2010.eko Urriaren 6ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2010eko urriaren 6ean, asteazkena, 19:35etan eratu da OHIKO OSOKO UDALBATZA egiteko xedez, lehen deialdian, Haritz Salaberria Goikoetxea alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Jon Legorburu Arrastua, Iñigo Esnaola Arbiza, María Pilar Legorburu Echegaray, Urko Lopetegi Campano, Jaione Lekuona Irazusta, Kepa Garbizu Azkue, Enrique Figueroa Laboa, Jesús María Martiarena Jaca, Miguel Antonio Arrizabalaga Brusín eta Roberto Sánchez Sánchez.

Ez da bileran izan Irati Aranburu Salaberria.

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

1.- Egoki irudituz gero, 2010eko ekainaren 2, uztailaren 2 eta uztailaren 14ko aktak onartzea.

Hiru aktak aho batez onartu dira inolako zuzenketarik gabe.

2.- 2011rako ordenantza fiskalak onartzeko diktamena (2010KO290005).

Alkateak Hazienda Batzordearen diktamena onartzea proposatu dio osoko bilkurari. Honela dio diktamenak:

"Alkateak azaldu ditu 2011. urterako ordenantza fiskalak eratzeko erabilitako irizpideak, ikerketa ekonomikoen eta kontu-hartzailetzaren informeetan oinarriturik.

Hori ikusirik eta eztabaidatu ondoren, Hazienda Batzordeak 2010 urriaren 1ean egindako bilkuran behean heldu dena, Haritz Salaberria, Jon Legorburu eta Iñigo Esnaolaren botoa alde dela eta Kepa Garbizu zinegotziaren abstentzioarekin diktaminatzen du:

BAT: Hasierako onarpena ematea ondorengo ordenantza fiskal hauen aldaketari:

  • 2011ko egutegi fiskala
  • 3.Trakzio mekanikozko ibilgailuen zerga
  • 6-2 Ibilgailuen sarrerak eta ibiak
  • 6-3 Jabari publikoaren erabilpen pribatiboa
  • 6-5 Udal lokalak erabiltzearen tasa
  • 6-6 Kotxeak erretiratzea
  • 7-1 Ura
  • 7-2 Estolderia
  • 7-3 Zaborra
  • 7-4 Herriko kanposantua
  • 7-5 Autotaxi lizentziak
  • 7-6 Jarduera lizentzia
  • 7-7 Establezimenduak irekitzea
  • 7-8 Hirigintza lizentziak
  • 7-9 Eskaera bitartez emandako dokumentuak
  • 7-14 Ludoteka
  • 7-15 Material Cultural

2010EKO BAJAK

  • 7-17 Edalontziak
  • 7-15 Kuadrillategi egitasmoa

BI: Informazio publikorako hilabeteko epea irekitzea, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta iragarki oholtzan iragarkia argitaratuz, alegazioak aurkez daitezen."

Alkateak dio jendaurreko epean alegaziorik izan ezean behin betiko onarpena automatikoa izango dela, beste erabakirik hartu beharrik gabe.

Diktamenaren inguruan alkateak dio orokorrean zergak eta tasak KPIaren arabera eguneratu direla, hau da, INEk emandako datuen arabera % 1,8an. Igoera hori baino handiagoa ezartzea proposatuko da ibilgailuen gaineko zergan (%5-%10 bitarteko igoera), ura eta estolderiarenean (%5) eta zaborra biltzeagatiko zergan (%15).

Alkateak diktamena bozketa bakarrean edo zergaz zerga bozkatzerik nahi duten galdetu die bilkura kideei. Bozketa bakarrean egitearen alde agertu dira guztiak.

Mikel Antxon Arrizabalagak dio abstenitu egingo dela. Badakiela Udalaren egoera ekonomikoa larria dela eta defizit itzela duela, baina herritarrak ere krisi ekonomikoa pairatzen ari direla gogoratu du.

Roberto Sánchez kexatzen da, aurtengo proposamenean iaz berak egindakotik ezer ez delako jasotzen. Berak ura, zaborra eta ibilgailuetarako gehiegizko kontsumoa edo potentzia handiko ibilgailuak zerga handiz zigortzea proposatu zuen, edota famili ugariak hobetsi. Horregatik aurka bozkatuko duela dio.

Kepa Garbizuren ustez %1,8 igoerarako KPIaren erreferentzia erabiltzea ez da zuzena, 2010. eta 2011. urteetarako KPIaren aurreikuspena %1.2koa delako. Kritikatu du ibilgailuetarako proposatutako igoerarekin, estatuko garestiena den Donostiaren pare jartzen dela Lezo. Bestalde, jakin nahi du ura eta estolderiaren igoerarekin lortuko diren diruak zertan erabiliko diren. Amaitzeko zaborraren inguruan dio ez dela esplikatzen gastuetan bilketa eta tratamendua sartzen diren edo haietako bat bakarrik.

Alkateak eta Jon Legorburuk egindako galderak erantzun dituzte: zaborren kasuan tratamenduko gastuak barne daudela eta tasa igoerarekin 30.000 € biltzea espero dela; ura eta estolderiaren igoerarekin 18.000 € gehiago bilduko direla eta ibilgailuen gaineko zergaren %10eko igoerak motor handikoei bakarrik eragiten diela, eta horiek direla Donostiako prezioetan geldituko direnak, beste ibilgailuei aplikatuko zaien zerga merkeagoa izango da. Ura eta zaborren zergak inguruko herrietakoak baino merkeagoak direla diote.

Diktamenaren bozketa egin da eta onartu egin da aldeko sei botokin, aurkako lau botorekin (Kepa Garbizu, Enrique Figueroa, Jesus Mari Martiarena eta Roberto Sánchez) eta abstentzio batekin (Mikel Antxon Arrizabalaga).

 

3.- 2010-2011ko Musika Eskolako ordenantza fiskalaren aldaketa onartzeko diktamena (2010KO290004).

Iñigo Esnaolak Hazienda batzordearen diktamena onartzea eskatu du. Honela dio diktamenak:

"Xanti Espina Anduezak, Tomas Garbizu udalaren musika eskolako zuzendari gisa, 2010/2011 ikasturterako tasaren aldaketaren proposamena aurkeztu du.

Kontu eta Hazienda Batzordeak, 2010/10/01ean egindako bilkuran, Haritz Salaberria, Jon Legorburu eta Iñigo Esnaolaren botoa alde dela eta Kepa Garbizu zinegotziaren abstentzioarekin diktaminatzen du:

BAT: Aldaketa hastapenez onartzea, indarrean dagoen ordenantza fiskalari ondorengo tarifa berria erantsiz:

      • Osagarria+Talde, Lezokoak 138,00 €
      • Osagarria+Talde, Kanpokoak 227,70 €"

Kepa Garbizuk dio, proposamenari ez diola ez helburu, ez bitartekorik ikusten.

Alkateak gogoratu du hasierako onarpen honen ondoren jendaurreko epean alegaziorik ez balego, behin betiko onarpen erabakia automatikoki hartutzat emango dela, beste erabakirik hartu behar izan gabe.

Bozketa egin da eta diktamena onartu da. Alde sei boto izan dira eta bost abstentzio (Kepa Garbizu, Enrique Figueroa, Jesus Mari Martiarena, Mikel Antxon Arrizabalaga eta Roberto Sánchez).

4.- 2011 urterako taxi-tarifak onartzeko diktamena (2010KO290007).

Alkateak dio Hazienda Batzordean gaia diktaminatu ondoren jaso dela udalean Oarsoaldeako Mugikortasun batzordeak egindako azterlana eta proposamena. Proposamena ez dator bat Agitaxek proposatutakoarekin. Datorren astean bilera egingo da Aldundiko eta Oarsoaldeko udalen artean prezioak adosteko. Guzti horregatik, bilera horiek egin bitartean, gaia mahai gainean uztea proposatu du alkateak.

Mahai gainean uzteko proposamena aho batez onartu da.

5.- 2010eko udal aurrekontuaren aldaketak transferentzia bidez onartzeko diktamena (2010KO020002).

