2010.eko Otsailaren 3ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2010eko otsailaren 3an, asteazkena, 19:30etan, eratu da OHIKO OSOKO UDALBATZA egiteko xedez, lehen deialdian, Haritz Salaberria Goikoetxea alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Irati Aranburu Salaberria, Jon Legorburu Arrastua, Iñigo Esnaola Arbiza, María Pilar Legorburu Echegaray, Urko Lopetegi Campano, Jaione Lekuona Irazusta, Kepa Garbizu Azkue, Enrique Figueroa Laboa, Jesús María Martiarena Jaca eta Miguel Antonio Arrizabalaga Brusín.

Ez da bilerara azaldu Roberto Sánchez Sánchez.

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

1.- Egoki irudituz gero, 2009ko abenduaren 2 eta 23ko aktak onartzea.

Bi aktak aho-batez onartu dira inolako zuzenketarik gabe.

2.- Lezoko AA.SS.en 27 zenbakidun aldaketari hasierako onarpena emateko diktamena. Papresa, S.A.U.aren instalakuntzak handitzeko lur hiritargarri industriala klasifikatzeko eta kalifikatzeko (2009H0310003)

 

Jon Legorburuk diktamena azaldu du. Gogoratu du Papresako enpresa komitearen gestio bidez hasitako gaia dela hau. Onartzea proposatzen duen diktamenak honela dio:

Lezoko Udalak 2009ko uztailaren 3an buruturiko Osoko Bilkura, Lezoko Arau Subsidiarioen 27 zenbakidun aldaketa, Papresa SAUren instalazioak handitzeko lur hiritargarri industriala klasifikatzeko eta sailkatzeko formulatzea eta idaztea erabaki zuen Papresa SAU aurkezturiko dokumentua kontuan izanik

Halaber, Babes zibil, ingurugiro, kultur ondare eta natur ingurunean eskumenak dituzten Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren organoei bere ordenamenduarengatik errespetatuak izan behar duten ingurugiro, kultur ondare eta natur ingurunearen baldintzatzaileen eta egon litezkeen arriskuen berri eskatzea ere erabaki zen, behar bezalako justifikazio tekniko eta juridikoekin bi hilabete gaindituko ez dituen epearen.

Azkenik, Osoko bilkura honetan espedientean dagoen Hiritarren Parte Hartze Programa onartzea ere erabaki zen.

Lezoko Udalak 2009ko uztailaren 7an Gipuzkoako Foru Aldundiari Planeamenduko Arau Subsidiarioen 27. aldaketari buruzko erreferentzi txostena eskatuz idatzia igorri zion aldaketaren inguru eraginaren ebaluazio konjuntoaren hasiera komunikazioaren ale bat bateratuz

2009ko irailaren 16an Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapen Iraunkorreko Departamentuak idatziriko espediente honi dagokion Erreferentziazko Txostena jaso ondoren Papresa S.A.U.ren instalazioak handitzeko lur hiritargarri industrialaren klasifikazioa eta sailkapenari dagokion lezoko planeamenduko arau subsidiarioen 27 zenbakidun aldaketaren lehen planeamendu dokumentoa eta inguru eraginaren ebaluazio bateratuaren azterketa bidali zizkion Lezoko Udalak 2009ko azaroaren 25an Gipuzkoako Four Aldundiari, (euskarri grafikoan eta C.Dan) dagokion ingurumen eraginaren autariko txostena eskatuz.

183/2003 Dekretuaren 18 artikuluak xedatzen duena kontuan izanik Ingurumen-organo eskudunak ingurumen gaineko eraginaren atariko txostena emango du bi hileko epea. Epe hori toxena egin gabe igarotzen bada, prozedurak aurrera jarraitu ahal izango du.

2/2006 Lurzoru eta Hirigintza Legearen 90 artikuluak eta 103 eta hurrengo artikuluek xedatzen dutena eta aipatu lege hori garatzen duen 105/2008 Premiazko Neurrien Dekretuaren 30 eta hurrengo artikuluek xedatzen duena kontuan izanik. Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2010eko urtarrilaren 27an egindako batzarraldian Haritz Salaberria, Jon Legorburu eta Iñigo Esnaolaren, aldeko botoarekin eta Jesus Mari Martiarenaren abstentzioarekin,

DIKTAMINATZEN DU:

BAT: Lezoko Arau Subsidiarioen 27 zenbakidun aldaketari haserako onarpena ematea, Papresa SAUren instalazioak handitzeko lur hiritargarri industriala klasifikatzeko eta sailkatzeko.

BI: Lezoko Arau Subsidiarioen 27 zenbakidun aldaketa dokumentua jendaurrean jartzea, Gipuzkoako aldizkari ofizialean eta lurraldean hedadura gehien duen egunkarian edo egunkarietan argitaratuz. Plana berrogeita bost (45) egunez egongo da jendaurrean, azken argitalpenetik kontatzen hasita.

HIRU: Akordio hau arloka eskumenak dituzten administrazio publikoei jakinaraztea bere ezagutzarako eta txostenak egin ahal izateko.

LAU: Dokumentuaren kopia mugakide diren udalerriei igortzea.

Kepa Garbizu eta Mikel Antxon Arrizabalagaren galderei erantzunez alkateak argitu du Aldundiak ez duela bidali, horretarako dituen bi hilabeteko epean, Ingurumenaren inguruko aurretiazko azterketa. Hala ere, alkateak dio Plan Orokorrari Aldundiak egindako ingurumen azterketan, eremu horri buruz ez zuela apartekorik esaten. Plan Orokorrak eta gaur proposatzen den aldaketak eduki bera dute eremu honetarako.

Kepa Garbizuk dio kontra bozkatuko duela EAJ-PNV udal taldeak, uztailaren 3ko osoko bilkuran azaldutako arrazoiengatik.

Mikel Antxon Arrizabalagak dio abstenitu egingo dela jendaurreko epearen ondoren, behin behineko erabakia hartzerakoan zehaztuko duela bere iritzia.

Diktamena onartu egin da aldeko zazpi boto, aurkako hiru (Kepa Garbizu, Enrique Figueroa eta Jesus Mari Martiarena) eta abstentzio batekin (Mikel Antxon Arrizabalaga). Hau da, osoko bilkura osatzen dutenen gehiengo osoaren aldeko botoarekin onartu da.

Irati Aranburuk alde egin du.

3.- Altamira auzoan aparkaldi mugatua arautzen duen ordenantza hasieraz onartzeko diktamena (2009UD290001).

Jon Legorburuk diktamena eta araudiaren zergatiak azaldu ditu. Altamirako auzotarrek egindako eskaeren ondorioa dela esan du. Bertan bizi ez direnen kotxe asko aparkatzen omen dira eta bertakoentzat tokirik ez dela izaten.

Proposatutako ordenantzari aldaketa batzuk egin zitzaizkion Barne Batzordean diktaminatu aurretik eta gaurko bilkuran ere beste batzuk onartzea proposatu du Jon Legorburuk. Horrela, 8. artikulua kentzea proposatu du, iraupen mugatua eta haren txartela arautzen duena. Bere iritziz ez du merezi auzoan aparkaleku librerako tokiak gordeko direnez egun baterako aparkamendu mugatuak arautzen hastea. 8. artikulua kentzeak ondorengo artikuluen zenbakiak eta horien barnean artikulu zenbakiei egiten zaizkien erreferentziak zuzendu beharra ondorioztatzen du. Ordenantza jendaurrean egongo omen da eta epe horretan hobetzerik izango dela dio Jon Legorburuk.

Kepa Garbizu ados dago proposatutako aldaketarekin eta beste aldaketa batzuk proposatu ditu: Altamiraren auzo izaera eta Tomas Garbizuren kale izaera zuzen jasotzea testuan; 7. artikuluko 2. lerroaldean aipatzen diren egoera berezien adibideren bat jasotzea testuan; azken xedapenean araudiaren artikulu kopuruari egiten zaion erreferentzia zuzentzea; ibilgailuko txartel bakarra banatzea eta txarteletan serie edo erregistro zenbakia jasotzea.

Mikel Antxon Arrizabalagak dio abstenitu egingo dela behin betiko proposamena zein den jakin arte.

Alkateak egindako aldaketak diktaminatutako testuari gehitzea eta haiek guztiak batera bozkatzea proposatu du. Aldeko bederatzi boto eta abstentzio bakarrarekin (Mikel Antxon Arrizabalaga) erabaki hauek hartu dira:

BAT: Altamiran aparkaldi mugatua arautzen duen araudi berriari hasierako onarpena ematea osoko bilkurak egindako aldaketekin.

BI: Jendaurrean jartzea G.A.O.n eta udaletxeko iragarki oholeko iragarki bidez, hilabeteko epean espedientea aztertu eta alegazioak tarteratu ahal izateko.

Epe horretan alegaziorik ez bada jasotzen, araudiak behin betiko onarpena izango luke.

HIRU: Erabaki hau tramitezkoa denez ezin da bere aurka errekurtsorik jarri.

4.- Norbaitek eskaturik ematen zaizkion dokumentuak tramitatzearen gaineko tasaren aldaketa onartzeko diktamena (2009KO290001).

Alkateak dio Altamira auzoan aparkatzeko eman behar diren txartelen prezioa xede duen Ogasun Batzordeak ordenantza aldatzeko onartutako diktamena aldatu egin behar dela egun bakarreko baimena kendu egin baita arauditik, eta, beraz, ez da txartel mota hori behar.

Aldaketa horrekin diktamena bozkatu eta onartu egin da, aldeko bederatzi boto eta abstentzio batekin (Mikel Antxon Arrizabalaga), ondoko erabakiak hartuz:

BAT: Hasierako onarpena ematea, norbaitek eskaturik, ematen zaizkion dokumentuak tramitatzearen gaineko tasaren aldaketari, ondorengo atala gehituz:

Altamira auzoan aparkaldi mugaturako baimenak eman eta tramitatzea.

a.- Urteko baimena emateagatik aplikatuko den tasa: 10,00 €.

BI: Informazio publikorako hilabeteko epea irekitzea, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta iragarki oholtzan iragarkia argitaratuz, alegazioak aurkez daitezen.

Epe horretan alegaziorik ez bada jasotzen, araudiak behin betiko onarpena izango luke.

5.- Diktamena, eguneko zentroan buruz Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetza hitzarmena sinatzeko (2010GZ360001).

Alkateak Gizarte Zerbitzu Batzordeak aurkeztutako diktamena onartzea proposatu du. Zehaztu du diktamenarekin banatutako euskaraz idatzita dagoen hitzarmenaren bertsioa dela onartzera ekartzen dena, gaztelerazkoan azken itzulpenak egiteko daudelako oraindik. Alkateak esplikatu du beste herrietan egiten ari diren antzera eta eguneko zentroen eskumena Foru Aldundiena delako, Lezon eraikitzen ari den eguneko zentroaren gestioa Aldundiak bere gain hartzeko lankidetza protokoloa onartzea proposatzen dela. Protokolo hau onartu ondoren etorriko omen dira lokalaren lagapenak eta behar diren erabakiak.

Honela dio onartzea proposatzen den diktamenak:

12/2008 Legeak, abenduak 5koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoak, eguneko zentroaren eskumena Foru Aldundien gain uzten du. Horren arabera, Aldundien esku geratu da zerbitzua, bai ekipamenduari eta bai kudeaketari dagokionez.

Hori dela eta, Lezoko Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia Lankidetza protokoloa lantzen ari dira, Lezoko eguneko zentroaren kudeaketaren eskualdatze prozesua zehazteko.

Lezoko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiak proposatutako protokoloaren lehen zirriborroari aldaketa batzuk egin dizkio, zentroa irekitze epeei buruz, plazen kopuru eta izaerei buruz eta kudeaketaren jarraipenerako.

Ekarpen hauetako batzuk onartu ditu Aldundiak eta Lezoko Udalari bigarren zirriborro bat bidali dio.

Haritz Salaberrria, Jon Legorburu eta Pili Legorbururen botoa alde dela, Gizarte Zerbitzuetako Batzordeak behean heldu dena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Lezoko Eguneko Zentroari buruz Gipuzkoako Foru Aldundiarekin Lezoko Udalak sinatu nahi duen lankidetza protokoloaren bigarren zirriborroa onartzea.

BI: Alkatea ahaltzea dokumentu hori edo bera gauzatzeko sinatu beharrekoak sinatzeko.

Kepa Garbizuk dio aspalditik datorren soka dela eguneko zentroarena Lezon. Aipatu ditu azken urtean eguneko zentroaren irekierari buruz egunkarietan argitaratutakoak. Bere irudikoz zerbitzua lehenagotik martxan jarri ez izanaren eskasia estali nahi da hitzarmen honekin eta beraiek ez daude ados. Protokolo testuari buruz dio eskasa dela, ez delako ziurtatzen zerbitzua ematen noiz hasiko den. Gogoratu du eguneko zentroaz gain, udala apartamentu babestuak ere egiten ari dela eta horientzat, nahiz eta udalaren konpetentzia izan, ez dagoela aurtengo aurrekontuetan inongo aurreikuspenik.

Mikel Antxon Arrizabalagak abstenitu egingo dela dio, testua ez zaiolako nahikoa iruditzen.

Alkateak dio udalak jo duela Aldundiarengana zerbitzuaren arduraz galdetzera. Aldundiak ardurak onartuz hitzarmen proposamena egin zuen eta batzordean arestian azaldutako ekarpenak egin zaizkiola esan du, horietako batzuk onartu direlarik.

Diktamena onartu egin da aldeko sei boto, aurkako hiru (Kepa Garbizu, Enrique Figueroa eta Jesus Mari Martiarena) eta abstentzio batekin (Mikel Antxon Arrizabalaga).

6.- Diktamena, Oiartzungo udalarekin hitzarmena egitea onartzeko udaltzaingoko gaueko txanda zerbitzua emateko (2010PE290001).

Alkateak Barne Batzordearen diktamena aurkeztu du. Proposatu du batzordeak onartutako diktamenari zuzenketa batzuk egitea: udal plantillaren aldaketari eta haren onarpen prozedurarako proposatzen diren erabakiak (diktameneko bata eta hirua) ez hartzea, udal plantilla organikoan aldaketarik beharrezkoa ez delako.

Alkateak dio horrelako erabakiak hartzera behartzen dutenak arrazoi ekonomikoak direla, udalaren diru sarrerak nabarmen jaitsi direlako eta, ondorioz, gastua ere murriztu egin behar delako. Aurreko urtetako gastu aurrekontuaren IV. eta II. Kapituluetan aurrezteko ekimen eta erabaki ugari hartu dituztela dio alkateak. Horrela, azpikontratatutako zerbitzuak errepasatu eta jaitsi direla dio. Baita ere, kale garbitzaile eta zabor biltzaileen zerbitzu eta kontratua %20a murriztu da, eta kopuru berdinean eskola garraioa, udal eraikinen garbiketa, e.a. Dirulaguntzen banaketan ere antzerako irizpidea erabili dela dio. Eta neurri horiek guztiak nahiko ez direlako aurten, 2010. urtean, udaleko pertsonal gastuei, aurrekontuen I. kapituluari, erreparatu behar izan omen diote. Horregatik udal langile guztien lan ordu kopurua igo egin dute, 32 orduko lan astetik 35 orduko lan astera pasatzera erabakiz abenduaren 3an egindako osoko bilkuran.

Beste neurri batzuk ere aztertzen ari direla dio. Eta neurri horien artean sortu omen da aukera gaueko patruila beste udal batekin (Oiartzungoarekin) bateratzeko. Alkateak ulertzen du neurri horrekin zerbitzu kalitatea jaitsi egiten dela, baina ezer baino hobea dela dio: lehen bi udaltzain aritzen ziren Lezon gauero eta orain bakarra arituko da Oiartzungo beste batekin bi herrietan. Zerbitzuaren antolaketa bi udaltzainburuak prestatua dutela dio. Herrizaingo Sailari baimena eskatu omen zaio eta haren idatzizko baimena oraindik iritsi ez bada ere, lankidetza hitzarmena egoki ikusten dutela esan digute hitzez eta aurrera jarraitzeko bidea eman diela dio alkateak. Argitu du hitzarmen bukaeran aipatzen den zerbitzu aldiaren figura ez dela beharrezkoa eta, hasieran esan bezala, ezta ere lanpostuen zerrendaren aldaketa, horregatik proposatu dizkio aldaketak diktamenari.

Alkateak dio hitzarmena onartzen bada, ondoren hari egokitutako lan egutegiak onartuko direla eta hitzarmena indarrean sartuko dela.

Jendartean, besteak beste, Oiartzun eta Lezoko udaltzain batzuk daude eta haietako batek, Lezoko udaltzaina eta enpresa batzordeko lehendakari denak, hitza eskatu eta gaiari buruzko bere iritzia eman du. Irakurri asmo duen idatzia banatu die alkate eta zinegotzi guztiei. Bihar udal erregistroan aurkeztuko duela eta orduan espedienteari gehituko zaio. Guztiz aurka azaldu da proposatutakoarekin, aurrekaririk gabeko irregulartasun guztiak dituen prozedura negargarria dela dio. Legala ez den prozesu honekin ez segitzeko eskatu die bilkurako kideei, Lezoko udaltzainak Lezon eta ez beste inon lanean jarraitu nahi dutelako. Erabaki honek langileen adostasunik gabe ez duela etorkizunik dio eta berriro horiek lortzen hasteko eskatu dio gobernu taldeari.

Kepa Garbizuk dio garbi dagoela krisi ekonomikoaren eragina udal diru sarreretan, baina ez dago ados hiritarren segurtasunean gastua murrizteko erabakiarekin. Gobernu taldeak bakarrik hartutako erabakia da, udal aurrekontua oposizioko taldeekin negoziatu gabe onartu izan zen moduan. Horregatik ez omen du proposamen hau orain babestuko.

Mikel Antxon Arrizabalagak dio proposamenaren aurka bozkatuko duela, udaltzaingoaren eledunak emandako arrazoi gehienekin ados dagoelako.

Alkateak erantzun ditu jendartetik egindako kritikak: gobernu taldea enpresa komiteari udalaren egoera ekonomikoaren larritasuna azaltzen saiatu dela adierazi du eta horien inguruko proposamenak eskatu ere, egin omen dizkio. Hitzarmenari legalitateari buruzko oharpenik ez zaiola egin esan du eta Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak hori bermatu egin duela esan du alkateak. Dena den, udaltzainen idatzian azaldutako zalantzak argitzen saiatuko dela dio.

Proposamenaren inguruko eztabaida luzea izan da jendartean dauden udaltzain, enpresa komiteko ordezkari eta alkatearen artean. Idatzian eta eztabaidan zehar udal idazkariari egindako aipamenak medio, honek hitza eskatu eta esan du proposatzen dena bi udal erakundeen arteko lankidetza hitzarmen bat dela eta ez mankomunitate baten sorrera. Baita ere dio, bere ustetan proposatutakoa lege barruan dagoela, zerbitzu aldiak ez direla beharrezko. Bestalde, hitzarmenak Eusko Jaurlaritzaren Barne Sailaren baimena behar duela, eta hura eta bere baldintzak bete beharko direla ere aipatu du.

Eztabaida luzea izan ondoren alkateak diktamena berak proposatutako aldaketekin bozkatzea proposatu du.

Aldeko sei botokin eta aurkakoko laurekin (Kepa Garbizu, Enrique Figueroa, Jesus Mari Martiarena eta Mikel Antxon Arrizabalaga) osoko bilkurak erabaki hauek hartu ditu:

BAT: Lezoko Udaltzaingoaren gaueko txanda zerbitzua Oiartzungo udaleko udaltzaingoarekin batera emateko Oiartzun eta Lezoko udalen arteko lankidetza hitzarmena onartzea.

BI: Alkatea ahalmentzea lankidetza hitzarmena gauzatzeko beharrezko diren erabakiak eta dokumentuak sinatzeko.

HIRU: Erabaki horiek interesatuei jakinaraztea: Lezoko udaltzainburu eta udaltzainei, Oiartzungo udalari eta Eusko Jaurlaritzaren Barne Sailari.

7.- Kutxako batzar orokorrerako ordezkariak izendatzeko diktamena (2010ID100001).

Alkateak diktamena onartzea proposatu du. Honela dio diktamenak:

Gipuzkoa Donostia Kutxaren Gobernu-Organoak izendatzeko Arautegiaren 20. artikuluaz baliatuz, Udal honek 2008ko urtarrilaren 30ean egindako batzarraldian Oiartzun, Usurbil eta Bergarako Udalekin batera agrupazioa osatzea erabaki zuen. Elkarte honi dagokion Kontseilari Orokorra 2010eko apirilean izendatu behar denez, Udalbatzari agrupazio horren izenean arituko den pertsona izendatzeko proposamena aurkezten dut, hain zuzen, Iñaki Queralt Coira izendatzea.

Bestalde, Kutxako estatutuen 20. eta 31. artikuluen arabera eta Kutxaren Gobernu-Organoak izendatzeko prozedurazko Arautegiaren 31. artikuluen arabera kontseilari erdien berriztapena egin behar da eta Lezoko Udalari dagokio kontseilari bat eta haren ordezkoa izendatzea. Eginkizun honetarako Aitor Sarasola Salaberria izendatzea proposatzen dut.

Ogasun eta Kontuetako batzordeak, 2010eko urtarrilaren 28an egindako bilkuran, Haritz Salaberria, Jon Legorburu eta Iñigo Esnaola zinegotzien aldeko boto ponderatuekin eta Kepa Garbizu zinegotziaren abstentzioarekin, ondorengo akordioa diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Gipuzkoako eta Donostia Kutxako Kontseilari Orokorra, Oiartzun, Lezo, Usurbil eta Bergarako Udalek osatzen duten agrupazioaren izenean, Iñaki Queralt Coira (N.A. 15.983.050M) izendatzea eta horrela jakinaraztea Kutxari.

BI: Lezoko udalaren izenean Aitor Sarasola Salaberria (N.A. 72.441.395C) izendatzea eta ordezko gisa Haritz Salaberria Goikoetxea (N.A. 72.463.474 L).

Diktamena onartu egin da aldeko sei botokin eta aurkako laurekin (Kepa Garbizu, Enrique Figueroa, Jesus Mari Martiarena eta Mikel Antxon Arrizabalaga).

8.- Mozioa, Greenpeace-ren kideen aurkako jokabidea dela eta (2009AL050009).

Alkateak esan du Ezker Batua taldeak erregistratutako mozioa dela orain bozketara jarriko dena. Mozioak honela dio:

Greenpeaceko kideen aurkako jarduketak artxibatzea eskatzen dugu:

Gipuzkoako Fiskaltzak bederatzi hilabeteko kartzela zigorra eskatu du 2007ko martxoaren 27an Iberdrola enpresak Pasaian (Gipuzkoa) duen zentral termikoaren tximiniraino igo eta instalazioa ixteko eskatuz pankarta batzuk erakutsi zituzten hamar ekintzailerentzat.

Eskaeraren oinarri diren ekintzak duela bi urte baino gehiago izan ziren, 2007ko martxoaren 27an. Greenpeaceko ekintzaileek Pasaiako ikatzezko zentral termikoaren tximiniatik zintzilik jarri eta "STOP CO2" idatzi zuten. Protesta ekintza honekin, urtean Gipuzkoako ibilgailu guztiek baino CO2 gehiago isurtzen duen zentral hau ixteko eskatu zioten konpainia jabeari, Iberdrolari.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak, 2006an, zentral hau ixteko asmoa agertu zuen, Greenpeacek ikatzezko zentral termikoen (Pasaiakoa barne) aurkako jarduerak egiten zituen bitartean. Bi urte geroago, behin eta berriz Iberdrolari zentrala ixteko eskatu ondoren eta Espainiako Gobernuari doako emisio eskubideak ez emateko eskatu ondoren, eskaera horiek kontuan hartzen ez zirenez, erakunde ekologistak protesta hau egin zuen. Une horretatik aurrera, Gipuzkoako Batzar Nagusiek aho batez eskatu zuten zentralaren itxiera.

Horregatik guztiagatik, Lezoko Udalbatzak:

Akusazio idazkia berraztertzeko eta jarduketak artxibatzeko eskatzen dio Ministerio Publikoari.

Mozioa aho-batez onartu da.

9.- Alkatearen, organo kolegiatuetako udal-ordezkarien eta delegatuen txostenak.

Alkateak udal aurrekontuan kreditu aldaketak egiteko burututako hiru espedienteen berri eman du 2010KO090001, 2010KO090002 eta 2010KO090003 espedienteen berri eman du.

Zinegotzi delegatuak beraien arloko gaien berri eman dute.

10.- Galde-eskeak.

Alkateak dio, Kepa Garbizuk idatziz erregistratu dituen galderen inguruan eta aurrez egindako eta erantzun gabe dauden galderen inguruan, askoren erantzuna udal sarrera eta irteera bertatik jaso dezakeela erantzuna, galdera asko dirulaguntza eskaerak egin diren galdetzen dutelako.

Kepa Garbizuk dio eskubidea duela plenoari galderak egiteko eta lotsagarria dela gobernu taldeak erantzun gabe dituen galdera mordoa.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 21:00etan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 828.413.etik 828.420.ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna