2007.eko Abenduaren 5ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2007ko abenduaren 5ean, ezohikoa eta premiazkoa, 18:45etan eratu da OSOKO UDALBATZA, EZOHIKOA ETA PREMIAZKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Haritz Salaberria Goikoetxea alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Haritz Salaberria Goikoetxea (EAE-ANV taldea), Irati Aranburu Salaberria (EAE-ANV taldea), Jon Legorburu Arrastua (EAE-ANV taldea), Silbia Folgueira Fernández (EAE-ANV taldea), Iñigo Esnaola Arbiza (EAE-ANV taldea), María Pilar Legorburu Echegaray (EAE-ANV taldea), Urko Lopetegi Campano (EAE-ANV taldea), Jaione Lekuona Irazusta (EAE-ANV taldea).

Ez dira bilerara etorri Kepa Garbizu Azkue (EAJ-PNV taldea), Aroia Goienetxea Egibar (EAJ-PNV taldea), Jesús María Martiarena Jaca (EAJ-PNV taldea), Miguel Antonio Arrizabalaga Brusín (Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldea) eta Roberto Sánchez Sánchez (Ezker Batua-Berdeak taldea).

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

1.- Deialdiaren premiazkotasuna berrestea.

Alkateak dio 18/98 auziko auzipetuak atxilotzen hasi zirela joan den ostiralean, haien artean Xabier Alegria zinegotzi ohia, eta gertaera larri horien ondorioz eta aprobetxatuz gaurko ohiko bilera deitua zegoela, haren aurretik gertaeren inguruko mozioa eztabaidatzeko bilkura deitu zuela urjentziaz. Bileran diren zinegotzi guztiek deialdiaren premiazkotasuna berrestu dute.

2.- Euskal Herriaren eskubideen aldeko mozioa.

 

Jon Legorburuk irakurri du mozioa. Honela dio, hitzez hitz:

EUSKAL HERRIAREN ESKUBIDEEN ALDE,

EGITASMO POLITIKO GUZTIEI AUKERA DEMOKRATIKOA

HERRI GISA ERANTZUTEKO GARAIA DA!

55 auziperatu, 46 atxilotze agindu, horien artean 18 urteko kartzela eskaerarekin, Xabier Alegria Lezoarra eta Udalbatza honetako zinegotzi ohia, 500dik gora espetxe urte. 18/98ko epaiak herri honen eskubideen ukazioan sakondu eta Euskal Herriaren eraikuntzaren alde lanean ari diren herritar eta kolektiboak kriminalizatzeko oinarri berrituak ezarri ditu. Ez da urrats isolatua, urte luzez Euskal Herriaren independentzia bultzatzen duen mugimendu politikoaren aurkako jazarpenaren segida da. Euskal herritarren eskubide zibil eta politikoen aurkako eraso estrukturala dago horren oinarrian, gero eta talde edo jarduera gehiago bere baitan biltzen duena. Gazteen aurkako epaiketa eta zigorra hortxe dago eta beste batzuk hasiko dira datozen hilabeteotan (Udalbiltza, Egunkaria, GGAA-Askatasuna, Batasuna)

Guzti honek estrategia jakin bati erantzuten dio, espainiar Estatuak, PSOEko Gobernuak, Euskal Herriaren eraikuntzako zutabe nagusiak kolpatzen ari da, konponbide demokratikoari ateak itxi eta independentziaren aldeko hautua kriminalizatzen.

Argi eta garbi esan dezagun. Ez dago demokraziarik, ez dago justiziarik. Gaur eta hemen espainiar Estatuak, PSOEko Gobernuak, herri honi eskaintza bakarra egiten dio: errepresioa eta Konstituzioa. Gaur eta hemen Konstituzioa inposatzen zaigu, Euskal Herria ukatuz, euskal herritarron eskubideak urratuz, gure etorkizuna libreki erabakitzeko eskubideari ateak itxiz. Gaur eta hemen, Euskal Herriaren eskubideen alde lan egiten duen orori, gatazkaren konponbide demokratikoaren alde lan egiten duen orori, herri honentzako independentzia nahi duen orori errepresioa ezartzen zaio.

