2008.eko Otsailaren 11ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2008ko otsailaren 11ean, astelehena, 19:35etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, EZOHIKOA ETA PREMIAZKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Haritz Salaberria Goikoetxea alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Jon Legorburu Arrastua (EAE-ANV taldea), Silbia Folgueira Fernández (EAE-ANV taldea), Iñigo Esnaola Arbiza (EAE-ANV taldea), María Pilar Legorburu Echegaray (EAE-ANV taldea), Urko Lopetegi Campano (EAE-ANV taldea) eta Jaione Lekuona Irazusta (EAE-ANV taldea),

Ez dira bileran izan: Irati Aranburu Salaberria (EAE-ANV taldea), Kepa Garbizu Azkue (EAJ-PNV taldea), Aroia Goienetxea Egibar (EAJ-PNV taldea), Jesús María Martiarena Jaca (EAJ-PNV taldea), Miguel Antonio Arrizabalaga Brusín (Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak taldea) eta Roberto Sánchez Sánchez (Ezker Batua-Berdeak taldea).

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

1.- Deialdiaren urgentzia berrestea.

 

Alkateak premiazko deialdiaren arrazoiak azaldu ditu: eman berria den EAE-ANV talde politikoaren suspentsioa dela eta, udal honetako alkatearen eta osoko bilkura hau osatzen duten beste zazpi zinegotziren taldea denez, ahalik eta azkarren erantzun instituzionala behar duela deritzo alkateak.

Bileran diren zazpi zinegotziek onartu dute deialdiaren premiazkotasuna.

2.- Mozioa, EAE-ANV talde politikoaren suspentsioari buruzkoa (2008AL050001).

Urko Lopetegik irakurri du mozioa. Hona hemen EAE-ANV udal taldeak aurkeztutako mozioa:

"EAE-ANV indar politikoaren suspentsioa erabakita Espainiar estatuak berriro erasotzen du Euskal Herria. Alderdi Poltikoen legea erabiltzen dute herri honen eskubideak jazartzeko, egitasmo politikoak legez kanpo uzteko, independentziari ateak ixteko. Espainiar Konstituzioak herri honen geroari itxi nahi dizkio ateak, gatazkaren konponbidea ukatu eta herri honen eskubideak urratzen jarraitu. Hori da, berriro ere, PSOEko gobernuak herri honi eskaintzen diona: errepresioa eta konstituzioa.

Eraso honek ageriago uzten du pairatzen dugun demokrazia eza. Espainiar legedia eta justizia deitzen duten hori euskal herritarren eskubideak ukatu eta urratzeko besterik ez du balio. Espainiar Konstituzioaren eskutik ez dago euskal herritar izaterik, ez dago eskubiderik, ez dago Euskal Herria.

Une erabakiorra bizi dugu, gure herriaren borondatea ukatzen jarraituko duen Konstituzioari atxiki edo Euskal Herriari erabakitzeko eskubidea aitortu eta gatazkari behin betiko konponbidea eman. Alderdi Politikoen Legearen aplikazioarekin bat egin edo euskal herritarron borondateari bide eman. Hori da jokoan dagoena, eta horretara dator azken eraso hau. Konponbidearen alde borrokatzen duen independetismoari eraso egiten zaio herri honi iruzur berria egin nahi zaiolako. Une hauetan PSOEk eta PNVk iruzurra prestatzen ari dira, herri honen eskubideak ukatzen dituen markoa erreformatu nahi dute. Independentziari ateak itxi, gatazkari konponbidea ukatu eta alderdi interesak lehenetsiz markoa iraunarazi nahi dute.

Ez gaude iruzurrak onartzeko prest. Herriak konponbidea eskatzen du, gure etorkizuna libreki erabaki nahi dugu. Ukazioa, inposizioa, errepresioa, Alderdi Politikoen Legea, Konstituzioa. Guztien gainetik herriari hitza ematea, herriak aukera politiko guztien artean, independentzia barne, erabaki dezan, horretan datza nozitzen dugun gatazkaren konponbidea. Marko berri bat behar du gure herriak, marko demokratiko bat Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroarentzako.

Aipatu guztiari jarraituz honako mozioa aurkezten dugu, udal osoko bilkurak eztabaida eta onar dezan:

1.- Udal honek oso larritzat jotzen du espainiar estatuak EAE-ANV indar politikoaren suspentsioa erabakitzea. Erabaki honek Euskal Herriaren eskubideen aurkako eraso bortitza da eta independentzia helburu duen herri sektore zabala kriminalizatzea du helburu, Euskal Herriaren independentziari ateak ixtea.

2.- Udal honek herritarren borondatean du oinarri, hortaz, herritarren borondatearen aurka egiten duen lege edo erabakiei ez die inolako zilegitasunik aitortzen. Alderdi Politikoen Legea Euskal Herrian independentismoa jazartzeko erabiltzen da eta hori onartezina da. Espainiar Konstituzioaren eskutik ez dago euskal herritar izaterik, ez dago eskubiderik, ez dago Euskal Herria. Eta hori onartezina da.

3.- Udal hau ez dago herriak aukeraturiko ordezkariak legez kanporatuak izatea onartzeko prest, izan udal hauteskundeetan jazarpena jasan zuten zerrendetako kide izan suspentsioa eragina jasango dutenak. Hortaz, bere babes osoa eskaintzen die EAE-ANV udal taldeko kideei eta erabaki honetatik eratorri daitezkeen ondorioei aurre egiteko konpromiso irmoa hartzen du. Hori horrela mozioarekin batera aurkezten den Neurrien Zerrenda onartzen du udal honek.

4.- Udal honek proiektu politiko guztien bideragarritasuna aldarrikatzen du, independentzia barne. Hori da, gainera, Euskal Herriak bizi duen gatazkari konponbidea emateko bidea, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako herritar guztiak proiektu guztien artean erabakitzeko eskubidea errespetatuko duen marko demokratiko bat eraikitzea, hain zuzen ere.

5.- Udal honek erabaki honi aurre egiteko egingo diren deialdietan parte hartzera deitzen ditu herritar guztiak.

6. Onartutakoaren berri emango zaie herritar guztiei zein hedabideei.

Jon Legorburuk mozioari eransten zaizkion neurrien zerrenda irakurri du:

"EAE-ANV UDAL TALDEAREN ESKUBIDEAK BERE OSOTASUNEAN BERMATUAK IZAN DAITEZEN HARTZEN DIREN NEURRIEN ZERRENDA

 

1.- Udal honek 2007ko maiatzaren 27an herriak emandako bozetan du oinarri eta boza guztiak kontutan hartuta herritarrek aukeraturiko ordezkari guztiak aitortza osoa eta eskubide guztiak bermatuak izan ditzaten neurriak hartuko ditu.

2.- EAE-ANV Udal Taldeak zein hautetsi bakoitzak dituen eskubide guztiak bermatuak izango dira.

3.- EAE-ANV Udal Taldeari bere izaera errespetatuko zaio.

4.- EAE-ANV Udal Taldeak zein hautetsiek udal jardueran era normalizatu batetan parte hartzeko aukera guztiak izango dutela bermatuko da, beste Udal Talde eta hautetsiek izango dituzten berdinak, hain zuzen ere.

5.- EAE-ANV Udal Taldeko hautetsiek udalaren ordezkari gisa bestelako erakundeetan dituzten ardurak eta karguak gorde eta era normalizatu batetan bete ahal izango dituztela bermatuko da.

6.- EAE-ANV Udal Taldeak zein hautetsiek beraien lana garatzeko dituzten udal tresna eta baliabide zein diru ekarpen guztiak bermatuko zaizkie.

7.- Erabaki honen ondorioz EAE-ANV Udal Taldeak edo hautetsiek jaso dezaketen eskubide urraketa edota ondorioen aurrean Udalak bere babes eta laguntza osoa eskainiko du."

Alkateak kritikatu du korporazioa osatzen duten beste talde politikoak ez agertu izana. Postura hartzea eskatu die alkateak, bai herritarren aurrean bai udalbatzaren aurrean, eta esan dezaten zertarako prest dauden. Bere ustez, independentziarako bidea markatua dago eta PNVk eta PSE/PSOEk iruzur egin nahi diote bide horri.

Mozioa eta zazpi puntuetako neurrien zerrenda aho batez onartu dira.

 

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 19:55etan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta .etik .ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.


Eguna