1995.eko Ekainaren 17ekoa

    Agiri mota
    Lezo, mila bederatziehun eta laurogeita hamabosteko ekainaren hamazazpigarrena. Hamaika t´erdietan Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian bildu dira lehenengo deialdian, agintaldia bukatzear duen alkate-lehendakariak deituta, maiatzaren 28an egindako hauteskundeetan hautatuak izan ziren zinegotziak. Hauek dira zinegotziak: Mikel Arrizabalaga Pikabea, Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Gemma Arrillaga Albisu, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Agustina Pontesta Garmendia, Mª Isabel Unzain Zapiain, Mª Carmen Viaña Balda, Jesus Mª Martiarena Jaka, Pello Garbizu Azkue, Mirari Recalde González, Iñake Urrestarazu Azurmendi, José Mª Boto Sancho eta Nicanor Barradas Piris. Udaleko idazakariak ere, Xabier Loiola Aristik, hartu du parte eta ekitaldiaren fede eman du. Itzultzaile gisa Pello Goikoetxea Agirre aritu da.

    Idazkariak adierazi du batzarraldi honen helburua Udalbatza eratzea dela, ondorengo ordenaren arabera:

    1.- Adineko mahaia eratzea, Hauteskunde Orokorren Erregimenari buruzko Lege Organikoko 195.2 artikuluaren eta Toki Erakundeen Antolakuntza eta Iharduera Araudiko 37.2 artikuluaren arabera.

    2.- Kredentzialak egiaztatzea.

    3.- Zinegotziek zin egitea edo hitz ematea, Hauteskunde Orokorren Erregimenari buruzko Lege Organikoaren 108.8 artikuluaren arabera.

    4.- Alkatea aukeratzea.

    5.- Alkateak zin egitea edo hitz ematea eta jabetza hartzea, hala badagokio.

    1. - ADINEKO MAHAIA ERATZEA.

    Behin idazkariak batzarraldiari hasiera eman ondoren, adineko mahaia osatu da, martxoaren 13ko 8/1991 Lege Organikoak aldatutako Hauteskunde Orokorren Erregimenari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoko 195.2 artikuluan aurrikusitakoa betez. Nicanor Barradas Pirisek, hautatutako zinegotzien arteko nagusienak eta mahaiburu izango denak, eta Mª Carmen Viaña Baldak, hautatutako zinegotzien arteko gazteenak, osatu dute mahaia.

    2. - KREDENTZILAK EGIAZTATZEA.

    Mahaiko lehendakariak banan-banan irakurri ditu aldez aurretik zinegotzi bakoitzak entregatu dizkioten kredentzialak, hautatutako zinegotzien nortasuna erakusten dutenak. Kredentzial horiek Zonako Hauteskunde Juntak Udalera bidali zituen ziurtagiriekin bat datozela ikusi da.

    3. - ZINEGOTZIEK ZIN EGITEA EDO HITZ EMATEA ETA JABETZA HARTZEA

    Aurreko operazioa egin ondoren eta kontuan izanik hautatutako zinegotzi guztiak etorri direla batzarrera eta, beraz, legeak eskatzen duen gehiengo osoa betetzen dela, adineko mahaiburuak jabetza eman die zinegotziei. Aldez aurretik, alabaina, hitz eman dute hauteskunde legeriak ezarritako formularen arabera. Idazkariak formula irakurri du eta zinegotziek hauxe erantzun dute:

    - Jesus Mª Martiarena Jaka: hitz ematen dut.

    - Pello Garbizu Azkuek: hitz ematen dut.

    - Mirari Recalde Gonzalez: hitz ematen dut.

    - Iñake Urrestarazu Azurmendi: hitz ematen dut.

    - Jose Mª Boto Sancho: hitz ematen dut.

    - Nicanor Barradas Piris: hitz ematen dut.