Hori da PSOEren estrategia eta helburu jakina du, herri honi iruzur berri bat ezarri nahi dio. Gatazka luzatuko duen iruzurra, gatazkaren sorburu den ukazio marko hau indartzea duelako helburu. Gatazkaren konponbideari ateak ixtea bilatzen duen iruzurra, independentziari ateak itxita euskal herritarroi aukera politiko guztien artean gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea ukatzen digulako.

18/98ko sumarioa, epaiketa eta zigorra ez zen posible izango espainiar Estatuak PNVren laguntza izan ez balu, eta egun PNVren laguntza ezinbestekoa zaio PSOEri herri honi iruzur berria ezartzeko. Orain 30 urte gertatu bezala Euskal Herria Espainiako zati izan dadin egiten ari da PNVk lan. Hori da PSOEk PNVrekin batera herri honi ezarri nahi dion iruzurra eta horretarako kolpatzen du Euskal Herriaren eskubideen alde lan egiten duen oro, independentismoa jokaleku politikotik atera nahi du iruzur berria ezarri asmoz.

Une erabakiorra bizi dugu, aldaketa politikoaren ataria izan daitekeena. Euskal Herriak ez du iruzur zahar berri bat onartuko, Euskal Herriak konponbide demokratikoa behar du. Eta horretara goaz, konponbideari ateak irekitzera, herri honek egitasmo politiko guztien artean, independentzia barne, erabakitzeko eskubidea errespetatua eta bermatua izan dezan.

18/98ko epaia zein Euskal Herriaren aurkako eraso orokorrari behar bezalako erantzuna emateko garaia da. Erasoen aurrean erantzun eta Euskal Herriaren eskubideen alde lan egiten jarraituko dugu. Eta hori da euskal herritar orori zabaltzen diogun deia.

Aipatu guztia kontutan hartuta honako mozioa aurkezten dugu udal osoko bilkurak eztabaida eta onar dezan,

1. Udal honek irmoki salatzen du 18/98ko epaia eta atzean dagoen Euskal Herriaren aurkako erasoa. Espainiar Estatuak, epai honen bitartez, Euskal Herriaren eraikuntzaren alde lanean ari diren herritar eta kolektiboak kriminalizatzen ditu, Euskal Herriaren independentzia bultzatzen duen mugimendu politikoa jazartzen du. Independentismoa jokaleku politikotik atera nahi du herri honi iruzurra ezarri asmoz.

2. Udal honek argi adierazi nahi du: Espainiar estatuan ez dago demokraziarik ezta Euskal Herriarentzako etorkizunik ere. Espainiar estatuak bere Konstituzioa eta salbuespen legedia inposatzen du Euskal Herria ukatzeko, konponbide demokratikoari ezetz esateko, herri honen eskubideei ateak ixteko.

3. Udal honek konponbide demokratikoa aldarrikatzen du, euskal herritarrok egitasmo politiko guztien artean bere etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidean oinarrituko den konponbidea, hain zuzen ere. Hortaz, udal honek ez du onartuko herri honi iruzurrik inposatzea.

4. Udal honek bat egiten du Euskal Herriaren eskubideen alde lan egiteagatik 18/98 sumarioan auziperatu eta zigortuak izan diren gizon emakume guztiekin, eta batez ere Xabier Alegria herriko zinegotzi ohiarekin, eta elkartasun zein babes osoa agertzen die.

5. Udal honek 18/98ko epaia eta Euskal Herriaren aurkako etengabeko erasoei erantzuteko antolatuko diren mobilizazio guztiekin bat egin eta horietan parte hartzeko deia luzatzen die herritarrei.

6. Udal honek Euskal Herriaren eskubideen alde lan egiten jarraitzeko deiarekin bat egin eta horretara animatzen ditu udalerriko talde politiko, kolektibo eta herritar oro.

7. Onartutakoaren berri emango zaio herritar orori zein komunikabideei.

Mozioa bozkatu egin da eta bileran diren zortzi zinegotziak onartu egin dute.

Jendartetik egoeraren larritasuna azpimarratzeaz gain eskatu dute udala erakunde bezala, saiatu dadila espetxeratuei bisitak egiten. Salatu dute ere hiru talde politiko ez azaldu izana gaurko bilerara, ez aurpegia ematea.

ktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 19:00etan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta .etik .ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna