzea lan konplexua da. Norbanako bakoitzaren pentsamoldean eragitea suposatzen du. Horregatik, Lezoko Udalaren aldetik, gizarte han osatzen dugun pertsona guztiei dei egin nahi diegu, gure eguneroko bizitzan, gure erabakien eta jarreren bidez, berdintasuna ahalbidetzea lor dezagun. Emakume eta gizon guztien lana da.

Horregatik guztiagatik, Emakumeen Nazioarteko Eguna den 2014ko martxoaren 8 ospatzen dugun honetan,

JAKITUN IZANIK berdintasunak gizarte gisa aurrera egiten laguntzen dugula, pertsonen autonomia hobetzea ahalbidetzen duela eta berdinen arteko harremanak eta errespetuan oinarritutako tratuak sustatzen eta demokrazian aurrera egiten uzten digula,eta JAKITUN IZANIK,era berean, "genero arrakala" ixteko lanean arrakastarik handiena lortu duten herrialdeak esparru ekonomikoan aurreratuagoak eta sozialki bidezkoagoak direla.

ADIERAZTEN DUGU emakume eta gizonen arteko berdintasunerako bidean aurrera egiteko urrats sendoak ematen jarraitu behar dugula desberdintasuna betikotzen duten baloreak aldatzea sustatuz, eta horretarako

HITZA EMATEN DUGU beharrezko aldaketa bultzatuko dugula politikagintzan nagusi den ereduak gizonezkoen botere eta lidergoan oinarrituta egoteari utz diezaion, eredu horren biziraupena zaintza arduren banaketa ez ekitatiboari lotuta, eragozpen handia baita emakumeak politikagintzan sartzeko eta alor horretan aurrera pausuak emateko eta, oro har, emakumeek esparru publikoan parte har dezaten. Gizarte garatu eta aske batek ezingo baitu aurrera egin, biztanleriaren erdi bati beste erdiari ematen dizkion aukera berberak eman ezik.

Alkateak hitz-egin du eta gogorarazi du, Lezoko udalak Berdintasun II. Plana garatzen ari dela. Horren barruan, joan den ostegunean mahai politikoaren bilera izen zen eta balorazio ona egin dute.

Mozioa, aho-batez onartu da aldeko 10 botoekin (7 BILDU udal taldekoak eta 3 EAJ-PNV takdekoa)

5. EAJ-PNV aurkeztutako mozioa, 2014ko otsailaren 27a, Saharako Arabiar Errepublikaren aldarrikapenaren 38.urteurrenaren ingurukoa (2014ALO50013)

Alkateak, hitza Kepa Garbizuri (EAJ-PNV) eman dio eta honek aurkezturiko ondoko mozioa irakurri du:

“Euskadi Sahara Koordinakundeak Saharako Arabiar Errepublikaren aldarrikapenaren 38. urteurrenean aurkeztu duen eskariaren kariaz, eta azken urte¬tan Mendebaldeko Saharako gatazkaren inguruan aurrerapenik egin ez delako ikuspuntua partekatzen dugula, esate baterako:

- Mendebaldeko Saharako lurraldearen bi herenen okupazioa, urtetan eta ur¬tetan luzatzen dena eta indar militarrek babesturiko 2700 km luze den minaz josiriko hesi batek bermatzen duena.

- Mendebaldeko Saharako baliabide naturalen legez kanpoko ustiapena. Ete¬nik gabe jarraitzen duena eta zenbait ariotan, arrantzaren kasuan bezala, europar batasunaren konplizitatearekin bermatzen dena.

- Mendebaldeko Saharako herritarren oinarrizko giza eskubideen etengabeko zangopilatzea. Saharar herritartasunaren aldeko aldarriak, okupazioaren inpunitatearen babespean itotzen jarraitzen dute. Urtez urte, giza eskubideen aurkako erasoen testigantzak, nazioarteko begiraleen pasibotasuna area¬gotzen den era berean areagotzen direlarik. Ario honetan, gogoratu besterik ez dugu Nazio Batuen Erakundeak, munduan zehar hedaturik dituen bake misioen artean, Mendebaldeko Saharakoa dela giza eskubideen arloan eskuduntzarik ez duen misio bakarra.

