1995.eko Otsailaren 1ekoa

    Agiri mota

    Lezo, mila bederatziehun eta laurogeita hamabosteko otsailaren lehenengoa lehenengoa. Arratsaldeko zazpiretan hasi du OSOKO BILKURAk bilera OHIKOA, Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian. Lehenengo deialdian Aitor Sarasola Salaberria, alkate-lehendakaria, Josu Mirena Pontesta Garmendia, Gemma Arrillaga Albisu, Karmele Legorburu Irazu, Mikel Mitxelena Iza, Jose Luis Agirretxe Mitxelena eta Jose Antonio Dozagarat Andueza, zinegotziak, bildu dira.

    Marcial Zabaleta Salaberria, Jesus Mª Martiarena Jaca, Pello Garbizu Azkue, Jose Mª Boto Sancho, Jose Varela Pampin eta Iñake Urrestarazu Azurmendi ez dira bileran izan.

    Xabier Loiola Aristik egin du idazkaritza eta Pello Goikoetxea Agirrek itzultzailetza.

    1. - 1994KO ABENDUAREN 16AN IZAERA BEREZIAREKIN ETA 1995EKO URTARRILAREN 25EAN PREMIAZKO ETA BEREZIA IZAERAREKIN EGINDAKO OSOKO BILKURETAKO AKTAK ONARTZEA.

    Aho batez onartu dituzte 1994ko abenduaren 16an izaera bereziarekin eta 1995eko urtarrilaren 25ean premiazko eta berezia izaerarekin egindako osoko bilkuretako aktak.

    Une honetan itzultzaileak, Pello Goikoetxea Agirrek, bere beharrik ez zegoela eta, bilera utzi egin du.

    2. - ALKATEAREN 188. DEKRETUA BERRESTEA.

    188. dekretua bertan diren zazpi zinegotzien aldeko botuekin berretsi da. Dekretu honen bidez zera erabaki zen:

    BAT.- Lezoko 1.go Sistema Orokorreko 4. lursaila espropiatzeaz Euskadiko Auzitegi Nagusiak emandako epaiaren kontra Mª Jesus Aranburu Ormazabalek sartutako errekurtsoan (1512/90 errekurtsoa) azaltzea.

    BI.- Aginpidea ematea Beatriz Ruano Casanovari eta Luis Suárez Migoyori, auzitegi-prokuradoreak, eta Jose Mª Abad Urruzolari, legelaria, Lezoko Udala ordezkatzeko Auzitegi Gorenaren aurrean.

    3. - UDALAK DONIBANE KALEKO 14. DUEN LOKALA, EUSKO JAURLARITZAKO LAN, OSASUN ETA GIZARTE SEGURANTZA SAILARI UZTEKO PROPOSAMENA, MEDIKU KONTSULTARAKO.

    Gizarte Ongizateko Batzordeak, 1994ko abenduaren 12an egin zuen bileran, Udalaren lokal bat (Donibane, 14; etxe-atzea) Eusko Jaurlaritzako Lan, Osasun eta Gizarte Segurantza Sailari (Osakidetzari) uztea erabaki zuen. Dena dela ere, Osakidetzak kanpoko mediku-kontsulta jartzekotan han, Oinarrizko Atentzio Sarearen barruan.

    Gemma Arrillaga, Gizarte Ongizateko delegatua, proposamena onartzearen alde azaldu da. Esan duenez, oraingo mediku kontsulta oso egoera kaxkarrean dago, toki gutxi du eta Osakidetzak ez du beste bat berria egiteko modurik. Hala, mediku kontsulta beste toki batean jartzea eskaini zion Udalak Osakidetzari, Udalaren lokal batean: Donibane, 14. Osakidetzak, aztertu zuen lokala eta konformidadea eman zuen, eta hitzez behintzat, uzteko eskatu zuen, txukundu eta behar ziren lanak hark egingo zituela eta. Beste alde batetik, lokal hartzeko haurtzaindegia Herri Eskolako lokaletara aldatuko da seguruenera.

    Idazkariak jakinarazi duenez, bi espediente egin behar dira proposamena gauzatzeko: a) ondasunaren kalifikazio juridikoa aldatzeko espedientea, lokala, orain, herri-jabariko ondasun delako eta herriari zerbitzu bat, haurtzaindegia, emateko izendatuta dagoelako, eta b) Udalaren ondasuna Osakidetzari uzteko espedientea. Biak onartzeko ere, Udalbatzako kideen gehiengo osoa alde izan behar dira, eta espedienteak, halako epe batzutarako, argitara atera.

    Hala, bada, haurtzaindegia tokiz aldatu eta mediku-kontsulta haurtzaindegia zegoen tokira aldatzea herriarentzat mesedeko dela jo dutelarik, Udalbatzak, kideen gehiengo osoa alde dela, ERABAKI hau hartu du:

    BAT.- Tramiteak egiten hastea Eusko Jaurlaritzako Lan, Osasun eta Gizarte Segurantza Sailari (Osakidetzari) Udalaren lokal bat uzteko: Donibane, 14; etxe-atzea (atea Polentzarrene kalera dauka). Udalaren ondasun-zerrendako 7.a da lokala, I Tomokoa, herri-jabari da eta herriari zerbitzu bat, haurtzaindegia, emateko izendatuta dago. Utzi, edozein moduz ere, Lezon Oinarrizko Atentzio Sareko mediku-kontsulta jartzeko bestetarako ez zaio utziko.

    BI.- Aldatzea ondasunaren kalifikazio juridikoa: herri-jabariko ondasun izatetik kendu eta patrimonio ondasun jarri. Kalifikazioa aldatzeak haurtzaindegia tokiz aldatu eta gero balioko du.

    HIRU.- Publikatzea ondasunaren kalifikazio juridikoa aldatu izana: hilabete, bai Udaletxeko iragarki-oholean eta bai Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, nahi duenak komeni zaion alegazioak egin ditzan.

    LAU.- Kalifikazio juridikoa aldatzea behin-betiko onartutzat hartuko da argitara ateratako denboran inork ere ez badu erreklamaziorik egiten, eta Alkateak eskumena izango du hura formalki jaso eta ondasunen zerrendan eta errejistroan behar den aldaketa eginarazteko. Era berean, Udalaren ondasuna uzteko espedientea egiten hasiko da.

    4. - PROPOSAMENA, BAKE EPAILE ORDEZKOA IZENDATZEA.

    Udalaren osoko bilkurak, 1993ko uztailaren 7an egindako batzarraldian, bake-epaile titularra eta ordezkoa izendatu zituen.

    Ordezkoak, Carmen Clemente Alvarok, uko egin dio karguari, eta Euskal Herriko Autonomi Elkarteko Zuzentza-Auzitegi Goreneko Jaurlaritza Idazkariak beste bat izendatzea eskatu dio udalaren osoko bilkurari.

    Barne Batzordeak, egoki deritzo Udalak 1993an kargu horiek hautatzeko egin zuen ordezkoen zerrenda erabiltzea orain ere bigarren ordezkoa, Mª Lurdes Lizarazu Legorburu, izendatzeko. Hala, Udal osoko bilkurak, bertan diren zazpi zinegotzien aldeko botuekin zera erabaki du:

    BAT.- Mª Lurdes Lizarazu Legorburu proposatzea, dagokion epailaritza organuari, Lezoko Ordezko Bake-Epaile izendatu dezan.

    BI.- Erabakiaren hitzez-hitzeko kopia bidaltzea Euskal Autonomi Elkarteko Epaitegi Nagusiko Gobernu-Idazkaritzari, egoki irizten baldin badio proposatutako pertsona Ordezko Bake-Epaile izendatu dezan.

    5.- PROPOSAMENA, UDALEKO KONTUHARTZAILEAREN POSTUA, HABILITAZIO NAZIONALA DUTEN FUNTZIONARIOENTZAKOA, BETETZEKO 1994KO BIGARREN LEHIAKETA ARRUNTA HUTSIK UZTEARI BURUZKOA ETA 1995KO LEHIAKETA ARRUNTEAN PARTE HARTZEARI BURUZKOA.

