1995.eko Azaroaren 8ekoa

    Agiri mota

    Lezo, mila bederatziehun eta laurogeita hamabosteko azaroaren zortzigarrena. Arratseko zazpietan hasi du OSOKO BILKURAK, lehenengo deialdiari jarraiki, OHIKO SAIOA, Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, Mikel Arrizabalaga Pikabea, alkatea, lehendakari dela eta beste zinegotzi hauek bertan direla: Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Gemma Arrillaga Albisu, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Mª Isabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia, Mª Carmen Viaña Balda, Jesus Mª Martiarena Jaka, Mirari Recalde González, Iñake Urrestarazu Azurmendi, Jose Mª Boto Sancho eta Nicanor Barradas Piris.

    Pello Garbizu Azkue ez da bilkuran izan.

    Xabier Loiola Aristik egin du idazkaritza eta Pello Goikoetxea Agirrek interpretaritza.

    1.- 1995EKO URRIAREN 10EAN EGINDAKO OHIKO OSOKO BILKURAKO AKTA ETA URRIAREN 25EAN EGINDAKO OSOKO BILKURA BEREZIKO AKTA ONARTZEA.

    Urriaren 10eko aktan honako alderdi hauek jasotzea nahi du I. Urrestarazuk:

    - Gaztelerazko aktako bederatzigarren orrian, esate batera, zehaztea nahi du hark esandakoa, seigarren puntuko bigarren lerroaldian heldu dena. Ontzat hartu dute zuzenketa egitea eta honelaxe gelditu da aipatu zatia: "I. Urrestarazuk argitzea nahi du proposatutako bigarren akordioan aipatzen diren irailaren 7ko konpromezuak zer diren. Eta ea konpromezu horiek non hartu ziren galdetu du, ea Hirigintza Batzordean ala non hartu ziren".

    - Era berean, J.M. Martiarenak esandakoak ere jasotzea nahi du gaztelerazko aktako bederatzigarren orrian, kiroldegia egiteko lanak ordaintzeko finantzabideaz esan zituenak. J.M. Martiarenak botazioa egin baino lehenago hitz egin zuen eta, beraz, gaztelerazko aktako 9. orriko azkeneko lerroaldiaren aurretik jaso behar ziren haren esanak. Hala, bada, hauxe da sartu behar den testu zatia: "J.M. Martiarenak, Ogasun kotuetarako eskuordedunak, ordaitzeko modu batzuk esan ditu: ziurtagiria ekarri eta 90 edo 120 egunetara ordaintzea. Era berean, Diputazioak diruz lagunduko duela lanak egiten esan du".

    Ontzat hartu dituzte, beraz, bi zuzenketak egitea, eta besterik izan ez denez, urriaren 10eko akta osoa ere onartu egin dute.

    Urriaren 25eko bilkurakoa (ohiz kanporakoa izan zen hura) dagoen eran onartu dute, ezeren aldaketarik egin gabe.

    2.- "SENIDEAK"EK AURKEZTUTAKO MOZIOA.

    Agustina Pontestak irakurri du "Senideak"ek aurkeztutako mozioa, euskaraz. Euskal presoen egoerari buruzkoa da. Hauxe jartzen du:

    "Politika penitentziarioak, eta bereziki dispertsio

    politika delakoan, giltzapean dauden pertsonen oinarrizko eskubideak bortxatzen dituzten edonolako jokaera bortiz eta irregularrak gerta daitezen ahaltzen du. Bere burua zuzenbidezkotzat hartzen duen estatu honetan, aipatutako politikaren garapenak onartezinezko neurrigabeko giza kostea sortarazten du. Kolokan, urrun, isolamenduan, iraiketa eta tratu txarrak jasatzen, intimitaterik gabe, hau da, oinarrizko giza eskubiderik gabe ditugu ehundaka gizon eta emakume. Baita milaka familiarrak ere. Bidai luze, penagarri eta arriskutsuak egitera behartuak beren gertuenekin minutu batzuk besterik egon ahal izateko. Are gehiago, egoera honek hainbat bizitza (Pilar Arsuaga, Alfonso Isasi, Rosa Amezaga, Arantxa Amezaga eta Matilde Arribillaga), larriki zauritu eta neurrigabeko kalteak kostatu zaizkigu.

    Nahita eragindako ezbehar honek mina eta krispazioa gehitzea besterik ez dakar, inongo irtenbiderik eman gabe. Baina konpontzerik badago, neurri haundi batean, euskal presoak beren familiarren albora, hau da, Euskal Herrira, ekarriak izango balira, legeak dionari jarraituz. Urteak dira familiarrok eskubide hau eskatzen ari garela. Sententziak askatasun gabe egotera behartzen ditu. Baina bitartean, oinarrizko giza eskubideen subjetu izaten jarraitu beharko lukete.

    Presondegietan bizi den egoeraren aurrean, politika penitentziarioak, dispertsioak zein legeen aplikazio ezak, sortarazten dituen ondorioz kezkaturik, Lezoko Udaletxeari honakoa esijitzen diogu:

    1.- Preso eta beren familiarren oinarrizko eskubideen baldintzarik gabeko errespetoa.

    2.- Udaletxeak berea egin dezan preso eta beren familiarrek egindako eskaera: hau da, euskal preso politikoak Euskal Herrira ekartzea, (Erregelamendu Penitentziarioko 8.artiluloan eta Lege Penitentziarioko Orokorreko 12.artikuloan agindu bezela). Honela, Lezoko bizilagunak diren JAVIER GARMENDIA, EMILIANO VIAÑA, RAMON ZABALETA ETA JUANITO TRECETek sententzia bere jator-lekuan betetzea eskatzen dugu.

    3.- Baldintzak betetzen dituzten preso guztien baldintzapeko askatasunaren aplikazioa eskatzen dugu, berehala eta txantaiarik gabe, (Lege Penitentziario Orokorraren 72.artikulua, Erregelamendu Penitentziarioko 58.eta ondorengoak, eta Kode Penalaren 98.artikuluetan azaltzen den bezela). Konkretuki:

    a) Kartzela zigorraren 3/4ak bete dituztenei, herriko bizilaguna den: JUANITO TRECET. (Jarraian, eranskin bat gaineratzen dugu baldintzapeko Askatasunean ego beharko luketen euskal preso politikoen zerrendarekin).

    b) Gaixotasun larriak sufritzen dituzten guztiei. (Jarraian, eranskin hau gaineratzen dugu Erregelamendu Penitentziarioko 60.artikuluaren arabera Baldintzapeko Askatasunean egon beharko luketen euskal preso politikoen zerrendarekin).

    4.- Udalbatza honek hartutako erabakiak Gasteiz edo Nafarroako Parlamentuko Giza Eskubideen Batzordera, komunikabideetara eta familiarrengana bidal ditzan, eta aipatutako batzorde horri, akordioak bete daitezela eska diezaion.

    5.- Udaletxe honek goian aipaturiko akordioak burutu daitezen konpromezua har dezan".

    Ondoren, alderdietako eledunei eman die hitza alkateak.

    J.M. Botok esan du hau ez zaiola tokirik egokiena denik iruditzen era honetako kontuak aztertzeko, eta ez dela ezbaian hasiko mozioaren gainean.

    Beste alderdietako inork ere ez du hitz egin nahi izan.

    Biltzar Areto Nagusian ziren beste pertsona batzuek ere hitz egin dute, alkateak baimena emanda. Guztiek azpimarratu dute alderdi politiko batzuek dutela euskal presoak estatuko kartzeletan barreiatzeko politika sortu eta eustearena. Gaitzetsi egin dute, hala berean, hau ez dela toki egokia esan izana, Lezoko seme-alabak eta haien familiak egonik egoerak erasanda. Neka-neka eginda daudela esan dute politika horrekin eta politika horri laguntzen dietenak herriaren aurrean salatzen hasteko asmoa daukatela.

    Alkateak esan die badaukatela bai bere eta bai bere alderdiaren laguntasuna, eta eginahalak egingo dituztela Lezoko presoei bisita egiten.

    Hala, botazioa egin eta onartu egin dute mozioa. Hamar boto alde izan dira: alkatea (Mikel Arrizalaga), Herri Batasuneko zinegotziak (Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Gemma Arrillaga Albisu, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Mª Isabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia eta Mª Carmen Viaña Balda), EAJtako zinegotzi bat (Jesus Mª Martiarena Jaka) eta EAko biak (Mirari Recalde González eta Iñake Urrestarazu Azurmendi); eta bi boto kontra: PSE/EEko zinegotziak (Jose Mª Boto Sancho eta Nicanor Barradas Piris). Hauxe da hartu duten ERABAKIA:

    BAT: Preso eta beren familiarren oinarrizko eskubideen baldintzarik gabeko errespetoa.

    BI: Udaletxeak berea egin dezan preso eta beren familiarrek egindako eskaera: hau da, euskal preso politikoak Euskal Herrira ekartzea, (Erregelamendu Penitentziarioko 8.artiluloan eta Lege Penitentziarioko Orokorreko 12.artikuloan agindu bezela). Honela, Lezoko bizilagunak diren JAVIER GARMENDIA, EMILIANO VIAÑA, RAMON ZABALETA ETA JUANITO TRECETek sententzia bere jator-lekuan betetzea eskatzen dugu.

    HIRU: Baldintzak betetzen dituzten preso guztien baldintzapeko askatasunaren aplikazioa eskatzen dugu, berehala eta txantaiarik gabe, (Lege Penitentziario Orokorraren 72.artikulua, Erregelamendu Penitentziarioko 58.eta ondorengoak, eta Kode Penalaren 98.artikuluetan azaltzen den bezela). Konkretuki:

    a) Kartzela zigorraren 3/4ak bete dituztenei, herriko bizilaguna den: JUANITO TRECET. (Jarraian, eranskin bat gaineratzen dugu baldintzapeko Askatasunean ego beharko luketen euskal preso politikoen zerrendarekin).

    b) Gaixotasun larriak sufritzen dituzten guztiei. (Jarraian, eranskin hau gaineratzen dugu Erregelamendu Penitentziarioko 60.artikuluaren arabera Baldintzapeko Askatasunean egon beharko luketen euskal preso politikoen zerrendarekin).

    LAU: Udalbatza honek hartutako erabakiak Gasteiz edo Nafarroako Parlamentuko Giza Eskubideen Batzordera, komunikabideetara eta familiarrengana bidal ditzan, eta aipatutako batzorde horri, akordioak bete daitezela eska diezaion.

    BOST: Udaletxe honek goian aipaturiko akordioak burutu daitezen konpromezua har dezan.

    3.- OARSOALDEAKO TELEBISTA PROIKETUA ONARTZEKO PROPOSAMENA.

    Proiektua bultzatu dutenek berek hala eskatu dutenez, eta bileran diren zinegotzi guztiak ere konforme direnez, aztertukizun gelditu da.

    4.- 1994KO ETA 1995EKO UDAL LANGILEEN LAN-HITZARMENA ONARTZEKO PROPOSAMENA.

    Lehenbizi, osoko bilkurari zergatik aurkeztu dioten Barne eta Eraentza kontuetarako eskuordedunaren proposamena azaldu du alkateak, Barne Batzordearen diktamena aurkeztu beharrean. Esan du irailaren 27rako jarri zutela Barne Batzordearen bilera, baina, behar hainbesteko quorum-ik ez zela eta bertan behera utzi behar izan zutela bilera. Hartagik -esan du-, gaur (osoko bilkuran) aztertu ala ez erabaki behar dugu aurrena, eta gero, ontzat hartuz gero, proposamena onartzea ala ez.

    I. Urrestarazuk esan du orduz deskuidatu zela eta hargatik ezin izan zuela bileran izan. J.M. Botok, berriz, bilerarako jarri zuten ordua kritikatu du (goizeko bederatziak), garai horretan lanean izaten direla, bai hura eta baita beste zinegotzi batzuk ere, eta ez daukatela batzordeetako bileretara etortzerik esanez.

    Bileran diren zinegotzi guztiek onartu dute gaur aztertzea Barne eta Eraentza kontuetarako eskuordedunak ekarritako proposamena. Hauxe jartzen du proposamenak:

    Ordainsariak igotzea.