    Mikel Arrizabalaga Pikabearen txanda iritsi denean Agustina Pontestak eskatu du hitza, Herri Batasuako zinegotzien izenean, eta ondorengo hau adierazi du:

    "Euskal Herriak ez du konstituzio espainola onartu kontziente eta aktiboki uko egin diolako. Eukal eremuko alderdi guztien ustetan testu horrek ez zuen indarrik Euskal Herriaren gogonahi nazional eta sozialak asebetetzeko. Gaitzespena portzentai egiazki adierazgiarritara iritsi zen eta nahitaezko erreferentzi puntua bilakatu zen, zeren eta, gure herria konstituzioarekin identifikatua ez sentitzearen zergatiak indarrean jarraitzen bait duten egun, hots, gaurko sare juridiko politikoa eratzen duen estatu ereduak subiranotasuna ukatzen diola argi eta garbi gure herriari eta autodeterminazio eskubidea erabiltzea zehazki bebekatzen duela.

    Hala bada, udalbatza honetan konstituzioa hori agindu edo onartzera behartuak izatea demokraziaren aurkako inposaketa da. Eta, gure ustetan, inposaketa bat da, ez soilik geure etsipen pertsonalen kontra doalako, baizik eta, batez ere, gure herriaren eritzi gehiengoduna gutxietsi eta bortxatzea inplikatzen duelako. Horregatik, Euskal Herriaren eskubide demokratikoak errespetatzen ez dituen konstituzioarekiko edozein aldekotasun era adierazte errefusatzen dugu sendo eta tinko, aipatu formulismoa "legezko inposaketagatik" betzera mugatuko geralarik.

    Udaletan, egunero burututako lanetatik, mobilizazioetatik, masa borrokatik eta gure ordezkotasun politikotik eraldakuntza sozialerako proiektu abertzale bat indar eta ilusioz defendatuko dugula zin diogu gure herriari eta horrela diogu publikoki:

    - Zin egiten dugu gure nazio nortasuna berreskuratzeko ausarki borrokatuko dugula, euskara, zeinu ezberdintzaile espezifikoa, gure herrian bizi garenon ondaretzat defendatuz.

    - Desberdintasun, bazterketa eta bidegabekerian oinarritzen den gaurko gizartea, justizia sozialean, aberastasunen bidezko banaketan eta kudeaketa publikorako herri protagonismoan errotutako gizartea bilakatzera bideraturiko proiektu politikoaren alde indarrak ez gordetzera konprometatzen gara.

    - Autodeterminazio eskubidea, edozein sistema demokratikoren ezinbesteko hastapena, bakerako nahitaezko baldintza, ezagutzearen alde lan egiten jarraituko dugula zin egiten dugu.

    - Udla ireki eta demokratikoak bultzatzeko konpromezua eta lana hartzen dugu bertako protagonista zuzenak sektore sozial ezberdinak eta, orohar, hiritar guztiak izan daitezen saiatuz.

    Eraldakuntza sozialerako proiektu abertzale eta ezkertzale baten aldeko apostua egiten dugu Herri Batasunako hautatuok eta, horrek, tinko eta etengabeki aritzera behartuko gaitu Euskal Herriaren eskubide indibidual eta kolektiboen defentsan. Gure herrian, bake eta justizia lortzea ahalbidera diezaguketen elkarrizketa-ekimenak bultzatzeko prest gauzkazue".

    Interbentzio hori bukatu ondoren, konstituzioarekiko begirunea aitortzeko prozesuarekin jarraitu dute. Hala, hauxe adierazi dute Konstituzioari buruzko begiruneaz:

    - Mikel Arrizabalaga Pikabea: Lege inposaketaz, zin dagit.

    - Jesus Mº Etxebeste Bengoetxea: Lege inposaketaz, zin dagit.

    - Gemma Arrillaga Albisu: Lege inposaketaz, zin dagit.

    - Juana Mª Salaberria Lizarazu: Lege inposaketaz, zin dagit.

    - Agustina Pontesta Garmendia: Lege inposaketaz, zin dagit.

    - Mª Isabel Unzain Zapiain: Lege inposaketaz, zin dagit.

    - Mª Carmen Viaña Balda: Lege inposaketaz, zin dagit.

    4. - ALKATEA AUKERATZEA

    Idazkariak adierazi die Hauteskunde Orokorren Erregimenari buruzko 5/85 Lege Organikoaren 196. artikuluan xedatzen duenez, Udalbatza eratzeko batzarraldian aukeratu behar dela alkatea ere. Hala, honako zinegotzi hauek izendatzen dira hautagai:

    - Mikel Arrizabalaga Pikabea, Herri Batasuneko zerrendaburua.

    - Jesus Mª Martiarena Jaka, Eusko Alderdi Jeltzaleko zerrendaburua.

    - Mirari Recalde González, Eusko Alkartasuneko zerrendaburua.

    - Jose Mª Boto Sancho, PSE/EEko zerrendaburua.

    Idazkariak orri zuri bana eman die hautesleei, alkatetarako aukeratu nahi duten zinegotziaren izen-abizenak jarri behar direla adieraziz eta orriak toleztatuta entregatu behar dituztela esanez.

    Botu guztiak jaso ondoren, botuak zenbatu ditu adineko mahaiko lehendakariak. Banan-banan irakurri ditu orriak, orrian alkatetarako proposatu dituzten zinegotzien izen-abizenak ozenki irakurriz. Hauxe da botazioak ekarri duen emaitza:

    - Mikel Arrizabalaga Pikabea: 7 botu.

    - Jesus Mª Martiarena Jaka: 2 botu.

    - Mirari Recalde González: 2 botu.

    - Jose Mª Boto Sancho: 2 botu.

    Bozketak ekarri duen emaitza ikusi ondoren, Mikel Arrizabalaga Pikabea izendatu dute Udaleko alkate, iritsi baitu legeak eskatzen duen gehiengoa, erabatekoa.

    Alkate hautatu izan ondoren, Mikel Arrizabalagak hartu du hitza. Lehendabizi beste alderdietako zinegotziak gonbidatu ditu zerbait esateko baldin badute esan dezaten. Beste hautagaiek zorionak eman dizkiote izendapenagatik.

    Ondoren, alkate berriak hartu du hitza, eta hitzez hitz honela esan du: "Lehenik hemen bildu zareten jaun, andere, gazte eta baita herri oso eta zinegotzi guztioi ere, agur. Eskerrik beroenak ematen dizkiot herriari guregan jarri duen konfiantzagatik. Hauteskundeetan aurkeztutako herri programa betetzeko asmoa azaltzen dut. Udal ireki eta partehartzailearen alde azaldu gara, eta hori horrela izango da. Udalaren funtzionamenduak demokratikoa izan behar duelako jarri gara kontaktuan alderdi guztiekin, zeren gure asmoa da beraiekin hitz egitea, lan egitea eta elkarrekin gobernatzea. Eta nik esango nizueke zuei ea zer ari zareten egiten beste herrietan edo zer egingo duzuen, zeintzuk diren zuen asmoak edo zer egingo zenuketen hemen guk zazpigarren zinegotzia izango ez bagenu. Hori ez da demokrazia, hori lapurreta da, ez daukazue etikarik".

    P. Garbizu zinegotziak, aulkitik altxa eta aretotik alde egin du.

    Alkateak jarraitu du bere hizketaldia zera esanaz: "Halere gu prest gaude elkarrekin gobernatzeko. Gu, HB, ez gara herri osoa; gu, parte bat besterik ez gara; parte inportante bat baina ez herri osoa. Horregatik gure eskaintza: elkarrekin hitz egin eta elkarrekin lan egitea. Zuengan dago aukera.

    Dena dela, guk aurrera jarraituko dugu gure herri programarekin, Udala irekia izan dadin eta herriak parte hartu dezan udaletxean. Baina ez hori bakarrik, zin dagizuet Herri Batasunakook Euskal Herriaren alde, independentziaren alde, euskararen alde, intsumisioaren alde eta presoen eta amnistiaren alde ihardungo dugula. Gora Euskadi askatuta!. Abertzale guztioi gonbidapena egiten dizuet gaurko eta atzoko presoen eta gudarien omenez Eusko Gudariak abestu dezagun".

    Horrekin bukatu du hitzaldia alkateak, eta berak eta HBko gainontzeko zinegotziek Eusko Gudariak abestuz bukatutzat eman da bilkura.

    AKTAREN BUKAERA.

    Aztertzeko beste gaiarik ez dagoenez, alkate-lehendakariak, buru eman dio bilkurari, 11:50etan. Idazkari naizen aldetik, akta hau jaso eta sedetsi egiten dut, nik eta bilkuran izan diren zinegotziek izenpetu duguna.

    Eguna