    1994ko irailaren 7an egindako osoko bilkuran, izaera nazionala izan eta hutsik dagoen kontuhartzaile lanpostua hornitzeko deialdi arruntean parte hartzea erabaki zen, 1994ko urtarrilaren 4an osoko bilkurak lanpostua hornitzeko onartutako oinarriak erabiliz.

    Deialdiaren berri Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean urriaren 28an, Euskal Herrikoan azaroaren 24an eta Estadukoan azaroaren 24an eta abenduaren 13an eman ondoren, ez da jarritako epean inongo eskaerarik edo izangairik aurkeztu. Beraz, izendapenak egiteko gai den Foru Aldundiari lehiaketa hutsik deklaratzea proposatuko zaio.

    Bestalde 1995ean sarturik eta kontuhartzaile lanpostua hornitzeko 1995ean egingo den deialdi arrunta bakarrean parte hartzeko otsailaren 10a baino lehen parte hartzearen erabakia hartu behar da oinarriak onartzearekin batera. Horrela egin ezik, baremo espezifikorik gabe, udalak banatzen dituen 7,5 punturik gabe, Estaduak urrian egingo duen deialdi bateratuan aterako da lanpostua.

    Hala, deialdi arruntean parte hartzea interesgarriago irudituz, irailaren 7an egin bezala, 1994ko urtarrilaren 4an onartutako oinarri berberekin deialdian parte hartzea proposatzen dut alkateak.

    1994ko bigarren deialdi arruntari eta 1995eko deialdi arruntari buruz azaldutako proposamena azterturik, osoko bilkurak bertan diren zazpi zinegotzien aldeko botuekin, zera erabaki du:

    BAT.- Proposatzea Gipuzkoako Foru Aldundiko organu eskudunari, Kontuhartzailearen postua, habilitazio nazionala duten funtzionarioentzakoa, betetzeko 1994ean egindako bigarren lehiaketa arrunta hutsik deklaratzea, izangairik aurkeztu ez delako.

    BI.- Izaera nazionala duen eta hutsik dagoen kontuhartzaile lanpostua hornitzeko 1995eko deialdi arrutean parte hartzea 1994ko urtarrilaren 4an Osoko Bilkurak lanpostua hornitzeko onartu zituen oinarriak erabiliz.

    HIRU.- Erabaki hauen berri ematea Gipuzkoako Foru Aldundiari.

    6. - PROPOSAMENA, BANCO GUIPUZCOANOREKIN SINATZEA ONARTUTAKO MAILEGU KONTRATOARI ALDAKETA BATZUK GEHITZEA.

    1994ko irailaren 19an Udal osoko bilkurak mailegu bat eskatzea erabaki zuen Banco Guipuzcoanori: 45.000.000 pta., urtebetean itzultzeko. Era berean, bermetarako, Udalak Finantzatzeko Foru Fondotik Lezori tokatzen zaiona jarri zuen.

    Banco Guipuzcoanok S.A.k eskaturik, ahobatez, udalaren osoko bilkurak ondorengo azalpenak egiten dizkio akordio hari:

    Foru Fondotik jasotzekoa, dena dela, beste mailegu batzuen berme ere bada:

    ENTITATEA ZENBATEKOA MUGA-EGUNA

    KUTXA 100.000.000 pta. 2009. urtea

    C.L.P. 98.423.756 pta. 2002. urtea

    C.L.P. 17.417.250 pta. 2002. urtea

    C.L.P. 62.500.000 pta. tramitatzeko dago

    Hala eta guztiz ere, Foru Fondotik hartzekoan gelditzen da Banco Guipuzcoano, S.A.ri eskatutako maileguaren bermetzat jarri beharrekoari aurre egiteko adina. Nolanahi ere, Udalak hitz ematen du Foru Fondotik beste berme eta bahiturarik ez duela emango, beste edozein mailegu egin behar badu ere, baldin eta orain arte emanda dauzkan bermeak, Banco Guipuzcoanori ematekoa barne, eta gero emango dituenak bilduta Foru Fondotik hartzeko dirua baino gehiago osatzen badute.

    7. - PROPOSAMENA, 1995EKO AURREKONTUARI KREDITU ALDAKETA ESPEDIENTEA ONARTZEA.

    Udal honetako Aurrekontua afektatzen duen Kreditu Gehigarrien bidez egin beharreko Kreditu-Aldaketarako Espedientea irakurri ondoren.

    Kontuhartzaileak jaulkitako txostena irakurri da, zeinak adierazten baitu aipatutako espedientea aplikagarria zaion araudiari egokitzen zaiola, zehazki toki entitateen Aurrekontuei buruzko otsailaren 26ko 4/1991 Forua Arauaren 34. artikuluan eta Toki Entitateen Aurrekontu-Erregelamendua onesten duen abenduaren 1eko 96/1992 Foru Dekretuaren 40. artikuluan ezarritako beharkizun eta tramiteei egokitzen zaiela.

    Era berean, Ogasuneko Informazio Batzordeak formulatutako aldeko txostena eta onespen proposamena irakurri dira.

    Dagokion eztabaidaren ondoren udal osoko bilkurak, bertan diren zazpi zinegotzien aldeko botuekin, zera erabaki du:

    BAT.- Udal honetako aribideko ekitaldiko Aurrekontua afektatzen duen Kreditu Gehigarrien bidez egin beharreko Kreditu-Aldaketarako espedientea onestea, formulatutako proposamenaren eta ondoko Kapitulukako laburpenaren arabera:

    KREDITU-GEHIKUNTZA

    PATIDA IZENDAPENA IGOERA

    1-07-00-600-452-00-01 Terreno erosketak 2.804.800,-pta.

    FINANTZATZEN DITUEN BALIABIDEA

    PATIDA IZENDAPENA IGOERA

    2-07-00-770 LAIZ hirigintza hitzarmena 2.804.800,-pta.

    BI.- Jendeaurreko informaziorako tramitean jar bedi, erreklamazioen ondorioetarako. Erreklamaziorik aurkezten ez bada, erabaki hau behin-betikotzat joko da. Espediente honi Aurrekontu Orokorra onesteko ezarritako gainerako tramiteak eman beharko zaizkio.

    8. - PROPOSAMENA, PYSBEKO ETXEAN INGURUAN DAGOEN LURSAIL BAT EROSTEA.

    Alkateak lursail bat erostea proposatu du, 7.012 m², 400 pta. ordainduta metro karratuko. Hauxe da lursaila: 1.747-N orubea, Lezoko 75. liburuko 656 tomoan, 170. orrian, 2. inskripzioan ageri dena.

    Lursaila Pysbeko etxeen bueltan dauden beste lursail batzuk osatzen dute. Gainera, lursail horiek, Arau Ordezkatzaileetako 3. Poligonoan libre dauden aiekak dira. Etxeak, berriz, finkatuta daude, hirigintzako xede guztiak betetzen dituzte eta. Hala, Arau Ordezkatzaileek jartzen dutenez, hirigintza hobetu behar da, Administrazioaren kontura. Horrek ekarri du, beraz, 3. Poligonorako jarritako hirigintza helburuak ahalik eta agudoen betetzeko asmoak, lursaila erosi nahi izatea.

    Horiek guztiak horrela direla, arkitektu asesorearen informea begiratu eta Hirigintza Batzordearen aldeko diktamenarekin, udal osoko bilkurak, bertan diren zazpi zinegotzien aldeko botuekin, zera erabaki du:

    BAT.- Lursail bat erostea, 7.012 m², BI MILIOI, ZORTZIEHUN ETA LAU MILA ETA ZORTZIEHUN PEZETA ordainduta, 400 pezeta metro karratuko. Lursaila Inmobiliaria Provincial de Gipuzkoa, S.A.rena da eta hauxe da: 1.747-N orubea, Lezoko 75. liburuko 656. tomoan, 170. orrian, 2. inskripzioan, ageri dena.

    BI.- Gastatzeko bidea izateko baldintza kredituak aldatzeko espedientea behin-betiko onartzea da. Kredituak aldatzeko espedienteari osoko bilkura honetan bertan eman zaio hasierako onarpena.

    HIRU.- Eskumena ematea alkateari behar diren dokumentuak eta eskritura publikoak izenpetu ditzan Lezoko Udalaren izenean eta ordezkotzan.

    9. - PROPOSAMENA, ALKATEARENA, UDALAREN OSOKO BILKURETAKO ITZULPEN ZERBITZUARI BURUZKOA.

    Alkateak azaldu du bere asmoa osoko bilkura osatzen duten zinegotzi guztiekin proposamena eztabaidatzekoa zuela. Tamalez zenbait zinegotzik ezer abixatu gabe osoko bilkureta ez azaltzeko bere jarrerarekin jarraitzen dutela proposamenak indar gehiago hartzen duela dio.

    Proposamenak honela dio hitzez hitz:

    Udal Batzarretan itzultzailearen zerbitzua behar izaten duten zinegotziek batzar askotara ez agertzeko duten jarrera ikusirik, eta jarrera horrek alferrikako desplazamenduak, lanorduak eta diru galerak eragiten dituenez, Lezoko alkateak honako proposamen hau luzatzen du batzarraldian eztabaidatu eta, oneritzia emanez gero, onartu dadin:

    BAT.- Udal batzarretarako itzultzaile zerbitzua nahi duenak, aurrez (48 ordu) eta espreski eskatu beharko du Idazkaritzan.

    BI.- Premiazko batzarraldietan, 12 ordu lehenago behintzat egin behar da eskaria.

    Zenbait zinegotziei, premiazko batzarraldietarako, praktikoagoa iruditzen zaie osoko bilkura egingo den eguneko goizeko hamarrak baino lehen eskaria egitea, hamabi ordu lehenagoko baldintza baino.

    Bilkuran diren zazpi zinegotzien aldeko botoekin alkatearen proposamena onartu da proposatutako aldaketarekin. Beraz, akordio hau hartu da:

    BAT.- Udal batzarretarako itzulpen zerbitzua nahi duenak, aurrez (48 ordu) eta espreski eskatu beharko du Idazkaritzan.

    BI.- Premiazko batzarraldietan, osoko bilkura egingo den eguneko gaoizeko hamarrak (10:00h) baino lehen egin behar da eskaria.

    Akordio honen berri zinegotzi guztiei emango zaie.

    10. - PROPOSAMENA, LEZOKO AMNISTIAREN ALDEKO KOMITEAK AURKEZTUA, URDABURU PLAZARI KARLOS SALDISE IZENA EMATEA.

    Lezoko Amnistiaren Aldeko Batzordeak plenoari aurkeztutako proposamenak honela dio:

    Lezoko Amnistiaren Aldeko Batzordeak, Udalera jo eta eskabide hau egin nahi dio: Karlos Saldise izena jartzea orain, ofizialki, Urdaburu izena duen plazari.

    Aurten heldu dira 15 urte Batallón Vasco-Españolak, talde parapolizialak, hil zuela eta hori da eskabidea egin izanaren arrazoia.

    Hargatik, Amnistiaren Aldeko Batzordeak omenaldi bat egin nahi dio bere bizi guztia amnistia irabazteko lanean eman duenari. Ekintza honekin, bide batez, Estatuaren terrorismoa eta haren laguntzaileak ere salatu nahi ditugu.

    Karmele Legorburuk Herri Batasunaren izenean zera esan du: Egun hauetan GALen kuestioa denen ahotan dabilenean Lezoko herriak duela hamabost urte ezagutu zuela GAL horien aurretik aritu zen Batallón Vasco Español, herriko semea zen Karlos Saldise erahil zuenean. Omenaldi gisa kale mailan errotua dagoen bere izena ofizialki Urdaburu plazari ematearekin ados azaldu da.

    Aurkeztutako mozioa hau bozketara jarri ondoren, udal osoko bilkurak aho batez zera erabaki du:

    BAT.- Karlos Saldise izena jartzea orain, ofizialki, Urdaburu izena duen plazari.

    AKTAREN BUKAERA.

    Aztertzeko beste gaiarik ez dagoenez, alkate-lehendakariak, arratsaldeko zortziak eta hogeitan, buru eman dio bilkurari. Idazkari naizen aldetik, akta hau jaso eta nere sedespena ematen dut, nik eta bilkuran izan diren zinegotziak izenpetu duguna.

    Eguna