Udal honek saharar herriaren kausarekiko atxikimendua erakutsi nahi du eta honako hauek egiteko konpromisoa hartzen du:

A) web komunikaziorako euskarrietan saharar herriari batera adieraztea.

B) Udaleko aurrealdean Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren bandera jartzea datorren urteko otsailaren 27an.

Mozioa, ahobatez onartu da aldeko 10 botoekin (7 BILDU udal taldekoak eta 3 EAJ-PNV takdekoa)

6. Diktamina, Lezoko udal hilerriaren erregimen eta funtzionamendua arautzeko udal ordenantzari hasierako onespena emateko (2012H0290001)

Alkateak, diktamina onartzea proposatzen du. Honela dio:

“2014ko martxoaren 21ean Hirigintza eta Ingurumen Batzordea egin zen Lezoko udal hilerriaren erregimen eta funtzionamendua arautzeko Udal Ordenantzaren behin betiko onarpena diktaminatzeko.

Lezoko Udalak 2012ko maiatzaren 31ko ohiko osoko bilkuran Lezoko hilerriaren erregimen eta funtzionamendua arautzeko udal ordenantza haseraz onartu zuen.

Akordio honen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen ekainaren 19an, 116 zenbakidun alean.

Araudi hau jendaurrean egon den 30 lanegunetan alegazio bakar bat aurkeztu da.
Udal arkitekto teknikariak egindako txotena kontuan izanik Hirigintza eta Ingurumen Zinegotziak proposatu du 10., 13. eta 16. Artikuluei egindako alegazioak onartzea eta gainontzekoak ez onartzea. Baita ere proposatu du VIII kapituluan, kolunbarioei buruz bi artikulu gehitzea.

Onartzea proposatzen dena hasierako testuari era nabarmenean eragiten dioenez Batzordeak proposatu du berriro ere araudia jendaurrean jartzea hilabete batez.

Halaber, 7/1985 Legearen 49 artikuluak xedatzen duena kontuan izanik,

Eneko Lartigue Zabaleku y Ainhoa Zabalo Loiarte (Bildu)ren botoa alde dela eta Kepa Garbizu (EAJ/PNV)ren abstentzioekin Hirigintza eta Ingurumeneko Batzordeak behean heldu dena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: 10. art; 13. art. eta 16. artikuluei egindako alegazioak onartzea, eta gainontzekoak ez onartzea.

BI: Lezoko hilerriaren erregimen eta funtzionamendua arautzeko Udal Ordenantzari berriro ere haserako onarpena ematea, onarturiko alegazioek eragindako aldaketekin eta VIII. Kapituluan kolunbarioei buruz gehitutako artikuluekin.

HIRU: Erabaki honen berri eman Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Lezoko Udaleko web orrialdean eta iragarki oholean, hogeita hamarreko jendaurreko epea irekiz, erreklamazioak eta iradokizunak aurkez ahal daitezen.

LAU: Jendaurreko epean alegaziorik ez bada jasotzen, araudiak behin betiko onarpena izango luke.

Kepa Garbizuk dio beraiek diktamenari ez diotela ez baiezkorik ez ezezkorik emango, abstenitu egingo direla, alegazio epean alegazioak egin ahal izateko.

Mozioa onartu da aldeko 7 botoekin (BILDU udal taldea) eta 3 abstentzioekin (EAJ-PNV udal taldea)

7. Diktamina, Serviociok esleitua duen kontratu baldintzak aldatzekoarenak (2014ID170001)

Alkateak irakurri duen diktaminak honela dio:

“Bekoerrota kiroldegia eta Altzate igerilekuak kudeatzeko 2000. urtean egin zen lehiaketan udalak Serviocio S.L. esleipendun izendatu zuen 2001eko martxoaren 16an.

Esleipen hori burutzeko egindako lehiaketa arautzen zuen eta 2000ko urriaren 4an osoko bilkuran onartu zen baldintza-orrien 3. atalean jasotakoari jarraituz, Lezoko udalak 2003ko martxoaren 14ko eta 2008ko apirilaren 09ko osoko bilkuretan kudeaketa bitan 6 urtez luzatzea erabaki zuen. Hau honela, Serviocio S.L. aipatutako emakidaren esleipendun da 2015eko martxoaren 29rarte.

Serviocio S.L.k ikasturte bakoitzeko jarduera memoria eta memoria ekonomikoa aurkezten ditu kirol instalazioetako jarraipen batzordean.

Azken lau urteetako datuetan ikus daiteke bazkidetza kopuru joerak behera egin duela, bai egoera ekonomikoa eta bai beste herrietako instalazioetan egindako hobekuntzen ondorio, besteen artean. Azken luzapen epe honen hasieran enpresak inbertsio garrantzitsua egin zuen instalazioetan instalazioen alderdi sendo eta erakargarrienak indartze aldera.

Aurreikuspen ekonomikoak oso baikorrak izan ez arren, enpresak bertan zeraman denbora zela eta, eta esplotazioaren egonkortasuna eta konfliktibitate eza zirela eta, bere presentziaren balorazio ona egiten zuen, are gehiago Errenteriako instalazioak kudeatzen hasi zenetik.
Ekonomikoki oso aldekoa ez zen egoera honetan, 2012. urtean bi gertakari ematen dira:
• Espainiako gobernuak 2012ko irailean kirol zerbitzuei aplikatzen zitzaien BEZa %8tik %21ra igo zuen. Honek bi eragin ezkor izan zituen esplotazioaren balantzean:
- Alde batetik indarrean zeuden eta enpresak kobratzen zituen tasen deklarazioan sortarazi zen desoreka Serviociok bere gain hartu behar izan zuen (%13) 2012. urtean.
- Bestetik, 2013 urterako bazkidetzetan aurreikusia zegoen igoera bertan behera utzi behar izan zen, zeren bezaren %13ko igoerak tasen %13ko igoera ekarri baitzuen esplotazioan inongo sarrera berririk eragin gabe.
• Lan hitzarmen berria indarrean sartu zen 2012ko abenduan. Bertan jasotzen ziren baldintza berriak, pertsonal atalean (esplotazioaren gastuen %70 ingurukoa) %18ko gainkostua sortarazi zuen.
Esplotazioaren egoera jasangaitza izango zelakoan, egoera leundu zezaketen neurri batzuk hartu ziren elkarlanean (uraren tasaren jaitsiera, instalazioen irekiera ordutegiaren murrizketa...).
2013 urtea aurrera joan ahala eta esplotazioaren zenbakiak eskuan izanik, Serviocioko S.L. ko ordezkariak udalarekin harremanetan jarri ziren eta bertan jarraitzea ezinezkoa zutela jakinarazi. Kontratua ahalik eta lehen eteteko proposamena geldiarazi eta udala bere aldetik gauzak behar diren bezala egiteko gutxieneko epea eskatu zitzaien. Hau honela, 2013ko uztailaren 2an 1.972 sarrera zenbakia duen eskaerari sarrera eman zion Serviocioko Agustin Martinez ordezkariak udalean.
Serviociok aurkeztutako kontuak aztertu ondoren, eta bertatik eratorritako datuak egoera benetan ekonomikoki txarra zela adierazten zutenez eta aurrera begira egoera okerrera egingo zuela eta hartu beharreko neurriak bai zerbitzuaren ikuspuntutik edo bai ikuspuntu ekonomikotik garrantzitsuak izan zitezkeelako, kanpo azterketa bat eskatu zen inongo erabakirik proposatu baino lehen. Hori horrela, Kirol Management kirol aholkularitza enpresak Serviocioren kudeaketaren azterketa bat egin zuen eta epe motzerako aurreikuspena. Beraiek egindako txostena aurreikusitako egoera baieztatzen zuen eta etorkizunari begira joera nahiko larritu zitekeela.
Desoreka ekonomiko egoera larri honen eragile nagusi bat esplotazioarekin zerikusia ez duten kanpo faktoreak izan zirela ere aintzat hartzen genuen.
Lehiaketa arautzen zuen baldintza orriaren 11.3 atalean, Lezoko Udalaren eskubideei buruz hau esaten du:
“Lezoko Udalak bere esku izango ditu, dagozkion gainerakoen kalterik gabe, ondorengo ahalmen hauek:
Interes publikoko arrazoirengatik kontrataturiko zerbitzuaren ezaugarriak...aldatzea eta , besteak beste:
- Zerbitzua osatzen duten prestazioen kalitatea, kantitatea, denbora edo lekua aldatzea, eta- Publikoaren kargukoetan eta emakidadunaren ordainsari eremuan tarifak aldatzea.”
Baldintza-orrien 11.4 atalean, Lezoko Udalaren bete-beharrei buruz hau esaten du:
“Lezoko Udalaren bete-beharrak dira:
- Emakidunari adjudikazioan oinarrikotzat jo ziren balizko ekonomikoen oreka mantentzea, eta horretarako:
- Tarifak berraztertuko ditu baldin eta, zerbitzuan aldaketarik izan ez arren, aurreikusi ezineko eta sortutako inguruabarrak gertaturik, horiek edozein zentzutan emakidaren ekonomiaren haustura ekartzen dutenean.”
Datu guzti hauek eskuan izanda, baloratu genituen aukeren artean epe motzera begira, bai zerbitzuaren ikuspuntutik eta bai udal aurrekontuetan izango zuen eragina kontuan hartuta, Serviociorekin emakida epea burutzeko akordio batetara iristea aurreikusi genuen interesgarriena Lezoko herriarentzat.
Serviocio S.L.rekin bilera ezberdinak egin ondoren, kirol instalazioen kudeaketa berria esleitu bitartean akordio proposamena bat adostu zen. Bertan, kirol instalazioak baldintza-orriak jasotzen duten terminoetan kudeatzen jarraitzea, egun bertan behera gelditu den lan hitzarmena langileei aplikatzen jarraitzea, udalak kontratazio berri batetarako lehiaketa prozesua martxan jartzea, kontratazio berria gauzatzen denean kontratu hau bertan behera uztea epea amaitu ez bada ere eta udalak kudeaketa lanengatik enpresari luzatzen dion kontra-kanona kopuru jakin batean handitzea jasotzen zen.

“Serviociok esleitua duen kontratuan baldintza aldaketak” espedientea aztertu eta eztabaidatu ondoren, Kontu eta Ogasun batzordeak, 2014ko martxoaren 21ean bilkuran, Ainhoa Intxaurrandieta, Ainhoa Zabalo,eta Eneko Lartigeren botoa alde dela eta Kepa Garbizuren abstentzioarekin, proposamena diktaminatu du osoko bilkurak ERABAKI HAUEK hartu ditzan:

BAT: Bekoerrota kiroldegiko eta Altzate Igerilekuetako emakida baldintzak aldatzea Serviocio S.L. enpresak jasotzen duen ordainsariari dagokion atalean.

BI: Serviocio S.L. enpresak, Bekoerrota kiroldegiko eta Altzate Igerilekuetako kudeaketa integralaren esleipena dela eta, 2014. urtean jasoko duen ordainsariari 30.250 € tako ordaina gehitzea, esplotazioarekin zerikusia ez duten kanpo baldintzek eragindako desoreka ekonomikoa dela eta.

HIRU: Ordainketa aldi bakar batean egitea.

LAU: 30.250,00 €tako gastua onartzea 1.227.99.452.20.2014 partidatik (AD-60).

BOST: Alkatea ahaltzea, Serviociorekin sinatua dagoen kontratua, bukaera epea baino lehen bertan behera uztea kontratu berri bat sinatuko balitz.


Mikel Arrutik hartu du hitza eta azalpenak eman ditu. Dio Udalak kontratatuta Kirol Managment enpresak kiroldegi eta igerilekuaren ustiaketaren inguruan egindako txostenak baieztatu egin duela Serviociok azaldutako egoera. Bezaren igoerak %8tik %21era eta lan hitzarmen berriaren ondorioz kontratuaren oreka ekonomikoa desorekatu du. Lehiaketa berri bat deituko da eta eraikinen energia eta beste gastuak murriztuko ahaleginetan jarraituko dela dio.

Diktamina ahobatez onartu da aldeko 10 botoekin (7 BILDU udal taldekoak eta 3 EAJ-PNV udal taldekoak)

8. Kontu ematea, alkateak egindako aurrekontu aldaketarena (2014KO030001)

Alkateak egindako aurrekontua aldaketaren berri eman du 2014KO030001 espedientean jasoa. Haren bidez kreditu global partidatik 3.000 €tako kopurua hartu da kalegarbitzaileen arropak erosteko partida sortzeko.

9. Alkatearen, Organo Kolegiatuetako udal-ordezkarien eta Delegatuen txostenak.

Alkateak hitzegin du, eta Berdintasun plan berria egiteko lanen berri eman du, udal teknikariekin gain herritarrekin eta politikoekin lantzen ari dela esan du.

Halaber, Hazienda arloko delegazioa bertan behera utzi dela dio. Batzordeko lehendakaritza alkateak berak hartuko du eta Mikel Arruti (BILDU) zinegotzia batzordeko kide berria izango dela jakinarazi du. Aldaketaren arrazoiak azaldu ditu: batera ezina zitzaiola orain arteko zinegotzi delegatua eta batzordeko lehendakaria izan den Ainhoa Intxaurrandietari eginkizun horiek eta duen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakaritza.

Altamirako auzoan izango den parte hartze prozesuari buruz hitzegin du alkateak: 2 bilera egingo dituztela dio, auzoan egingo den inbertsioa erabakitzeko. Auzokideek eskaera bat egin omen zuten bere egunean, eta honen aurrean, udalak proposamen bat egingo du guztien artean lantzeko. Bilerak, Altamirako auzo elkartean egingo dira. Lehena martxoaren 29an eta bigarren bat, apirilaren 12an.

Eneko Lartigek, Hirigintza eta Ingurumen zinegotzi delegatuak, hilerrian egin berri diren obren berri eman du, Sagasti poligonoan egingo diren saneamendu obrak bertako enpresei azaldu zaizkiela dio. Eta herrian trafikoa lasaitzeko Foru Aldundiak egiten ari den obren berri eman du. Bidegorria proiektua berrindartzeko dirulaguntza eskatuko dela esan du.

Mikel Arrutik, Kulturako zinegotzi delegatuak dio kiroldegia eta igerilekua kudeatzeko lehiaketa berri baten deialdia prestatzeari ekin zaiola. Jai Batzordearen ekimenez bihar eskoletan haur eta gaztetxoen bilera egingo dela festetarako haien ekarpenak jasotzeko. Mendekoste festak prestatzeko bilerekin hasi direla dio. Esan du azterketa burutu dela herriko komertzio eta ostalaritzan euskararen egoera zein den jakiteko eta pasako zaiela beste taldeei. Jaizkibelgo magalean ibilbideak prestatuko direla, maila desberdinekoak, eta Xoxolurra inguruan aisialdi gunea prestatuko dela.

10. Galde-eskeak.

a) Kepa Garbizuk, diru laguntzei buruzko, 7 galdera berri erregistratu ditu:

1. Herritarren partaidetza sustatzekoak
2. Emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzekoak
3. Giza eskubideen alorrean proiektuak gauzatzekoak
4. Oroimen historikoaren alorrean proiektuak gauzatzeko.
5. Kirol arlokoak (Eskola kirola, kirola guztientzat)
6. Kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubide eta interesak sustatzekoak
7. Bizikleten eta oinezkoen bidean udal sarea garatzekoak

b) Kepa Garbizuk galdetu du ea ba al dagoen emaitzarik duela urte bete baino gehiago Andreone kultur etxe ondoan kutsadura neurtzeko jarri zen furgonetarenak. Alkateak erantzun dio bai Polentzarrenen jarritako estazio fijoak, bai Andreone inguruko estazio ibiltariak eta Don Bosco eskola inguruan jarritakoen emaitzak aztertzen ari direla. Egun gutxitan gainditu dira legez ezarritako kutsadura mugak baina bitxia edo arraroa da aktibitate gutxien dagoen orduetan, gauetan batik bat, gainditu direla muga horiek. Zergatiak aztertzen ari dira Portuko eta Eusko Jaurlaritzako teknikariak. Gai honen inguruan aipatu du Portuan antolutako mahai interinstituzionalak (Pasaia, Errenteria, Donostia, Lezoko udalen ordezkariekin eta Portua eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkariekin osatua pausoak ematen ari dela portu inguruko egoera hobetzeko: ingurumen teknikaria kontratu du portuak, hiru hilabetez behin bilera teknikoa egiten da, informazio sarea sortu da, portuko kamioientzat protokolo bat prestatzen ari dira, etab. .

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 20:25etan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 1106083etik 1106093ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna