2007.eko Azaroaren 15ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2007ko azaroaren 15ean, osteguna, 19:05etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, EZOHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Haritz Salaberria Goikoetxea alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Irati Aranburu Salaberria (EAE-ANV taldea), Jon Legorburu Arrastua (EAE-ANV taldea), Silbia Folgueira Fernández (EAE-ANV taldea), Iñigo Esnaola Arbiza (EAE-ANV taldea), María Pilar Legorburu Echegaray (EAE-ANV taldea), Urko Lopetegi Campano (EAE-ANV taldea), Jaione Lekuona Irazusta (EAE-ANV taldea), Kepa Garbizu Azkue (EAJ-PNV taldea) eta Miguel Antonio Arrizabalaga Brusín (Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldea).

Aroia Goienetxea Egibar (EAJ-PNV taldea), Jesús María Martiarena Jaca (EAJ-PNV taldea) eta Roberto Sánchez Sánchez (Ezker Batua-Berdeak taldea).

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

Alkateak dio urriko ohiko batzarrak gai-zerrenda luzea izan zuela eta abendukoan gauza bera ez gertatzeko ezohikoa deitzea erabaki duela. Horrela hirigintzako gai batzuk gehiago itxaron behar izan gabe atzeratzeko modua dago.

1.- Inversiones Arahonde S.L.U.rekin komenioa sinatzeko proposamena.

Irati Aranburuk Hirigintza eta Ingurumen zinegotziak aurkeztu du diktamena. Honela dio, gaur goizean, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako Batzordeak onartutako proposamenak:

Proposamen honen arabera Lezoko 110 industri poligonoan dagoen Ipintza kalearen konponketari lehen bai lehen ekiteko, Inversiones Arahonde S.L.U.k prest legoke udal jabegoko kale honen konponketaren zati handien ordaintzera, bere jarduerarako ezinbestekoa zaiolako kale hau baldintza egokietan egotea.

Kalea Lezoko Udalarena denez, konponketa obra hauek kontratazioa udalari dagokio, hori dela eta obraren ordainketan Inversiones Arahonde S.L.U.k izango duen parte hartzea eta Lezoko udalaren betebeharrak arautzen dituen hitzarmen onartzea ezinbestekoa deritzot, besteak beste Lezoko Udalak ordaindu beharko lukeen parteari aurre egiteko aurrekonturik ez dagoelako. Horrela hitzarmen honen bitartez Lezoko Udalak 2008ko aurrekontuetan betebehar horri aurre egiteko aurrekontu saila gordetzeko konpromisoa hartuko luke.

Hitzarmena herri interesen aldekoa dela nabarmena da udalak bere jabegoko kale bat konpontzeagatik enpresa pribatu baten diru laguntza jasotzen duelako. Bestalde hitzarturikoa udalaren eskuduntzaren eremuan dago.

Horrela Administrazio Publikoaren Prozedura arautzen duen 30/1992 Legearen 88 artikuluak xedatzen duena kontuan izanik posible da aurkeztu den hitzarmena onartzea eta izenpetzea.

Hori dela eta, Hirigintza eta Ingurumen zinegotziak proposaturik, Osoko Bilkurak hemen heldu diren erabakiak hartu ditu:

BAT: Inversiones Arahonde S.L.U.k aurkeztu duen hitzarmen proposamena onartzea.

BI: Hitzarmen hau Inversiones Arahonde S.L.U.k akordio honen jakinarazpena jaso eta 7 egunetako epean izenpetuko da.

Kepa Garbizuk bere harridura azaldu du proposamenak dioenarekin, aurrekontuetan kontsignazioa izan behar duelako eta hori egiaztatzea eskatu du. Aurrekontuen memorian aipatzen omen da obra. Baita gastuak eta sarrerak zein partidetan dauden ere.

Bai alkateak, bai Hirigintza eta Ingurumen Zinegotzi Delegatuak esan dute ez dutela horren berri. Espedientearen tramitazioan parte hartu duten udal teknikariek ez omen diete horren berri helarazi.

