1997.eko Azaroaren 26ekoa

    Agiri mota
    Lezo, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko azaroaren hogeitaseia. Arratseko 7etan hasi du Udalak OSOKO BILKURA APARTEKOA, Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian. Lehenbiziko deialdian Mikel Arrizabalaga Pikabea (alkatea eta Udalbatzako lehendakaria) eta beste zinegotzi hauek bildu dira: Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Jose Luis Ruiz Navarro, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia, Jesus Mª Martiarena Jaka eta Mirari Recalde Gonzalez.

    Rafael Salaberria Etxezurieta, Iñake Urrestarazu Azurmendi, Pello Garbizu Azkue, Jose Mª Boto Sancho eta Nicanor Barradas Piris ez dira bilkuran izan; lehenengo biak aurrez abisatu dute ez direla etorriko.

    Idazkari bezala Xabier Loiola Aristi aritu da eta itzultzaile lanetan Patxi Apalategi Mendizabal.

    Alkateak plenoari hasiera eman dio. Herri Batasunak aurkeztu du Senideak-ek, “Euskal preso, errefuxiatu eta deportatu politikoen senitartekoak” izenburupean, udalean erregistratu duen mozioa.

    1.- MOZIOA, SENIDEAK AURKEZTUA, EUSKAL PRESO POLITIKOEK ESPETXEETAN JASATEN DUTEN EGOERA LARRIAREN AURREAN ZENBAIT ERABAKI HARTZEKO.

    Agustina Pontestak mozioa irakurri du. Honela dio mozioak hitzez hitz:

    “Euskal preso, errefuxiatu eta deportatu politikoen senitartekoak.

    Egun euskal preso politikoek Espainia eta Frantziako espetxeetan jasatzen duten egoera larria da, eta 1987an Gobernu Espainiarrak dispertsioaren politika ankerra aplikatu zuenetik, presoen egoera okertu egin da. Dispertsioaren ondorio latzak jasaten ditugu presoen senitartekoek eta presoek beraiek. Honi amaiera emateko, Gasteizko Giza Eskubideen Batzordea osatzen duten alderdiek akordio bat adostu zuten 1995eko abenduaren 28an eta 1996ko urriaren 3an, akordio hori osatu eta hobetu zuten. Egun, ia bi urte igaro dira lehen akordioa hartu zutenetik eta urtebete bigarrenaz geroztik. Epe honetan, ez da inolako aurrerapausorik eman euskal presoek jasaten duten sakabanaketari amaiera emateko eta pairatzen duten egoera bideratzeko.

    UDALBATZARRARI HONAKO ERABAKIAK HAR DITZAN ESKATZEN DIOGU:

    1. Euskal presoen sakabanatze politika, giza eskubideak bortxatzeaz gain ezlegezkoa denez, berehala amaitu eta preso guztiak euskal herriratzea eskatzen dugu. Honekin batera preso guztiei dagozkien eskubideak errespetatzea exijitu eta bizi baldintza duinak izatea ezinbestekotzat jotzen dugu.

    2. Bere zigorraren hiru laurdenak bete dituzten presoen berehalako askatasuna, legeak horrela diolako.

    3. Gaixotasun sendaezina sufritzen duten Euskal presoen berehalako askatasuna (92.artikuloak dioen bezela).

    4. Gasteizeko legebiltzarrean hartutako erabaki politikoak lehenbailehen bete ditzatela eskatzen diegu instituzio eta erakunde politikoei. Gobernu Espainol eta Frantsesaren itxikeriaren aurrean eta Euskal Herriko gehiengo sozialaren nahia lortu eta bete artean, presoen aldeko ponentziak (1995ko abenduaren 28koa eta 1996ko urriak 3koa) sinatu zuten erakunde politiko oro etengabeko jestioak egin ditzatela exijitzen diegu.

    5. Erabaki hauek berehala errespetatzen ez badira, presoek eta beraien senitartekoek pairatzen duten egoera Europako instituzio eta egitura ezberdinetara eramatea begionez eta beharrezkoa ikusten dugu.

    6. Aurreko eskaerak aldarrikatu eta errespetatu ditzaten, euskal preso eta errefuxiatu politikoen familiarrak antolatutako martxarekin bat egiten dugu.”

    Alkateak alderdi politikoei eman die hitza, nahi badute beraien iritzia eman dezaten.

    Mirari Recaldek Eusko Alkartasunaren iritzia eman du. Honela dio irakurri zuen idatziak:

    “Etako presoen egoera dela eta, Senideak erakundeak aurkeztu duen mozioa ikusirik, Lezoko Eusko Alkartasunak honako hau adierazi nahi du:

    Gure alderdia ahalegin guztiak egiten ari dela bakearen, elkarrizketaren eta euskaldun guztiok elkar ulertzearen alde.

    Hamaika aldiz Estatuko instituzioei eskatu diegu Euskal presoei dagozken giza eskubideak, bai norbanakoen mailakoak bai kolektibitate mailakoak errespeta ditzatela.

    Hamaika aldiz ere alderdiko ordezkariek, dauden foro guztietatik Gobernu Espainolari, Presondegietako Lege Orokorraren 12. artikulua eta Presondegietako Araudiaren 9. artikulua bete ditzaten eskatu diote.

    Honez gain Presondegietako Lege Orokorraren 72. artikuluan, Presondegietako Araudiaren 58. artikuluan eta ondorengoetan eta Kode Penalaren 98. artikuluan ezarritakoa betetzen dutena baldintzapenetako askatuasunean berehala hartzea eskatu dugu ere.

    Denok dakigu Giza eskubideen Batzordeak 1996eko urriaren 3an adostutako akordioak ez duela, oraindik, eskatzen zuena lortu. Horregatik Batzorde hortan daukagun ordezkariak biziki lanean ari dira akordioa bete dadin.

    Gure ustez une honetan Gazteizeko Legebiltzarrean eta ez Udaletxeetan tratatu behar da Senideak erakundeak aurkeztutako mozioa, merezi duen indar politikoa lortzeko. Hau guztia ikusirik mozio honi ezezko botoa emango diogu.”

    Alkateak aretoan dauden jendeari hitzegiteko aukera eman die. Jendeartetik EAren jarrera kritikatu dute. Presoen arazoak irtenbide berehalakoa eskatzen duen gai larria dela diote. Mozioaren helburu berarekin burutuko diren beste ekitaldien berri eman du guztiei ekintza horietan parte hartzera gonbidatuz.

    Presoen egoeraren aurrean talde politikoek duten jarrerari buruz eztabaida eman da. Hura bukatu ondoren, mozioaren bozketa egin da. Mozioaren aldeko zazpi boto eman dira eta aurkako bat, mozioa bere horretan onartuz. Aldeko botoak honako hauek izan dira: Mikel Arrizabalaga Pikabea (alkatea eta Udalbatzako lehendakaria), Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Jose Luis Ruiz Navarro, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia eta Jesus Mª Martiarena Jaka. Aurkakoa Mirari Recalde Gonzalezek eman du.

    AKTAREN BUKAERA

    Aztertzeko beste gairik ez dagoenez, alkate-lehendakariak buru eman dio bilkurari, 19:20etan, Idazkari naizen aldetik, akta jaso eta sendespena ematen diot, nik eta bilkuran izan diren zinegotziek izenpetu dugun akta honi.

    Eguna