1998.eko Uztailaren 29ekoa

Agiri mota

Lezon, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko uztailaren hogeita bederatzian, 19:00 orduetan, Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian bildu da OSOKO UDALBATZA OHIKO BILKURA egiteko, lehen deialdian, Mikel Arrizabalaga Pikabea alkatearen lehendakaritzapean, eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Jose Luis Ruiz Navarro, Jone Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia, Rafael Salaberria Etxezurieta, Jesus Maria Etxebeste Bengoetxea, Iñake Urrestarazu Azurmendi eta Pello Garbizu Azkue.

Jesus Mª Martiarena Jaka, aztergai zerrendako bostgarren puntua tratatzen ari zenean etorri da.

Jose Mª Boto Sanchok, Nicanor Barradas Pirisek eta Mirari Rekalde Gonzalezek ezin etorri izanaren abisua bidali dute.

Xabier Loiola Aristi aritu da idazkaritza lanetan.

1.- UDALBATZAREN OSOKO BILKURETAKO AKTAK ONARTZEA: 98/06/10 DATAKOA (OHIKOA) ETA 98/07/16 DATAKOA (EZOHIKOA ETA PREMIAZKOA).

Bertan diren zinegotziek onartu eta izenpetu egin dituzte aurkeztu diren aktak.

2.- HERRI BATASUNAK AURKEZTUTAKO MOZIOA, ATXILOKETA UGARI EGITEAZ GAIN, EGIN EGUNKARIA ETA EGIN IRRATIA ITXIARAZI DITUEN OPERAZIO POLIZIALA SALATZEKO.

Mozioa tratatu aurrez, EA eta EAJko zinegotziek ordezko beste mozio bana aurkeztu dituzte HBk proposatutakoaren aurrez aurre. Alkateak esan du, bere taldearekin batera aztertu nahi lituzkeela. Bertan diren guztien adostasunez, gai hau azken-aurreko puntura arte atzeratzea erabaki dute, galde eskeen aurrez etenaldi bat egin eta ondoren mozioak tratatzeko.

3.- HERRI BATASUNAK AURKEZTUTAKO MOZIOA, OSTALARITZARI BURUZ EUSKO JAURLARITZAREN 140/1997 DEKRETUAREN AURREZ AURRE BERE DESADOSTASUNA AZALDUZ.

Alkateak mozioa aurkeztu du, honela dio hitzez-hitz:

  1. "Euskal Autonomi Elkarteko ostalaritzako establezimenduak eta ikuskizun Publikoak lehenago ixtea xedatzen duen dekretu berria berehala ken dadin eskatzen dio Udal honek Eusko Jaurlaritzari.
  2. Udal honek Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio ostalaritzako establezimenduen eta ikuskizun publikoen itxiera-ordutegia transferi diezaion, Udal Autonomia printzipioa betetzeko eta subsidiariotasun printzipioa betearazteko.
  3. Udalerri honetako eragile sozial, politiko eta ekonomiko inplikatuen artean ostalari, kontsumitzaile, auzo-elkarte, sindikatu, alderdi politiko eta gainontzeko erakundeak, alegia eztabaida ireki dadin bultzatuko du Udal honek, problematika honi buruz ahalik eta kontsentsu zabalena lortzeko, aisia, dibertsioa eta gure ohitura sozialak eta atseden hartzeko eskubidea elkargarri bihurtzeko helburuz, herritar guztiek, oro har, bizi-kalitate hobea izan dezaten.

ARRAZOIAK

Inplikaturiko alderdiekin eztabaida eta azterketarik egin gabe, beste dekretu bat ezarri du Eusko Jaurlaritzako Barne-Sailak berriro ere. Oraingo honek oso ondorio latzak izan ditzake, bai sektorearen baita, bai gure herriko aisi ?eta dibertsio- ohituretan ere.

Tokien itxiera ordu erdiz edo ordubetez atzeratzeak ez dio arazoari konponbiderik emango, bestelako jarduerak planteatzen ez badira: zarata beretsuak entzungo dira, minutu batzuk lehenago agian. Ordutegiak murriztuz, beste aldetik, ez dugu erdietsiko jendeak alkohol gutxiago edaterik. Horrela ez da elkargarri bihurtuko, era berean, aisia, dibertsioa eta gure ohitura sozialak atseden hartzeko eskubidearekin eta gure kaleak garbi, gernurik eta kiratsik gabe edukitzearekin.

Horiek lortzeko bide bakarra heziketa, kontzientzia hartzea eta premiazko gutxieneko zerbitzuak finkatzea da. Zeinahi neurri indarrean sartu aurretik, gure Herriko ohitura eta azturak gogoan izan behar ditugu: gure jarduera asko gauzatu ahal izateko toki egokia da kalea, gaur-gaurkoz.

Ostalaritzazko establezimenduen ordutegi-murrizketa honen atzean dagoena, kalea hutsik utzi nahi duen zibilizazioaren piskanakako ezarpena da. Kalea, guretzat, herritarrak elkarrekin topatu eta harremanetan jartzeko gunea den arren, zibilizazio horrek merkataritza-jarduera gure herriguneetatik merkataritza-azalera handietara eraman nahi du, baxoerdika ibiltze ohikoa ikaragarri garestitzen digu, nor bere etxe-zuloan sartu araziz, eta lagunarteak betetzen duen eginkizun soziala galarazten du.

Esandakoez gainera, Udal Autonomiaz eta subsidiariotasun printzipioaz baliatuz, ostalaritzako establezimenduen eta ikuskizun publikoen itxiera-ordutegia Udalari transferitu behar zaio.

Horretarako, gai hau arautu aurretik, gaian zerikusia duten alderdi guztien arteko eztabaida bultzatu behar du Udalak, gutxieneko adostasun-guneetara irits daitezen denak."

Pello Garbizu harritu egin da zeren, Udaltzaingoak herriko tabernetan banatu baititu dekretu berriko ordutegiak alkateak izenpeturik eta, orain, alkatearen talde politikoak mozio hau aurkeztu baitu. Haren iritzirako, alkateari bere talde politikoak berak egiten dion deskalifikazio bat da hau.

Mozioan proposatutako akordioari dagokionez, zirkulu karratua lortzea bezain zaila dela iruditzen zaio.

Iñake Urrestarazuren iritziz, udalak ez dauka inolako eskumenik tabernen ordutegia ezartzeko.

Bozketa eginik, mozioa onartu egin da aldeko zazpi botoz (Mikel Arrizabalaga Pikabea ?alkate-lehendakaria- , Jesus Maria Etxebeste Bengoetxea, Jose Luis Ruiz Navarro, Maixabel Unzain Zapiain, Joana Maria Salaberria Lizarazu, Rafael Salaberria Etxezurieta, Agustina Pontesta Garmendia), boto bat izan da kontra: Pello Garbizu Azkue, eta abstentzio bat: Iñake Urrestarazu Azurmendi.

4.- PROPOSAMENA, ANBULATORIOA ETA OSASUN ZERBITZUA EUSKALDUNTZEARI BURUZKOA.

Euskara batzordeko lehendakariak aurkeztutako mozioaren berri alkateak eman du. Mozioak honela dio:

"Euskal Herrian bizi garen herritarrek administrazioarekin harremanak euskaraz izateko eskubidea dugu. Eskubide hauek gauzatu ahal izateko administrazioak neurriak hartuko dituela ere badiote indarrean dauden hainbat legek ?Espainiar konstituzioaren 3. Artikulua; Autonomia-Estatutoaren 6. Artikulua; 1982ko Euskararen erabilpena arauzkotzeko Oinarrizko Legea, besteak beste?. Bada, hala ere, bereziki esparru bat non, euskaldunak erabat diskriminaturik dauden: Osasun zerbitzua.

Izan ere, Osasun Zerbitzuek, kasu gehienetan, euskaldunak euskaraz tratatzeko duten ezintasuna nabarmena da. Oraindik ere, osasun zentroetan euskaldun oro erabat diskriminaturik dagoela esan daiteke, zeren, kasu askotan guraso eta senideek itzultzaile lanetan jardun behar izaten baitute beren etxeko gaixoekin. Euskara behar bezala menderatzen ez duten sendagile eta erizainak ahalik eta denbora gutxien egoten dira haur eta zahar euskaldun askorekin komunikazio arazoak sortzen zaizkielako. Hau da, zerbitzu publikoa ematen duten sendagile, pediatra, erizain, zeladore eta abar... gai ez direlako hizkuntza ofiziala den euskaraz aritzeko. Eta hori anbulategi eta ospitale kasik guztietan gertatzen da.

Arazo larria da hau. Izan ere, sendakuntza arloan sendagile, erizain, pediatra... eta gaixoen arteko komunikazioa faktore erabakigarria izan baitaiteke edozein gaixotasun gainditzeko. Beraz, euskaldunei osasun zerbitzua euskaraz jasotzeko aukera ematen ez zaien bitartean, lege-haustea izateaz gain, euskaldunarentzat zerbitzu kaskarra eta diskriminatzailea ematea izango da, zeren, pertsona den heinean, sendagile eta erizainen aldetik zerbitzu eta tratu duin, lasai, goxo eta baketsua eskaintzen ez zaizkion bitartean. (zor baitzaio euskaldunari ere, beste edonori bezalaxe).

Argi eta garbi esan behar da, beraz, euskaldunei zerbitzua euskaraz eskaintzea ez dela euskaldunei emandako pribilegioa, aitzitik, eskubidea dela eta osatzeko baldintza bat izatea ere suerta daitekeela. Osasun publikoak guztiei eman behar die zerbitzua, herritar guztiak joaten baikara behin eta berriz anbulategi eta ospitaleetara eta, beraz, osasun zerbitzuan euskararen normalizazioa udal eta eskualde euskaldunetan erabat lehentasunezkoa da.

Hau guztia aintzat harturik, Osoko Udalbatza honek ondorengo erabakiak har ditzan:

    1. Herriaren ordezkari gisa kezka eta haserrea adieraztea osasun arduradunei. Izan ere euskararen erabilpena arauzkotzeko oinarrizko legea onartu zenetik 16 urte pasa baitira eta euskal herritarrok Lezon ditugun hizkuntza eskubideak bermatzeko PLANGINTZA martxan ez baitute oraindik.
    2. PLANGINTZA diseinatzeaz gainera, aurten, 1998an, hurrengo helburu hau betetzeko premiazko neurriak har ditzatela eskatzen diegu osasun arduradunei:
      1. Lezoko Udalerrian ematen den osasun zerbitzua, hala eskatzen duenarentzat, euskaraz ematea.

Horretarako, hona hemen, Lezorako eskatzen ditugun premiazko neurriak:

  1. Aurrerantzean, ?ordezkapenak barne? sendagile, erizain, pediatra... langile euskalduna bidaliko da.
    1. Dagoeneko, lanpostu finkoa duten "ez euskaldunak" euskara ikasteko liberatzea.
      1. Lanpostu finkoa ez dutenak, baina hiru urte baino gehiago daramatenak liberatzea euskara ikasteko.
      2. Lanpostu finkorik ez, eta hiru urte baino gutxiago daramatenak ohiko euskara-ikastaroak hartzen hastea (eguneko bi ordu).
    2. Hauetatik, baten batek euskara ikasi nahi ez balu, aldatzeko aukerak ahalbideratzea.
    3. Kasu guztietan pediatria zerbitzua euskalduntzeko plangintzari lehentasuna ematea.
  1. Erabaki hau Osasun saileko arduradunei eta Hizkuntza Politikarako arduradunei igortzea. Bide batez, harturiko erabaki hau zein orain arte alor honetan egin diren gestioen laburpena lezoar guztien etxeetara igorri ahal izateko informazioa, diptikoa eta lanabesak prestatzea."

Bai Pello Garbizuk eta bai Iñake Urrestarazuk beren kezka azaldu dute mozio honek erakar ditzakeen ondorio penagarriengatik. Adierazi dute bat datozela mozioaren helburuekin baina ez, ordea, epeekin eta planteatzeko erarekin. Pentsatzen dute, profesional onek Lezoko anbulategia uzteko dagoen arriskua benetakoa dela. Arazo horri dagokionez herrian bizi den giro zaputza azaldu dute udalbatzaren aurrean. Gogorazi dute ezen, Eusko Jaurlaritzak Osasun Zerbitzua euskalduntzeko plana onartu duela eta udalak bere epe eta irizpideak ezartzea larria iruditzen zaie.

Agustina Pontestak esan du, euskararen Nonrmalizazio Legeak urteak daramatzala indarrean eta, halere, Osakidetzatik ez dutela aintzakotzat hartu. Argitu du ezen, mozioaren asmoa, Osakidetzarentzat beste ohartarazpen bat izatea dela zeren, udal honi ez baitio aurkeztu aurrez izandako elkarrizketetan eskatutako plana. Argi eta garbi utzi nahi du ezen, mozio honen bidez, anbulategiko pertsonalari inolaz ere ez zaiola eraso nahi.

Bozketa eginik, mozioa onartu egin da aldeko zazpi botoz (Mikel Arrizabalaga Pikabea ?alkate-lehendakaria- , Jesus Maria Etxebeste Bengoetxea, Jose Luis Ruiz Navarro, Maixabel Unzain Zapiain, Joana Maria Salaberria Lizarazu, Rafael Salaberria Etxezurieta, Agustina Pontesta Garmendia), boto bat izan da kontra: Pello Garbizu Azkue, eta abstentzio bat: Iñake Urrestarazu Azurmendi.

5.- BIKARIOENEA-S.O.-8AREN JABEEKIN IZENPETU BEHAR DEN HITZARMENA PUNTUALKI ALDATZEKO PROPOSAMENA.

Alkateak eman du proposamenaren berri, eta hitzez hitz honela dio:

"Udalbatzak joan den ekainaren 10ean egindako osoko bilkuran Bikarioeneako hitzarmen urbanistikoa onartu zuen.

Jabeek, beren abokatuen bidez, hitzarmeneko bi klausulari zenbait aldaketa egitea iradoki dute. Bi aldaketa horien bidez zehaztu egiten da urbanizazioaren bermakuntza-abala aurkeztea beharrezkoa izango den momentua.

Aldaketa horiek udal-aholkularitza juridikoarekin batera aztertu dira eta Udalbatzari hitzarmenaren aldaketa proposatzea erabaki da, HIRUGARREN akordio-puntuko 3 eta 4 atalak ordezkatuz eta ondorengo testu hau ipiniz:

"3.- Eraikuntza Lizentzia eman ondorengo hilabetea burutu baino lehen banketxe baten abala, 26.200.000 pta baliokoa, jarriko dute Lezoko Udalaren esku, Hitzarmen hau izenpetzean hartutako eta S.O.-8ko ordenazio berritik eratorritako obligazioak betetzearen erantzukizuna bermatzeko.

- Lizentzia ondoriorik gabe geratuko da, kalte ordainetarako biderik laga gabe, baldin eta abalaren eraketa eta ezarpena hitzartutako baldintza eta epeetan beteko ez balitz.

4.- Gehienez ere urtebeteko epearen barruan eskatzea ordenazio berrian aurreikusitako edifizio guztien Eraikuntza Lizentzia, Hitzarmen honi bateratzen zaion Fixa Urbanistikoan finkatzen diren baldintzetan eta behin-betiko onartutako Arau Subsidiarioen Aldakuntza Proiektuan erabakitakoak behar bezala betez. Urtebeteko epe hori kontatzen hasteko momentua, Gipuzkoako Furu Diputazioak Lezoko Udalaren Arau Subsidiarioetako zenbait Elementuren Aldakuntza Proiektua behin betirako onartzen dueneko momentua bera izango da, honi bateratzen zaion dokumentazio grafikoan markatzen denaren arabera."

Gaia hirigintza batzordeak diktaminatu gabe dagoenez, horren premiazkotasuna onartzea proposatu dio udalbatzari. Bozkaketa eginik, zortzi botoz onartu da premiazkotasuna (Mikel Arrizabalaga Pikabea ?alkate-lehendakaria- , Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Jose Luis Ruiz Navarro, Maixabel Unzain Zapiain, Joana Mª Salaberria Lizarazu, Rafael Salaberria Etxezurieta, Agustina Pontesta Garmendia eta Jesus Mª Martiarena Jaka, azken hau une honetan iritxi da bilkurara) eta bi abstentzio: Pello Garbizu Azkue eta Iñake Urrestarazu Azurmendi.

Premiazkotasuna onarturik, alkateak aurkeztutako proposamena bozkatu da. Bozketa eginik, aldeko bederatzi botoz onartu da proposamena (Mikel Arrizabalaga Pikabea ?alkate-lehendakaria- , Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Jose Luis Ruiz Navarro, Maixabel Unzain Zapiain, Joana Mª Salaberria Lizarazu, Rafael Salaberria Etxezurieta, Agustina Pontesta Garmendia, Jesus Mª Martiarena Jaka eta Pello Garbizu Azkue) eta abstentzio bat: Pello Garbizu Azkue.

6.- LEZOKO IPINTZA 110. POLIGONOKO P-1 PARTZELAN ARAU SUBSIDIARIOAK ALDATZEKO AURRERAPENA ONARTZEKO PROPOSAMENA.

Alkateak eman du proposamenaren berri, eta hitzez hitz honela dio:

"Udalbatzak 1997ko martxoaren 15eko osoko bilkuran onartu zuen Jose Jabier Askasibarrekin hitzarmena, Ipintza (110) Poligonoan partzela bat emateaz. Hitzarmen horretan jasotzen zen ezen "Lezoko Udalak industri erabilpen generikoa aitortuko ziela, gaur egun Ipintza (110) Poligonoko P-1 Partzelan zurgintza erabilpena bakarrik duten azpipartzelei."

Jose Jabier Askasibarrek dokumentazioa aurkeztu du seinalatutako aldaketa hori premiamenduz egin dadin eskatuz, eta beraz, Lezoko Ipintza (110) Poligonoko P-1 Partzelan Arau Subsidiarioak aldatzeko aurrerapen-dokumentu gisa tramitatzeko aurkeztu du orain dokumentazio hori.

Hori dela eta, ondorengo akordio hau proposatzen diot udalbatzari:

BAT: Lezoko Ipintza (110) Poligonoko P-1 Partzelan Arau Subsidiarioen zenbait elementu Aldatzeko Aurrerapenaren dokumentua onartzea, Ignacio Garbizu injineru industrialak idatzia, eta informaziorako publikoan ipintzea, probintziako boletinean eta prentsan iragarkiak argitaratuz, hogeita hamar eguneko epean zehar, edonork aztertu ahal izan dezan eta iradokizunak aurkez daitezen."

Arkitektoaren txostena irakurri da non, hasierako onarpenerako aurkeztu den dokumentuan jaso beharko liratekeen zehazpen batzuk adierazten baititu.

Pello Garbizuren iritzirako txosten teknikoan jasotako gorabeherek badute nahikoa garrantzi proposamena diktaminaturik aurkez zedin. Ohartarazi du ezen, proposamenak aipatzen duen osoko udalbatza, maiatzaren 15ean izan zela, eta ez martxoaren 15ean. Oker hori idazkariak baieztatu egin du eta, beraz, zuzendu egin da proposamena.

Alkateak arrazoitu du, ezin izan dela hirigintza batzordea deitu, teknikarien lan egutegia dela medio, eta prozedura hasi berria denez, nahikoa denbora izango dela txostenean seinalatutako gaiak edota sor daitezkeen beste batzuk ere tratatzeko .

Gaia hirigintza batzordeak diktaminatu gabe dagoenez, horren premiazkotasuna onartzea proposatu dio udalbatzari. Bozkaketa eginik, zortzi botoz onartu da premiazkotasuna (Mikel Arrizabalaga Pikabea ?alkate-lehendakaria- , Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Jose Luis Ruiz Navarro, Maixabel Unzain Zapiain, Joana Mª Salaberria Lizarazu, Rafael Salaberria Etxezurieta, Agustina Pontesta Garmendia eta Jesus Mª Martiarena Jaka) eta bi boto eman dira kontra: Pello Garbizu Azkue eta Iñake Urrestarazu Azurmendi.

Premiazkotasuna onarturik, alkateak aurkeztutako proposamena bozkatu da, arkitekto aholkulariak bere txostenean azaldutako aldakuntzekin batera. Bozketa eginik, aldeko zortzi botoz onartu da proposamena (Mikel Arrizabalaga Pikabea ?alkate-lehendakaria- , Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Jose Luis Ruiz Navarro, Maixabel Unzain Zapiain, Joana Mª Salaberria Lizarazu, Rafael Salaberria Etxezurieta, Agustina Pontesta Garmendia eta Jesus Mª Martiarena Jaka) eta bi boto eman dira kontra: Pello Garbizu Azkue eta Iñake Urrestarazu Azurmendi.

7.- KREDITU ALDAKUNTZAREN ESPEDIENTEA, 1/98 KREDITU GEHIGARRIREN BIDEZ EGITEA ONARTZEKO PROPOSAMENA.

Alkateak eman du proposamenaren berri eta, hitzez hitz, honela dio:

"Udal honetako Aurrekontuari eragiten dion kreditu gehigarrien bidez egin beharreko kreditu aldaketarako espedientea irakurri da.

Kontuhartzaileak egindako txostenak dioenez, aipatutako espedientea aplikagarria zaion araudiari egokitzen zaio, eta zehazki Udal Entitateen Aurrekontuei buruzko otsailaren 26ko 4/1991 Foru Arauaren 34. artikuluan eta Udal Entitateen Aurrekontu Erregelamendua onesten duen abenduaren 1eko 96/1992 Foru Dekretuaren 40. artikuluan ezarritako beharkizun eta tramiteei.

Alkate naizen aldetik hemen heldu den erabakia hartzea proposatzen diot osoko bilkurari:

ERABAKIA

Lehenik.- Udal honen aurtengo ekitaldiko Aurrekontuari eragiten dion kreditu gehigarrien bidez egin beharreko kreditu aldaketarako espedientea onestea, proposamenaren eta ondoko kapitulukako laburpenaren arabera:

KREDITU GEHIKUNTZAK

Kapituluak

Izena

Gehikuntzak

6

Kiroldegia

42.000.000

GEHIKUNTZAK GUZTIRA ...

42.000.000

FINANTZATZEN DITUZTEN BALIABIDEAK

Kapituluak

Izena

Zenbatekoa

8

Diruzaintzaren gerakina

42.000.000

GUZTIRA

42.000.000

Bigarren.- Jendaurrean ikusgai jartzea hamabost egunez, erreklamazioen ondorioetarako. Erreklamaziorik aurkezten ez bada, erabaki hau behin-betikotzat joko da. Espediente honi Aurrekontu Orokorra onesteko ezarritako gainerako tramiteak eman beharko zaizkio."

Gaia Hazienda Batzordeak diktaminatu gabe dagoenez, horren premiazkotasuna onartzea proposatu dio udalbatzari. Bozkaketa eginik, zortzi botoz onartu da premiazkotasuna (Mikel Arrizabalaga Pikabea ?alkate-lehendakaria- , Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Jose Luis Ruiz Navarro, Maixabel Unzain Zapiain, Joana Mª Salaberria Lizarazu, Rafael Salaberria Etxezurieta, Agustina Pontesta Garmendia eta Jesus Mª Martiarena Jaka) eta boto bat izan da kontrakoa, Iñake Urrestarazuk emana, eta abstentzio bat, Pello Garbizu.

Premiazkotasuna onarturik, alkateak aurkeztutako proposamena bozkatu da. Bozkaketa eginik, zortzi botoz onartu da proposamena (Mikel Arrizabalaga Pikabea ?alkate-lehendakaria- Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Jose Luis Ruiz Navarro, Maixabel Unzain Zapiain, Joana Mª Salaberria Lizarazu, Rafael Salaberria Etxezurieta, Agustina Pontesta Garmendia eta Jesus Mª Martiarena Jaka) eta boto bat izan da kontrakoa, Iñake Urrestarazuk emana, eta abstentzio bat, Pello Garbizu.

8.- KREDITU ALDAKUNTZAREN ESPEDIENTEA, 30006/98 TRANSFERENTZIAREN BIDEZ EGITEA ONARTZEKO PROPOSAMENA.

Alkateak eman du proposamenaren berri eta, hitzez hitz, honela dio:

"Udal honen Aurrekontuari eragiten dion gastuen aurrekontu partiden arteko kreditu transferentziaren bidez egin beharreko kreditu aldaketarako espedientearen berri eman da.

Kontuhartzaileak egindako txostena irakurri da, zeinak adierazten baitu aipatutako espedientea aplikagarria zaion araudiari egokitzen zaiola, zehazki Udal Entitateen Aurrekontuei buruzko otsailaren 26ko 4/1991 Foru Arauak 29. artikuluan eta Udal Entitateen Aurrekontu Erregelamendua onesten duen abenduaren 1eko 96/1992 Foru Dekretuak 34. artikuluan ezarritako beharkizunei egokitzen zaiela.

Alkate naizen aldetik hemen heldu den erakabia hartzea proposatzen diot osoko bilkurari:

E R A B A K I A :

Lehenik.- Proposamenean zerrendatzen diren gastuen aurrekontu partiden arteko transferentzia bidez egin beharreko kreditu aldaketarako espedientea onestea, udal honen Aurrekontuari dagokiona, kapitulukako ondoko laburpenaren arabera:

Transferitutako kredituak biltzen dituzten gastuak (bajak)

Art.

Azalpena

Hasierako Kred

Gutxipena

Emaitza

226-110-99

Crédito Global

3.745.510

1.661.591

2.083.919

202,.443

Arrendamiento contenedor Cementerio

300.000

100.000

200.000

623-421

Musika tresnak eta material pedagogi

1.500.000

800.000

700.000

226-421.6

Musika Iharduerak

2.350.000

200.000

2.150.000

Guztira

7.895.510

2.761.591

5.133.919

Gehitutako kredituak biltzen dituzten gastuak (altak)

Art.

Azalpena

Hasierako kredi

igoerak

emaitza

201-452

Oiartzungo Kiroldegiaren alok.

0

100.000

100.000

623.433.1

Makineria

0

700.000

100.000

421.120.1

Cuota Mancomunidad Oarso Aldea

10.500.000

886.591

11.386.591

418.110

Eudimako Aportazioa

0

75.000

75.000

622.421.4

Habilitación del Sótano Musika Eskola

0

1.000.000

1.000.000

Guztira

10.500.000

2.761.591

13.261.591

Bigarren.- Egintza hau bestelako tramiterik gabe irmo eta betebeharrekoa denez gero, bidezkoa da onetsitako kreditu aldaketa Fondoen Kontuhartzailetza Zerbitzuek kontabilitatean berehalako ondorioekin isladatzea."

Gaia Hazienda Batzordeak diktaminatu gabe dagoenez, horren premiazkotasuna onartzea proposatu dio udalbatzari. Bozkaketa eginik, zortzi botoz onartu da premiazkotasuna (Mikel Arrizabalaga Pikabea ?alkate-lehendakaria- , Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Jose Luis Ruiz Navarro, Maixabel Unzain Zapiain, Joana Mª Salaberria Lizarazu, Rafael Salaberria Etxezurieta, Agustina Pontesta Garmendia eta Jesus Mª Martiarena Jaka) eta boto bat izan da kontrakoa, Iñake Urrestarazuk emana, eta abstentzio bat, Pello Garbizu.

Premiazkotasuna onarturik, alkateak aurkeztutako proposamena bozkatu da. Bozkaketa eginik, zortzi botoz onartu da proposamena (Mikel Arrizabalaga Pikabea ?alkate-lehendakaria- Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Jose Luis Ruiz Navarro, Maixabel Unzain Zapiain, Joana Mª Salaberria Lizarazu, Rafael Salaberria Etxezurieta, Agustina Pontesta Garmendia eta Jesus Mª Martiarena Jaka) eta boto bat izan da kontrakoa, Iñake Urrestarazuk emana, eta abstentzio bat, Pello Garbizu.

9.- LEZOKO UDALAREN ETA AÑARBEKO UREN MANKOMUNITATEAREN ARTEKO ALDE BIKO HITZARMENA ONARTZEA.

Alkateak eman du diktamenaren berri, alegia, Udalaren eta Añarbeko Mankomunitatearen arteko elkarlan-hitzarmenaren proposamena aztertzeko udal taldeen bozeramaile guztien artean egindako batzorde bereziak planteatutako diktamena.

Batzorde horren diktamenak honela dio, hitzez hitz:

"Zerbitzu Batzordeak 1998ko uztailaren 13an egindako bilkurara deitutako partaideak bildurik, aldeko boto hauekin: Mikel Arrizabalaga Pikabea (H.B.), Maixabel Unzain (H.B.), Pello Garbizu (E.A.J.), José Mª Boto (P.S.E.-P.S.O.E.) eta Jesús Mª Martiarena, osoko udalbatzaren aldeko erabakira aurkeztea erabaki zuten "Lezoko Udalaren eta Añarbeko Uren Mankomuntatearen arteko alde biko Hitzarmena".

E.A.ren ordezkariak, Iñake Urrestarazuk, utzi egin zuen bilkura bozketa garaian."

Alkateak esan du, Jaizkibel aldeko urtegietatik urez hornitzeak dakartzan arazo sanitarioek soluziobide garestia dutela eta udalerrian egin beharreko saneamendu obrak ere hedatsuak eta garestiak direla. Bi arazo horiek bultzatzen dute bera Añarbeko Mankomunitatetik egindako planteamendua onartzera, Mankomunitate harek onartuko bailuke udalerriko ur hornidura gestionatzea eta udalerriko saneamendua egitea, alegia, uraren osoko gestioaz arduratzea. Alabaina, esan du, bere taldearen aldetik bereziki zorrotz jokatuko dutela hitzarmeneko laugarren puntuari buruz, Jaizkibelgo urtegietatiko hornidurarekin zorrotz, ahalik eta eperik laburrenean hori bideraturik egon dadin eskatutako baldintza sanitarioetan eta horren kostoa Añarbeko Mankomunitateak bere gain har dezan.

Iñake Urrestarazuk esan du, guztiak ados daudela hitzarmena onartzearekin, baina desadostasuna sortzen dela Lezoko biztanleei kalitateko ura zein momentutan hornitzen zaien erabakitzerakoan: berak nahi luke, oraintxe bertatik aurrerantzean kalitatezko ura horni dadila, sanitarioki tratatutako ura, alegia, eta bere desadostasuna azaldu du Jaizkibelgo ur-hornidura mantentzearen aldeko alkatearen erabakiarekin, hango urak behar diren baldintza sanitarioak bete ez arren.

Pello Garbizuk, Alkateari erantzunez, pentsatzen du ezen, Añarbeko Mankomunitatearekin hitzarmenak ez duela aurreikusten Jaizkibelgo urak galtzea, hitzarmenak bere baitan jasotzen du uraren ziklo osoa, edateko ura hornitzea eta saneamenduaren tratamendua barne. Aitortzen du HB aurreratzen ari dela bere postulatuetan zeren, orain, Añarberekin hitzarmena proposatzen baitu, aldiz, duela bederatzi urte ura fluoratzearen kontra azaldu zelarik eta duela lau urte t?erdi uraren osoko tratamendurako Añarberekin hitzarmena atzera bota zuelarik, horrela laguntza ekonomiko batzuk galduz.

Alkateak berriro azpimarratu du ezen, bere taldearen jarrera, Jaizkibelgo ura edan ahal izatea bideratzea dela, hitzarmeneko laugarren puntua funtsezkoa izanik onarpenerako proposatzen den hitzarmenean.

Bozketa eginik, bilkuran diren zinegotzi guztiek aho batez onartu dute diktamena, udalbatza osatzen duten hamahiruetatik hamarrek.

10.- KIROLDEGIAREN ZEHAR-GESTIORAKO PROPOSAMENA: HORREN ADJUDIKAZIORAKO LEHIAKETA ARAUTUKO DUEN BALDINTZA-PLEGUA ONARTZEA.

Barne batzordeko lehendakariak planteatutako akordio-proposamena alkateak aurkeztu du. Proposamenak honela dio:

"Bekoerrota Kiroldegiaren eraikuntzako obrak burutzear dauden honetan, ondorengo puntu hauek onar ditzan proposatzen diot Udalbatzari:

BAT: Haren gestioa zeharkakoa izan dadila.

BI: Horretarako baldintza-plegua onartzea, alegia, kirol-zerbitzuen gestioaren emakida adjudikatzeko lehiaketa arautuko duen baldintza-plegua (kopia bat honekin batera doa)."

Alkateak desenkusatzeko eskatu du plegua gazteleraz bakarrik idatzita izatea. Gogorarazi du, Barne Batzordeak ezin izan zuela proposamena diktaminatu, deitutako bilerara etorritakoen quoruma nahikoa izan ez zelako.

Iñake Urrustarazuk bere kezka azaldu du gai hau burutu den itolarriko presarengatik, berak parte hartu ezin izan zuen barne batzordearen bilera hura premiamenduz deitu zenean, batik bat, zeharkako gestiaren posibilitatea ez tratatu ezta aipatu ere egin ez denean aurrez batzorde horretan.

Pello Garbizuk esan du poztu egiten dela zeren, kiroldegiaz hitzegin den guztietan berak defendatu duen gestio moldea proposatzen baita. Pleguaren edukiari dagokionez, ondorengo zehazpen hauek egin ditu: kiroldegiaren behin betiko izena zein den galdetu du zeren, pleguan Bekoerrota baitio eta aurreko osoko bilkura batean Behekoerrota izena erabaki baitzen; argiago dela iruditzen zaio, emakidaren zenbateko ekonomikoak urte naturalka eta KPI orokorraren arabera begiratzea; bere arterako galdetzen du zer gertatuko den udalaren eta enpresaren artean adostasunik izaten ez denean prezioak berritzerakoan; gogorarazi du ezen, pleguaren arabera, instalazioen erabilpenerako araudi bat badagoela onartu faltan; ez zaizkio garbi geratzen pista balioanitzaren erabilpena eta haren erabilpenerako lehentasunak; iradoki du ezen, enpresak ekintza kulturalei buruz kiroldegian jar dezakeen publizitatea, horretarako seinalaturiko tokietan jar dadila; esan du ez dela hitzarmen laboral zehatz baten inolako aipamenik egiten enpresak bere enplegatuak hartara ditzan; galdetu du ea adjudikaziodunak lan egin behar duen kiroldegian kultur edo kirol ekintzaren bat izaten den asteburuetan.

Eztabaida izan da bertan direnen artean Pello Garbizuk aurkeztutako arazoei buruz.. Alkateak argitu dio ezen, kiroldegiaren izena, Euskaltzaindiaren txosten bat dela medio, zuzendu egin behar izan dela udalbatzaren akordioaren ildotik; erabilpen araudia laster planteatuko dela; pista balioanitzaren erabilpenean eskola-kirolak eta herriko klubek dutela lehentasuna eta enpresa adjudikazioduna beharturik izango dela asteburuetako jardueretan zerbitzu ematera. Gainerako iradokizunei dagokienez, horiek baldintza pleguan jasotzearen alde azaldu da alkatea. Alegia, pleguan jaso emakidaren prezioak KPI orokorraren arabera urte naturalka berrikustea; publizitatea, horretarako egokitutako tokietan ipini beharra eta enpresa adjudikaziodunaren langileak hitzarmen laboral zehatz batera atxikirik egotea, esate baterako Kirol eta Ikuskizun Publikoetakora.

Gaia Barne Batzordeak diktaminatu gabe dagoenez, horren premiazkotasuna onartzea proposatu dio udalbatzari. Bozkaketa eginik, zortzi botoz onartu da premiazkotasuna (Mikel Arrizabalaga Pikabea ?alkate-lehendakaria- , Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Jose Luis Ruiz Navarro, Maixabel Unzain Zapiain, Joana Mª Salaberria Lizarazu, Rafael Salaberria Etxezurieta, Agustina Pontesta Garmendia eta Jesus Mª Martiarena Jaka) eta bi abstentzio izan dira: Pello Garbizu Azkue eta Iñake Urrestarazu Azurmendi.

Premiazkotasuna onarturik, barne erregimenerako zinegotzi eskuordedunak planteatutako proposamena Pello Garbizuk aurkeztutako eta alkateak zehaztutako iradokizunekin batera bozkatu da. Bozkaketa eginik, zortzi botoz onartu da proposamena (Mikel Arrizabalaga Pikabea ?alkate-lehendakaria- , Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Jose Luis Ruiz Navarro, Maixabel Unzain Zapiain, Joana Mª Salaberria Lizarazu, Rafael Salaberria Etxezurieta, Agustina Pontesta Garmendia eta Jesus Mª Martiarena Jaka) eta bi abstentzio izan dira: Pello Garbizu Azkue eta Iñake Urrestarazu Azurmendi.

11.- PROPOSAMENA, HAURTXO HAUR ESKOLAKO HITZARMENAREN ALDAKETARI BURUZKOA.

Alkateak aurkeztu du akordio proposamena eta, hitzez hitz, honela dio:

"1995ko maiatzaren 24an udalaren osoko bilkurak, Lezoko Udala eta Haurtxo haur eskolaren arteko hitzarmena onartu zuen.

Hitzarmen hura gauzatzerakoan 1998. urteko dirulaguntza zehazterakoan hezitzaile kopuruari buruzko interpretazio bat baino gehiago dago. Honen lekuko, Gobernu Batzordeak 1998ko apirilaren 29an haurtzaindegiko aurrekontua mahai gainean uzteko erabakia.

Hitzarmenaren ildo nagusia bete nahiean Haurtxo haur eskolakoek hezitzaile kopuruari buruzko bere azalpena eman dute (5 direla eta ez 6) eta 2-3 urteko taldeko haur kopuruaren ratioa beteko dutenaren datuak.

Horiek horrela, indarrean dagoen hitzarmenaren aldaketa proposatu nahi dut Haurtxo haur eskolak egindako planteamenduetara gehienez 6 hezitzaile izango dituela eta ez gutxienez."

Pello Garbizuk hala eskaturik, akordioa zehaztu egin da argituz ezen, hitzarmena bertako bigarren klausulan aldatzen dela, hezitzaile eta enplegatuen gehieneko zenbatekoa sei izango dela finkatuz, eta bertako hirugarren klausulan, handien taldean, 2-3 urtekoenean, gutxieneko ratioa kenduz.

Gaia inolako batzorde informatzailek diktaminatu ez duenez, horren premiazkotasuna onartzea proposatu dio alkateak udalbatzari. Bozkaketa eginik, sei botoz onartu da premiazkotasuna (Mikel Arrizabalaga Pikabea ?alkate-lehendakaria- , Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Jose Luis Ruiz Navarro, Maixabel Unzain Zapiain, Rafael Salaberria Etxezurieta, Agustina Pontesta Garmendia) eta lau abstentzio izan dira: Pello Garbizu Azkue eta Iñake Urrestarazu Azurmendi, Joana Mª Salaberria Lizarazu eta Jesus Mª Martiarena Jaka.

Premiazkotasuna onarturik, alkateak planteatutako proposamena Pello Garbizuk aurkeztutako eta alkateak zehaztutako iradokizunekin batera bozkatu da. Bozkaketa eginik, sei botoz onartu da proposamena (Mikel Arrizabalaga Pikabea ?alkate-lehendakaria- , Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Jose Luis Ruiz Navarro, Maixabel Unzain Zapiain, , Rafael Salaberria Etxezurieta, Agustina Pontesta Garmendia) eta bi abstentzio izan dira: Joana Mª Salaberria Lizarazu eta Jesus Mª Martiarena Jaka, eta bi boto kontra: Pello Garbizu Azkue eta Iñake Urrestarazu Azurmendi.

12.- PROPOSAMENA, UDALEKO KONTUHARTZAILETZAREN POSTUA, IZAERA NAZIONALEKO GAIKUNTZA DUTEN TOKI ADMINISTRAZIOKO FUNTZIONARIOENTZAKOA, BETETZEKO 1998KO LEHIAKETA HUTSIK UZTEARI BURUZKOA.

Alkateak eman du proposamenaren berri. Honela dio hitzez hitz:

"1998ko otsailaren 11n egindako osoko bilkuran, izaera nazionala izan eta hutsik dagoen kontuhartzaile lanpostua hornitzeko deialdi arruntean parte hartzea erabaki zen, 1994ko urtarrilaren 4an osoko bilkurak lanpostua hornitzeko onartutako oinarriak erabiliz.

Deialdiaren berri Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean martxoaren 23an eman ondoren, ez da jarritako epean inongo eskaerarik aurkeztu. Beraz, izendapenak egiteko gai den Foru Aldundiari lehiaketa hutsik deklaratzea proposatuko zaio.

Horiek horrela, 1998ko deialdi arruntari buruz, ondorengo erabakiak hartzea proposatzen dut:

BAT: Proposatzea Gipuzkoako Foru Aldundiko organu eskudunari, Lezoko Kontuhartzailearen postua, habilitazio nazionala duten funtzionarioentzakoa, betetzeko 1998an, egindakoa, hutsik deklaratzea, izangairik aurkeztu ez delako.

BI: Erabaki hauen berri ematea Gipuzkoako Foru Aldundiari."

Gaia Barne Batzordeak diktaminatu gabe dagoenez, horren premiazkotasuna onartzea proposatu dio udalbatzari. Bozkaketa eginik, zortzi botoz onartu da premiazkotasuna (Mikel Arrizabalaga Pikabea ?alkate-lehendakaria- , Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Jose Luis Ruiz Navarro, Maixabel Unzain Zapiain, Joana Mª Salaberria Lizarazu, Rafael Salaberria Etxezurieta, Agustina Pontesta Garmendia eta Jesus Mª Martiarena Jaka) eta bi abstentzio izan dira: Pello Garbizu Azkue eta Iñake Urrestarazu Azurmendi.

Premiazkotasuna onarturik, alkateak aurkeztutako proposamena bozkatu da. Bozketa eginik, proposamena onartu egin da bertan diren zinegotzi guztiek aho batez aldeko botoa emanik, alegia udalbatza osatzen duten hamahiru zinegotzietatik hamarren aldeko botoez.

13.- ALKATETZAREN ETA ESKUORDEDUNEN ADIERAZPENAK.

Alkateak aditzera eman du, datorren asterako egin diotela deia Gipuzkoako Uren Zerbitzuburuarekin bilera bat egiteko, Sistema Orokor 1ean Zubitxo erreka estaltzeari buruz tratatzeko, han eskola-zentro berrirako kirol-pistak eraiki ahal izateko. Gogorarazi du, bilera nabarmenki atzeratu dela Eusko Jaurlaritzan izandako dimisioengatik.

Aztergai zerrendako bigarren puntuan erabaki denaren arabera, bos minutuko etenaldi bat egingo da, Egin ixteari buruz EAk eta EAJk aurkeztutako mozioak taldeek azter ditzaten. Mozio horiek, HBk aurkeztutakoarekin batera eztabaidatu eta bozkatuko dira.

14.- HERRI BATASUNAK AURKEZTUTAKO MOZIOA, ATXILOKETA UGARI EGITEAZ GAIN, EGIN EGUNKARIA ETA EGIN IRRATIA ITXIARAZI DITUEN OPERAZIO POLIZIALA SALATZEKO.

Etenaldiaren ondoren, aurkeztutako hiru mozioak bozkatzea adostu da, elkarren kontrako testuak ez direla iritzirik. Lehenik EAk aurkeztutako testua bozkatuko da, bigarren EAJk aurkeztutako testua eta hirugarren HBk aurkeztutakoa.

EAren testuak honela dio hitzez hitz:

  1. "ORAIN S.A. argitaletxearekin duten harremana medio, atxilotu dituzten pertsonen eskubideak errespeta daitezela eskatu.
  2. Justizi administrazioak EGIN egunkaria eta EGIN Irratia zergatik itxi dituen arrazoiak berehala argitzea exigitu nahi dugu.
  3. Behin-behineko erabaki hauek, EGINeko langileentzat oso ondorio latzak eta konponezinak erakar ditzaketela adierazi dugu eta gainera, adierazpen-askatasunerako eskubidea larriki kaltetuz, itxierak luzaro irauten badu.
  4. Ekintza hauek ahalbidetu dituzten arrazoiak berehala eta zorroztasun juridiko handienaz argitzea exigitu nahi dugu, lehen aipatutako langileek eta askatasunak kalte konponezinak jasan ez ditzaten."

Bozketa eginik, mozioa onartu egin da aldeko bederatzi botoz (Mikel Arrizabalaga Pikabea ?alkate-lehendakaria- , Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Jose Luis Ruiz Navarro, Maixabel Unzain Zapiain, Joana Mª Salaberria Lizarazu, Rafael Salaberria Etxezurieta, Agustina Pontesta Garmendia eta Pello Garbizu Azkue eta Iñake Urrestarazu Azurmendi) eta abstentzio bat izan da: Jesus Mª Martiarena Jaka.

Ondoren EAJk aurkeztutako testua bozkatu da. Hitzez hitz honela dio:

"Herri Batasunak Lezoko Osoko Bilkurari aurkeztu dion mozioaren aurrean, EAJ-PNVk ondoko beste testu hau aurkezten du bere onarpenerako:

  1. Zenbait pertsona fisikori egotzitako eta banan-bana aurre egin beharko dieten delitoen berri jakin, eta EGIN eta EGIN IRRATIA komunikabideak ixteko hartua izan den kautelazko neurria ezagutu ondoren, erabaki judizial hauen konstituzionalitatea eta legalitatea direla-ta pertsona adituek irizpide kontrajarriak dauzkatela ikusteak, ekite judizialaren zenbait puntu garrantzitsuren inguruan zalantzak sortzen dizkigu.
  2. Ministeritza fiskalaren eta kaltetutakoen bultzadaz ez bada behintzat justiziak "ofizioz" gutxitan iharduten duela kontutan izanik, neurri haundi batean aurreko urteetakoa den dokumentazioa, Gobernu Zentralaren instantzietatik epaileari, hartu dituen neurriak hartzera bultzatuz, orain zergatik eman zaion galdetzen diogu geure buruari.
  3. HBren Mahai Nazionalaren kartzelatzearen ondoren, hainbat merkatal-baltzu, ETAren mundua finantziatzeko ustezko iharduera direlakoan, ikertu ondoren, EGIN egunkariaren itxiera etorri da, hauteskunde garai aurrean hain zuzen. Gaitz da ekintza sorta hauen atzetik plangintza politiko baten ildoa ez nabaritzea. Hurrengo pausoa HBren ilegalizazioa izango dela dioten zurrumurruak ez dira zentzugabekoak. Horrelako egitate-azalpen eta zuzenbidezko oinarriak aplikatuz, denbora gutxi barru, halako neurri izugarri batean aurrean topa gaitezke. Hori, Gerry Adams kartzelatzea Sinn Feinn legez kanpo uztea bezalakoa izango litzateke.

  4. Honela, Euskadiko hauteslegoaren %13a, aurpegi publikorik duen buruzagirik eta komunikabiderik gabe utzi, eta gainera, kokaleku politikorik gabe ere gera daiteke.

Agian terrorismoaren kontrako politika berriaren "sorgin ikasleek" erradikalizazio inorganiko batez, ETAren biolentziaren suntsipenarengandik gertuago daudela pentsatuko dute. Guk, bertan murgildurik gaudelako eta berorren sofritzaile nagusi garelako arazoa ezagutzen dugula uste dugunok, ez gatoz bat "akaberako konponbide" jarrera honekin.

Hau baldin bada Aznar Gobernuaren errezeta, guztiz erratua iruditzen zaigu."

Bozketa eginik, mozioa onartu egin da aldeko bederatzi botoz (Mikel Arrizabalaga Pikabea ?alkate-lehendakaria- , Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Jose Luis Ruiz Navarro, Maixabel Unzain Zapiain, Joana Mª Salaberria Lizarazu, Rafael Salaberria Etxezurieta, Agustina Pontesta Garmendia eta Pello Garbizu Azkue eta Jesus Mª Martiarena Jaka) eta abstentzio bat izan da: Iñake Urrestarazu Azurmendi.

Ondoren HBk aurkeztutako testua bozkatu da, eguneko aztergai zerrendan zetorrena. Hitzez hitz honela dio:

"Espainiar Entzutegi Nazionaleko Garzón epailea eta espainiar gobernuaren gidaritzapean burutu den polizi operazio berri batean, hamaika pertsona atxilotzeaz gain, "Egin" egunkaria eta irratia itxi dituzte.

Komunikabide baten istea eta 11 euskal herritarren atxiloketa eragin duen operazio hau, Estatu espainiarrak Euskal Herriaren eskubideak zapaltzeko emaniko aurrera pausu bat gehiagotzat hartzen dugu.

Estatua, eta bide batez PP-ren gobernuaren benetako aurpegia agerian utziz lan egiten duen komunikabide independienterik ez dute nahi Aznar eta Mayor Orejak, eta beraien helburua betetzeko edozein eskubide indibidual edo kolektibo azpian hartzea ez zaie batera ajola, oraingoan ere erakutsi duten bezala.

Konponbide demokratikoaren inguruan gauzatzen ari den gehiengo sozial berriak, egonezina sortzen die Madrilgo agintariei, eta hau apurtzeko bitarteko guztiak jarri nahi dituzte martxan. Konponbide demokratikoaren aldeko pausuak emateko beharra dago egoera hau gainditzen joateko, eta bide honetatik egin behar da lana.

Beraz, honen ondorioz, polizia indarrez burutu den pausu honen aurrean Lezoko Herri Batasunaren Zinegotzi Taldeak honako puntu hauek aurkezten ditu, onartuak izan daitezen:

  1. Espainiar poliziaren eskuetan dauden hamaika Euskal Herritarren egoeraz kezka adierazi eta beraien askatasuna eta eskubide indibidualak bermatuak izan daitezen esijitzen du udal honek.
  2. Atxiloketa hauekin eta "Egin" irratia eta egunkaria istearekin Gobernu eta epaile espainiarrek, adierazpen eta iritzi askatasuna ixilarazi nahi izan dutelako gure gaitzespena adierazi eta berriz irikitzeko esijitzea.
  3. Gertaera hauen aurka antolaturiko mobilizazioak bultzatu eta bertan udalak parte hartzea.
  4. Gobernu espainiarrari, errepresioaren bidea utzi eta Euskal Herritarren gehiengoak eskatu bezala, elkarrizketaren bideari heldu eta herriaren borondatea errespetatzeko esijitzea.
  5. Erabaki honen berri, José María Aznar espainiar gobernuko presidentea, Mayor Oreja barne ministraria, Garzón epaileari eta komunikabideei ematea."

Bozketa eginik, mozioa onartu egin da aldeko bederatzi botoz (Mikel Arrizabalaga Pikabea ?alkate-lehendakaria- , Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Jose Luis Ruiz Navarro, Maixabel Unzain Zapiain, Joana Mª Salaberria Lizarazu, Rafael Salaberria Etxezurieta eta Agustina Pontesta Garmendia). Abstentzio bat izan da: Jesus Mª Martiarena Jaka, eta kontrako bi boto: Pello Garbizu Azkue eta Iñake Urrestarazu Azurmendi.

15.- GALDE ESKEAK.

Pello Garbizu Azkuek galdera zerrenda bat egin du idatziz eta Alkateak horiei erantzuteari ekin dio. Galderak osoko bilkuraren espedientean jasota daude.

1.- Hauteskundeetako bozkatokien kokaguneak aldatzea aztertzeko proposamena: Alkateak esan du, barne erregimeneko zinegotzi eskuordetuari eta idazkariari pasatuko diela gaia azter dezaten.

2.- Zinegotzien ordainketei buruzko txostenak: Alkateak esan du ez duela inolako txostenik eskatu, baina eskatuko dituela.

3.- Entitate kulturalentzat laguntzei buruzko araudiaren aplikazioa: Alkateak esan du, kulturako zinegotzi eskuordetuari pasatuko diola gaia, hark erantzun dezan.

4.- Egitaztekoen bikoteen erregistroa sortzeko prozeduraren egoera: Alkateak argitu dio ezen, horretarako batzorde bereziak, irailean beste bilera bat egitea erabaki zuela, batzorde horretan seinalatutako iradokizunen ildotik udal idazkariak moldatuko duen testuan oin hartuz.

5.- Baserritarrekin udaletxean herribide bati buruz izandako bi bileratan mintzatutakoari dagokionez: Alkateak argitu dio, lehen bileran mendi eta ingurugiro gaietarako zinegotzia, Jesus Mari Etxebeste, izan zela, eta bigarrenean baserritarren abokatuarekin egin zela bilera, eta alkateak, Algeposarekin akordio bat lortuz konpontzen saia zitezen gomendatu ziela.

6.- Pello Garbizuk hitzez egin du beste galdera bat: establezimendu publikoen ordutegiari buruzko dekretuaz udalbatza honetan onartutako mozioaren ildotik, udaltzaingoak aplikatu behar duen dekretua zein den jakin nahi du.

Bai Alkateak baita barne arazoetarako zinegotzi eskuordedunak erantzun diote, indarrean dagoen dekretua izango dela.

AKTAREN AMAIERA.

Eta beste aztergairik ez dagoenez, 20:40 orduetan lehendakaritzak amaitutzat eman du batzarraldia. Idazkari naizen aldetik, akta jaso eta sendespena ematen dut, nik eta bilkuran izan diren zinegotziek izenpetu dugun akta honi.

Eguna