Idazkariak dio aurrera begira egin beharreko zuzenketak egitearen kaltetan izan gabe, gaurkoan hitzarmena onartzea proposatzen dela. Diktamenean jasotzen ez bada ere, kontsignaziorik balego aurtengo aurrekontuetan egoera bertan aurreikusten dena baino hobeagoa izango litzateke, kontratazio prozedurarekin hasi daitekeelako.

Besterik gabe, diktamena bozkatu egin da eta aho-batez onartu da.

2.- S-1 Sektoreko "A" Lursailen gaineko xehetasun azterlana onartzeko proposamena. (2007H0420001).

Irati Aranburuk Hirigintza eta Ingurumen zinegotziak aurkeztu du diktamena. Honela dio gaur goizean Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako Batzordeak onartutako proposamenak:

"Lezoko Udalak 2007ko maiatzaren 11ko 07/411 alkatetza-dekretuaren bidez, S-1 Sektoreko "A" lursailen gaineko Xehetasun Azterlanari haserako onarpena ematea erabaki zuen.

Erabaki honen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2007ko Maiatzaren 25an, 102 zenbakidun alean. Prentsa idatzian eta udaletxeko iragarki taula ere argitaratu zen

Zehaztapen Azterlan hau informazio publikoan egon da 20 egunez eta epe horretan ez da alegaziorik aurkeztu.

2/2006 Legeko 98 artikuluak xedatzen duena kontuan izanik, eta Hirigintza eta Ingurumen zinegotziak proposaturik, Osoko Bilkurak ondorengo erabaki hauek hartu ditu:

BAT: S-1 Sektoreko "A" Lursailen gaineko Xehetasun Azterlanari behin betiko onarpena ematea.

BI: Akordio hau GAOn argitaratzea eta interesatuei jakinaraztea.

HIRU: Erabakiaren aurkako errekurtsoak:

a) Auzitara jo aurretik, eskatzaileak, hala nahi izanez gero, erabakia berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezake 30/1992 Legearen arabera.

  • Horretarako, hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.
  • Errekurtsoa aurkeztekotan Osoko Bilkurara jo behar da.

b) Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezake zuzen-zuzenean.

  • Horretarako, bi hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.
  • Errekurtsoa aurkeztekotan, EAEko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzitarako Donostiako epaitegira jo behar da."

Besterik gabe diktamena bozkatu eta onartu egin da. Bederatzi aldeko boto eman dira (alkatea, ANV-EAE taldeko zazpi zinegotzienak eta EAJ-PNV taldeko bilkuran dagoen zinegotziarena) eta abstentzio bat (Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziarena).

3.- S1-Sektoreko lehen fasearen hiritartze lanen kontratua aldatzeko proposamena (2006H0120004).

Alkateak dio gaur goizean egindako Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako Batzordean gaia mahai gainean uztea erabaki dela, oraindik aldaketa berri batzuk gehitu nahi direlako. Aldaketa horien aurrekontuak eta gainontzeko txostenak izan ondoren aurkeztuko omen da berriro proposamena.

Mahaia gainean uztearen proposamena aho-batez onartu da.

4.- Altzate eremuko Barne Eraberritzerako Plan Bereziaren behin betikoz onartzeko proposamena.

Irati Aranburuk gaur goizean Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako Batzordeak diktaminatutakoa onartzea proposatu du. Honela dio batzordeak onartutako proposamenak:

Lezoko Udalak 2004ko abenduaren 1ko batzarrean, bi udalerrietan banatzen den Altzate eremua garatzeko, Errenteria eta Lezoko Udalen arteko lankidetza hitzarmen bat onartu zuen. Hitzarmen honen arabera Errenteriako Udalak Altzate eremuaren (Lezoko 12 eta 28 poligonoak) hirigintza garapena aurrera eramateko ezinbestekoa den Arau Subsidiarioak aldatzeko proiektua idatziko zuen ondoren Lezoko Udalak izapidetzeko.

Arau Subsidiario aldaketa honi Gipuzkoako Foru Aldundiak 2007ko ekainaren 19an behin betiko onarpena eman zion, Lezoko Udalak izapidetu ondoren.

Aipatu Arau Subsidiario aldaketa dokumentuan jasotzen den zehaztapenetako bat hain zuzen ere, hirigintza dokumentu hau garatuko duen Plan Berezi baten idaztearena da.

Halaber bi udalen artean izenpeturiko lankidetza hitzarmenean zera adostu zen besteak beste, Lezoko udalak Errenteriako udalari aipatu Plan Berezi horren izapidea aurrera eramatea baimenduko ziola, bi udalek bere kasa izapidetu beharrean. Haatik, 2004ko abenduaren 1ko batzarrean Lankidetza Hitzarmena onartzean jarritako baldintzetako bat zera zen, Plan Berezia Errenteriako Udalak izapidetuko bazuen ere Lezoko udalak aipatu Plan Bereziari ongi ikusia eman beharko ziola.

Beraz, Residencial Ibaigain S.A.k sustaturiko Plan Berezi honen onarpenean orain arteko izapide guztia Errenteriako Udalak egin du.

Horrela Errenteriako Tokiko Gobernu Batzordeak 2006ko uztailaren 7an haserako onarpena eman zion Altzate eremuko Plan Bereziari.

Lezoko Udalak 2006ko uztailaren 10ko eta Alkatetza Dekretuaren bitartez Plan Berezi honen haserako onarpenerako dokumentuari ongi ikusia eman zion.

Halaber, Lezoko Udalak 2006ko urriaren 26an Alkatetza Dekretuaren bitartez Plan Berezi honen behin behineko onarpenerako dokumentuari ongi ikusia eman zion.

Azkenik, Lezoko Udalak 2006ko azaroaren 30ko Alkatetza Dekretuaren bitartez Plan Berezi honen behin betiko onarpenerako dokumentuari ongi ikusia eman zion eta Errenteriako Udalak 2007ko Uztailaren 26an Errenteriako udalerrian kokatzen den Altzate eremuari dagokionean behin betiko onarpena eman zion Altzateko Plan Bereziari.

Haatik 2/2006 Lurzoruaren eta Hirigintza Legearen bigarren xedapen iragankorraren arabera prozedurari dagokionez, lege hau indarrean jartzean behin-behineko onespenik ez duten antolamendu xehatuko planak eta antolamenduko gainerako tresnak, hain zuzen, lege honetan ezarritakoari lotuta onartuko dira behin betiko. Beraz Altzateko Plan Bereziaren behin behineko onarpena aipatu legea indarrean sartu baino lehen eman ez zenez 2/2006 legean ezarritako prozedura jarraitu beharko da behin betiko onarpenerako.

Horrela lege beraren 95 eta 97 artikuluen arabera Lezoko udalari dagokio -bere udalerrian kokatzen den- Altzate eremuko Plan Bereziaren behin betiko onarpena.

Aurreko guztia kontuan izanik, baita Udal Arkitekto aholkulariaren eta Hirigintza Teknikariaren txostenak ere, aldi berean, Hirigintza eta Ingurumen zinegotziak proposaturik, Osoko Bilkurak ondorengo erabaki hauek hartu ditu:

BAT: Altzateko Plan Bereziari, Lezoko Udalerriaren eremuari dagokionena, behin betiko onarpena ematea ondorengo baldintzekin:

1.- Altzateko Plan Berezian Lezoko Udalerrian kokatzen den PUR 3/5 lursailean 20 babes ofizialeko etxebizitza aurreikustea, beti ere planean xedaturiko eraikigarritasuna mantenduz.

2.- Aurreko puntuan xedatutakoak Altzateko Plan Bereziaren etxebizitza kopuru orokorrean eragina duen neurrian, kopuru hauek aurreko puntuan onartutakora egokituko dira.

3.- Errenterian eraikiko diren babes ofizialeko etxebizitzetatik bat Lezoko biztanle bati esleitzea.

4.- Lezoko Udalak baloratu eta Errenteriakoak ontzat eman ondoren, arestian aipatutakoaren arabera, dagokion konpentsazio ekonomikoa gauzatzea Lezoko Udalaren alde.

BI: Akordio hau Errenteriako Udalari eta Planaren eremuan kokatzen diren lursailen jabeei jakinaraztea.

HIRU: Argitaratu baino lehen Plan Berezi honen ale bat Gipuzkoako Foru Aldundira igortzea dagokion Erregistroan gordetzeko.

LAU: Akordio honen eduki osoa eta Plan Bereziaren araudia Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aldizkarian argitaratzea. Halaber akordio hau herrialdeko egunkari batean argitaratzea.

Kepa Garbizuk dio garrantzizko erabakia dela proposatzen dena. Gaia mahai gainean uztea proposatu du Lezok gaur jarri dituen baldintzen inguruan Errenteriako Udalaren iritzia edo erabakia jakin arte. Bestetik, eskaera bera egiten du, motibo gehiagorekin, arkitektoak egindako txostenean Errenteriako Udalak ez dituela Lezok jarri zizkion baldintzak bete esaten duenean. Azkenik, aipatu du txosten juridikorik ez dagoela.

Mikel Antxon Arrizabalagak dio erabakia ez dela argia, bi udalen artean tramitatutakoa behin betiko onarpen bera behar duelako eta ez bi. Errenteriako Udalarekin argitu arte, gaia mahai gainean uztearen aldekoa da.

Alkateak dio aurkeztutako diktamena garbia dela eta behin betiko onarpena baldintzatu egiten duela aldaketa batzuk egitera, haiek egin ezean, behin betiko erabakia onarpenik eman gabe legoke.

Idazkariak ohartarazi du erabakia hartu daitekeela eta txosten juridikoa espedientean dagoela.

Diktamena onartu egin da, aldeko zortzi botorekin (alkatea eta ANV-EAE taldeko zazpi zinegotzienak) eta bi abstentziorekin (EAJ-PNV taldeko bilkuran dagoen zinegotziarena eta Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziarena). Mahai gainean uztearen eskaera, deskuiduz, ez da bozkatu baina denak konforme dira bozketa ez egitearekin, argi jaso delako udalbatzaren borondatea, hau da, diktamena onartzearena.

5.- Euskal Herria plazako lurpeko garajeen eta lur azaleko urbanizazioaren kontratu aldatzeko proposamena (2006H0120001).

Hirigintza eta Ingurumen zinegotzi delegatuak, Irati Aranburuk, gaur goizean Hirigintza, Obra eta Zerbitzu Batzordeak diktaminatutakoa onartzea proposatu du. Honela zioen batzordeak onartutako proposamenak:

AURREKARIAK

Lezoko Udalak 2005ko azaroaren 9ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez kontratu honen exekuzioa osatzen duen Euskalerria Plazan Lurpeko Parking bat eraikitzeko proiektu idazketa eta obrak exekutatzeko kontratuaren espedientea eta baldintza agiria onartu ziren

Kontratuaren esleipena Lezoko Udalak 2006ko martxoaren 28an erabaki zuen osoko bilkuran.

Kontratu hau 2006ko apirilaren 24an izenpetu zen Lezoko Udala eta "Costrucciones Moyua, S.L." ren artean.

Esleitu zen kontratuaren zati bat Euskal Herria Plazako hiritartzea zen, hain zuzen ere Asmatu, S.L. ingeniaritzak idatziriko proiektuan 312.210 euroko aurrekontua zuena.

PROPOSAMENA

Euskal Herria Plazako Lurpeko aparkalekuaren obrak exekutatzen hasi eta gero aipatu eremuaren azalerako hiritartze proiektua aldatzea egoki dela irizten dio Udalak, herriaren beharrei hobekiago egokitzeko. Horrela Asmatu S.L.k udalak horrela eskatu ondoren Euskal Herria Plazako hiritartze proiektuaren aldaketa aurkeztu du.

Administrazio Publikoen Kontratuen Testu Bateratuaren 101 eta 146 eta hurrengo artikuluek naiz Administrazio Publikoen Kontratuen Araudi Orokorraren 158 eta hurrengo artikuluek xedatzen dutena kontuan izanik posible da Euskalerria Plazan Lurpeko Parking bat eraikitzeko proiektu idazketa eta obrak exekutatzeko kontratuaren aldaketa bezala izapidetzea plaza honetako hiritartze proiektuaren aldaketa.

Aurrez esandako guztia dela eta, Hirigintza eta Ingurumen zinegotziak proposaturik, Osoko Bilkurak ondorengo erabaki hauek hartu ditu:

BAT: Asmatu, S.L.k idatziriko Euskal Herria Plazako hiritartze proiektuaren aldaketa onartzea.

BI: Bere garaian Construcciones Moyua, S.L.ri adjudikatutako kontratuaren aldaketak onartzea, hauek direlarik:

2.1.- Construcciones Moyua, S.L.k eta Asmatu, S.L.k idatziriko Euskal Herria Plazako hiritartze proiektuaren aldaketa proiektua exekutatuko du 534.082 euroren prezioan (BEZ barne).

2.2.- Kontratu aldaketa hau Lezoko Udala eta Construccones Moyua, S.L.ren artean agiri batean izenpetuko da, honek akordio honen jakinarazpena jaso eta 7 eguneko epean. Epe hori baino lehen Construcciones Moyua S.L.k 12.000 euroko berme bat aurkeztuko du obra hauek egoki burutzen direla ziurtatzeko.

HIRU: kontratu Aldaketa honetarako gastua onartzea 1156 IZARTU II aurrekontu sailaren kontu.

Kepa Garbizuk dio bera ez dagoela kioskoa kentzearen gastua onartzeko prest eta horregatik aurka bozkatuko duela.

Jon Legorburuk, Obra eta Zerbitzuetako Zinegotzi Delegatuak aldaketa gaur arte udal kioskoa erabiltzen dutenekin komentatu dela esan du eta denak bat datoz kentzea hobeto litzatekenaren iritziarekin (ez zegoelako toki aproposean, oso irekia zelako, trafikoa bertan duelako, estaltzea beharko lukeelako, ...). Kolunpioen kontuekin ere aldaketak egin dituzte, haien kopurua gehituz, orain arte aurreikusita zeudenak plaza horretan ibiltzen diren haur kopurua kontutan hartu gabe erabaki zelako. Gogoratu du aldaketak erabiltzaileekin hitz egitearen ondorio direla.

Iñigo Esnaolak dio Euskal Herria plazan bildu izan den jende kopuruarengatik Lezoko bihotzetako bat izatera iritsi zela eta lehen zeukan zentzu hartara bueltatu nahi dela proposatzen den aldaketekin.

Diktamena onartu egin da: aldeko zortzi boto izan dira (alkatea eta ANV-EAE taldeko zazpi zinegotzienak) eta bi abstentzio (EAJ-PNV taldeko bilkuran dagoen zinegotziarena eta Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldeko zinegotziarena).

6.- 2008ko taxi-tarifak onartzeko proposamena (2007K0290003).

Alkateak gaia diktaminatu gabe ekarri izana arrazoitu du. Tramitezko kontua dela, esan du. Oarsoaldeako beste udalerrietan onartzen diren prezio berak onartzen dira. Hazienda Batzordera itxaron gabe onartzeko proposamena egiten du. Kepa Garbizuk dio proposamenak ez duela ezer argitzen eta udalbatzak ez dakiela zer onartzera doan. Presarik ez dagoenez, batzordean aztertzea hobeto ikusi du.

Alkateak dio tramitezko pausoa dela eta urgentziaz bozkatzeko jarri du. Premiazkotasuna aldeko bederatzi botoekin onartu da eta aurkako bat (EAJ-PNV taldeko zinegotziarena).

Honela dio proposamenak:

Hazienda delegatuak eman du Gipuzkoako Taxien Elkarteak (AGITAX) egiten duen eskaeraren berri 2008. urtean aplikagarri izango diren tarifak onartzeko helburuz, Oarsoaldea eskualdeari dagokionez.

Hazienda delegatuak proposaturik, Osoko Bilkurak ondorengo erabaki hau hartu du:

BAT: 2008ko taxien tarifak onartzea.

Proposamena aho-batez onartu da.

 

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 19:40tan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta .etik .ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.
Eguna