 

Iñigo Esnaolak udal aurrekontu honen azalpena eman du. Honela dio diktamenak:

"Kreditu Aldaketaren espedientea egiten ari denez, 2010eko aurrekontuko gastuen aurrekontuko partiden arteko kreditu transferentziaz, 2010eko irailaren 21eko D10/00694 dekretuaren bidez hasia, Ogasun eta Kontuetako Batzordeak, 2010ko urriaren 1ean egindako bilkuran, Haritz Salaberria, Jon Legorburu eta Iñigo Esnaola zinegotzien aldeko boto ponderatuekin eta Kepa Garbizu zinegotziaren abstentzioarekin, behean heldu den proposamena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: 2010eko aurrekontuko gastu-partida batzuen arteko kreditu-transferentzien bidezko Kreditu Aldaketarako espedientea, guztira 1.500 €, onartzea.

PARTIDA

AZALPENA

FUNTZIONALA

GEHITU

GUTXITU

65

Ehiza elkartea HITZARMENA

451.10

1.500,00

241

Santakrutzak

451.10

1.500,00

Diktamena onartu egin da aldeko sei botorekin eta bost abstentziorekin (Kepa Garbizu, Enrique Figueroa, Jesus Mari Martiarena, Mikel Antxon Arrizabalaga eta Roberto Sánchez).

6.- Kirol, Kultura eta Gazteria delegatuaren dedikazio partzialaren aldaketa onartzeko diktamena (2010PE100004).

Honela dio Hazienda Batzordearen diktamenak:

"Udal Osoko Bilkurak 2009ko urriaren 7an egindako bilkuran, Kirol, Kultura eta Gazteria delegatua den Iñigo Esnaola Arbizaren egun erdiko dedikazio partziala onartu zuen.

2010ko irailaren 13an, Iñigo Esnaola Arbizak, egun duen dedikazioa eta lan jarduna %23ra jaistea eskatu du. Lan jardunaren murrizketa 2010eko irailaren 13an sartuko litzateke indarrean eta 2011ko maiatzaren 8a bitarte iraungo luke, berriro ere 2011ko maiatzaren 9an egun indarrean duen lan dedikaziora itzuliz, hau da %50era.

Ogasun Batzordeak, 2010/10/01ean egindako bileran, Haritz Salaberria eta Jon Legorbururen botoa alde dela eta Kepa Garbizu Azkueren abstentzioarekin, hurrengo akordioa diktaminatu du, osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Ontzat hartzea, Kirola, Kultura eta Gazteria zinegotzia den, Iñigo Esnaola Arbizaren dedikazioa eta lan jardunaren murrizketa. Lan jardunaren murrizketa 2010eko irailaren 13an sartuko litzateke indarrean eta egin beharreko lanaldia %23koa izango da.

Aipatu dedikazio murrizketa 2011ko maiatzaren 8a bitarte iraungo luke, berriro ere 2011ko maiatzaren 9tik aurrera egun duen %50era itzuliz.

BI: Interesatuei akordio honen berri ematea.

HIRU: Erabakiaren aurkako errekurtsoak:

a) Auzitara jo aurretik, eskatzaileak, hala nahi izanez gero, erabakia berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezake 30/1992 Legearen arabera.

  • Horretarako, hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.
  • Errekurtsoa aurkeztekotan Osoko Bilkurara jo behar da.

b) Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezake zuzen-zuzenean.

  • Horretarako, bi hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita."
  • Errekurtsoa aurkeztekotan, EAEko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzitarako Donostiako epaitegira jo behar da."

Hazienda Batzordeko diktamena bozkatu eta onartu egin da aldeko bost botorekin eta sei abstentziorekin ((Iñigo Esnaola, Kepa Garbizu, Enrique Figueroa, Jesus Mari Martiarena, Mikel Antxon Arrizabalaga eta Roberto Sánchez).

7.- Lezoko kirol gaietarako mahaiaren antolaketa eta funtzionamendu araudia hasieraz onartzeko diktamena (2010KU290001).

