1996.eko Urriaren 2ekoa

    Agiri mota

    Lezo, mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko urriaren bigarrena. Arratsaldeko zazpietan hasi du Udalak OSOKO BILKURA OHIKOA, Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian; Mikel Arrizabalaga Pikabea (alkatea) lehendakari dela eta beste zinegotzi hauek ere bertan direla: Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia, Jose Luis Ruiz Navarro, Rafael Salaberria Etxezurieta, Mirari Recalde González, Iñake Urrestarazu Azurmendi, Jose Mª Boto Sanchok eta Nicanor Barradas Piris.

    Pello Garbizu Azkue eta Jesus Mª Martiarena Jaka ez dira bileran izan, azkeneko honek aurrez abisatu zuen ezin izango zuela etorri.

    Xabier Loiola Aristik egin du idazkaritza, eta Pello Goikoetxea Agirrek interpretaritza.

    1.- ONARTZEA, EGOKI JOZ GERO, 1996KO IRAILAREN 11KO OHIKO BILKURAKO AKTA ETA IRAILAREN 26AN EGINDAKO EZ OHIKO ETA PREMIAZKO BILKURAKOA.

    Aho batez onartu dira 1996ko irailaren 11ko ohiko bilkurako akta eta irailaren 26an egindako ez ohiko bilkurakoa.

    2.- OHIKO PLENOAREN MAIZTASUNA ETA EGUNA ERABAKITZEA.

    Alkateak proposamena aurkeztu ondoren, osoko bilkura ohikoen maiztasunari buruzko eztabaida sortu da Jose Mª Botoren eta alkatearen artean.

    Geroago, proposamena bozketara jarri da, eta alkatearen (Mikel Arrizabalaga Pikabea) eta H.B.ko gainontzeko zinegotzien (Maixabel Unzain Zapiain, Jone Salaberria Lizarazu, Agustina Pontesta Garmendia, Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Jose Luis Ruiz Navarro eta Rafael Salaberria Etxezurieta) aldeko botuekin eta E.A.ko (Mirari Recalde Gonzalez eta Iñake Urrestarazu Azurmendi) eta PSE-EEko (Jose Mª Boto Sancho eta Nicanor Barradas Piris) aurkakoekin, udalaren osoko bilkurak zera ERABAKI DU:

    BAT: Osoko bilkura ohikoak bi hilean behin egitea, hilabete bikoikietan, hilaren bigarrengo asteazkenean, 19:00etan.

    Akordioaren ondorioz alkateak dio hurrengo ohiko bilkura abenduaren 11ean egingo dela.

    3.- PROPOSAMENA, UDALEKO KONTUHARTZAILETZAREN POSTUA BETETZEKO 1996KO LEHIAKETA HUTSIK UZTEARI BURUZKOA.

    1996ko otsailaren 22an egindako osoko bilkuran, izaera nazionala izan eta hutsik dagoen kontuhartzaile lanpostua hornitzeko deialdi arruntean parte hartzea erabaki zen, 1994ko urtarrilaren 4an osoko bilkurak lanpostua hornitzeko onartutako oinarriak erabiliz.

    Deialdiaren berri Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean apirilaren 19an eman ondoren, ez da jarritako epean inongo eskaerarik aurkeztu. Beraz, izendapenak egiteko gai den Foru Aldundiari lehiaketa hutsik deklaratzea proposatuko zaio.

    Horiek horrela osoko bilkurak, alkatearen (Mikel Arrizabalaga Pikabea) eta H.B.ko gainerako zinegotzien (Maixabel Unzain Zapiain, Jone Salaberria Lizarazu, Agustina Pontesta Garmendia, Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Jose Luis Ruiz Navarro eta Rafael Salaberria Etxezurieta) botoak eta E.A.ko (Mirarari Recalde Gonzalez, Iñake Urrestarazu Azurmendi) botoak aldeko direla, eta PSE-EEko bien (Jose Mª Boto Sancho eta Nicanor Barradas Piris) abstentzioarekin, behean heldu den erabakia hartu du:

    BAT: Proposatzea Gipuzkoako Foru Aldundiko organu eskudunari, Kontuhartzailearen postua, habilitazio nazionala duten funtzionarioentzakoa, betetzeko 1996an egindakoa hutsik deklaratzea, izangairik aurkeztu ez delako.

    BI: Erabaki hauen berri ematea Gipuzkoako Foru Aldundiari.

    4.- ALKATEAREN ETA ZINEGOTZI ESKUORDEDUNEN INFORMEAK.

    Hiru konturen berri eman du alkateak.

    1) Urriaren 16an bilera izango duela (12:00etan) Ogasun Batzordeak honako gai hauek aztertzeko: Udalak 1997an izango duen Aurrekontua; 1997ko Ordenantza Fiskalak; eta Lezoko Industrialdea, S.A. kendu eta Oarsoaldeko Industrialdea, S.A. sortzea.

    2) Urriaren 16an bertan, arratsaldeko 7etan, Batzorde Berezi baten bilkura izango dela. Aztergaiak: presoen egoeraren jarraipena egiteko batzordea eratzea eta EUDIMA mankomunitateko estatutoak aztertzea.

    3) Era berean, Aurrekontuaren 3. hiruhilekoaren balantzea egina dagoela eta exekuzioaren egoerari buruzko dokumentazioa banatu die alderdi politikoei.

    5.- GALDERAK ETA ESKAERAK.

    Galdera hauek egin ditu J.M. Botok:

    1.1. Jende askok galdetu diola Beraungo Institutoko ikasleen garraioaz eta inork ere ez dakiela ezer esan du. Hala, ea gauza nola dagoen galdetu du.

    Jone Salaberriak erantzun dio istitutoari eskatutako matrikulatuen zerrenda jaso zain daudela. Dena delarik ere, esan du autobusen bat doan jartzeko asmoa daukatela.

    1.2. Ea kiroldegian egiten ari diren frontoia reglamentuzkoa den, ezezkoa dabilela eta bolo-bolo herrian.

    Alkateak erantzun dio badela horrelako zerbait. Dena dela, frontoia egiteko asmoa kiroldegiaren horma bat aprobetxatzeak ekarri zuela gogorarazi nahi izan du aurren aurrena. Era berean, adierazi dizkiotela zuzendaritza teknikoari zabalera eta altuera kontuetan dauden arazoak esan du alkateak, eta laister emango duela erantzun tekniko bat zuzendaritzak.

    J.M. Botoren ustez, obra garastitzea dakar horrek eta proiektua ere porrota da. Era berean, ea Udaleko teknikariak non ziren galdetu du gauza horrekin ez konturatzeko.

    I. Urrestarazuk esan du haren ustez gaia badela Hirigintza Batzordearen bilera jartzeko modukoa, eta pena litzatekeela Lezon pelotarako dagoen zaletasunari erantzuten ez dion frontoia egitea, taxuzko frontoia egiteko baldintza guztiak egonik, inguruko lurra udalarena baita.

    2. I. Urrestarazuk galdetu du ea Udalak baimenik eman duen garajeetako sarrera 60cm altxatzeko, eraikin guztia altxatzea baitakar horrek.

    Alkateak erantzun dio aritu zirela kontu horren gainean obraren jarraipena egiteko batzordean, eta egia izango dela egin duten aldaketa hori, Udalaren baimenik gabe egin duten aldaketa hori. Horrezaz gainera, esan du ohartarazi ziola batzordeak kontratistari falta larria egin zuela eta jabearen baimena behar dela proiektua aldatzeko, bestela ez dagoela aldatzerik.

    Bestetik, garajeak neurria baino gehiago altxatzeak dakarren kostua kontratistaren gain izango dela, dudarik gabe.

    Ondoren, J.M. Botok eta I. Urrestarazuk, biek, ea osoko bilkurak onartu beharrik gabe libre den batzordea eratzea galdetu dute.

    Batzorde hori batzorde teknikoa dela argitu nahi izan du alkateak, eta idazkariak, berriz, batzorde edo lan-bilera horiek ez daukatela diktamenik edo proposamenik egiteko aginpiderik jakinarazi du.

    AKTAREN BUKAERA.

    Aztertzeko beste gairik ez dagoenez, alkate-lehendakariak buru eman dio bilkurari, arratseko zortziak hogeita bost gutxian (19:35). Idazkari naizen aldetik, akta jaso eta sendespena ematen diot, nik eta bilkuran izan diren zinegotziak izenpetu dugun akta honi.

    Eguna