    - 1994ko igoera (%3,675) finkatzea 1994ko urtarrilaren lehenengotik aurrera.

    - %3,5 igotzea (igoera lineala) 1995erako, 1995eko urtarrilaren lehenengotik aurrera.

    - %3,5 igotzea antzinatasuna (1994ko taularekiko), 1995eko urtarrilaren lehenengotik aurrera.

    Lizentziak.

    - Sexu bereko bikoteei ere izatezko bikoteei onartutako eskubideak aitortzea.

    - Preso sartzea eta insumiso edo kontzientzi eragozpendun izatea: 1992ko konbenioko lehenbiziko puntua aitortzea horientzako ere.

    Kontsumorako maileguak.

    - ARCEPAFEn sartzea ikasketa gastuak ere, nola langileenak hala langileen seme-alabenak (gurasoekin biziz gero). Ikasketa gastuak: matrikula, bidaiak, etxetik kanpora egotea, materiala...

    J.M. Botok esan du konforme dagoela lansariak igotzearekiko jartzen duenarekin; beste alderdiekin ezetz, ordea, oso nahasi daudela eta, 1992ko hitzarmena aipatzen baitu, espedientean ageri ez den gauza.

    E.A.ko zinegotziek beren zalantzak dituztela esan dute, ez dakitela nola kontrolatu behar den-eta sexu bereko bikoteak noiz jartzen diren bizi izaten elkarrekin. Era berean, proposamena osorik edo zatika bototara nola jarriko den galdetu dute.

    Alkateak osorik jarri du proposamena bototarako. Botazioa egin eta onartu egin dute proposamena. Hamar boto alde izan dira: alkatea (Mikel Arrizalaga), Herri Batasuneko zinegotziak (Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Gemma Arrillaga Albisu, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Mª Isabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia eta Mª Carmen Viaña Balda), EAJtako zinegotzi bat (Jesus Mª Martiarena Jaka) eta EAko biak (Mirari Recalde González eta Iñake Urrestarazu Azurmendi); eta bi boto kontra: PSE/EEko zinegotziak (Jose Mª Boto Sancho eta Nicanor Barradas Piris).

    5.- LOPENEN (30. POLIGONOA) ETXEBIZITZAK SUSTATZEKO EGINDAKO KONBENIOA ALDATZEKO PROPOSAMENA.

    Alkateak esan du enpresa batekin baino gehiagorekin hitz egin duela Lopeneko etxeak egiteaz: Saroba, Arretxena eta Tecsa; baina, 1995eko apirilaren 5ean osoko bilkuran hartutako erabakiak jarritako baldintzen arabera, edozein moduz ere. Tecsarekin iritsi duen akordioa akordio ona dela esan du, tanteatu dituen enpresek egindako eskaintzen arteko onena eta iritsi zitekeen bakarra.

    Azaldu duenez, Tecsa Empresa Construcctorarekin eta Jaureguizahar, S.A.rekin iritsi duten akordioak aldatu egiten ditu arestian esandako osoko bilkurak jarritako baldintza batzuk.

    Izan ere, aukera ematen du oraingo akordioak 75 m² erabiltzeko modukoak baino gutxiagoko etxeen prezioa 1,54 Mp izateko; %70ek, ordea, 1,4 Mp izango du prezio, lehen bezalaxe. Bigarren aldaketa da Udalari eman behar zaizkion %15a, hirigintza-aprobetxamenduarena, eta %2a, Eraikuntza eta Obren gaineko zergarena, nola ordaindu. Enpresak proposatu du luze-zabelean 220 m² dituen lokala ematea egin behar dituzten etxeetan, behar bezala egokituta; eta ematea 20 milioiko abala jarrita bermatuko dutela.

    Hirigintza batzordeko bilera egin zutenean ez zela quorum-ik izan eta hargatik ez dagoela puntu honen diktamenik esan du. Lehenbizi, beraz, premiazko hartzea ontzat jotzen duten erabaki beharko dutela eta, hura egin ondoren, proposatutako konbenioa onartzen duten.

    J.M. Boto, berriz, kexu da dokumentazio gutxi jaso duelako. Era berean, Tecsak egindako proposamenak balio ote duen esan du, sarrerako errejistrorik ez duela eta.

    Gaiaz beraz ere hasieratik bertatik ezbaia franko izan duena dela esan du, eta J.A. Dozagarten eta aurreko gorporazioaren arteko afera dela oraingo proposamena. Servinfor enpresa, berriz, mamutzat hartu du, inon ageri ez dena.

    Oraingo aldaketatik lehen negoziatutakoa behititzea heldu dela esan du, guztien interesaren kaltetan eta etxeak eraiki behar dituen enpresaren gizenetan, gainera; prezioa garestitzeko modua para batiote.

    Gaitzetsi egin du, bestetik, informe juridikoa berandu jaso izana. Konbenioa eta arkitektuaren informea alderatu dituela eta abalak zer-nola geldituko diren galdetu du.

    Orain aurkeztu duten dokumentua eta batzordean aztertutako bera ez ote den iruditzen zaiola esan du, eta ea orain AEKri lokalak uztearenik zergatik ez den ageri.

    Informeak kalefazio kontuaz dioneak ere kezka ematen diola esan du. Ondoren, konbenioa oso-osorik onartzen duen galdetu dio alkateari, eta hala bada, ea obrak behar ez bezala egitetik heldu den erantzunkizuna ere bere gain hartuko duen.

    Hurrena I. Urestarazuk hartu du hitza. Esan du hark ere ezin izan zuela informerik jaso batzordeko bilera egin zuten goizean berean, arkitektu asesoreak ere ez zeukala-eta informerik.

    M. Recaldek esan du ez dakiela ondo zer akordioren botazioa egin behar duten, zeren zehaztapen batzuk badakartzala teknikariaren informeak HB-k edo Hirigintza Batzordeak ontzat hartzen dituen garbi ez dakienak. Era berean, ea jabeei ez dieten ezer ere esan behar galdetu du, ez dituztela bete-eta aurreko konbenioan hartu zituzten konpromezuak.

    I. Urrestarazuk puntua erabakitzeke uzteko eskatu du, eta berriz egiteko beste bilera bat batzordeak kontu hauek guztiak ondo argitzeko eta diktamena egiteko.

    Alkatea, alabaina, ez da proposamen horren aldeko. Dena dela, hitz egingo duela esan du konpromezua bete ez duten jabeekin. Abalen gainean, berriz, eutsi egin dietela esan du Tecsak egindako proposamenean heldu zirenei, eta Udalari eman behar dioten lokala Lezoko AEK-k euskaltegitarako erabiltzeko dela, alkateak berak Gabriel Salaberriri, Tecsa eta Jauregizahar enpresetako ordezkariari, emandako dosierraren arabera hornituta.

    Idazkariak, bestetik, bere informea azaldu die. Esan du ontzat eta beretzat hartzen dituela arkitektuak egindako planteamentuak eta derrigorrezko jotzen duela konpentsazio sistemak berekin dituen dokumentuak aurkezteko eskatzea, hau da, hirigintza kudeaketari buruzkoa, konpentsazio juntako estatuto eta oinarriak eta konpentsazio proiektua.

    Hala botazioa egin dute, proposamenaren gaineko eztabaida eta botazioa egin behar duten erabakitzeko. Emaitza: bederatzi alde, alkatea (Mikel Arrizalaga), Herri Batasuneko gainerako zinegotziak (Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Gemma Arrillaga Albisu, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Mª Isabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia eta Mª Carmen Viaña Balda), EAJtako zinegotzi bat (Jesus Mª Martiarena Jaka) eta EAko beste bat (Mirari Recalde González); eta hiru kontra, PSE-EEko zinegotziak (Jose M. Boto Sancho eta Nicolas Barradas Piris) eta EAko bat (Iñake Urrestarazu Azurmendi).

    Segidan, konbenio berriaren botazioa egin eta onartu egin dute. Zortzi boto alde izan dira: alkatea (Mikel Arrizalaga), Herri Batasuneko zinegotziak (Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Gemma Arrillaga Albisu, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Mª Isabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia eta Mª Carmen Viaña Balda) eta EAJtako bat (Jesus Mª Martiarena Jaka); bi boto kontra: PSE/EEko zinegotziak (Jose Mª Boto Sancho eta Nicanor Barradas Piris); eta beste bi astentzio: EAko zinegotziak (Mirari Recalde González eta Iñake Urrestarazu Azurmendi). ERABAKIA:

    BAT: Onartzea Gabriel Salaberri Barañanok proposatutako konbenioa, Tecsa Empresa Constructora, S.A.ren eta Jaureguizahar, S.A.ren izenean. Dena dela, konpentsazio sistemak berekin dituen hirigintza-dokumentuak ere ekarri egin behar dituzte.

    BI: Aginpidea ematea Mikel Arribala Pikabeari konbenio izenpetzeko.

    6.- GALDERAK ETA ESKAERAK.

    1.- Mirari Recaldek esan du normala dela gorporazio berria sartzen denean alkateak bere erara antolatzea gorporazioko kideei informazioa zer-nola banatu nahi dien. Ez zaio horren normala iruditzen, ordea, informazioa non eskuratuko duten jakinarazi eta hara nola sartu pentsatu edo konpondu ez izatea aurretik. Gogorarazi duenez, idazkariari eskatu zion informazioa jasotzeko tokiko giltza eta zegokion zinegotziari adieraziko ziola esan zion hark, eta idatziz ere eskatu zion alkateari, baina, oraindik ez du ezeren erantzunik jaso.

    Alkateak erantzun dio Barne eta Eraentzarako zinegotziaren, Maixabel Unzainen, esku utziak dituela horien aginpideak. Maixabel Unzainek, berriz, Mirari Rekalderen alderdiko beste zinegotziak bazuela giltza eta, hargatik, uste zuela ez zuela informazioa izaten den gelan sartzeko ezinik izango esan dio. Halaz guztiz ere, eskatzeko giltzak eta emango zaizkiola sartu ezin badu.

    2.- I. Urrestarazuk galdetu du ea egia den Udalaren antolaketari buruzko azterketaren bat egin behar dutena Diputazioko teknikariekin batera.

    Azterketan ari direla erantzun dio alkateak; egon, alabaina, ez dagoela ekiten hasteko egutegirik. Zerbait konkretatu bezain pronto, jakinaraziko zaiola gorporazioari.

    3.- 4 Sistema Orokorreko Arau Ordezkatzaileak aldatzea zer-nola dagoen galdetu du I. Urrestarazuk.

    Idazkariak erantzun dio ixil-bidez onartu zutela behin-betiko dokumentua, eta orain gutxi onartu duela Diputatuen Kontseiluak inguruko Plan Berezia, eta bai plana eta bai erabakia ere argitara emanda daudela Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.

    4.- J.M. Botok eskatu du agintzeko Udaltzainei autobusak kontrola ditzaten, nola Udalak diruz lagundutakoak, hala lagundu gabekoak.

    5.- J.M. Botok ixteko eskatu du Joannes Etxeberri eskoletako ateak.

    6.- J.M. Botok galdetu du ea oraindik eratu gabe dauden batzordeak eratzeko asmorik dagoen.

    7.- J.M. Botok galdetu du ea zinegotzientzako gela bat paratzeko asmorik daukaten, lana hobeto egiteko bidea izango dela-eta hartara.

    8.- J.M. Botok galdetu du ea zer soldata izango duen alkateak, inon ere ez dutela jarri nahi ematen duela eta; haren irudituan, aktan jarri beharko litzatekeela zenbat den.

    Alkateak erantzun dio erabakia hartzeko egindako espedientean heldu direla datu horiek guztiak, eta lehengo lanlekuan irabazten zuena irabazten duela jartzen duela aktan.

    AKTAREN BUKAERA.

    Aztertzeko beste gairik ez dagoenez, alkate-lehendakariak buru eman dio bilkurari, arratseko zortzi t'erdietan. Idazkari naizen aldetik, akta jaso eta sendespena ematen diot, nik eta bilkuran izan diren zinegotziak izenpetu dugun akta honi.

    Eguna