Iñigo Esnaolak araudiaren helburuak azaldu ditu. Festa batzordearekin egin zen bezala, kirol elkarteen bilerari seriotasuna eman nahi zaio deialdiak, aktak, partaideak, ... zehaztuz. Kontseilu sektorialaren izaera izango lukeen batzorde honek urtean ohiko bi bilera egingo lituzkeela dio: 1) Ekainean kurtso bukaera eta dirulaguntzen 2. ordainketa gainbegiratzeko, eta 2) Irailean kurtso hasiera eta urteko dirulaguntzen banaketa irizpideaz aritzeko.

Idazkariak ohartarazi du araudi honen berri ez duela izan bilkura honen deialdira arte eta ondoren egindako azterketa azkar batean, araudiak osoko bilkura honen gaitasuna eta eskumena ezin duela mugatu dio. Bi adibide aipatu ditu: 1) 6.2 atalean dioena: "Kirol gaietarako mahaian hartzen diren erabakiak, udalak bereak egiteko konpromisoa hartzen du". 2) 7. ataleko azken esaldiak dioena: "Araua aldatu ahal izateko, gutxienez, kirol gaietarako mahaiko partaideen erdiak onartu beharko du". Horiek ezin dute udalaren osoko bilkuraren jarduna baldintzatu, kontseilu sektorialaren izaera aholku batzordearena baita.

Roberto Sánchezek dio proposamen ona dela, baina sakonago aztertzeko denborarik izan ez duenez abstenitu egingo dela.

Honela dio diktamenak:

"Iñigo Esnaola, Haritz Salaberria eta Jon Legorbururen botoa alde dela, Kultur Batzordean zeuden zinegotzi bakarrak Kultura Batzordeak behean heldu dena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Hasierako onarpena ematea Kirol Gaietarako Mahaiaren antolaketa eta funtzionamendurako araudia.

BI: Informazio publikorako hilabeteko epea irekitzea, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta iragarki oholtzan iragarkia argitaratuz, alegazioak aurkez daitezen."

Bozketa egin da eta diktamena onartu da aldeko sei botorekin eta bost abstentziorekin (Kepa Garbizu, Enrique Figueroa, Jesus Mari Martiarena, Mikel Antxon Arrizabalaga eta Roberto Sánchez).

8.- Proposamena, Udal Sarea 21ek proposatutako iraunkortasunerako konpromisoa berresteko (2010ID360001).

Alkateak dio, Eusko Jaurlaritzak 2006an hartutako konpromisoa lehenbailehen berrestea eskatu duela. Horregatik gaia batzordean diktaminatu gabe ekarri dela. Urgentzia onartu egin da aldeko sei botorekin eta bost abstentziorekin (Kepa Garbizu, Enrique Figueroa, Jesus Mari Martiarena, Mikel Antxon Arrizabalaga eta Roberto Sánchez).

Honela dio erabaki proposamenak:

"Udal Sarea 21en barne iraunkortasunaren aldeko konpromisoa hartzeari buruzko espedientea azterturik, eta ingurumen teknikariak egindako informea ikusirik, alkatetza honek Osoko Bilkurara darama hemen heldu den erabaki proposamena:

BAT: Udal Sarea 21ek proposatutako iraunkortasunerako konpromisoan berrestea.

BI: Erabakiaren aurkako errekurtsoak:

a) Auzitara jo aurretik, eskatzaileak, hala nahi izanez gero, erabakia berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezake 30/1992 Legearen arabera.

  • Horretarako, hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.
  • Errekurtsoa aurkeztekotan Osoko Bilkurara jo behar da.

b) Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezake zuzen-zuzenean.

  • Horretarako, bi hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita."
  • Errekurtsoa aurkeztekotan, EAEko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzitarako Donostiako epaitegira jo behar da."

Kepa Garbizuk dio kide garela, kuota pagatzen dela, ekimen plana gauzatzeko dirulaguntzak eskatzen direla, baina komeniko litzatekeela ekimen planari hautsa kendu eta eguneratzea. Alkatea ados dago eta dio ingurumenaz arduratzen den aholkularitza enpresari lan hori egitea eskatu zaiola.

Proposamena bozkatu eta onartu egin da aldeko zazpi botorekin eta lau abstentziorekin (Kepa Garbizu, Enrique Figueroa, Jesus Mari Martiarena eta Roberto Sánchez).

9.- Lezoko Udalak formulatu duen Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorraren aurrean Euskal Herriko Lurralde Antolaketa Batzordeak eman duen txostenari zenbait oharpen (2007HO310001).

 

Alkateak proposamenaren urgentzia arrazoitu du. Txostena irailaren 30ean iritsi da udalera, urriko Osoko Bilkura deitzeko bezperan, eta gai zerrendan sartu aurretik ez da diktaminatzeko denborarik izan. Urgentziaren aldeko sei botorekin eta bost abstentziorekin onartu da.

Beraz, gaia gaurko bilkuran eztabaidatzea eta bozkatzea onartu denez, alkateak proposamenaren inguruko azalpenak eman ditu. Udal adierazpen hau, bai Lurralde Antolaketa Batzordean, bai Aldundian izandako bileren ondorio dela dio. Honela dio Alkateak onartzera aurkeztu duen proposamenak:

"Lezo Udal erregistroan sarrera eman zaio 2010eko irailaren 30ean "Euskal Herriko Lurralde Antolaketa Batzordeak " irailaren 20an izandako batzarraldian hartutako erabakia, Lezoko Udalak formulatu duen Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) aurrean.

Erabaki hau aztertu ondoren Lezoko HAPOri behin betiko onarpena emateko eskuduntza duen Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean ondorengo oharpenak egin nahi genituzke, Udal honen jarrera argitzearren:

I.- "Euskal Herriko Lurralde Antolaketa Batzordeak ", Zatikako Lurralde Planak behin betikoz lurralde eredua onartzen duen bitartean, Lezoko HAPOaren lur eremu konkretu baten onarpena etetea proposatzen du, hain zuzen ere, Urrulloko lepoaren ekialdera, Lezo-Gaintxurizketa ingurubideari dagokiona, Lintzirin erreka eta N-1 zein GI-2638 errepideak mugatzen duten eremuaren behin betiko onarpena etetea proposatzen da. Eremu horretako lur ez urbanizagarrian eta AOU 36 Gaintxurizketa gunean aurreikusten den hirigintza antolaketa ez datorrelako bat Lurralde Planeamenduak aipatu eremuarentzat aurreikusten dituen zehaztapenekin.

Lehenik eta behin argi utzi nahi dugu HAPOaren edozein etetea, dokumentu horren behin betiko onarpena dagokion administrazioaren eskuduntza dela. Beraz Gipuzkoako Foru Aldundiak erabaki behar du Lezoko HAPOren zatiren bat eteten duen edo ez.

II.- Ez da idatzi honen xedea "Euskal Herriko Lurralde Antolaketa Batzordeak" hartutako akordioaren aurkako iruzkin juridikorik plazaratzea, baino akordioa oinarritzeko erabili diren argudioak kontutan izanik Lezoko Udalak argi eta garbi adierazten du ez dagoela inongo sostengu juridikorik "Euskal Herriko Lurralde Antolaketa Batzordeak" hartu duen erabakia hartzeko. Ondorioz Lezoko Udalak ez du ontzat hartzen formulatu duen HAPOan inongo eremuen eteterik.

III.- "Euskal Herriko Lurralde Antolaketa Batzordeak " bere ikuspuntu juridikotik hartu duen erabakiak ez du, Lezoko Udalaren ustetan inongo koherentziarik eta praktikotasunik ondorengo arrazoiengatik:

1.- Etetea proposatzen den eremuaren zati bat izapidetzen ari den HAPOan lur ez urbanizagarri bezala sailkatzen da. Horrela lur eremu honen onarpena eteten bada eta zati horri dagokion HAPOren hirigintza zehaztapenak onartzen ez badira, egun indarrean dagoen araudiak jarraituko du indarrean, hau da 1987an onarturiko Planeamenduko Arau Subsidiarioak. Arau hauetan ere eten nahi den eremu hori lur ez urbanizagarri bezala sailkatzen da. Beraz eteteak ez luke inongo eragin praktikorik.

Gainera egoera xelebre bat sortuko litzateke: udalerriko lur ez urbanizagarri guztia 2/2006 Legearen eta Lurralde Antolaketarako Artezpideekin bat etorriko litzateke, eteten den eremua izan ezik. Eremu hau 1987 onarturiko lur ez urbanizagarriaren kategoriekin geratuko litzateke eta ez luke beteko ez 2/2006 legeak eta Lurralde Antolaketarako Artezpideek agintzen duten kategorizariorekin, inongo zentzurik ez luken arau bazterketa bat eraginez.

2.- Proposatzen den etetea Zatikako Lurralde Planak behin betikoz lurralde eredua onartzen duen bitartekoa da. Zatikako Lurralde Plana onartzeak ordea ez dakar automatikoki bere zehaztapenak Lezoko HAPOan txertatzea. Zatikako Lurralde Plana onartu ondoren gehienez ere Lezoko HAPOa lurralde eredu horretara egokitzera bultzatuko du legeak edo Zatitako Lurralde Planak xedatzen duen epeetan. Beraz Lezoko HAPOaren etena Zatikako Lurralde Plana onartzerakoan altxatzeak ez du inongo praktikotasunik, beti ere " Euskal Herriko Lurralde Antolaketa Batzordearen " ikuspuntutik."

 

Roberto Sánchezek dio udal bilkurak plan orokorra onartuz hartutako erabakia defendatzearen alde dagoela.

Proposamena bozkatu eta onartu egin da aldeko zazpi botorekin eta lau abstentziorekin (Kepa Garbizu, Enrique Figueroa, Jesus Mari Martiarena eta Mikel Antxon Arrizabalaga).

10.- Alkatearen, Organo Kolegiatuetako udal-ordezkarien eta delegatuen txostenak.

Alkateak zenbait konturen berri eman du:

1.- Abuztuaren 2tik 22ra bitartean Aitor Iztueta aritu da udaleko idazkari lanetan, titularraren oporraldia ordezkatzen.

2.- San Markoko Mankomunitatean urriaren 5ean egindako Juntan, Mankomunitateak lehendakari eta lehendakariorde izendapen berriak egin zituela esan du. Baita ere, bilera berean idazkaria eta kontuhartzailea kargutik kentzea erabaki dela, beste arrazoirik eman gabe eta beste inor izendatu gabe. Ondorioz, orain arte idazkari lanetan aritu den udal honetako idazkaria ez da gaur egun eginkizun horietan ari.

3.- Pasaiako Portuko Administrazio Kontseiluaren osaketan aldaketak izan dira. Horien ondorioz, lehen udaletako hiru ordezkari ziren tokian, orain bi izango dira bakarrik. Bi ordezkari horiek izendatzeko irizpideak hauek dira: 1) Portuaren izena hartzen duen herriarena, hau da, Pasaiako Udalekoa. 2) Portuko zerbitzu eremuan azalera gehien duena. Ordezkaritza hori Errenteriako udalari aitortu dio Eusko Jaurlaritzak. Hau da, Lezoko udala ordezkaririk gabe geratu da. Beharbada, Lezok Errenteriak baino azalera gehiago izan dezakeelako erabakia hartzeko egin den espedientea eskatuko zaio Eusko Jaurlaritzari.

4.- Gizarte Zerbitzuen inguruan dio, apartamentu babestuen araudia irailaren 29ko GAOn argitaratu dela. Eguneko zentroaren lokalaren eskriturak lantzen ari omen dira gero Gipuzkoako Foru Aldundiari utzi ahal izateko. Gizarteratze programaren barruan Eusko Jaurlaritza aztertzen ari dela enplegu zerbitzuak eta gizarte zerbitzuak koordinatzea lan programen jarraipena egiteko.

5.- Aurrekontuetan egindako zenbait aldaketen berri eman du:

2010KO040001 Aurrekontuaren aldaketa, 2009ko kreditu txertaketak (090001(2010).

2010KO010002 Aurrekontuaren aldaketa, transferentzia (20003/2010).

2010KO090004 Aurrekontuaren aldaketa, habilitazioa (040003/2010).

2010KO090005 Aurrekontuaren aldaketa, habilitazioa (040004/2010).

2010KO090006 Aurrekontuaren aldaketa, habilitazioa (040005).

6.- Euskara gaietan Oarsoaldeako Euskara Zerbitzuetatik egingo den Oarsoarrak kanpainaren berri eman du.

Jon Legorburuk, Obra eta Hirigintzako zinegotzi delegatuak ondorengo puntuen berri eman du:

1.- Estatutik emandako inbertsiotarako dirulaguntzei dagokionez, 2010eko bi obra martxan daudela dio: Udaletxekoa eta Andreone Kultur Etxekoa. Bestalde, laster jarriko omen dira beste biak martxan: Pysbe eta Itturrin poligonokoa.

2.- Izartu II-ko obrak: Markesane parkekoa eta Jauregialdekoa bukatzen ari dira.

3.- Arkitekto berria azaroaren 2an hasiko da lanean eta elektrizista aukeratzeko frogak aurrera doazela dio.

Iñigo Esnaolak, berriz, Kultura eta gazteria zinegotziak, puntu hauek komentatu ditu:

1.- Santakrutz festak giro onean burutu dira, eta ekintza asko eta parte hartze handiarekin ospatu dira. Batzordearen balorazioa positiboa izan da.

2.- Kirol gaietan, irailean egindako Lezo mendi bizikleta proba komentatu du, batetik. Bestetik, kirol mahaia osatzeko pausoak eta eskola kirolari laguntzeko emandakoak izan ditu hizpide. Urrian kiroldegiko gestioaren kontrol mahaia egin nahi dela ere, esan du.

3.- Musika Eskolari dagokionez, ikastetxeko hezkuntza proiektua onartu dela adierazi du, beti ere, herriaren beharretara moldatua.

4.- Urriaren 3an ikastolen jaia, hau da Kilometroak 2010, dela eta, udala eta herritarrak zoriondu ditu, egindako lanagatik eta izan duten pazientzia eta errespetuagatik.

11.- Galde-eskeak.

Kepa Garbizuri berari entregatu zaizkio egina zituen galdera batzuei buruzko erantzun idatzia.

Gaurko bilkurarako, udal erregistroan aurkeztutakoaz gain, Kepa Garbizuk hitzez beste batzuk egin ditu:

1.- Lehenengoa: Apartamentu babestuen ibilbidea zein izango den. Alkateak dio Gizarte Zerbitzuek bideratuko dituela erabilera eskaerak.

2.- Darieta inguruak interes arkeologikorik duen azterketan urratsik eman ote den ere galdetu du. Alkateak dio, Aranzadi Zientzia Elkartekoekin hitz egin zela eta Eusko Jaurlaritzara ere bidaliko dela galdera.

3.- Hirugarren galdera, Altamira auzoko aparkaldi mugatua zertan den izan da. Jon Legorburuk dio martxan datorren astean jarri nahi dela.

4.- Aralar kalean Eusko Jaurlaritzak egingo dituen apartamentuen obrak noiz hasiko diren galdetu du. Jon Legorburuk dio datorren urtarrilean hasiko direla.

5.- Azkenik, Errenteria aldera doan bidegorrian baranda falta dela dio Kepa Garbizuk. Jon Legorburuk dio horretan ari direla, modelo berdina aurkitzea kostatzen ari zaiela.

Jesus Mari Martiarena kexatu da Jauregialde inguruko obrak suposatu duten alfer alferrikako gastua: alferrik egindako proiektuak, obrak hasteko pasatako denbora, obrak egiten luzatutako epeak, obrak egiteko modua. Guztiaren ardura obra zuzendaritzaren gain utzi du.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 21:05ean eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 828.499.etik 828.500.ra eta 885.693.tik 885.698.ra eta 885.715.tik 885.716.era arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna