1996.eko Urtarrilaren 17ekoa

    Agiri mota

    Lezo, mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko urtarrilaren hamazazpigarrena. Arratseko zazpietan hasi du Udalak OSOKO BILKURA OHIZ KANPOKOA, Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian; Mikel Arrizabalaga Pikabea, alkatea, lehendakari dela eta beste zinegotzi hauek ere bertan direla: Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia, Mª Carmen Viaña Balda, Jesus Mª Martiarena Jaka, Pello Garbizu Azkue, Mirari Recalde González, Iñake Urrestarazu Azurmendi, Jose Mª Boto Sancho eta Nicanor Barradas Piris.

    Xabier Loiola Aristik egin du idazkaritza, eta Pello Goikoetxea Agirrek interpretaritza.

    1.- IRAGARKIAK EGITEA ETA JARTZEA ARAUTZEKO ORDENANTZA. HASIERAKO ONARPENA EMATEA.

    Gaurko bilkura egitea aurkaritzako zinegotziek eskatu dutela esan du alkateak -gaia pixka bat aurkezteko-, eta iragarkiak egitea eta jartzea arautzeko aurkeztu duten ordenantza onartzea eskatu dutela. Hargatik, bada, aurkaritzakoei eman die hitza, proposamena defendi dezaten.

    Hala, bi alderdiren inguruan aritu dira zinegotziak: ordenantza bera eta Kultura-Batzordeak aztertu izana gaia. Kultura-Batzordean aurkeztu zuen HBk bere ikuspuntua, eta baita gaurko bilkuran agertu duen idatzian ere.

    J.M. Botok esan du haren ustez behar-beharrezkoa dela ordenantza ateratzea, herriko eraikinik garrantzitsuenak behintzat txukun antzean edukitzeko balioko duena. Gaia Udalean nondik-nora aztertu den-eta, berriz, harrituta dagoela esan du Kultura-Batzordean aztertu zelako; hari ez zaiola kontu honek kulturarekin ikustekorik ezer duenik esan du; Zerbitzuetarako Batzorderako berariazkoagoa dela, dudarik gabe.

    HBk Kultura-Batzordean erakutsi zuen jokabideak erakusten duela esan du HBk ez daukala gaia aztertu eta konpontzen saiatzeko batere borondaterik. J.M. Botok esan duenez, beldurra sartzen segitu nahi dute; hori dute asmo.

    Kultura-Batzordean parte hartzen duten elkarteek eta taldeek zer iritzi duten jakiteko eraman zutela gaia batzorde hartara esan du Ione Salaberriak, Kultura-Batzordeko lehendakariak, daitekeena delako haiei ere erasatea ordenantzak.

    J.M. Martiarenak gauza bat azpimarkatu nahi izan du: derrigor behar dela ordenantza, eta ez dela atzeratu behar berriz ere ezeren konpromezurik eta onartzeko egunik adierazi gabe, asmo hori dutela ematen duela-eta HBren jarrerak.

    M. Recaldek, berriz, gezurra dela esan du HBren idatzian jartzen duena, Kultura-Batzordean zabaldutako hartan. Behar adina denbora eta gehiago izan dutela esan du arazoari ekiteko, eta itxura kontua besterik ez dela azkeneko momentuan asmo onak eta abar azaltze hori. Harrituta dagoela esan du alkatea bat heldu delako aurrekontuan fatxadak garbitzeko dirua izendatzearekin; arrunt pobretuko direlako, lehenaz gainera, Udalaren diruak.

    J.M. Botok esan du gezur hutsa izan dela Kultura-Batzordea, HBren proposamena besterik ez zaielako banatu eta azaldu hango kideei, haiek proposatutako ordenantza batere aztertu gabe. Haren irudituan, berriz, bilerara joan ziren elkarteak aurrez pentsatuta zeukaten HBren jarrerari laguntzea.

    Alkateak, berriz, J.M. Martiarenari erantzute aldera, esan du iragarpena egiten aritzen direnak ere kontuan izan behar direla ordenantza onartu baino lehen; ordenantzak ez lukeela ezertarako balioko eta, bestela. Hala berean, merkataritza iragarpena eta politika iragarpena bereizi egin behar direla esan du. Haren irudituan, politika iragarpena izango da aztertzen zailena -harik eta iragarpena sortzen dutenekin konformidade gutxieneko batera iritsi arte, behintzat-, kontuan izan behar delako -esan duenez- Eukal Herriak bizi duen egoera politikoa. Hala, gutxieneko konformidadea iritsi daitekeen ikusteko, mahai bat eratzea proposatu du, alderdi politiko eta inplikatutako elkarte guztiek osatutakoa.

    Alkateak esan du ez dela fartsa HBk idatzian azaldu duen jarrera; haiei ere ez zaiela dotorea iruditzen herriko paretak iragarkiz josita edukitzea. Aurrekontuan fatxadak garbitzeko diru kopururen bat izendatzeaz, berriz, aztertu beharreko kontua dela esan du; ekiditeko moduko gauza izango dela, agian; baina, batzuetan -hauteskundeen ondorenean, konparazio batera-, kanpoko enpresaren bat edo Udalaren brigada horretan aritu beharko direla.

    M. Recaldek erantzun dio, ordea, gauzak eginda erakutsi behar direla esanak. Era berean, ea HBren idatzia proposamena den galdetu dio.

    Alkateak esan dio mahaia eratzea dela HBren proposamena, gaia aztertzeko.

    I. Urrestarazuk ea noizko den eratzea galdetu dio; eta 1995eko martxorako ere ordenantza bat onartzeko eske hasita zeudela esan dio. Harrituta azaldu da, gainera, bere quoruma eta behar zirenak zituen batzordeak diktamenik egin ez zuelako. Horrezaz gainera, HBren jarrera azaltzen duen orri bat -Udalaren menbretean idatzia- erakutsi du. (Dokumentua osoko bilkurako espedientetik ateratakoa da). Hala, ea dokumentua osoko bilkurako espedientekoa den eta ea HBk bere idatziak Udaletxean egiten dituen galdetu du.

    Zinegotzien baitan dagoela esan du alkateak iragarpena aztertzeko mahaia eratzea; ez duela HBk aurkeztutako idatziaren gaineko botaziorik egiteko asmorik; aurkaritzako zinegotziek aurkeztutako ordenantzaren gaineko botazioa egin behar duela, deialdia egiteko zio izan den ordenantzarena. Onartu egin du, berebat, idatzia Udaletxean egin izana.

    HBk behingoz iragarpena arautzearen alde ala kontra dagoen esatea nahi du J.M. Botok. Eta ordenantza hobetzeaz hitz egiteko prest dagoela esan du.

    Horiek guztiak horrela direla, "Iragarkiak egitea eta jartzea arautzeko ordenantza"ren gaineko botazioa egin dute. Botazioa egin eta sei boto izan dira alde: EAJkoenak (Jesus Mª Martiarena Jaka eta Pello Garbizu Azkue), EAkoenak (Mirari Recalde González eta Iñake Urrestarazu Azurmendi) eta PSE-EEkoena (Jose Mª Boto Sancho eta Nicanor Barradas Piris); eta beste sei kontra, HBkoenak (Mikel Arrizabalaga Pikabea, alkatea, Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia eta Mª Carmen Viaña Balda). Berdinketa izan da, beraz. Hala, Toki Jaurbidearen Oinarriak Arautzen dituen Legeak 46. 2. d) atalean jartzen duenez, "Bozketan berdinketa gertatuz gero, beste bozketa bat egingo da, eta berriro berdinketak jarrituz gero, lehendakariaren botoak ebatziko du". Berriz egin dute, beraz, botazioa. Emaitza lehengoa berbera izan da. Alkateak, ordea, ez duela kalitatezko botorik eman nahi esan du. Idazkari naizen aldetik, azaldu diet lehendakariak defenditutako jarreraren alde hausten dela berdinketa -hala uste dutela autorerik gehienek-, alkatearen botoak balio duelako berdinketa erabakitzeko orduan; autorerik gehienek botoa emanda, automatikoki, jotzen dutela, alegia. Onartu gabe geratu da, beraz, erabaki-proposamena.

    AKTAREN BUKAERA.

    Aztertzeko beste gairik ez dagoenez, alkate-lehendakariak buru eman dio bilkurari, arratseko zortziak bost gutxian (19:55). Idazkari naizen aldetik, akta jaso eta sendespena ematen diot, nik eta bilkuran izan diren zinegotziak izenpetu dugun akta honi.

    Eguna