2009.eko Abenduaren 2ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2009ko abenduaren 2an, asteazkena, 19:35etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, OHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Haritz Salaberria Goikoetxea alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Jon Legorburu Arrastua, Iñigo Esnaola Arbiza, María Pilar Legorburu Echegaray, Urko Lopetegi Campano, Jaione Lekuona Irazusta, Kepa Garbizu Azkue, Enrique Figueroa Laboa, Miguel Antonio Arrizabalaga Brusín eta Roberto Sánchez Sánchez.

Ez dira bilerara etorri Irati Aranburu Salaberria eta Jesús Mari Martiarena Jaca zinegotziak.

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

Bilera hasi eta alkateak gaien eztabaida ordena aldatzea proposatu du: jendartean gaurko bilerako 11. gaiarekin interesa duten adineko pertsonak daudenez, eta gai horretara iritsi aurretik daudenak tratatzeak luze joko duenez, 11. gai hori lehendabizi tratatzea proposatu die gainontzeko zinegotziei. Inolako eragozpenik ez dute jarri eta ondorioz 11. gaia eztabaidatuko da lehendabizi eta ondoren gai zerrendaren ordena jarraituko da.

11.- Mozioa, Lezoko ohorezko alkate izendapena kentzea Francisco Francori (2009AL050005).

Mozioa Agustina Pontesta herritarrak aurkeztu du udal erregistroan eta aretoan dagoenez, alkateak hari eman dio hitza. Hark mozioaren nondik norakoak azaldu ditu. Mozioak honela dio:

"Frankismoak zigortu eta eraildakoen omenez

 

Memoria historikoa errekuperatu nahian gabiltzanok ongi dakigu (batzuek besteek baino hobeto) gerra garaian eta ondoren ere bai, benetako genozidioa eragin zuela Frankismoak. Giza eskubide guztiak urratu ziren zigorraz eta heriotzaz baliatuz, eta aise esaten bada ere, ehunka milaka lagun izan ziren desagerraraziak. Lezoko herria ez zen horretan ere salbuespen izan, eta gaur gure artean ditugu oraindik zigortu batzuk eta zigortutako batzuen familiartekoak, egitate horien lekuko.

Eta harrezkero, tristeziaz beteriko urte mordoa pasa bada ere, zigortutakoen familia berauek ari dira kasu askotan beren senitartekoak aurkitzeko lanetan, ardura hori desagerrarazi zituen Estatuarena litzatekeenean. Estatuak beharko lukeelako giza eskubideak errespetatzen lehena, eta eragindako kalteak konpontzen saiatzen lehena.

Bestalde, arestian aipatu dugun bezala genozidioaren burua Francisco Franco izan zen, eta gizatxar honen jarraitzaileak herri guztietan zeuden, gurean ere bai, jakina. Hori ongi ikus daiteke orduko Udala osatzen zutenek 1949ko abuztuaren 22an hartu zuten erabakian. Francori "esker ona" adierazteko "ohorezko alkate" izendatzea erabaki hartu baitzuten. Kontrakorik erabaki ezean, indarrean segitzen duen erabakia, hain zuzen ere.

Ez dugu uste agintari eredugarritzat har litekeenik hainbeste sufrimendu eragin duen inor, aitzitik, iraingarri eta iseka egingarri irizten diogu.

Horretxegatik, sufrimenduaren jasale izan ziren herritarrentzat ez ezik, beraien familiartekoei zor diegun begirunea aldarrikatu nahi dugu eta egoera haren eragile, sustatzaile eta borrero guztiak mereziko luketen zigorraz ezin den arren, guttienez, gure esku dagoen neurrian, behean sinatu dugunok zera eskatu nahi diogu Udalbatza honi:

1949ko abuztuaren 22ko erabakia bertan behera uztea. Francisco Franco Bahamonde jeneral faxistari Lezoko Ohorezko Alkate izendapena kentzea, alegia".

Uste baitugu horrelako ekintzen bitartez berreskura ditzakegula, hein batean bederen, Frankismoak kendu zizkigun egiazko balore demokratikoak. Faxismoari aurre eginez. Eta, orain arte, bizia eman zuten haien alde edo haiekiko begirunez deus egiterik izan ez badugu ere, guttienez berauen familiak defenda ditzagun, dagozkien eskubideak errespetatuak izan daitezen.

Fabian Iparragirre Manzisidor

Rosa García Lizarraga,

Jose Mª García Ruiz

Insausti Ormaburu familia

Eustakio Areitioren familia

Labordeta-Bergara familia

Agustina Pontesta Garmendia

Ander Leon Nanclares

Joxe Luix Agirretxe Mitxelena

1949ko abuztuaren 22an Lezoko Udal frankistak harturiko erabakia:

"SESION EXTRAORDINARIA DEL DIA 22 DE AGOSTO DE 1.949

 

Señores Asistentes

 

Don Nicolás Larrea

" Enrique Iparraguirre

" Prudencio Oyarzabal

" José Irazu

" Francisco Salaverria

" Tiburcio Ascasibar

" Gervasio Isasa

En el Salón de sesiones del Ayuntamiento de la Universidad de Lezo; siendo las trece horas del día ventidós de Agosto de mil novecientos cuarenta y nueve; previa y reglamentariamente convocados; reuniéronse los Señores Concejales cuyos nombres y apellidos se consignan al margen, bajo la Presidencia del Sr. Alcalde Don Luis Aranjuelo Basterrechea con asistencia del Secretario de la Corporación Municipal Sr. Gregorio Merino Rico.

Abierto el acto por el Sr. Alcalde; se dio cuenta y lectura de un telegrama recibido el día diez y ocho de los corrientes y procedente éste del Excmo. Sr. Gobernador Civil de esta provincia manifestando haber demostrado el deseo su Excelencia el Jefe del Estado recibir en visita y en audiencia a todos los Señores Alcaldes de esta Provincia.

La Presidencia como deferencia y honor al invicto Caudillo, que tan amablemente ha tenido la delicadeza de recibir en audiencia a mentadas Autoridades y creyendo con esto un honor de justicia a quien se ha hecho acreedor a tales alabanzas por sus relevantes méritos, cualidades, prestigio y honradez inviolables en los designios en que la Providencia le puso al servicio de la Patria, Salvador por lo tanto de nuestra Santa Cruzada; propone a sus compañeros de Corporación el nombramiento de alcalde-honorario de este Municipio en favor de su Excelencia el Jefe del Estado.

Todos los Señores asistentes ven con agrado tan acertada iniciativa y por unanimidad acuerdan: Confirmar las manifestaciones hechas por la Presidencia.

No teniendo más asuntos de que tratar, el Sr. Alcalde Presidente declaró cerrado el acto a las catorce horas del mismo día, mes y año; del que mandó extender la presente acta; que leído por mí el Secretario, la encontraron conformes y en prueba de ser cierto y bien compenetrados del contenido de la misma; firman la mencionada Acta en sesión del Sr. Alcalde de todo lo cual yo el Secretario propietario, Certifico

(Siguen firmas rubricadas)"

Jendartetik emakume batek esan du nola bere aita fusilatu zuten errepublikarra izateagatik eta nola ondoren ere, bere familia ez zuten bakean utzi. Esan du harritu egiten dela erabaki hau oraindik indarrean egotearekin.

Jendartetik beste emakume batek eskatu du herrian oraindik egon daitezkeen ikur frankistak kentzeko eta gogoratu du kendu berriak direla San Pedro auzoko etxeetan zeudenak.

Mozioa bozkatu eta aho batez onartu da. Ondorioz, 1949ko abuztuaren 22ko erabakia bertan behera utzi da, hau da, Francisco Franco Bahamonde jeneral faxistari Lezoko Ohorezko Alkate izendapena kendu egin zaio.

1.- Egoki irudituz gero, 2009ko ekainaren 19ko, uztailaren 30eko, urriaren 7ko eta urriaren 28ko bileren aktak onartzea.

Lau aktak aho-batez onartu dira inolako zuzenketarik gabe.

2.- Alkatearen D09/00751 eta D09/00671 dekretuak berresteko proposamena (2009H0450011) eta 2009H0450009).

Alkateak dio D09/00751 dekretuaren bidez 2009ko abuztuaren 6ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluko uztailaren 21eko 24/2009 Foru Dekretuari auzia jarri zaiola. Dekretu horren bidez, behin betiko onartu da Gipuzkoako Hiri Hondakinetarako Azpiegituren Lurralde Plan Sektoriala. Alkateak gogoratu du 2008ko uztailaren 15eko osoko bilkuran Hondakinen Kudeaketarako Dokumentuari alegazioak egitea onartu zela, eta orduan hartutako arrazoiengatik errekurritu dela Plan Sektoriala ere.

Kepa Garbizuk dio nahiago duela horrelako erabakiak aurrez beraiekin kontsultatzen badira.

Bozkatu eta dekretua berretsi egin da: alde zazpi boto izan dira eta hiru aurka (Kepa Garbizu, Enrique Figueroa eta Mikel Antxon Arrizabalaga). Ondorioz, erabaki hauek hartu dira:

BAT: Errekurtsoa jartzea uztailaren 21eko 24/2009 Foru Dekretuari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak egun horretako bilkuran onartutakoari; dekretu horren bidez, behin betiko onartu da Gipuzkoako Hiri Hondakinetarako Azpiegituren Lurralde Plan Sektoriala. (GAO, 146 zk., 2009-08-06koa).

BI: Udal honen interesak defendatzeko eskatzea Germán Ors Simon prokuradoreari eta Yolanda López de Luzuriaga Beltrán de Heredia abokatuari.

HIRU: Auzietarako ahalmen orokor eta berezia ematea honako prokuradore eta abokatu hauei:

  • Donostiatik: Ainhoa Kintana Martínez eta Saioa Etxabe Azkue.
  • Bilbotik: Germán Ors Simón eta Isabel Apalategui Arrese.
  • Madrildik: Jose Luis Martin Jaureguibeitia eta Ana Isabel Lobera Argüelles.

Berrestera aurkeztu den bigarren dekretuaren inguruan, D09/00671 zenbakikoa, alkateak bere edukia azaldu du: haren bidez Pasaiako Portu Agintaritzak birformulaturiko Portuko Plan Bereziari Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatu Kontseiluak ekainaren 23an haserako onarpena ematen dion akordioaren aurka auzia tarteratzea erabaki du. Gogoratu du alkateak aurrez, osoko bilkura behin baino gehiagoetan erabaki duela Portuko Plan Berezien inguruan, adibidez 2008ko apirilaren 9an.

Kepa Garbizuk aurreko bozketan esandako bera errepikatu du, hau da, nahiago duela horrelako erabakiak aurrez beraiekin kontsultatzen badira.

Bozketa egin eta dekretua berretsi da aldeko zazpi botoekin eta ezezko hiru botoekin (Kepa Garbizu, Enrique Figueroa eta Mikel Antxon Arrizabalaga). Hauek dira berretsitako erabakiak:

BAT: Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatu Kontseiluak ekainaren 23an hartutako akordioaren aurka, zeinaren bidez Pasaiako Portu Agintaritzak birformulaturiko Portuko Plan Bereziari haserako onarpena ematen zaion.

 

BI: Udalaren defentsa udaleko zerbitzu juridikoetako letratu den Aitor Iztueta Garaikoetxearen kargu uztea; eta prozesuko ordezkaritza Yolanda Kortajarena Martínez, auzitegiko prokuradorearen kargu.

3.- 2009ko udal aurrekontuaren aldaketa diktamena. Transferentzia 030008 (2009KO020005).

Alkateak Ogasun Batzordearen diktamena onartzea proposatu du. Honela dio diktamenak:

"Kreditu Aldaketaren espedientea egiten ari denez, 2009ko aurrekontuko gastuen partiden arteko kreditu transferentziaz, 2009ko azaroaren 26ko D09/00849 dekretuaren bidez hasia, Ogasun eta Kontuetako Batzordeak, 2009ko azaroaren 26an egindako bilkuran, Haritz Salaberria, Jon Legorburu eta Iñigo Esnaola zinegotzien aldeko boto ponderatuekin behean heldu den proposamena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Kreditu Aldaketarako espedientea onartzea, gastuen aurrekontu partida batzuen artean kreditu-transferentziarengatik identifikazio zk. 30008/2009, 2009-11-26koa eta zenbatekoa 60.000€."

Bozkatu eta onartu egin da diktamena: alde sei boto izan dira eta lau abstentzio (Kepa Garbizu, Enrique Figueroa, Mikel Antxon Arrizabalaga eta Roberto Sánchez).

4.- Lezoko udal langileen lanaldia onartzeko diktamena (2009PE290002).

Barne Batzordean onartutako diktamena azaldu du Jon Legorburuk. Honela dio diktamenak:

"Udalbatzak, 1999ko otsailaren 24an egindako bilkuran, 32 orduko asteko lanaldia ezartzea eta Lezoko udal langile guztiei aplikatzea erabaki zuen.

Ondoren, Gobernu Batzordeak, 1999ko martxoaren 10ean egindako bilkuran, udal langileen barne araudia onartu zuen, 32 orduko asteko lanaldiaren ondorioz sortutako hainbat alderdi garatzeko.

Gobernu taldearen ustez, 32 orduko asteko lanaldiak eragina du Udalak herritarrei ematen dien zerbitzuan, eta askotan, garestitu ere egiten du zerbitzu hori. Hori dela-eta, Gobernu taldeak komenigarritzat jotzen du, Euskadiko tokiko administrazio gehienetan egin duten bezala, 35 orduko asteko lanaldia ezartzea Lezoko Udalean.

Haritz Salaberria Goikoetxea, Iñigo Esnaola Arbiza eta Jon Legorburu Arrastuaren botoa alde dela, eta Jesús Mª Martiarena Jacaren abstentzioarekin, Barne gaietarako Batzordeak behean heldu dena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Egun udal honetan indarrean dagoen 32 orduko asteko lanaldia ondoriorik gabe uztea.

BI: 35 orduko asteko lanaldia onartzea eta Lezoko Udal langile guztiei aplikatzea, 2010eko urtarrilaren 1etik aurrera.

HIRU: Erabakiaren aurkako errekurtsoak:

a) Auzitara jo aurretik, eskatzaileak, hala nahi izanez gero, erabakia berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezake 30/1992 Legearen arabera.

  • Horretarako, hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.
  • Errekurtsoa aurkeztekotan Osoko Bilkurara jo behar da.

b) Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezake zuzen-zuzenean.

  • Horretarako, bi hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.
  • Errekurtsoa aurkeztekotan, EAEko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzitarako Donostiako epaitegira jo behar da."

Jon Legorburuk dio gaur egungo egoera ekonomikoak eta inguruan gertatzen ari denak bultzatu dituela proposamena egitera. Dio udal langileen ordezkaritzak ez diola inongo arazorik jarri proposamenari.

Barne Batzordeko diktamena aho batez onartu da.

5.- 2010 urteko plantila organikoa eta lan postuen zerrenda hasieraz onartzeko diktamena (2009PE290001).

Jon Legorburuk azaldu du Barne Batzordeak onartutako diktamena. Iazkoarekin alderatuz bi aldaketa daudela dio, bi udaltzain gutxiagoko plantila eta etxez etxeko zerbitzuaren koordinatzaile plaza berria gehitzea. Horiek azalduta diktamena onartzeko eskatu dio osoko bilkura kideei. Honela dio diktamenak:

"Indarrean dagoen legerian oinarrituta, tokiko korporazioari dagokio urtero onartzea aurrekontuaren bidez, udal plantila organikoa eta lanpostuen zerrenda.

Haritz Salaberria Goikoetxea, Iñigo Esnaola Arbiza eta Jon Legorburu Arrastuaren botoa alde dela, eta Jesús Mª Martiarena Jacaren abstentzioarekin, Barne gaietarako Batzordeak behean heldu dena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: 2010. urterako udal plantila organikoa hastapenez onartzea.

BI: 2010. urterako lanpostuen zerrenda hastapenez onartzea.

HIRU: Erabakiaren aurkako errekurtsoak:

a) Auzitara jo aurretik, eskatzaileak, hala nahi izanez gero, erabakia berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezake 30/1992 Legearen arabera.

  • Horretarako, hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.
  • Errekurtsoa aurkeztekotan Osoko Bilkurara jo behar da.

b) Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezake zuzen-zuzenean.

  • Horretarako, bi hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.
  • Errekurtsoa aurkeztekotan, EAEko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzitarako Donostiako epaitegira jo behar da."

Roberto Sánchez zinegotzia ez dago ados bi udaltzain kentzearekin, horrek akaso gaueko txanda kentzea suposatuko duelako. Bere ustez gaueko zerbitzua beharrezkoa da. Horregatik proposamenaren aurka bozkatuko omen du.

Jon Legorburuk dio berak ez duela esan gaueko txanda kenduko denik, kopuru berriarentzako antolaketa egokiena begiratzen ari omen dira. Alkateak dio udal aurrekontuak izaten ari diren diru sarreraren gutxiagoatzearekin zer ikusi zuzena duela neurriak: zergetatik bildutako diru banaketan fondo foraletik jasotzen den dirua nabarmen jaitsi da azken bi urtean eta jaisten jarraituko duela dio alkateak. Ondorioz, gastua neurri berean murriztu beharra dagoenez aukera ezberdinen artetik udaltzainena proposatutako bat dela dio alkateak. Eta Legorburuk esan bezala, aztertzen ari omen dira gaueko zerbitzua ematea eta nola ematea, udaltzain bakarrarekin edo beste herriren batekin hitzartuta.

Kepa Garbizu ere ez dago ados proposatutako plantilarekin. Diru kontuei buruz dio krisiaren ondorio larririk gabe ere, udalaren kontuak gaizki zeudela, 2008ko udal kudeaketa ekonomikoa tamalgarria izan zela eta likidazioa negatiboekin itxi zela. Alkateak erantzun dio 2009 positiboan itxiko dela, 2008ko zuloari buelta emanez, nahiz eta fondo forala ikaragarri jaitsi eta aldundiari bueltatu beharreko guztiak bueltatuko diren. Plantilaren kontuaren gastu korronteaz ari garela gogoratu du, non fondo foraletik sartzen den diru kopuruak eragin zuzena duen.

Diktamena bozkatu eta onartu egin da aldeko sei botorekin, aurkako batekin (Roberto Sánchez) eta hiru abstentziorekin (Kepa Garbizu, Enrique Figueroa eta Mikel Antxon Arrizabalaga).

6.- 2010. ekitaldirako udal aurrekontua onartzeko diktamena (2009KO290005).

Alkateak Ogasun batzordean onartutako diktamena aurkeztu du. Udal aurrekontua departamentu-buru eta langileen ordezkariei aurkeztu zaiela ere esan du. Honela dio diktamenak.

"2010ko Udal Aurrekontua lantzeko eta onartzeko tramitatzen ari den espedientea ikusirik, Ogasun eta Kontuetako Batzordeak, 2009ko Azaroaren 26an egindako bilkuran, Haritz Salaberria, Iñigo Esnaola eta Jon Legorburu zinegotzien aldeko botoekin, behean heldu den proposamena diktaminatu du osoko bilkuran onar dadin:

BAT: Hasierako onarpena ematea 2010. ekitaldiko Udal Aurrekontuari. Hona hemen aurrekontua atalez-atal zehaztuta:

KKap

AZALPENA

GASTUAK

Kap

AZALPENA

SARRERAK

2010

2010

11

Pertsonal Gastuak

2.700.000

1

Zuzeneko zergak

2.000.000

22

Gastuak ondasun arrunt.

2.592.500

2

Zeharkako zergak

250.000

33

Finantza gastuak

200.000

3

Tasak eta bestelako zergak

1.080.000

44

Transferentzia arruntak

1.194.500

4

Transferentzia arruntak

3.746.000

56

Inbertsio errealak

938.000

5

Ondare-sarrerak

211.000

68

Finantza aktiboak

12.000

6

Hirigintzako Jarduerak

800.000

99

Finantza pasiboak

600.000

7

Kapital transferentziak

138.000

8

Finantza aktiboak

12.000

GUZTIRA

8.237.000

GUZTIRA

8.237.000

BI: Informazio publikorako hamabost egunetako epea irekitzea, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta iragarki oholtzan iragarkia argitaratuz, alegazioak aurkez daitezen."

Alkateak berak dokumentuari aldaketa batzuk egitea proposatu du:

- 01.227.07.313.30 partida izena aldatzea: dokumentuan "kaleko hezitzaileak" dio eta "Ingurune irekiko programa" deitzea proposatzen du.

- 01.227.85.531.00 partida, Behemendi: Belar bolak, 108.000 €tan gutxitzea proposatu du. 120.000 € zeuden lehen partidan eta orain 12.000 €tan geldituko litzateke. Alkatearen esanetan nabarmena da akatsa zegoela partidan.

- 01.481.02.455.10 partidari, Dirulaguntzak, 15.000 € gehitzea proposatu du.

- 01.220.02.451.10 partidari, Geure argitalpenak, 7.300 € gehitzea proposatu du.

- 455.10 funtzionalean partida berria sortzea proposatu du, 77.000 eurotako kontsignazioarekin, "KDT/merkataritza/hitzarmengintza" izenburupean.

- 451.10 funtzionalean partida berria sortzea proposatu du, 1.500 eurotakoa "Ehiza elkartea hitzarmena" izenarekin.

- 455.10 funtzionalean partida berria sortzea proposatu du "Aisialdia" deiturarekin eta 7.200 eurotako kontsignazioarekin.

Alkateak dio proposatutako zuzenketak eta aldaketak mantentzen dutela aurrekontuaren oreka eta partida batean gutxitzen diren 108.000 euroak beste bi partida handitzen eta hiru partida berritan erabiltzea proposatzen duela. Ondorioz, alkatearen proposamen berriaren arabera, diktamenean jasotzen den aurrekontuaren lauki laburpenean, gastuaren zutabean, II. Kapituluaren guztirako kopurua gutxitu egingo da 16.500 eurotan (-108.000 + 7.300+ 77.000 + 7.200), kantitate berria 2.576.000 € izanik eta IV kapitulua 16.500 eurotan handituko da (15.000 + 1.500), guztirako kopuru berria 1.211.000 euro izanik. Horiek dira laukian proposamenak eragiten dituen bi aldaketak.

Kepa Garbizuk espediente osoa lardaskeria bat dela, besteak beste oraintxe bertan diktamena aldatzeko proposamena egin duelako alkateak. Salatu du inoiz baino denbora gutxiago eduki izana dokumentua aztertzeko.

Alkateak galdetu du ea beste inork nahi dioen emendakinik aurkeztu aurrekontuari. Kepa Garbizuk dio bazuela asmoa, baina ez dituela egingo onarpen prozedura nola doan ikusita, azken orduko aldaketekin.

Alkateak dio gobernu taldearen lehentasun bat dela aurrekontu onartuekin urtea hastea. Onartzen du ez dela perfektua, eta behar diren aldaketak izango dituela urtean zehar, baina baita ere onartzen dio aurrekontuari beharrezko diren planifikazio eta kontrol tresna izatea.

Kepa Garbizuk dio ez duela ikusi eguneko zentroaren ekipamendurako eta funtzionamendu gastuetarako inolako gastu partidarik eta horrek funtzionatzen jarri nahi bada aurrekontu aldaketa eskatuko duela. Alkateak dio Foru Aldundiak udalari ematen dioen diruaz aparte udalak ez duela ezer gastatuko.

Roberto Sánchezek galdetu du zer proiektu egin nahi diren. Jon Legorburuk dio ezin dela gauza handirik egin 75.000 eurorekin Estatuko dirulaguntzak eskuratzeko proiektuak idatzi beharko direlako eta gutxi geratuko delako beste ezertarako. Obretan, Jauregialdekoa egingo dela esan du.

Alkateak proposatutako aldaketekin diktamena bozkatu da eta onartu egin da aldeko sei botorekin eta kontrako laurekin (Kepa Garbizu, Enrique Figueroa, Mikel Antxon Arrizabalaga eta Roberto Sánchez), ondorengo erabakiak hartuz:

BAT: Hasierako onarpena ematea 2010. ekitaldiko Udal Aurrekontuari. Hona hemen aurrekontua atalez-atal zehaztuta:

KKap

AZALPENA

GASTUAK

Kap

AZALPENA

SARRERAK

2010

2010

11

Pertsonal Gastuak

2.700.000

1

Zuzeneko zergak

2.000.000

22

Gastuak ondasun arrunt.

2.576.000

2

Zeharkako zergak

250.000

33

Finantza gastuak

200.000

3

Tasak eta bestelako zergak

1.080.000

44

Transferentzia arruntak

1.211.000

4

Transferentzia arruntak

3.746.000

56

Inbertsio errealak

938.000

5

Ondare-sarrerak

211.000

68

Finantza aktiboak

12.000

6

Hirigintzako Jarduerak

800.000

99

Finantza pasiboak

600.000

7

Kapital transferentziak

138.000

8

Finantza aktiboak

12.000

GUZTIRA

8.237.000

GUZTIRA

8.237.000

BI: Informazio publikorako hamabost egunetako epea irekitzea, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta iragarki oholtzan iragarkia argitaratuz, alegazioak aurkez daitezen."

7.- Festa Batzordearen araudia onartzeko diktamena (2009KU290001).

Iñigo Esnaolak azaldu du Kultura Batzordearen diktamena. Honela dio diktamenak.

"Iñigo Esnaola, Haritz Salaberria eta Jon Legorbururen botoa alde dela, kultur batzordean zeuden zinegotzi bakarrak Kultura Batzordeak behean heldu dena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Hasierako onarpena ematea Festa batzordearen antolaketa eta funtziona-mendurako araudia.

BI: Informazio publikorako hilabeteko epea irekitzea, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta iragarki oholtzan iragarkia argitaratuz, alegazioak aurkez daitezen."

Iñigo Esnaolak dio festa batzordearen funtzionamendurako barne araudia dela. Deialdiak, aktak, partehartzeak, e.a., arautzen dituen araudia. Batzordeari batzorde sektorialaren izaera eman nahi zaiola esan du, ROF-aren 130. artikuluan xedatutakoa. Gogoratu du duela sei hilabete pasa zitzaiela zirriborroa zinegotziei eta hiru bilera egin direla herriko elkarteekin eta bilera horietara zinegotziak gonbidatuak izan direla. Hasierako onarpena ematen bazaio jendaurreko epea izango dela dio, aukera izanik alegazioak edota aldaketak proposatzeko.

Alkateak dio araudian jasotzen dena azken bi urteetan festa batzordeak izan duen funtzionatzeko era dela. Dio ez dela udal batzorde informatibo bat eta ez duela erabaki ahalmenik. Esan du beste udal araudiak errespetatuko dituela, dirulaguntzena barne. Araudia elkarteekin landu bezala aurkezten da. Behar bada findu eta zuzenketa batzuk egin beharko zaizkiola jendaurreko epean. Elkarteekin tratatuko omen dira eta gero berriz plenoari aurkeztuko omen zaizkio.

Oposizioko zinegotziek araudiari buruzko idazkariaren txostena eskatu dute. Idazkariak ohartarazi die, txosten eskaera jaso eta izan dituen bi lan egunetan ezin izan duela idatziz txostena egin, egingo duela. Dena den, ahoz, bilkura honetan araudiari buruzko oharpen batzuk egin ditu. ROF-aren 130. eta 131. artikuluak irakurri ditu, kontseilu sektorialei buruzkoak. Idazkariaren iritziz bi artikulu hauen arabera egin behar da araudia eta aurkeztuta testuan moldaketa batzuk egin beharko dira, batik bat testuan batzorde eta erabaki hitzen esanahi eta izaera zehazteko. Baita ere dirulaguntzen banaketan izango duen partehartzea zehaztuz.

Elkarteekin landutako eta kultura batzordean diktaminatutako testua bozketara jarri du alkateak jendaurreko epe ondoren eta idazkariaren txostenaren ondoren berriro ere kultura batzordean moldaketak egitearen kaltetan izan gabe. Diktamena onartu egin da, sei boto izan dira alde eta lau abstentzio (Kepa Garbizu, Enrique Figueroa, Mikel Antxon Arrizabalaga eta Roberto Sánchez).

8.- Euskara Biziberritzeko Plan Nagusian (EBPN) Plan Estrategikoak eta Kudeaketa Planak onartzeko diktamena (2009KU290002).

 

Alkateak azaldu du batzordearen diktamena. Honela dio diktamenak:

"Iñigo Esnaola, Haritz Salaberria eta Jon Legorbururen botoa alde dela, kultur batzordean zeuden zinegotzi bakarrak Kultura Batzordeak behean heldu dena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Hasierako onarpena ematea Euskara Biziberritzeko Plan Nagusian (EBPN) sartzeko eta baldintzak onartzeko proposamenari."

Alkateak dio beharrezkoa dela osoko bilkuraren adierazpena euskara biziberritzeko plan nagusian sartzeko. Horretarako plan estrategikoa onartzea proposatu du eta baita Kudeaketa planak ere, nahiz eta hauen onarpena orain beharrezko ez izan.

Roberto Sánchez ados dago proposamenaren ildo nagusiekin, ez ordea kudeaketa planetan jasotzen diren zenbait esaldirekin, non elebitasuna zalantzan jartzen den. Horregatik plan estrategikoa eta kudeaketa planak bereiztuta bozkatzea eskatu du.

Plan estrategikoa onartu egin da aldeko bederatzi botokin eta abstentzio batekin (Mikel Antxon Arrizabalaga) eta Kudeaketa planak ere onartu egin dira aldeko zortzi botokin, aurkako boto bat (Roberto Sánchez) eta abstentzio bat (Mikel Antxon Arrizabalaga).

9.- Tomas Garbizu Lezoko Udalaren Musika Eskolaren Barne Araudia (EBA) (2009KU290003).

Alkateak diktamenaren onartzea proposatu dio osoko bilkurari. Zehaztu du jendaurreko epean alegaziorik egon ezean behin betiko onarpena automatikoa izango dela beste erabakiren beharrik gabe. Honela dio diktamenak:

"Iñigo Esnaola, Haritz Salaberria eta Jon Legorbururen botoa alde dela, kultur batzordean zeuden zinegotzi bakarrak Kultura Batzordeak behean heldu dena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Hasierako onarpena ematea Tomas Garbizu Lezoko Udal Musika Eskolaren Barne Araudi Berriaren (EBA) onartzeko proposamena.

BI: Informazio publikorako hilabeteko epea irekitzea, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta iragarki oholtzan iragarkia argitaratuz, alegazioak aurkez daitezen."

Iñigo Esnaolak azaldu du araudiaren nondik norakoa, egindako aldaketak eta horien lanketan langile eta zinegotziek izan duten partaidetza.

Diktamena ahobatez onartu da.

10.- Tomas Garbizu Lezoko Udalaren Musika Eskolaren funtzionamenduzko bost araudi onartzeko diktamena (2009KU290004).

Alkateak diktamenaren onartzea proposatu dio osoko bilkurari. Honela dio diktamenak:

"Iñigo Esnaola, Haritz Salaberria eta Jon Legorbururen botoa alde dela, kultur batzordean zeuden zinegotzi bakarrak Kultura Batzordeak behean heldu dena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Hasierako onarpena ematea Tomas Garbizu Lezoko Udal Musika Eskolaren araudiak onartzea."

Bost barne araudiren behin betiko onarpena proposatzen dela zehaztu du alkateak, nahiz eta diktamenak hasierako onarpena dela esan. Bost araudiak hauek dira: musika tresna mailegatzeari buruzko araudia; materiala mailegatzeari buruzko araudia; instalazioak erabiltzeari buruzko araudia; langileak trebatzeko araudia; eskola kontseiluko ordezkariak aukeratzeko araudia.

Bost araudiak ahobatez onartu dira.

12.- Mozioa, gazte mugimenduaren kontrako espainiar estatuaren eraso errepresiboaren aurrean aurkeztutakoa (2009AL050006).

Jaione Lekuona zinegotziak irakurri du mozioa:

"Azaroaren 23an euskal gazte independentisten aurkako beste operazio poliziala eta judizial bat burutu zuten. Horren ondorioz, hegoaldeko lau herrialdetan Euskal Herriaren eskubideen defentsan aritu diren 34 gazte atxilotu zituzten. Poliziek 90 bat miaketa burutu zituzten: etxeak, gaztetxeak, elkarteak, peñen egoitzak, tabernak...

Atxiloketa hauek arrazoi politikoak direla medio burutzen dituzte, oinarrizko eskubideak urratuz eta berme juridikoak ukatuz. Kasu honetan operazio mediatiko-poliziala erabiliz. Bestalde, esan beharra dugu, makro-operazio hau testuinguru politiko zehatz batean egiten dela.

Izan ere, hilabete hauetan ezker abertzalea eztabaida sakonean murgildua dago. Euskal Herria aldaketa politikora eraman eta eskenatoki demokratiko bat eraikitzeko estrategia eraginkorra definitzeko lanean dabil, eta argi dago honi beldurra diola Estatu espainiarrak. Eztabaida hau eta ezker abertzalearen iniziatiba politikoa zapuzteko Estatuak horrelako operazio errepresiboak burutuko zituela jakina zen, izan ere, errepresioa da Estatu espainiarrak duen tresna bakarra.

Azken aste hauetan burutu diren atxiloketak eta espetxeratzeko agindu horien atzean, estatuak ideia jakin batzuk dituzten herritarrei parte hartze politikorako eskubidea ukatzeko jarrera politikoa ezkutatzen du. Bestalde, aldaketa politiko eta soziala eman ez dadin, estatuak aldaketa horren motorra gripatu nahi du: ezker abertzalea eszenatoki politikotik atera nahi du.

Historia luzea du gure herriak, eta luze, luzeegi, jo du gatazkak. Udal hau osatzen dugun guztiok ondo baino hobeto dakigu errepresioaren bidea ez dela bidea. Errepresioak ez dio gatazkari konponbidea ekarriko. Gatazka gainditzeko errepresioaren aldeko apustuak gainditu behar dira.

Euskal herritarroi hitza eta erabakia zor zaigu, gure etorkizuna askatasun osoz eta egitasmo politiko guztien artean erabakitzeko eskubidea errespetatzean datza konponbidea.

Hau guztia dela eta, honako mozio hau aurkezten dugu Udalbatzak eztabaida eta onar dezan:

1.- Udal honek bere elkartasun osoa helarazi nahi die egun hauetan atxiloturiko gazte guztiei eta euren senide zein lagunei. Halaber, inkomunikazio erregimenak, legeria antiterroristak eta dispertsioak eragiten duten eskubideen urraketa salatu nahi du.

2.- Udal honek euren jardun politiko eta sozialagatik espetxeratuak izan diren gazte independentista hauek berehala aska ditzatela exijitzen du.

3.- Udal honek gazte mugimendu, erakunde politiko, sozial eta komunikabideen aurka zabaldutako prozesuetan gutxieneko berme juridikorik ez duten ehundaka pertsonei bere elkartasuna helarazi nahi die.

4.- Udal honek espainiar estatuaren jardunbide antidemokratiko, autoritario eta errepresiboak salatzen du. Jardunbide horrekin irtenbide bakarra gatazka luzatzea delarik.

5.- Udal hau osatzen dugunok ez gaude egoera hau onartu eta etsitzeko prest. Horrexegatik, gatazka honi irtenbide demokratikoa bilatzeko gure konpromisoa berresten dugu.

6.- Udal honek atxilotuen askatasuna eskatzeko antolatuko diren elkarretaratzearekin bat egin du eta herritar guztiak deitzen ditu bertan parte hartzera.

7.- Azkenik, onartutakoaren berri herritarrei eta komunikabideei jakinaraztea erabakitzen dugu."

Kepa Garbizuk mozio alternatiboa aurkeztu du. Honela dio mozioak:

"Polizia-operazio hau, gure gizartearen gehiengoak defendatzen duen, giza-eskubide guztien defentsa irmoan eta herri honen gehiengo demokratikoaren borondatearen errespetuan oinarrituko den konponbide elkarrizketatuaren aurkako estrategi politiko batetan kokatzen da.

Euskal herriak, bere egoera politikoari aurre egingo dion prozesu bat bizi du, indartzen ari den prozesu dinamikoa, aipatu diren bi oinarrizko printzipio horiek bultzatuta, bai batzuk eta bai bestek ezarri nahi diguten irtenbide-gabeko eszenatoki politiko honi aurre egiteko.

Guzti honen aurrean, udal onek honakoa adierazten du:

  • 1. Lezoko udalak aipatutako atxiloketak arbuiatzen ditu.
  • 2. Aldarrikatu nahi du alderdi eta irizpide politiko guztien politikarako eskubidea; eskubide hori guztiontzat, baldintza berdinetan, Euskal Herriko gizarte eta politika mailako jardueratan aritzeko. Hortaz, askatasun eta oinarrizko eskubideen defentsak bermea behar du, norbanakoen irizpide politikoekiko eta pertsonen gertutasunarekiko egoeren gainetik.
  • 3. Deia luzatu nahi dio Udalak Estatuko Gobernuari, berari dagozkionetan, eta premiazko erara, bertan behera utzi dezan Alderdi Politikoen Legea, 2002ko ekainaren 27an onartua, aipatu printzipioen aurka egiten baitu bete betean.
  • 4. Udalak, orobat, bere konpromisoa sinatu nahi du giza eskubide guztien defentsa irmoan eta gure herriak etorkizuna demokratikoki erabakitzeko duen eskubidean oinarrituko den normalkuntzaren alde.
  • 5. Lan politikoa egiteagatik herritarrak atxilotu eta espetxeratzea gaitzesten du."

Lehenik mozio alternatiboa bozkatu da eta ez da onartu: alde bi boto egon dira (Kepa Garbizu eta Enrique Figueroa), zazpi boto aurka (Haritz Salaberria, Jon Legorburu, Iñigo Esnaola, Urko Lopetegi, Pili Legorburu, Jaione Lekuona eta Mikel Antxon Arrizabalaga) eta abstentzio bat (Roberto Sánchez).

Ondoren deialdiarekin banatutako mozioa bozkatu eta onartu egin da aldeko sei botokin eta aurkako laurekin (Kepa Garbizu, Enrique Figueroa, Mikel Antxon Arrizabalaga eta Roberto Sánchez).

13.- Mozioa, Benedikto XVI. Aita santuak HIESaren inguruan egindako adierazpenekin desadostasuna agertzeko EHGAMek aurkeztutakoa (2009AL050007).

Urko Lopetegi zinegotziak irakurri du mozioa. Honela dio:

"EHGAMek, Euskal herriko Gay-Les Askapenerako Mugimenduak, ondoko dokumentua aurkezten du, udal bilkuran eztabaidatzeko: Benedikto XVI.a aita santuak preserbatiboaz egiten dituen azalpenen gaineko Mozioa.

JUSTIFIKAZIOA

(1) Vatikanoko Aita Santuaren adierazpena. Yaunderan (Camerun), 2009ko martxoaren 17an, Benedikto XVI.a aita santuak hau esan zuen: "HIESa/GIBaren arazoa ezin da konpondu preserbatiboen banaketarekin; aitzitik, preserbatiboek arazoa handitu egiten dute".

(2) Osasun publikoaren aurkako adierazpena. Martxoaren 19an, berehala, nazioarteko autoritate mediku-zientifikoek -Nazio Batuen HIESa/GIBaren gaineko Egitasmo Bateratuak (ONUSIDAk), Nazio Batuen Biztanleenak (UNFPAk) eta Osasunerako Munduko Erakundeak (OMEk)- iritzi zioten beharrezkoa zela adierazpen publikoa plazaratzea, Aita Santuak esandakoak zuzentzeko. Erakunde horiek adierazi zuten preserbatiboaren erabilera elementu garrantzi-garrantzizkoa dela GIBa modu integral, eraginkor eta jasangarrian aztertzeko. Era berean, preserbatiboaren promozioaren alde azaldu ziren.

Erakunde horiek birritan adierazi dute gizonezkoentzako latexko preserbatiboa dela GIBa eta sexu bidezko infekzioen aurkako teknologiarik eraginkorrena. Esan gabe doa, bide batez, erakunde horiek inpartzialak eta prestigio handikoak direla.

Bestalde, The Lancet aldizkariak, munduko aldizkari mediku ezagunenak, dio Aita Santuaren adierazpenak desegokiak eta okerrak direla: batetik, agintari batek egiten dituelako; bestetik, arrazonamendu zientifikoaren aurkakoak direlako; eta azkenik, uste okerra sortzen dutelako, eta uste oker horiek, gainera, Doktrina Katolikoa indartzeko helburuarekin eginda daudelako.

(3) Oihartzun soziala. Kontuan izan Aita Santuaren adierazpenek mundu-mailan dutela oihartzuna. Halaber, kontuan izan milaka pertsonarengan dutela eragina. Eragin hori, batez ere, GIBak gehien zigortutako lurraldeetan gauzatzen da, non eta GIBaren aurkako tresnarik eraginkorrena preserbatiboa denean.

Gurean, berriz, adierazpen horien eragina nabarmena da. Zergatik?

(a) gurean Eliza Katolikoak duen ezarpenagatik;

(b) apaizek, Eliza Katolikoaren Doktrinaren zabaltzaile diren aldetik, preserbatiboaren eraginkortasuna ukatzen dutelako.

(4) GIBaren aurkako borroka, zientzialariek eta agintari publikoek gauzatu behar dutena. Behar-beharrezkoa den premia hori, urteotan, Estatu eta Gobernuetako agintariek zehaztu dute GIBari buruzko konpromiso-aldarrikapen batean. Konpromiso-aldarrikapen hori Nazio Batuek egindako ezohiko bilkura batean eman zen argitara 2001eko ekainaren 27an: Mundu mailako krisiaren aurrean, mundu mailako ekintza.

Milurtekoaren Ekitaldien helburuetako bat ere bada GIBaren aurkako borroka. 2000. urteko Milurtekoaren Goi-bileran hartu zen erabaki hori. Bertan, munduko agintariek garapena eta gosea desagerrarazteko asmoz, indarrak batuko zituztela hitz eman zuten, 2015. urterako, edota lehenagoko, 8 xede eta 18 helburu zehatz beteta.

Badago kontuan hartu beharreko beste aurrekari bat: Nazio Batuen Erakundeko partaide diren estatuek, 2006ko ekainean, GIBari buruzko goi-bileran, aho batez, egindako aldarrikapen politikoa; eta, bereziki, aldarrikapen horren 22. konpromisoa. Estatuetako agintariek, 22. konpromisoan, honako hau aldarrikatzen dute: " GIBaren infekzioaren prebentzioa, bai estatu, bai lurralde, bai nazioarteko ekintza behar du izan, eta pandemiatzat hartuko da. Gainera, herrialde guztietan, arrisku-joerak gutxitzeko eta joera sexual arduratsuak sustatzeko prebentzio-programa zabalak izango dira. Era berean, erabiltzaileek infekzioak ekiditeko tresnak, hala nola, gizonezkoen, zein emakumezkoen preserbatiboak eskura izango dituzte."

(5) Udal agintarien eskumena, osasun publikoaren gainean. Osasunaren gaineko Lege Orokorrak eta Toki Erregimenaren Oinarrien gaineko Lege erregulatzaileek udal erakundeei egozten diete osasun publikoaren gaineko eskumena eta erantzukizuna; baita lehen mailako osasun-harreraren kudeaketa ere. Ez da udalbatza honen eginkizuna, jakina, katolikoen arteko kastitatea bultzatzeko Vatikanoko politikak baloratzea. Aitzitik, udalbatzaren lana da, agintari batek osasun gaineko sasi-mezua zabaltzen duenean, mezu hori salatzea; mezu horrek, gainera, egia zientifikoa urratzen duenean; eta argi dago preserbatiboak GIBa saihesten duela.

Ezaguna da erakunde publikoek GIBaren aurkako borrokan, gurean, duten kezka. Kezka horren isla izan dira (a) gizatalde askoren ekimenak eta (b) GIBaren aurkako borrokan, botere publikoen esku hartzeko borondatearekin jarraitu nahi izatea, batez ere, Afrika azpi-sahararrean. Horren adibide da Eusko Jaurlaritzak GIBaren aurkako programari emandako 400.000 euroak.

Gainera, asko eta asko dira, Aita Santuak esandakoaren eraginez, kolokan gera daitezkeen ekimen sozialak, kooperazio-egitarau desberdinetan aurreikusita daudenak. Horiek ere, batez ere, Afrikan. Benedikto XVI.a aita santuak esandako hitzek milioika eta milioika pertsonen osasuna arriskuan jartzen dute. Halaber, sinesmen baten defentsa dena aholku mediku batekin nahas daiteke.

(6) GIBaren aurkako borroka eta politikoen laguntza. 2009ko apirilaren 2an, Belgikako Parlamentuak Ebazpen-proposamena onartu zuen. Proposamen horri begira dago mozio hau. Ebazpen-proposamen horretan, Benedikto XVI.ak egindako adierazpenak ezesten dira.

Hain dira larriak Aita Santuak egin dituen adierazpenak; eta hainbesteko eragina izan dezakete behin eta berriro esparru desberdinetatik egin diren adierazpen horiek, ezen pentsatzen dugun edonongo autoritate publiko edota arduradun sanitario, udal agintariak barne, EZIN dela burumakur gelditu sasi-adierazpen horien aurrean. Halaber, GIBaren eraginpean eta garapen bidean dauden herrialde asko eta asko, batez ere Afrikan, kinka larrian jartzen ditu.

Horregatik guztiagatik, beste erakunde-egoitzetan egin den moduan, zuei ere gauza bera eskatzen dizuegu eta honako hau aurkezten dugu

MOZIOA

(1) Udalbatza, kezkatuta egoteaz gain, ez dago ados Benedikto XVI.a aita santuak esandakoekin. Benedikto XVI.a aita santuak esan zuen "HIESa/GIBaren arazoa ezin dela konpondu preserbatiboen banaketarekin; aitzitik, preserbatiboek arazoa handitu egiten dutela". Udalbatzak adierazten du gizonezkoentzako latexko preserbatiboa dela GIBa eta sexu bidezko infekzioen aurkako teknologiarik eraginkorrena.

(2) Udalbatzak GIBaren aurkako borroka sustatuko du. Horretarako, zehaztasun zientifikoetan oinarrituko da, eta, era berean, preserbatiboaren erabileraren sustatzaile izango da, sexu bidezko gaixotasunen aurkako metodo eraginkorra delako."

Kepa Garbizuk mozio alternatiboa aurkeztu du. Honela dio:

"Udal agintarien eskumena, osasun publikoaren gainean

 

Osasunaren Lege Orokorrak eta Toki Erregimenaren Oinarrien Lege erregulatzaileak, bere 2. artikuluan, h eta i ataletan, udal erakundeei egozten diete osasun publikoaren gaineko eskumena eta erantzukizuna; baita lehen mailako osasun-harreren kudeaketa ere.

Edonola ere, osasun-sistema moderno eta aurrerakoi baten antolakuntza, Lezo bezalako udal baten eskumenetik at geratzen dela kontuan izanik, Osakidetzaren ardura dela ulertzen dugu.

Betalde, egia da, nazioarteko osasunaren inguruan zeresana duten erakunde guztiek bat egiten dutela, GIB, Giza Inmunodefizientziaren Birusa, izeneko gaixotasunari mugak eta eraginkorrean jartzeko bide zuzenena preserbatiboaren erabilpenetik pasatzen dela baieztatzerakoan.

Beraz, honako mozioa aurkezten dugu:

  • Irizpide zientifiko hutsez baliatuz, gizonezkoentzako latexko preserbatiboa da GIBa eta sexu bidezko infekzioen aurkako teknologiarik eraginkorrena.
  • Udalbatzak GIBaren aurkako borroka sustatuko du. Horretarako, zehaztasun zientifikoetan oinarrituko da, eta, ere berean, preserbatiboaren erabileraren sustatzaile izango da, sexu bidezko gaixotasunen aurkako metodo eraginkorra delako."

Lehenik mozio alternatiboa bozkatu da eta ez da onartu: alde lau boto egon dira (Kepa Garbizu, Enrique Figueroa, Mikel Antxon Arrizabalaga eta Roberto Sánchez) eta sei aurka (Haritz Salaberria, Jon Legorburu, Iñigo Esnaola, Urko Lopetegi, Pili Legorburu eta Jaione Lekuona).

Ondoren deialdiarekin banatutako mozioa bozkatu eta onartu egin da aldeko zazpi botokin, aurkako bi (Kepa Garbizu eta Enrique Figueroa) eta abstentzio bat (Roberto Sánchez).

14.- Alkatearen, Organo kolegiatuetako udal-ordezkarien eta delegatuen txostenak.

Iñigo Esnaolak, kirol eta kultura arloan dauden berrikuntzak komentatu ditu: datorren abenduaren 20an ospatuko den Kirolaren Eguna zertan datzan azaldu du; Lezoko ondarearen inguruan egin den liburuaren aurkezpena eta Nafarroaren historiaren inguruan ekoiztu den DVDa aipatu ditu; Musika Eskolaren finantzazioari buruzkoak ere aipatu ditu eta, azkenik, KZgunearen gela udalak berreskuratzeko aukeraz aritu da.

Jon Legorburuk, martxan dauden obren ingurukoak komentatu ditu: Saldise Plaza Santo Tomas egunerako bukatu nahi dela; Guillermo de Lazonen azken ukituak ematen ari direla; eguneko zentrokoak hasi direla eta Piku kale ondoko autobus geltoki ingurukoak laster hasiko direla. Aipatu du Gaintza eta Zubitxo kaleetako maldetako baldosa lazteko tratamendua egingo dela hain labainkorrak izan ez daitezen. Baita ere esan du, Markesane ingurua aztertu eta txukuntzeko Eskola Tailerra egingo dela 2010ean, Aranzadi Zientzi Elkartearen ardurapean eta INEM-ren dirulaguntzarekin, S-1eko urbanizazioaren 2. fasea hastear dagoela, Jauregialde inguruko urbanizazio lanak urtarrilean esleituko direla, Algeposarekin 6 poligonoaren inguruan hitzarmen urbanistikoa sinatuko dela hilabete honetan eta 107 poligonoko lursailaren salmenta hilabete honetan kobratuko dela.

Alkateak Gizarte Zerbitzuen ingurukoak komentatu ditu. Gero eta zerbitzu eskari gehiago dagoela, behar bada egoera ekonomikoaren okertzearen ondorioz. Etxez etxeko zerbitzuan itxaron zerrenda dagoela dio. Horretaz gain, Udala egiten ari den Berdintasun diagnostikoaren inguruan pasa zaien inkesta gogoratu die zinegotziei. Bestalde, Eguneko zentroaren inguruan Aldundiarekin biltzekoak direla dio, zerbitzu eskumena norena den zehazteko.

Euskara arloko gaietan, alkateak ondorengoak komentatu ditu: Euskararen Biziberritze Plan Nagusirako batzordea eratuko dela datozen egunetan, behin bere eraketa adostu eta gero. Dio gainontzeko programetan jendea badabilela, bai Kuadrillategi, euskaltegi eta abarretan. Banatzeko zeuden dirulaguntzak banatu dituztela dio eta Oarsoaldeak burutzen dituen programak normaltasunez ari direla osatzen.

15.- Galde-eskeak.

1.- Roberto Sánchezek, proposamen batzuk aurkeztu zituela dio aurrekontuetarako eta ez duela haien arrastoen berri izan onartutako aurrekontuetan (eskola liburuak erosteko proposamena, uraren ordenantza berria, ...). Ea zerbait egingo den galdetu du.

Alkateak dio ez dela ezer jaso, eta aztertzeko asmoa dutela.

2.- Urko Lopetegik dio Jon Antza desagertua jarraitzen duela eta galdetu du ea non dagoen.

3.- Kepa Garbizuk dio zortzi galdera berri aurkeztu dituela idatziz eta erantzunik ez duela jaso, ez hauena ez lehendik erantzun gabe dituenena.

Alkateak dio dirulaguntza eskaeren inguruan egin dituen galdera guztiak kontsultatu ahal dituela jasotzen duen udal erregistrotik.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 21:56etan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 828.358.etik 828.374.ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna