1994.eko Apirilaren 6ekoa

    Agiri mota

    Lezo, mila bederatziehun eta laurogeita hamalauko apirilaren seia, arratsaldeko zazpiak. Udalbatza Udaletxeko Biltzar Aretoan bildu da, ohizko osoko-bilkura egiteko. Lehenengo deialdian Aitor Sarasola Salaberria, Alkate-Lehendakaria, Karmele Legorburu Irazu, Gemma Arrillaga Albisu, Josu Mirena Pontesta Garmendia, Jose Luis Agirretxe Mitxelena, Mikel Mitxelena Iza, Jose Antonio Dozagarat Andueza, Iñake Urrestarazu Azurmendi, Pello Garbizu Azkue, Jesus Mª Martiarena jaca, Marcial Zabaleta Salaberria, José Mª Boto Sancho eta José Varela Pampín, zinegotziak, bildu dira.

    Miren Bruño Azpirozek egin du idazkaritza, behin-behingo funtzionaria.

    Lehendakariak saioa ireki eta jendaurreko izendatu eta idazkariak hasteko behar adinako kuoruma badela ikusi ondoren, gai-zerrendako puntuak aztertzen hasi dira.

    Aurretik, ordea, aurkaritzako lau zinegotzik Aurrekontuari buruz osoarekiko zuzenkizuna aurkeztu dutela jakinarazi du Alkateak, eta Aurrekontuaren proiektua baino lehenago eztabaidatuko dutela eta botazioa ere aurretik egingo dutela.

    1.- 1994ko 2an egindako osoko bilkuretako aktak irakurri eta onartzea, hala balegokio.

    Osoko bilkura ohizkoa gehiengo osoaren botoak alde direla onartu dute: J. Martiarena, M. Zabaleta eta J. Varela astenitu egin dira, bilkuran izan ez zirelako, eta beste guztiek onartzearen alde eman dute botoa. Nolanahi ere, honako alderdi hauek zuzentzekotan:

    Hirugarren orrialdeko 8. lerroaldian, zera erantsi behar da: "J.M. Botok zalantzan jarri du J. Pontestak mankomunitatean duen jokabidea onartzen duen osoko bilkurak, eta dimititu behar duen ez duen hitz egin behar dela esan du".

    Laugarren orrialdeko 4. lerroaldian, P. Garbizuren iharduna jasotzen duen zatia, "Nolanahi ere, orain ez dala azterketak egiteko garaia" dioen tokian, "Azterketak egiteko garaian ez, ordea" jarri behar du.

    Hamargarren orrialdean, aktaren bukaera baino lehenago, "I. Urrestarazuk baietz esan dio, akatsak euskaraz eta erderaz zeudela eta" dioen tokian, "I. Urrestarazuk euskaraz ala erderaz berdin diola erantzun dio" esan behar du.

    Ohiz kanporako osoko bilkurako akta aho batez onartu dute.

    2.- Proposamena, 1994 ekonomi-urteko Udalaren Aurrekontu Orokorrari hasierako onespena ematea.

    Alkateak, gaia aurkeztu ondoren, eztabaidatzen eta botoak ematen hasi aurretik aurkaritzako lau zinegotzik Aurrekontuaren proiektuari buruz egin duten osoarekiko zuzenkizuna aztertuko dutela esan du.

    Lehenbizi P. Garbizuk hartu du hitza. Osoarekiko zuzenkizuna egiteko bestetarako astirik ez dutela izan esan du, denbora luzatzea eskatu zuela baina ezezkoa eman ziotela eta horregatik ez duela zatiekiko zuzenkizunik egin. Bestetik, idazkariak egindako txostenarekin ere (legezko den azaltzeko) ez dagoela konforme esan du.

    P. Garbizuk dio, txostenak beste aldera jartzen badu ere, hari ez zaiola iruditzen legeak jarrita daukan tramitea bete dutenik; Ogasun eta Kontuen Batzorderik bildu ez zelako, batetik, eta diktamena ere eginkizun gelditu delako, bestetik.

    Esan duenez, Ogasun Batzordeak martxoaren 10ean egitekoa zuen bilera, lehenbiziko deia egin eta gero, ez zen egin, behar adinako kuorumik ez zelako; gainera, batzordeko idazkaria nor den ere ez dakiela eta, beraz, idazkaria bileran zen ala ez zen ere ez dakiela esan du. Bigarren deia egin ondoren ere, lehenbizikoa egin eta handik ordubetera, han ez zela ez lehendakaririk ez idazkaririk, eta ezta udalaren kontuhartzailea ere, eta bilera eginkizun gelditu zela.

    Hala berean, P. Garbizuk esan du, martxoaren 28rako jarri zuten bilera, bigarren deialdi formala, atzeratzea eskatu zutela, Alkateak, ordea, ez zuela onartu.

    Azkenik, esan du, 28ko deialdia behar den bezala egin zenik esateko segurtasunik ez duela, eta ez zaiola iruditzen legeetan jarrita bezala egin zenik.

    Ondoren, P. Garbizuk, honela laburbildu du aurkeztu duten osoarekiko zuzenkizuna:

    Lezon munta handiko gorabehera gertatzen ari da, Acha y Zubizarreta lantegiak kiebra jo ondoren izango den ondasunen enkantea, alegia. Lantegi horrek Lezon dituen ondasun higiezinak 60.000 m2 dira, lurren eta eraikinen artean. Eta Udala oraindik ere garaian dago enkantean parte hartzeko.

    Lezoko Udalak lehen ere egin ditu ekintza batzuk enkate horretan, Hartzekodunen Batzarrerako ordezkaria izendatzea, esate baterako, izan ere, 8.000.000 pezetako hartzekoa du Udalak Acha y Zubizarretan.

    Hala, P. Garbizuk dio, 1994ko Aurrekontuan esan ez dutela enkanteari buruz ezer esaten, baina Aurrekontuak baduela enkantearen eragina.

    Ondoren, martxoaren 10ean Udaletxean egindako bileran Alkateak esandakoa aipatu du. Esan duenez, eraikuntza-zergatan, enkante horretatik zehazki, 100 milioi bilduko zituztela esan zuen Alkateak. Nola bildu daitezkeen eta nork emango dituen, ordea, ez dagoela garbi esan du P. Garbizuk, zeren Udalak zortzi milioiko hartzekoa besterik ez du lantegi horretan.

    P. Garbizuk dio, lursail horiekin eragiketa handia dihola iruditzen zaiela, eta Udalak egin duen proposamen hori gauzatzen bada, hondarrak besterik ez dituztela jasoko, negoziorik handiena beste batzuk egingo dutela eta Udala oso gutxirekin konformatzen dela.

    Bukatze aldera, berriz, eragiketa honekin Udalak ehun milioi biltzen baditu partikularrek ehun milioi horien ondoan irabazi handiak aterako dituztela esan du, eta halako irabazi handiak jokoan izan eta Udalak ezin duela hortzaz gora gelditu.

    Bestetik, enkantean salduko dituzen lur horiek zer ondasun, balio eta egokiera duten ondo dakitela denek eta, Udalak, baduela enkantean parte hartzeko eskumenik aski iruditzen zaiola, politikoek borondatea izatea besterik ez dela falta. Beraz, hizpide den Aurrekontuan aukera hori jasotzen ez dutenez, atzera Alkatetzara itzultzea proposatzen duela, politikoen borondatea garbi gelditu eta Udalak enkantean parte hartzeko aukera jasotzeko moduan egin dezan berria.

    Hurrena Idazkariak hartu du hitza eta legeak jarritako baldintzak bete diren ala ez diren azaldu du. Alde horretatik, lehen ere behin edo bestetan esan ziola P. Garbizuri eta, araudiak jarritako tramitea, oro har, bete zutela esan du, nahiz eta horrek ez duen esanahi akatsen bat edo beste ez dagoenik, akatsa handia izan den erabaki egin beharko bada ere, eta horren errua nork duen ere erabaki beharko dela, baina aurren-aurreneko betebeharra, alegia Alkateak Ogasun Batzorderako deia egitea, beteta dagoela, eta bere betebeharra nork bete ez duen erabaki beharko dela ondoren, alegia batzordean parte hartu eta, parte hartu ezin denean, arrazoia azaltzea.

    Idazkariak bukatu ondoren I. Urrestarazuk hitz egin du. Erabat harrituta gelditu dela Idazkariaren informearekin esan du, legez kontrako alderdiren bat zenean informean adierazten ohituta zeuzkala eta; oraingoan, ordea, ez duela halakorik adierazi, nahiz eta Aurrekontuak iazko urrirako aurkeztua izan behar zuen.

    Idazkariak berriz hartu du hitza eta aurrekontu ekonomikoari buruzko espedienteak, administratiboki, tramite berbera izan duela aspaldian azaldu du. Bestetik, tramiteari buruzko informeak normalizatuta daudela eta oraingo Aurrekontuarekin eta iazkoarekin berdin jokatu dutela esan du. Beraz, arauak ez direla bete edota legearen kontra jokatu dutela iruditzen bazaie, Idazkariak azaldu duenez, alegazioak egiteko bere epea dago eta, Udalak, osoko bilkura eginda, hartzen du alegazioei buruzko erabakia. Orobat, iazko aurrekontua luzatu eta harekin lanean hasi ala berria egin ere Udalak erabaki behar du. Bestetik, inoiz ez da gertatu idazkariak horregatik erabakia legez kontrakoa dela esan izanik. Beraz, ez zaiola legearen kontra dageonik, debeku denik; izatekotan ere, jarritako epea ez zela beteko. Gainera, Lezon daramatzan urte guztietan, inoiz ez da Aurrekontuak indarra duen urtearen aurreko urria baino lehen Aurrekonturik aurkeztu.

    Ondoren Alkateak hartu du hitza, eta, esan duenez, lotsa ematen dio osoko bilkuran I. Urrestarazuk esan dituenak bezelakoak entzuteak, lehengo Alkate andreak irailean aurkeztu zuela eta Aurrekontua. Hala, I. Urrestarazuk esan du, Alkateari zorionak emateko asmoa zuela, eta hura Idazkariaren informeari buruzko kritika egiten ari zela. Nolanahi ere, Aurrekontua aurkeztu zuenean bertan ere esan zuela hark berandu aurkezten zuela.

    Alkateak dio, berriz, hark ez daukala Lezon izan den ohiturari segitzeko asmorik, eta egin-ahalak egingo dituela 1995eko Aurrekontua abendua baino lehenago aurkezteko. Dena dela, aurtengoa apirilean aurkezteak ez diola batere lotsarik ematen.

    Jarraian P. Garbizuk esandakoari erantzun dio. Alkateak dio, zatiekiko zuzenkizunak egiteko betarik ez izate horren gainean, kontuak, itxura denez, aise ahazten direla; lehen, Gobernu Taldean zirela, gauza batzuk esaten zituztela, eta orain, aurkaritzan direla, beste batzuk.

    Izan ere, dio Alkateak, 1992ko Aurrekontuari buruzko dokumentazioa osoko bilkura egin baino 20 egun lehenago eman zuten, eta, hura aski ez izaki, 11 egun lehenago 1993ko Aurrekontuari buruzkoa.

    Ondoren, Aurrekontua egiteko eman dituzten urratsak azaldu ditu Alkateak, aurkaritzakoak Aurrekontua egiteko prozesutik kanpora egon direla eta. Gainera, kanpoan egote hori, ez zaiola zor prozesuan parte hartzeko aukerarik ez izateari esan du, batzordeetara dei egin eta joan nahi ez izateari zor zaiola.

    Hala, Aurrekontuaren zirriborroa otsailean aurkeztu zutela esan du, eta martxorako jarri zituztela Ogasun Batzordeko bilerak. Hilabete eta hogei egun izan dituztela Aurrekontuaren proiektua aztertu eta eztabaidatzeko eta, hortaz, ez dela egia denborarik ez dutela izan esatea, han daudela datuak nahi dituenak ikusi.

    P. Garbizuri, berriz, legeak jarritako bidea bete ez izana esan duenean zer esanahi zuen galdetu dio, ea batzordeetan behar adinako kuorumik ez izatea esanahi zuen.

    P. Garbizuk erantzun dio, pausuak, haren ustez behintzat, ez dituztela behar den bezala eman; dena dela, geroago ikusiko dela kontu hori zertan den, zeren alderdi hori Idazkariak argitu beharko duela eta haiek ezin hasiko direla tramitea legeetan jarrita bezala egin den ala ez den erabakitzen.

    Alkateak dio, hango eginbeharra ez dela alderdi hori eztabaidatzea. Hala eta guztiz ere, lotsagarri iruditzen zaiola batzordeetan kuorumik ez dela eta batzordeak ez direla legezko esatea, batzordeetara joaten ez direnek berek esaten dutelako hori; gainera, gogorik ez dutelako ez direla joaten. Jokabide hori, berriz, harria bota eta eskua ezkutatzea bezala dela.

    P. Garbizuk, ordea, haiek juxtu beste aldera uste dutela esan du, alegia, martxoaren 10eko batzordea legez ez osatzea, 2. deialdian, ez lehendaririk, ez idazkaririk, ez kontuhartzailerik ez zelako gertatu zela, eta bigarren deialdia ez zela behar bezala egin.

    Alkateak, bigarren deialdia alde batera uzteko eskatu dio P. Garbizuri, lehenengo deialdiari jarraitzea eta ezin izanez gero arrazoia ematea aurreagokoa dela eta. Hortik ondorio bat besterik ez dagoela ateratzerik: batzordeetara lanik egin nahi ez dutelako ez direla joaten, eta joan nahi ez dutelako, eta gero aitzaki horixe jartzen dutela osoko bilkurara ekarritako proposamenei maratilak jartzeko.

    P. Garbizuk, ordea, Alkateak esandakoa demagogia garbia dela esan du, eta ez daukala batere arrazoirik informazio batzordeak lana egiteko bakarrik biltzen direla esateko.

    Alkateak esan du, haren irudituan, informazio batzordeetan egiten dela lanik gehiena.

    Informazio batzordea ez dela aurkaritzako lana egiteko tokirik aproposena esanez erantzun dio P. Garbizuk.

    Alkateak dio, beste alde batetik, aurkaritzak ere badituela bere atalak eta ea zergatik itzuli duten Aurrekontua: Udalak Acha y Zubizarretako enkantean parte hartzea sartu ez dutelako; horretarako dirurik izendatu ez dutelako Aurrekontuan; edo ea zergatik den.

    P. Garbizuk erantzun dio enkantean parte aktiboki hartzea jaso ez dutelako dela, zeren aukera hori kendu egiten dutela eta ondorioa besterik ez dutela jasotzen.

    Alkateak harritu egiten dela esan du, eta ez dela kontu hori eztabaidatzen hasiko, ez dela garaia eta. Alde horretatik, egiten ari diren osoko bilkurako gaien zerrenda martxoaren 29an bidali zela, eta egun hartan bertan sartu zutela errejistroan Udalak enkantean parte hartzeko eskabidea, baina ez zuela zehazten Aurrekontuan jaso behar zen ala osoko bilkurak orduan bertan hartu behar zuen edo ez zuen erabakia.

    Alkateak esan duenez, eskabidea Aurrekontuan sartzeko beste bide batzuk ere badaude, eta hor dituzte nahi badituzte erabili, esate baterako:

    a) Proposamena batzordean egitea gaia eztabaidatzekoan. Egin ez duten gauza.

    b) Aurrekontuaren zatiekiko zuzenkizun aurkeztea. Egin ez duten gauza.

    c) Aurrekontua onartu eta gero egitea aldaketa.

    Bestetik, Alkateak esan duenez, ez zaio egoki iruditzen gai hau zuzenean osoko bilkuran eztabaidatzea, bere informazio batzordean eztabaidatu beharrekoa zen eta, are gehiago informerik egin ez zela eta beste kontu batzuekin atera izan den hotsa kontuan hartuta. Eta azkenik, gai hau heldu den asteleheneko hirigintza batzordean aztertzeko asmoa duela esan du.

    Hurrena, I. Urrestarazuk hitz egin du. Esan duenez, eskabidea errejistroan sartu aurretik, Alkatearekin hitz egiten izan ziren J. Varela eta biak, eta Alkateak ea nola eskatzen zuten hura esan zien, Aurrekontuan jaso gabe zegoela eta.

    Alkateak, berriz, biak egun berean egin zituztela esan du, eta Acha y Zubizarretaren kontua ez dela oraingoa, enkantearena orain urtebetez geroztik bazekitela, eta lehenbiziko enkantearen eguna martxoaren 22rako jarrita zegoela, eta, hortaz, ez dakiela zeri zor zaion hainbesteko presa sartzea orain.

    P. Garbizuk esan du, gobernu taldea ez konturatu izanaren errua ere berek duetela ematen duela, alegia aurkaritzakoak berandu konturatu direlako.

    Alkateak esan duenez, ez dute Aurrekontuaren kontra egiteko beste arrazoirik, ez dute Aurrekontua aztertu eta ez dute lan pixar bat ere egin, eta horregatik, beste arrazoirik ez dutelako, gai honi heldu diote Aurrekontuaren aurka egiteko.

    Orduan, J.M. Martiarenak hitz egin du. Hala, salaketa batzuk egin ditu Acha y Zubizarretako kontuaren gainean, eta, halaber, Bilbo 1. auzialdiko 7. Epaitegiak emandako agiri bat azaldu du, esanez hango jaun bati (J.A. Dozagarati begiratuz) ez zaiola komeni Udalak enkantean parte hartzea, eskupekorik ez duela eta, gainera, beste jaun batzuekin (idazkariari ez zaio iruditzen ez pertsonak ez haiei buruz esandakoak aipatu beharrik dagoenik) batera dabilela.

    Hala, J.M. Martiarenak esan duenez, J.A. Dozagaratek 28.000 m2 eraikitzeko lizentzia lortzea agindu zuen enkantean. Bestetik, lur horiek Udalak ala beste batzuek hartzea zer nahiago duen azaltzeko esan dio J.A. Dozagarati, izan ere, beste batzuen eskuetara pasaz gero, J.A. Dozagaratek diru gehiago aterako luke eta Udalak xentimorik ere ez.

    Bere ekinaldia bukatu baino lehen, J.M. Martiarenak, eskarrak eman dizkio J.A. Dozagarati (esan dituen adjetiboak ez ditugu paperera aldatu, zintan gelditu dira).

    Ondoren, J.M. Martiarena, P. Garbizu eta Alkatea hizketan hasi dira Acha y Zubizarretako enkateari buruz, eta esan dutenez, Udalak ehun bat milioi bilduko ditu enkante horretatik, agi denez, hala esan zuen Alkateak martxoaren 11n Ogasun Batzordeak egin zuen bileran.

    Alkateak, oker dagoela esan dio P. Garbizuri, eta hark ez zuela halakorik esan aurreko hileko 11ko bileran. K. Legorburuk ere Alkateak esandakoa berretsi du, hura ere bileran zela eta.

    P. Garbizuk esan du hor ikusten dela garbi idazkari baten beharra bileretan.

    Alkateak esan duenez, Acha y Zubizarretako enkantetik ehun milioi aterako balituzte, 40.000 m2 berriz kalifikatuta 100 milioi pezeta lortuko balituzte, segituan hasiko litzatekeela herriko kanpaiak jotzen. Era berean, kontuak egiteko esan die aurkaritzakoei, astakeria galanta dela eta hori.

    Azkenik, Alkateak, herriko Aurrekontua eztabaidatzen ari direla adierazi die, esaten ari direna Aurrekontuko atal batean sartu nahi badute sartu dezaketela, baina horregatik ez dagoela Aurrekontua onartzea atzerarazterik.

    P. Garbizuk, beste alde batera, eraikuntza zergaren atalean 134 milioi daudela esan du, eta, haren ustez, 100 enkantetik aterako zituztela esan zuen Alkateak.

    Alkateak, ordea, enkante horretatik, beste errekalifikazio batzuetatik edota hirigintzako beste aprobetxamendu batzuetatik aterako zituztela esan zuela hark adierazi du.

    P. Garbizuk, berriz, ea enkantean parte hartu ez, lurrak berriz kalifikatu eta 100 milioi biltzeko asmorik ez dagoen galdetu du.

    Alkateak esan duenez ez zuen kontu horretan sartzeko asmorik, baina gauza bat esan eta isildu egingo da.

    Alegia, enkantera aterako duten lurralde horri buruz hartu-eman bat besterik ez du izan: Pasaiako portuko garraiozaleen kooperatibakoekin.

    Esan duenez, garraiozaleen kooperatibak proiektu bat zuen eta, Acha y Zubizarretako lurraldea egoki iruditu zitzaienez, lurrak erosiz gero beren iharduna egiteko biderik izango ote zuten galdezka etorri ziren. Alkateak, ez berak eta ez gobernu batzordeak ez zutela uste, orduan behintzat, inolako eragozpenik izango zenik esan zien, eta gero negoziatu beharko zela negoziatu beharrekoa.

    P. Garbizuk, ezetz, ez duela Aurrekontua ondo aztertzeko betarik izan esan du, baina begiratu duena ondo begiratu duela. Esan duenez, Alkateak geroko, urte honetarako, uzten du era honeteko eragiketa egiteko aukera; enkantea, ordea, ez da heldu den urtean izango, hemendik hilabete batzuetara baizik. Hemendik hilabete eta erdira Aurrekontua aldatu nahi izanez gero, tramite luzea bete behar dela eta enkantean parte hartu nahi badu oraintxe duela aukera, aurrekontuan sartuta.

    Osoarekiko zuzenkizuna egin beharrean zatiekiko zuzenkizuna zergatik ez duten egin azaltzeko, berriz, hizpide duten alderdia jasotzen ez duen Aurrekonturik ez dagoela onartzerik esan du, horregatik egin dutela osoarekikoa. Izan ere, oso kontu inportantea dela eta 100 milioi ez eze, diru gehiago atera daitekeela; arazo ekonomiko-teknikoak konpondu daitezkeela eta politikoen borondatea besterik ez dela falta. Azkenik, egiteko borondaterik baduten ala ez duten galdetu du.

    Alkateak dio, orain hasierako onespena emango diotela, eta gerorako bide bat zatiekiko zuzenkizuna egitea dela, osoarekikoa ez baina, eta hartarako denbora erreklamazioak egitekoan ere badela.

    P. Garbizuk, ordea, haiek esaten duten zuzenkizuna ez dagoela erreklamazioen bidetik egiterik esan du.

    Alkateak erantzun dionez, litekeena da arudiak hartarako biderik ez ematea, baina litekeena da Alkateak nahi izatea.

    Borondaterik badu orain egiteko esan dio P. Garbizuk, egitekotan orain egin behar dela eta. Gero, bateko erreklamazioak eta besteko zuzenkizunak izaten direla eta luzatu egiten dela epea. Eta ez dagoela atzeratzerik.

    Alkateak eman dion erantzuna zatiekiko zuzenkizunak egiteko esatea izan da, osoarekikoa egin beharrean, Aurrekontu osoa atzerarazten ari direlako kontu horrekin. Gainera, Alkateak erantzun dionez, gehiago zehaztu beharko lukete eskabidea, Acha y Zubizarretako enkantera aurkezteko besterik ez dutela esaten eta, beste ezer ere esan gabe. Izan ere, enkantean lote bat baino gehiago izango dira eta zeinetan eskaini beharko litzatekeen ez dute adierazi.

    Orduan, berriz hasi dira enkantearen ondorena Aurrekontuetan azaltzeko biderik laburrena zein ote den hizketan. Aieka horretatik, P. Garbizuk, diren bideak azter ditzan eskatu dio Alkateari.

    Alkateak dio, enkantean parte hartu ala ez hartu orduan bertan erabaki dezan eska ari zaizkiola, batere informerik gabe. Era berean, Suso jaunarekin (gai honi buruzko asesorea) hitz egin zuela eta aurkaritzak egindako eskabidea "ikaragarrizko txorakeria" iruditzen zaiola esan ziola.

    I. Urrestarazuk esan duenez, Suso jauna ezagutzen du eta hura ere egon da harekin, eta ez zion halako konturik esan. Beraz, nahi dutenean egon daitezke hirurak gai honi buruz hitz egiteko.

    Alkateak, barkatzeko, baina esaten dituen kontuen erdiak gezurrak direla eta beste erdiak dudakoak esan dio.

    I. Urrestarazuk eskarrik asko esan dio Alkateari eta haren esanak aktan jaso daitezen eskatu du.

    Hurrena J. Varelak hartu du hitza. Esan duenez, hark Alkatearekin hitz egin zuenean, Alkateak garbi esan zion enkantean parte hartzeko atal bat izendatu behar zela. Biharamunean, ordea, osoko bilkuran aztertuko zituzten gaien zerrenda bidali ziola eta han ez zela enkantean parte hartzeko atalik ageri.

    Alkateak J. Varelak esandakoa zuzendu eta biharamunean ez baina egun hartan izan zela esan du.

    Esan dio, halaber, proposamena orrialde sinple batean egin zuela, ez duela han zer dioen batere ulertzen, eta eztabaidaren bidea egina duen aurrekontuan atal bat sartu behar zuela eginez datorkiola, eta eskabidea egin zuten egunean berean Aurrekontua eztabaidatzeko osoko bilkurako gaien zerrenda bidaltzen ari zirela.

    J. Varelak enkantean parterik ez hartzeko zer interes egon daitekeen galdetzen dio bere buruari.

    Alkateak, ez dagoela inolako interesik erantzun dio, eta gaiari buruz ematen duen hitza heldu den astelehenerako hirigintza batzordearen bilera jartzekoa dela, eta aste hartan bertan beste osoko bilkura bat ere jartzea gaia eztabaidatzeko.

    J.M. Martiarenak dio, izatekotan ere, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialera bidali ahal izateko egingo dela osoko bilkura, eta Jose Antonio Dozagaratek halako jaun batzuei hau eta hura esan dielako errekalifikatuko dutela lurraldea.

    Ondoren, Udalak enkantean parte hartu behar duen ala ez duen eta "espekulatzea"k zer esanahi duen hizketan hasi dira (nolanahi ere, elkarri txandarik eman gabe hitz egiten dutenez, 3 edo 4 zinegotzik batera, zer esaten duten jakin nahi duenak akta honekin batera artxibatuko dugun zintara jo beharko du).

    Aurrekotik atera daitekeen ondorioa, P. Garbizuk esan duenez, enkantean parte hartzea komeni den ala ez den erabakitzea da, eta komeni bada, hurrengo pausoa aterabidea zein den erabakitzea da. Aurkaritzak proposatzen duen aterabidea Aurrekontuan atal hori sartzea da Aurrekontua onartu baino lehen. Jarraian, Alketeari zer aterabide proposatzen duen galdetu dio: itxarotea?

    Alkateak dio hark ez duela zain egotea proposatzen, proposatzen duena gaia heldu den asteleheneko hirigintza batzordean aztertzea dela, arkitektuaren eta kontuhartzailearen informeak aztertuz.

    J.M. Botok hitz egin du hurrena. Esan duenez, Alkateak esanduenarekin, garbi ikusten da gobernu taldeak ez duela gaiari buru emateko asmorik batere.

    Operazioan sartuz gero espekulatu egiten ote den eta operazioan sartu gabe geldituz gero espekulazioaren kontra egite ote den horren gainean, J.M. Botok dio administrazioak, hain juxtu ere, dituela espekulazioa itzaldu edo piztu egiteko bideak.

    Alkateak esandakoa entzunda, berriz, duda egiten duela zerbait egingo ote duten, eta oso itxura txarra hartzen diola, lehen ere erakutsi dutela eta jaun horri (J.A. Dozagarat seinalatuz) mesede egiteko daudela, eta jaun horrek arau-hausteak egin dituela, gobernu taldeak ikusi dituenak. Eta horrek, berriz, jaun hari (J.A. Dozagarati) komeni baldin bazaio besteak hari laguntzeko dauela esanahi duela, eta ehun milioi horiekin justifikatzen dutela. Hori garbi dagoela, zeren han esan dutenari begiratuz gero, ez dutela batere interesik ezer ere egiteko, kalifikazioa aldatzeko bestetarako interesik ez dutela, eta geroak esango duela eta mahai hartan ikusiko dutela.

    Alkateak eskerrak eman dizkio J.M. Botori ekinaldi laburra egin duelako, eta ondoren, aurkaritzako zinegotziek egin duten osoarekiko zuzenkizunari buruzko botoak eskatu ditu. A. Sarasola, K. Legorburu, G. Arrillaga, J. Pontesta, J.L. Agirretxe, M. Mitxelena eta J.A. Dozagarat onartzearen kontra ziren eta I. Urrestarazu, P. Garbizu, J.M. Martiarena, M. Zabaleta, J.M. Boto eta J. Varela alde; beraz, ez dute onartu zuzenkizunik.

    Segidan, 1994 ekonomi-urteko Aurrekontuari buruzko eztabaida eta botazioa, hala badagokio, egiten hasi dira.

    Lehenengo I. Urrestarazuk hitz egin du. Esan duenez, harrituta dago kontuhartzailearen informearekin, Aurrekontua teknikoki gaizki eginda dagoela iruditzen zaio eta. Izan ere, kontuhartzailearen informeak Aurrekontua halako eta halako artikulurekin bat datorrela dio; gero ikusten denez, ordea, ez dira artikuluok betetzen: "inbertsio errealei" dagokien atalik, esate bateko, ez dago.

    Orduan, Alkateak, ea huts hori Aurrekontua atzera botarazteko adinakoa iruditzen zaion galdetu dio Urrestarazuri.

    I. Urrestarazuk, berriz, lehen Alkateak gezurti esan diola eta orain berak erakusten diola nola huts tekniko bat dagoen esan du, eta hutsa zuzentzeko eskubidea behintzat izango duela iruditzen zaiola.

    Alkateak, jakinaren gainean dagoela eta zuzenduko duela hutsa agindu du.

    I. Urrestarazuk, lehengo saioaren haritik, "inbertsio errealen" gastuetako ataletik luzatutako aurrekontuan bazen partida bat, lurrak erosteari buruzkoa, kendu izanak harritu duela esan du. Zeren, J.M. Martiarenak ere parte hartu zuen bilera batean, 4. Sistema Orokorreko Arau Ordezkatzaieleak aldatu eta babes ofizialeko etxeak eta futbol-zelaia egiteko asmoa zutela esan zuen Alkateak, eta GAOn ere publikatu da kontu hau. Orduan, hartarako atalik jarri behar ez badu, ea lurra erregalo emango dieten uste duen ala esandakoa nola egiteko asmoa duen galdetu dio Alkateari.

    Arau Ordezkatzaileak aldatzeko denbora asko behar dela eta urtearen azkenerako onartuta izango diren esperantza duela erantzun dio Alkateak. Beraz, oraindik onartukizun daudenez, ez dagoela espropiatzerik ere.

    Hala ere, I. Urrestarazuk dio ea futbol-zelaia egiteko ere Arau Ordezkatzaileak aldatu beharrik dagoen.

    Alkateak baitz erantzun dio, eta araua aldatuta dagoela.

    I. Urrestarazuk duda egiten duela erantzun dio, eta horretarako ez dagoela Arau Ordezkatzailerik aldatu beharrik entzun izana iruditzen zaiola.

    Alkateak, berriz ere lehengoa erantzutea beste aukerarik ez duela esan dio.

    I. Urrestarazuk dio, edozein moduz ere dirua eduki behar dela Arau Ordezkatzaileak aldatzen direnerako, bitartean ez.

    Alkateak I. Urrestarazuk esandakoa zuzendu nahi duela esan du. Alde horretatik, aurten ez dela espropiatzeko aukerarik izango eta, hortaz, datorren urteko Aurrekontuan sartu beharko dela esan du, hori dela ulertu beharrekoa. Izan ere, itxurarik gabeko kontua dela heldu den urtean egitea pentsatutako gauza aurtengo Aurrekontuan sartzea.

    I. Urrestarazuk dio, ordea, badagoela epe luzerako eragiketa eta inbertsioak Aurrekontuan jasotzeko aukera.

    Alketeak esan duenez, berriz, inbertsioetan ez dute sartu beste lurrik erostea, tramitea luzea izaten delako eta inbertsioa ere handia egin behar delako. Gainera, Udalak zor handiak hartuko ditu aurten, eta datozen hiru urteetan ere diru mordo handia sartuko du inbertsiotan (kiroldegia, futbol-zelaia eta 1. S.O.).

    Udalak ia ezin du beste zorrik hartu, bere ahalaren muga-mugan dagoelako; beraz, kirol-ekipamenduetan dagoen beharra ikusi eta aurrena egin beharreko inbertsioak zeintzuk diren zehaztu beharko da. Izan ere, aurreko urteetan, ez zaie konponbiderik eman eta Aurrekontu honetan jasotakoarekin abiaburua behintzat jarriko zaie, heldu diren urteetan gogotik saiatu eta kirol-ekipamendu horiek egiteko.

    Hurrena, I. Urrestarazuk, osasun-zentrua zertan den galdetu du, lurrak lortuta eta aurreproiektua eginda zeudela eta.

    Etxe hori egitea Osakidetzak dirulaguntzarik ematen zuen zegoela, haren dirulaguntzen baitan, eskabidea egin zutela baina Osakidetzak ez duela dirulaguntzarik eman. Osakidetzarekin izan dituen elkarrizketetan, berriz, hemendik gutxira behintzat ez dela dirulaguntzarik izango garbi ikusi duela.

    Esandako proiektuan osasun-zentrua eta udalarentzako bulego batzuk egitea zetorren, I. Urrestarazuk esan duenez, eta, ematen duenez, ez bata eta ez bestea, ezer ere ez da egingo.

    Alkateak, ordea, alondegia konponduz gero Udalak ez duela bulego edo tegi beharrik izango esan du. Eta ez zaiola holako zentrua egiten 80 milioi gastatzeko modua duenik Lezok, osasun-zentru egokia -priektuak jartzen zuen bezalakoa ez baina oraingoa baino hobea bai- egiteko beste bide batzuk badituela eta.

    Nolanahi ere, Alkateak esan du, burua lepo gainean eduki behar dela eta ez dagoela direnak eta ez direnak egingo direla esaten hasterik, oraingoa ere konpondu ezinean dabiltzala eta.

    Era berean, zerbitzua hobetze alde, beste bide batzuk urratzen segituko dutela esan du. Osasun-zentrua egiteko dirulaguntzarik jarriz gero, berriz, eskatu egingo dutela; eta emanez gero, berriro pentsatu eta aztertuko dutela gaia.

    I. Urrestarazuk, edozein eratara ere, garbi utzi nahi du Pasaiako Portuak, lurra eman zuenean, baldintza batzuk jarri zituela, eta, beraz, ez dagoela zernahi egiterik lur hartan.

    Segidan, J.M. Botok, Aurrekontua esplikatzeko memoriaz hitz egin du. Lehenengo, atal txiki bat leitu du, hauxe: "Lehenik, ni buru naizen korporazioak horrela erabakita, udalgintzan sail desberdinetako Batzordeek duten funtzioa azpimarratuko nuke".

    J.M. Botok, ordea, duda egiten du batzordeei batzorde esan ote daitekeen.

    Alkateak, berriz, etortzen ez delako jarri beharko duela dudan esan dio.

    Ondoren, Aurrekontua esplikatzeko memoriaz, J.M. Botok, bigarren puntuan "bere atzean bai baitu behar duen oinarri politikoa" dioela eta, ea nork dakien zenbateko laguntasuna duen galdetu du.

    Hurrena gastuen atalari heldu dio J.M. Botok, eta berriz ere memoriako atal bat irakurri du: "Pertsonal Gastuetan, udal zerbitzuei berebiziko bultzada eta aldaketa emango dion asmoa jastzen da: Zerbitzuetako Lan Taldearen osakera. Honek epe motzera Pertsonal Gastuen igoera suposatzen badu ere, inbertsio funtsezkotzat jotzen dugu, hurrengo urtetik aurrera eta epe eratain batean %100ean izango dugun aurrezpena suposatuko baitu, batipat obra txikietan eta Mantenimentu Gastuetan (gaur egun kanpoko zerbitzuei kontratatzen direnak)".

    J.M. Botok hor esandakoa zenbat kostatzen den badakiela hark esan du, eta memoriak dioena gezurra dela, zeren hartu behar diren langile guztiak hartzeko elektrizista bat ere hartu behar dela eta herrian ez dagoela elektrizista batentzako adina lan, nahiz eta zer lan egiten duen kontuan izan beharko den. Gainera, elektrizistak, pioia ere beharko duela, eskailera-kamioiren bat ere bai noiz edo behin eta baita beste materiale batzuk ere. J.M. Botok esan duenez, argiaren kostua jaitsi nahi dute horrela; horretarako, ordea, gastuari begiratu behar zaio.

    Alde horretatik, ez zaiola ondo iruditzen 13. maila duen beste langile bat hartzea, zeren lehen ere hor dagoela beste bat uren arduradun eta 2 orduko lana besterik ez duela, eta kontadoreak begiratzea sei hilean behin. Horiek horrela, ordu horietatik kanpora pertsona horrek zer egiten duen galdetu du.

    Nolanahi ere, dio J.M. Botok, gastuari begiratu egin behar zaio, eta, proposatu duten eran, bi halako gastua aterako da.

    Bestetik, esan duenez, badaki J.A. Dozagaratek poza hartuko duena, nahi zuena, enbarazu egiten dietenak Udaletik kanpora bidaltzea, lortuko duelako; horiek, ordea, orduko 2.000 pta. kostatzen zitzaizkiola Udalari.

    Azkenik, orain arteko guztia ikusirik, "amigismo" usuaia hartzen duela esan du, famili bateko 3 edo 4 lagun Udalean ari baitira lanean.

    Alkateak, berriz, lotsagarri iruditzen zaiola J.M. Botok esan duena esatea. Zeren, epaimahaiko izan eta prozesua nola burutzen zen ikusteko aukera izan duela, baina azaldu ere ez dela egin eta pertsona horiek nola hartu dituzten jakiteko ahalegin txikienik ere ez duela egin.

    J.M. Botok esan duenez, izena emanda zegoen jende asko, azterketa noiz zen ez zekielako, azterketara joan gabe gelditu zen, eta horregatik hartu zituzten hartu zituztenak.

    Hartan, M. Mitxelenak hartu du hitza. J.M. Botori zuzenduz, gezurra dirudiela hainbeste urte Udaletxean eramanda artean sarrerko errejistroa denik ere konturatu gabe egotea esan du. Eta, egin beharreko eskabideak errejistratuz gero, gauzak hobeto joango liratekeela.

    Ildo horretatik, M. Mitxelenak esan duenez, 180 lagun izan ziren hauta-probetan parte hartzen eta 2 berraztertze-eske besterik ez zituzten egin. Hauta-probetako epaimahaiak, eskabideak aztertu, baloratu eta erantzun egin zituen.

    M. Mitxelenak dio aurkaritzakoak gobernu taldeaz gaizki esaka ari direla herrian, baina aurkaritzakoak direla horren erantzunkizuna dutenak, hauta-probetako epaimahaietan parte hartzea eskatu eta etorri ez zirelako.

    Alkateak, zinez lotsagarri deritzola han entzuten ari denari esan du; izan ere, oraingo Udala, ehun pertsona baino gehiago mugitu eta lana izateko aukera emateko gauza izan dela eta aurreko Udalak, alde horretatik, ez zuela ezer ere egin.

    J.M. Botok, memoriako sarreren atalean "aurrikusten diren kantitateak kriterio errealistak jarraituz erabaki dira" dioela eta, usai txarra hartzen duela esan du, iaz 2.939.409 pta. besterik ez zutelako bildu atal horretan.

    Alkateak, memorian zer jartzen duen ondo leitzeko esan dio, iaz ez baizik aurten jartzen baitu.

    J.M. Botok, ordea, ez daukala errealista izaterik esan du, lehen esandako horietako afera edo gorabeheraren bat pentsatuta ez badaukate behintzat ez dagoela hortik 134 milioi biltzerik eta.

    Alkateak erantzun dionez, alderdi hori kalkulatzeko, aurtengo urteari begiratu diote, ez baita iazkoa bezalakoa. Iaz, aurten izango ez diren plan partzial batzuk ere obrak egiteko lizentziek sortutako sarreratzat hartu ziren.

    J.M. Botok esan duenez, ordea, oraingo gobernu taldea gauza ez delako gelditu dira plan partzialak eginkizun, oraingo gobernu taldeak Lezoko hirigintza guztia geldiarazi duelako. Halaber, berriz dio oraingoak gauzaezak direla, abian jarrita zegoen guztia gelditu dutela eta kiroldegirako ziren 120 milioi galdu dituztela.

    Alkateak, berriz, ea plan partzial horiek denek obrak egiteko lizentzia eman arteko tramite guztiak egiteko aukerarik izan dezaketen uste duen galdetu dio. Eta hirigintzako agiriek egin behar izaten duten tramitearen berririk, txikienik ere, baldin badu ezezkoa erantzungo duela, ezin dela.

    J.M. Botok, ea hark (Alkateak) Aurrekontu bat egiten denean gauza asko hurrengo urteko Aurrekonturako gelditzen direla dakien.

    Alketeak, haren asmoa aurtengo Aurrekontuan heldu diren urteetan eskubide izango diren batzuk ere kontatzea dela, baina, edozein moduz ere, ez dagoela aurtengoari beste urte batzuetakoa kargatzerik.

    Iazko eta aurten bi urteko Aurrekontuari esker, esan du J.M. Botok. Gainera, orain bi urte lehenagoko Aurrekontua, ez zuten onartu, eta orain gobernu taldean direnek, 12 milioi kostatu zela esan zuten. Hamabi milioiak, ordea, ez zegozkion Aurrekontuari bakarrik zegozkionak, beste gauza askori ere bazegozkion. Eta, itxura denez, Aurrekontu hori ez da horren txarra ere, oraingoek numeroak aldatu besterik ez dute egin eta.

    Alkateak esan duenez, 12 milioi ordaindutako Aurrekontua kontutan hartzeko Aurrekontua da.

    J.M. Botok, beste alde batetik, Ikastolari berriz ere haurren garraioa ordaindu diotela esan du, eta eskola publikoari eta Lizeoari pagatzen zaiena konparatuz gero, lotsagarri deritzola Herri Batasunak eskola pribatuari gehiago laguntzea.

    Alkateak, ea eskola publikoko haurren garraioan zenbat diru gastatzen den badakien galdetu dio.

    Bederatzi milioi eta koxka, erantzun dio J.M. Botok.

    Alkateak esan dio, 5 milioi kostatzen dela Ikastolako haurren garraioa, eta horrek ez duela esanahi ez Lizeoari eta ez eskola publikoari gehiago laguntzen zaienik.

    J.M. Botok dio, horiek horrela badira, Anunziatakoak eta gainontzekoak ere etor daitezkeela dirua eskatzera. Alde horretatik, eskolak euskaraz ematen zituen eskola bakarra zelako ordaintzen ziotela lehen haurren garraioa Ikastolari, baina Lezoko eskolan ere euskaraz ematen ari zirenez geroztik kendu egin zutela laguntza, bestela Lezoko eskola atzera uztea zela eta. Oraingo jokabidearekin ere orobat egiten dela, Lezoko eskola atzera uztea, alegia.

    Alkateak dio, ordea, orain bi urtekoa bera ematen diotela eta, bere irudituan, ez dutela atzera uzten.

    Era berean, J.M. Botok eta bere partidu politikoak duten pentsamentua halakoa delako Ikastolari ematen zaionarekin ez dagoela konforme esatea gauza bat dela eta Lezoko eskola atzera uzten dutela esatea beste gauza bat dela, ez baita egia atzera uzten dutenik.

    J.M. Botok berriz dio Lezoko eskola atzera uzten dutelakoa. Lehen, esan duenez, euskara ikasteko baldintza guztiak jartzen baitzituen Lezoko eskolak, ahal zuten guztia egin zuten hari laguntzeko.

    Alkateak erantzun dionez, eskolaren kalitatea ematen duten hezkuntza-ereduan eta hezkuntza-kalitatean dago, eta ez zaio iruditzen Udalak Ikastolari (Pasaia Lizeoa) haurren garraioa ordaintzen laguntzen diolako hezkuntza hobea emango duenik.

    Ondoren I. Urrestarazuk hitz egin du. Esan duenez, iazko plantila organikoan 12 lanpostu berri ziren; aurtengoan, ordea, nahiz eta iaz baino 14 milioi gehiago izan, 6 besterik ez dira. Beraz, lanpostua garestiago ateratzen da.

    Alkateak erantzun dio, ordea, iazko lanpostu batzuk pezeta bat kostatuko zirela esan zutela eta hori, txoroak ere badakienez, ez dela posible; horregatik ateratzen direla aurtengoak garestiago.

    I. Urrestarazuk, berriz, aurtengoan ere halako bat behintzat badagoela esan du, eta, edozein moduz ere, 6 lanpostu sortzea 12 sortzea baino garestiago ateratzen dela, eta hori dela kontua.

    M. Mitxelenak aldea zerk sortzen duten azaldu du: lansariak %4 handitzeak, horrek aldea asko handitzen baitu, 6 lanpostu gehiago izateak eta ordezkapenak egiteko kopuru txiki bat gordetzeak. Horiek horrela, ez zaiola garesti iruditzen.

    I. Urrestarazuk dioenez, iaz, 243 milioi izanda, 12 lanpostu sortu zituzten, eta aurten, 258 izanik, 6 besterik ez; eta, hala ere, merkeago direla esaten dute.

    Hala berean, fondo soziala sortu behar zutela esan zutela eta ea partida hori non den galdetu du I. Urrestarazuk.

    M. Mitxelenak ez dakiela erantzun dio.

    Orduan, J.M. Botok, Udaltzaingoa zenbat kostatzen den esateko eskatu dio M. Mitxelenari. M. Mitxelenak, hantxe, Aurrekontuan, daukala esan dio.

    Udaltzaingoaren aurrekontukoa iazkoa baino 10 milioi handiagoa dela aurten esan du I. Urrestarazuk.

    M. Mitxelenak, iaz, lehengoek Gobernu Batzordea utzi aurretik, ez zela gauez udaltzainik izaten esan du, eta hori ere kontuan hartu behar dela. Aurten, berriz, oraingo gobernu taldea agintean denez geroztik, aurreko gobernu taldeak agintzen zuela bete gabe gelditzen zen gutxieneko zerbitzu hori bete egiten dutela.

    J.M. Botok, udaltzainek zertarako balio duten galdetu du.

    M. Mitxelenak esan duenez, beste kontu bat da hori, eta aurreko gobernu taldeak Udaltzaingoa desegin nahi zuen bezala oriangoak antolatu egin nahi duela.

    Eztabaida-saioa bukatu ondoren, 1994 ekonomi-urteko Udalaren Aurrekontu Orokorrari hasierako onarpena emateari buruzko botazioa egin dute. A. Sarasola, K. Legorburu, G. Arrillaga, J. Pontesta, M. Mitxelena, J.L. Agirretxe eta J.A. Dozagarat alde eta I. Urrestarazu, P. Garbizu, J.M. Martiarena, M. Zabaleta, J.M. Boto eta J. Varela kontra direla, erabaki hau hartu dute:

    A) 1994 ekonomi-urteko Udalaren Aurrekontu Orokorrari hasierako onarpena ematea. Dena dela, honako alderdi hauek zuzenduta jartzekotan:

    1.- Lanpostuen zerrendan, Administrazio Orokorreko eskalako Administrari-laguntzaileen subeskalako Lehen mailako Administrari-laguntzatileen atalean, "funtzionarioak 4, laboralak 3" jartzen duten tokian, "funtzionarioak 6, laborala 1" jarri behar du.

    2.- Aurrekontua Gauzatzeko Udalaren Arauan, 25.000 pta. gehiago jarri behar da kutxa finkoko antizipoan; jasotzailea: Xanti Espina; zertarako: Musika Eskoli kontu egin eta bulegoko tresnak erosteko.

    3.- Aurrekontua Gauzatzeko Udalaren Araua eta Aurrekontuak Luzatzeko Araudiko azkeneko parrafoan, %50 jarri behar du %100 jarri beharrean.

    4.- Sarreren VI. atalean "Inbertsio errealak" izenekoa sartu da, eta 2.07.00.771.000-00-02-00 jartzen duen tokian, 2.07.00.600.000-00-01-00, "1. Sektorea besterentzea" jarri behar du.

    B) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean publikatzea hamabost egun eta ontzat hartzea denbora horretan inork ere erreklamaziorik egiten ez badu.

    3.- Proposamena, Lezoko hiri-zaborra solidoak bildu eta zabortegira eramateko ekonomi eta administrazio alderdiko baldintzei buruzko orria onartzea.

    G. Arrillagak, gaia aurkezte aldera, zaborrak bildu eta zabortegira eraman orain hogei urte bezala egiten dela eta eguneratu beharra dagoela esan du.

    Orobat, gai hau Zerbitzuetako Batzordean aztertuta dagoela esan du, eta, proposamen honekin, zerbitzu egokiagoa ematea dutela asmo. Berrikuntzarik nagusienetako bat, esan duenez, beserri-bideetan zabor-ontziak jartzea da. Esleitu, berriz, hamar urterako esleituko dute. Eta, azkenik, zaborrak biltzeko kamioia ere berariazkoa izango da.

    J.M. Botok, berriz, ea zabor-ontzirik jarri gabe zer egin behar duten esan du.

    G. Arrillagak, baserri-biedeetan jarri behar dituztela esan dio, kalean jartzeko asmorik ez dutela.

    J.M. Botok esan duenez, lehen ere zerbitzua aldatu nahi izan zuten, zegoen egoera penagarritik atera. Orain ekarri duten proposamenarekin, berriz, ez dutela ezer ere konponduko. Izan ere, zabor-ontzirik ez dutela jarriko eta zaborrak txikitzen dituen kamioia jarri besterik ez dutela egingo.

    Gauzak hamar urtetarako hala jartzea gaizki iruditzen zaiola dio J.M. Botok, lehen bezain penagarri geldituko direla eta. Zabor-ontzirik jartzen ez badute, norbaitek aritu beharko duela boltsak lurretik biltzen.

    Lotsatzekoa da baldintza-orri hau onartzeko ekartzea, hala dio J.M. Botok, lehen askoz hobea aurkeztu eta ez zuten onartu nahi izan eta. Gainera, oraingo baldintza-orria errekurritu daiteke nahi izanez gero.

    Hala, J.M. Botok, berak ikusten duen akats bat adierazi du: zaborrak biltzea luzatzeko biderik izango den ez du jartzen baldintza-orrian.

    J. Varelak, ea hasieran zabor-ontziak baserri-bideetan bakarrik jarri behar dituzten jakin nahi duela esan du eta baiezkoa erantzun diote.

    Era berean, ea zabor-ontziak hamabostean behin garbitu egin behar direla badakiten galdetu du.

    G. Arrillagak, jartzen duela baldintza-orrian erantzun dio.

    J.M. Botok, ordea, ezetz, baldintza-orrian ez duela jartzen esan du.

    Idazkariak esan dio proiektuan ageri dela alderdi hori eta baldintza-orrian haiek ikusteko jartzen duela.

    Segidan, P. Garbizuk, baldintza-orria eta 1993ko uztailaren 7an egindako osoko bilkuran hartutako erabakia ezin dituela uztartu. Izan ere, mankomunitateko herri guztietako hiri-zaborra solidoak biltzen hasteko egin behar ziren lanei San Markos mankomunitateak ekin ziezaien interesa bazuela Lezoko Udalak eta hura azaltzea erabaki zuen osoko bilkurak.

    Alkateak esan duenez, San Markos mankomunitateak herrietan diren plantila eta kontratuak bere baitan hartzeko eginbehar guztiak kontuan hartu beharko ditu.

    P. Garbizuk hortxe dagoela koxka esan du, pertsona bat sartu nahi dutela eta San Markos mankomunitatean fijo, Auñamendi 7an bizi eta bizarra duena, ziur aski.

    Proiektuak bere denbora izan behar du, amortizatzeko bidea izan dezan, ez baitago inbertsioa lantegi bati inbertsioa egin dezan eskatzerik amortizatzeko behar duen denbora behintzat izango duela ziurtatu gabe; hala hitz egin du Alkateak.

    P. Garbizuk, baldintza-orria ez dagoela gazteleraz idatzita eta ez dagoela irakurtzerik esan du. Segidan, akats batzuk adierazi ditu. Alkateak, zuzendu eta baldintza-orrian ondo jartzeko agindu du. Hauxek dira eskarazko baldintza-orriko zuzenketak:

    - 3. orrialdeko 10. puntuan, prezioak aldatzeari buruzkoan, hala jarri behar du: "Udalak badu lanak hartzen dituenak egindako eskaitzan aldaketak (zerbitzuaren eremua handitzea...) sartzeko eskubidea, Toki-Erakundeekiko Hitzarmenak egiteko Araudiko 5.4 artikuluak jarritakoa errespetatuz, edozein moduz ere".

    - 13. puntua, "Esleipena", honela geldituko da: Administrazioak badu eskubidea bai lana proposamenik onena egiten duenari emateko, diruari bakarrik begiratu gabe, eta baita lehiaketa hutsik uzteko ere. Dena dela ere, baldintza-orri honetako 9. artikuluak dioena kontutan hartuta.

    -15. puntuko azkeneko parrafoa honela geldituko da: Hala gertatzen denean, baldintza-orriko 16. artikuluko A) eta B) ataletan jarritako erantzunkizuenei aurre egin beharko die esleipenduenak.

    Era berean, P. Garbizuk beste datu batzuk jarri eta zehazteko eskatu du, K.P.I. (IPC), esate baterako, eta kamioizalearen, pioiaren, kamioiaren... prezioak aparte jartzea.

    Bigarren puntua ere aldatzeko eskatu du, eta, lana, jarritako egun guztien egin behar dela jartzea, euria, elurra edo egiten duela egiten duela ere lana egin egin behar dela, alegia.

    Horiezaz gainera, "ezin handi" zer den zehaztu egin behar dela esan du. Idazkariak, baldintza-orrian jartzen duela esan dio.

    P. Garbizuk, ezin handia gertatzen zaionean ere zer zerbitzu eman behar dituen zehaztu daitezen eskatzen duela esan du.

    Ondoren, Alkateak, ea esan dituen akats horiek diren zuzendu beharrekoak esan dio P. Garbizuri.

    P. Garbizuk baietz esan dio, hala ere, nahiago duela baldintza-orria berriren berri egin eta beste egun batean aurkeztea.

    Horiek horrela, Alkateak, osoko bilkuraren esku jarri du Lezoko hiri-zaborra solidoak bildu eta zabortegira eramateko ekonomi eta administrazio alderdiko baldintzei buruzko orria onartzea, esandako zuzenketak eginda, edozein moduz ere. Osoko bilkurak baldintza-orria onartzea erabaki du. Alde, A. Sarasola, K. Legorburu, G. Arrillaga, J. Pontesta, M. Mitxelena, J.L. Agirretxe eta J.A. Dozagarat izan dira, eta I. Urrestarazu, P. Garbizu, J.M. Martiarena, M. Zabaleta, J.M. Boto eta J. Varela kontra.

    4.- Proposamena, Gizarte Ongizateko ordezkariak egina, "Aiton Borde" jubilatuen egoitzako prezioetako batzuk aldatzea.

    Gizarte Ongizateko ordezkariak, G. Arrillaga, puntu hau aurkeztu du. Esan duenez, jubilatuen egoitzako taberna hartuta duenak edari batzuek prezioak handitzea eskatu du.

    Hala, eskualdeko beste jubilatuen egoitza batzuetako prezioak ikusi dituzte eta guztietan prezio igoalak jartzea erabaki dute. Beraz, "Aiton Borda"ko prezio batzuk handitu egin behar dira Donibanekoen, esate baterako, parean jartzeko.

    Alkateak, osoko bilkuraren esku jarri du prezioak (ikus 1. eranskina) aldatzea. Osoko bilkurak aho batez onartu du prezioak aldatzea.

    Nolanahi ere, honako ekinaldi hauek aktan jartzeko eskatu dute:

    I. Urrestarazuk estatutoak aldatzeko eskatu du, gai hauek osoko bilkuran onartu beharrik ez izateko.

    J.M. Boto ere horren aldeko azaldu da, esanez aldatu behar den artikulua aldatu egin behar dela eta gai honek ez duela osoko bilkuraren eginkizuna izan behar. Lehen ere osoko bilkura batean proposatu zutela baina ez zutela onartu. Bestetik, ez zaila normala iruditzen taberna hartuta daukanak prezioak handitzea eskatzen duen bakoitzean (azkenekoz irailean eskatu omen zuen) prezioak handitzea. Azkenik, prezioak nola handitu behar den bezala aztertu dadin eskatu du.

    G. Arrillagak esan duenez, aurkaritzakoek bi urtez prezioak igo gabe izan zituztelako igo behar izan dituzte orain. Prezioak ez dituzte igo taberna hartuta daukanak igotzea eskatu duelako, eskualdeko herrien artean bilera egin eta han prezio berri hauek jartzea erabaki zutelako baizik.

    P. Garbizuk, I. Urrestarazu eta J.M. Botoren iritzikoa dela esan du, eta estatutoak aldatu beharra baldin badago aldatu egin beharko direla.

    Gainera, prezioak noiz arte izango diren indarrean ere erabaki egin behar dela esan du; orain artean prezioak aldatu besterik ez baitzuten egiten, noiz arte balioko zuten esan gabe.

    Azkenik, esan duenez, ondo iruditzen zaio prezioak igotzea beste jubilatuen egoitza batzuetakoak kontuan hartuta.

    5.- Proposamena, Alkatearen 41. dekretua berrestea.

    Alkateak dekretua aurkeztu du aurrena. Esan du, "Pasaiako Portua Antolatzeko Plana"ri egin dizkioten alegazioak dakartzala. Martxoaren 14an bukatu zela alegazioak aurkezteko epea eta presa zegoelako onartu dituela dekretuz. Eta, azkenik, bi aldiz aztertu dutela hirigintzako batzordean.

    I. Urrestarazuk, ea gai hau zer gai-zerrendatan ageri den galdetu dio Alkateari.

    Alketeak, orain ez daukala gogoan baina badakiela portua antolatzeko planari buruzko dokumentua hirigintza batzordean aurkeztu zutena, eta dokumentua zinegotzi guztien eskura egon dela.

    I. Urrestarazuk esan duenez, uztailaren 27an aurkeztu zuten dokumentua Udaletxean eta iazko abuztu-irailean eskatu zion dokumentoa Alkateari. Alkateak, ordea, zinegotziek zinegotzien aretoan izango zutela dokumentua erantzun zion. Horiek horrela, I. Urrestarazuk berak eskatu behar izan zion Idazkariari, zinegotzien aretoan ez baina beste toki batean zegoelako.

    Alkateak, berriz, zinegotzien aretoan ez egoteak arkitektuaren bulegoan zegoela esanahi zuela, eta arkitektua guztiei asesoratzeko dagoela.

    I. Urrestarazuk esan duenez, hark badaki noizko hirigintza batzordean aztertu zuten afera hau: martxoaren 14koan. Bestetik, lotsatzekoa iruditzen zaio goizean tramitatuko agiria arratsalde hartan bertan hirigintza batzordean egin behar zuen bilerako gai-zerrendan sartzea. Horregatik, gai hau beste zein bileratan aztertu zuten esateko eskatu du.

    Alkateak, hura baino lehenago egindako bilera batean aztertu zutela erantzun dio, eta bilera hartan, zeinetan ez baitziren aurkaritzakoak, garbi gelditu zen egin behar ziren sujerentzi, akats eta aldaketak dokumentuaren eranskinetan sar zitezkeela.

    J.M. Botok esan duenez, datuei eta espedientean datozen egunei (dokumentua noiz ailegatu zen Udaletxera, batzordeko bilera noiz egin zen,...) begiratzera, aldarrika hasteko moduko kontua da. Eta ez daki zertara joan behar duten batzordeko bileretara, gauzak aurretik egoten direla eta erabaki eta eginda, ezer ere esateko aukerarik eman gabe.

    Alkateak onartu egin ditu gai aurrera ateratzeko erabili duten bidea dela eta egin dizkioten kritikak. Onena hirigintza batzordean aztertu eta erabakia osoko bilkuran hartzea izango litzatekeela esan du.

    Halaber, nahi duenak nahi dituen sugerentziak egiteko bidea duela esan du, eta dokumentua teknikariak egin duela eta, beraz, ez duela inolako inplikazio edo kutsu politikorik.

    Alegazioak dionari buruz, I. Urrestarazuk puntu bat argitzeko eskatu du, hauxe: "Dena dela, lur-sail horren erabilerak, ez du, derrigorrez, kirol-ekipamenduren bat egiteko izan behar. Udalak erabakiko du, dagoen beharrari begiratuta, zer erabilera eman edo zer ekintza egin lur-sail horretan".

    Alkateak, hor aipatzen den lur-saila "Larrañagaren" ondokoa dela erantzun dio, eta etxebizitza sozialak eta beste gauza batzuk egiteko gordetzea erabaki dutela, kirol-ekipamenduak egiteko bakarrik gorde beharrean. Beste gauza horiek zein izango diren garaian garaiko beherrek erakutsiko dutela.

    Ondoren, botazioa egin eta Alkatearen 41. dekretua berrestea erabaki dute. Alde, A. Sarasola, K. Legorburu, G. Arrillaga, J. Pontesta, M. Mitxelena, J.L. Agirretxe eta J.A. Dozagarat izan dira, eta I. Urrestarazu, P. Garbizu, J.M. Martiarena, M. Zabaleta, J.M. Boto eta J. Varela kontra.

    6.- Proposamena, 1994ko urtarrilaren 1era arte Herriko Biztanleen Erroldan izandako aldaketei hasierako onarpena ematea.

    Idazkariak, 1994ko urtarrilaren 1era arte Herriko Biztanleen Erroldan izan diren aldaketan berri eman du. Hala, 57 pertsona gehiago dira eskubidedunak 1993ko urtarrilaren 1ean zirenen aldean. Biztanleak, osotara, 5.535 dira (2.730 gizon eta 2.805 andre). Aldaketak aho batez onartu dituzte eta, beraz, jendaurrean jarrita gelditu dira.

    7.- Alkate eta ordezkarien informeak.

    J.M. Botok Lezoko haurren garraioa egiten duten autobusen azterketa teknikoa kontrolatzeko eskatu du, nola Udalak ordaintzen dituenena hala besteena.

    K. Legorburuk esan duenez, eskola-kontseiluetan hitz egin dute haurren garraioaz eta inork ere ez du ezer erreklamatu.

    Ondoren, J.M. Botok, eskoletako sarea ixteari buruz zerbait egin duten galdetu du.

    G. Arrillagak, eskoletako atezainari galdetu ziola eta behin edo bitan ateak irekita egon direla baina ez dela maiz gertatzen, hori ez dela hala, esan ziola adierazi du.

    J.M. Botok, ordea, beti egoten direla irekita esan du, hura askotan pasatzen dela handik eta. Ixten ez badituzte erantzunkizuna eskatu beharko dutela.

    Bestetik, J.M. Botok, ea zergatik ez duten Aurrekontua kitatu galdetu du.

    Alkateak, horri buruzko informea martxoaren 30ean, azkeneko orduan, iritsi zitzaiola eta onartu baino lehen aztertu egin nahi duela esan du.

    J.M. Botok, ea Azpeitia jaunak UAD 3an barruan eraikitzeko aldaketarik eskatu duen galdetu du.

    Barruko antolaketa aldatzeko proposamena egin zuen zuela esan dio Alkateak.

    J.M. Botok dio, ordea, Azpeitia jaunak esandakoa baino aldaketa handaiagoak egiteko asmoa duela.

    Alkateak esan duenez, Azpeitia jaunak eskabidea egin zuen eta errejistroan jasota dago, baina, nolanahi ere den, ez da aldaketa handiagoak egiteko, merkatua nola dagoen ikusi eta bi pisu egin beharrean lau egiteko da, errazago saltzeko bidea izateko.

    J.M. Botok, badakiela Azpeitia jaunak aldaketa handiagoak egiteko asmoa duela eta osoko bilkuran esan zuena, etxe horiek egitea onartzeko edo lizentzia emateko egindako alegazioetan zioena, azaltzeko eskatu dio Alkateari.

    Alkateak, ordea, bere iritzia eman dio: aldaketa batzuk egitea eskatu zuen eraikitzaileak, irabazi handiagorik ez dakartenak, eta, beraz, lojikoena Udalak ekibalentzia edo konparazio bat jartzea dela, aldaketa egiteko arrazoirik egonez gero, beti ere. Beste kontu bat da promotoreak irabazi handiagoa ateratzea justifikatu gabe.

    J. Varelak esan duenez, altuera, zabalera, luzera handiagoko etxeak egin izan dituzte, eta, pertsona jakin bat zenez, batere lizentziarik gabe. Gainera, esan du, ez zait iruditzen Udalari bere zergak ordaindu dizkionik ere.

    Bukatze aldera, J.M. Botok, 103. poligonoko 11. lur-sailari buruz egin zuen galdera hartaz zer berri den galdetu du, ea Alketeak orain badakien eman zuten lizentzia harenik, lehen ez zekiela eta.

    J.M. Botok Ekin lantegian Brues egiten ari den lanei buruz galdetu du.

    Alkateak esan dio oraindik ez dietela lizentziarik eman, baina proiektua Udaletxean dagoela dagoeneko.

    J.M. Martiarenak, berriz, Bazko-igandean uholdea izan zela Elias Salaberrian, Lasaren pabilioi zaharrean, eta konpondu duten galdetu du.

    Arazo handi samarra dela eta erauntsi estua egiten duen bakoitzean gertatzen dela erantzun dio Alkateak, lur-sail horren garapena eginez gero konponduko litzatekeela.

    J.M. Martiarenak, ordea, garapen hori egitea hemendik milaka urtetara izango dela esan du.

    Alkateak ezetz erantzun dio, segituan egitea nahi duela eta lehenbailehen egiten saiatuko dela.

    Aktaren bukaera.

    Gaueko hamarrak eta hamaika direla, aztertu beharreko gaiak aztertu ondoren, Alkate-Lehendakariak saioa bukatutzat eman du. Nik, behin-behingo idazkari naizen aldetik, akta hau jaso, nik eta bileran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu duguna, eta nere sendespena ematen dut.

    Eguna