2010.eko Abenduaren 1ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2010ko abenduaren 1ean, asteazkena, 19:35ean, eratu da OHIKO OSOKO UDALBATZA egiteko xedez, lehen deialdian, Haritz Salaberria Goikoetxea alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Irati Aranburu Salaberria, Jon Legorburu Arrastua, Iñigo Esnaola Arbiza, María Pilar Legorburu Echegaray, Urko Lopetegi Campano, Jaione Lekuona Irazusta, Kepa Garbizu Azkue, Enrique Figueroa Laboa eta Miguel Antonio Arrizabalaga Brusín eta

Ez dira bilerara azaldu Jesús María Martiarena Jaca eta Roberto Sánchez Sánchez.

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

1.- Egoki irudituz gero, 2010eko urriaren 6ko osoko bilkurako akta onartzea.

Akta aho-batez onartu da inolako zuzenketarik gabe.

2.- Auñamendi kaleko 10 eta 12 zenbakietako udalaren lokala Gipuzkoako Foru Aldundiari uztea bertan Eguneko Zentroa jartzeko diktamena (2010ID190001).

Jon Legorburuk azaldu du Hirigintza Batzordeak emandako diktamena. Honela dio diktamenak:

"2010eko otsailaren 3ko plenoaren erabakiaren ondorioz lankidetzarako protokoloa sinatu zen Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatuarekin, udalarena den Auñamendi kalea 10 eta 12ko lokaletan besteren beharra duten adineko pertsonentzako eguneko zentroa ezarri ahal izateko.

Behin lokala behar bezala egokitu delarik, udalak nahi dio Foru Aldundiari utzi aurreikusitako artapen programa bertan eman dezan.

Lokala Jabetza Erregistroan inskribatua dago eta 319,05 m² ko azalera du.

Alkatetza honen iritziz lagapena onuragarria da herritarren interesentzat, lokalean emango den zerbitzuarengatik.

Horregatik, izapidetu den espedientearen azterturik hona Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2010eko azaroaren 26an egindako batzarraldian Haritz Salaberria, Iñigo Esnaola eta Jon Legorbururen aldeko botoarekin, diktaminatzen du:

BAT: Gipuzkoako Foru Aldundiari doan lagatzea Auñamendi kaleko 10 eta 12 zenbakiko lokalaren erabilera besteren beharra duten adineko pertsonentzako eguneko zentroa ezarri ahal izateko.

BI: Lagapena honako baldintzetan egitea:

1.- Gipuzkoako Foru Aldundiak besteren beharra duten adineko pertsonentzako eguneko zentroa ezartzeko soilik erabiliko du utzi zaion lokala.

2.- Lokal horren erabilerarako lagapenak bere horretan iraungo du adineko pertsonentzako eguneko zentrorako erabiltzen den bitartean, edota, balegokio, dokumentu honen seigarren eta zazpigarren baldintzetan jasoak dauden iraungitze baldintzak gertatzen ez diren bitartean.

3.- Gipuzkoako Foru Aldundiak lokalean egin ahal duen edozein obra lanen aurretik udal baimena eskuratu behar du. Egiten diren obrak jabetzaren onurako izango dira.

4.- Lagapen hartzaileak betebehar hauek izango ditu:

  • Lokalari aipatutako erabilpena ematea, behar bezalako arduraz eta arretaz; eta gaizki erabiliz gero izandako kalteak konpontzea.
  • Lokalaren erabilpenean eta aprobetxamenduan hirugarrengoei eragindako kalteen erantzule izatea, edozein erantzukizunetik udala salbuetsiz.
  • Bere gain hartzea garbitasun, zabor bilketa, argindar, ur, gas eta telefono gastuak eta baita lagatako lokalen erabilpenaren ondorioz sortutakoak ere.
  • Lagatako lokalaren ohiko konponketak egitea, egoki erabiltzeko moduan egon daitezen.
  • Lokala aseguratzea, bai edukitzailea eta edukia.

5.- Lagapen hartzaileak ezingo du lokala laga, erabilpena eskualdatu edo lehen klausulan ezarritako xedea ez den beste baterako ibili.

Aurrekoa horrela izanda ere, ez da lapen gisa hartuko lokalaren erabilpena zentroaren kudeaketan hura ordezkatuko lukeen beste baten esku uztea.

6.- Lagapen hau ondorengo arrazoiengatik iraungiko da:

  • Eraikina suntsitu edo erortzeko arriskuan egonez gero.
  • Hiri antolamenduaren aldaketa baten ondorioz xede aldaketa ematen bada.
  • Lagapen hartzaileak agiri honetan jasotako lokalaren erabilerari buruzko betebeharrak eta printzipioak modu larrian bete gabe utziko balitu.
  • Besteren beharra duten adineko pertsonentzako eguneko zentroa hamabi hilabeteko epean abian jartzen ez bada, dagokion kontratua sinatzen den egunetik kontatzen hasita, eta, baita, hura beste leku batera aldatzen bada ere.
  • Ibilgetuan egindako inbertsioak udalaren esku geratuko dira lagapena iraungitzen denean, ordainetan ezer eman behar gabe.

7.- Interes publikoko arrazoiak direla-eta Lezoko udalak eraikinaren erabilera berreskuratzea beharrezkotzat joko balu, lagapena iraungita geratuko litzateke. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiak sei hilabeteko epea izango luke lokala uzteko.

Kasu horretan, bi aldeek konpentsazio bat finkatuko dute egindako ibilgetu inbertsioengatik, eraikinak izan duen balio handitzea eta hura erabilitako denbora kontuan hartuta.

8.- Udalak ahalko du lokala erabili adineko pertsonentzako eguneko zentroa abian jartzen ez den bitartean.

HIRU: Espedientea jendaurrean edukitzeko tramitea hasi izana berreztea herritarrak informa daitezen eta egoki ikusten dituzten erreklamazioak egin ditzaten, jendaurrean egon behar duen hamabost egunetan. Horren ondorioz sor daitezkeen erreklamazioak Udalak berak ebatzi beharko ditu. Eta erreklamaziorik ez balego, akordioa behin-betiko hartua legoke.

LAU: Akordio hau Gipuzkoako Foru Aldundiari jakinaraztea.

BOST: Erabaki hau betetzeko behar daitezken dokumentu guztiak egiteko ahalmena alkateari ematea.

SEI: Erabakiaren aurkako errekurtsoak:

a) Auzitara jo aurretik, eskatzaileak, hala nahi izanez gero, erabakia berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezake 30/1992 Legearen arabera.

  • Horretarako, hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.
  • Errekurtsoa aurkeztekotan Osoko Bilkurara jo behar da.

b) Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezake zuzen-zuzenean.

  • Horretarako, bi hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.
  • Errekurtsoa aurkeztekotan, EAEko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzitarako Donostiako epaitegira jo behar da."

Kepa Garbizuk eta Mikel Antxon Arrizabalagak abstenitu egingo direla diote; zerbitzuaren kokapena ez zaie gustatzen eta akaso beste zerbitzu batzuk ere nahiko lituzkete. Dena den ezer baino hobea dela eta, ez dute aurka egingo.

Diktamena bozkatu eta onartu egin da aldeko zortzi botorekin eta bi abstentziorekin (Kepa Garbizu eta Mikel Antxon Arrizabalaga).

Irati Aranburuk alde egin du bilkuratik.

3.- S-1eko "D" lursailaren Xehetasun Azterlanaren behin betiko onartzeko diktamena (2010H0420001).

Jon Legorburuk Hirigintza Batzordeko diktamena onartzea proposatu du. Honela dio diktamenak:

"Lezoko Udalak 2010ko irailaren 24ko 2010/710 Alkatetza Dekretuaren bidez, S-1 Sektoreko "D" lursailaren gaineko Xehetasun Azterlanari haserako onarpena ematea erabaki zuen.

Erabaki honen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2010ko urriaren 4an, 190 zenbakidun alean. Prentsa idatzian eta udaletxeko iragarki taula ere argitaratu zen

Zehaztapen Azterlan hau informazio publikoan egon da 20 egunez eta epe horretan ez da alegaziorik aurkeztu.

2/2006 Legeko 98 artikuluak xedatzen duena kontuan izanik ,Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2010eko azaroaren 26an egindako batzarraldian Haritz Salaberria, Iñigo Esnaola eta Jon Legorbururen aldeko botoarekin, diktaminatzen du:

BAT: S-1 Sektoreko "D" Lursailaren gaineko Xehetasun Azterlanari behin betiko onarpena ematea.

BI: Akordio hau GAOn argitaratzea eta interesatuei jakinaraztea.

HIRU: Erabakiaren aurkako errekurtsoak:

a) Auzitara jo aurretik, eskatzaileak, hala nahi izanez gero, erabakia berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezake 30/1992 Legearen arabera.

  • Horretarako, hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.
  • Errekurtsoa aurkeztekotan Osoko Bilkurara jo behar da.

b) Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezake zuzen-zuzenean.

  • Horretarako, bi hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.
  • Errekurtsoa aurkeztekotan, EAEko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzitarako Donostiako epaitegira jo behar da."

Diktamena aho-batez onartu da.

4.- Pasaiako Portuko Azpiegituren Plan Zuzentzailearen ingurunearen jasangarritasun txostenari alegazioak aurkezteko alkatearen erabakia berrestea (2010H0460004).

Alkateak esan du alegazioak aurkezteko epea gaur bukatzen zenez, berak, dekretuz, Hirigintza Batzordean diktaminatutako alegazioa bidaltzea erabaki duela. Zehaztu du diktaminatutako alegazio txostenari orri batzuk gehitu dizkiola gizarte eta erakundeen iritziekin. Banatu egin die zinegotziei diktaminatutakoari gehitutako testua.

Behin hori argituta deialdiarekin bidalitako alkate D10/00869. dekretua berrestea eskatu dio osoko bilkurari. Honela dio berrestea eskatzen den dekretuak:

"Pasaiako Portuko Azpiegituren Gida Planaren aurretiko bertsioaren Ingurumen arloko ebaluazioaren izapideen hurrengo urratsak gauzatzeko, Pasaiako Portu Agintaritzako Administrazio kontseiluak Pasaiako Portuko Azpiegituren Gida Planaren aurretiko bertsioaren Ingurumen Iraunkortasunari buruzko txostena onartu zuen 2010eko irailaren 22an.

Apirilaren 28ko 9/2006 Legearen 10 eta 21 artikuluetan, plan eta programa zehatz batzuek ingurumenean duten eraginaren ebaluazioari buruz xedatutakoa betez, aipatutako txostena eta Pasaiako Portuko Azpiegituren Gida-Planaren aurretiko bertsioa jaso du Lezoko Udalak, dagokion ohar eta alegazioak aurkeztu ditzan.

Dokumentua aztertu ondoren udal zerbitzu teknikoak alegazio idatzi bat prestatu dute.

Espedientean dagoen alegazio txostena kontutan izanik, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako Batzordeak 2010eko azaroaren 26an egindako batzarraldian, diktaminatutakoa ikusirik eta epearen urgentzia aintzat hartuz,

Alkatetza honek ERABAKI DU

BAT: Udal zerbitzu teknikoak idatziriko alegazio txostena onartzea.

BI: Pasaiako Portu Agintaritzako Administrazio kontseiluak, 2010eko irailaren 22an, Pasaiako Portuko Azpiegituren Gida Planaren aurretiko bertsioaren Ingurumen Iraunkortasunari buruz onarturiko txostenari aipatu alegazioak aurkeztea.

 

HIRU: Alegazio hauek Ingurumen, Landagune eta Itsas Inguruetako Ministerioaren Kalitate eta Ingurumen Ebaluazioko Zuzendaritzara ere igortzea.

LAU: Erabakiaren aurkako errekurtsoak:

a) Auzitara jo aurretik, eskatzaileak, hala nahi izanez gero, erabakia berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezake 30/1992 Legearen arabera.

  • Horretarako, hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.
  • Errekurtsoa aurkeztekotan Alkatetzara jo behar da.

b) Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezake zuzen-zuzenean.

  • Horretarako, bi hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita
  • Errekurtsoa aurkeztekotan, EAEko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzitarako Donostiako epaitegira jo behar da."

Kepa Garbizuk dio jakina dela EAJ alderdiaren jarrera gai honen inguruan, kanpoko kaiaren alde daudela Gipuzkoako ekonomiak beharrezkoa duelako eta barruko kaiak behar beharrezkoa duelako erabateko berritzea. Dena den jendaurreko epea dagoenez alegazioak egitea ez duela oztopatuko dio.

Mikel Antxon Arrizabalagak alegazioaren kontra hitz egin du. Bere ustez hobe luke Lezoko udaleko osoko bilkura honek erabakiko ez duen azpiegitura berri honetara prestatzen hasiko balitz hark suposatuko duen aukeraz baliatuz.

Alkateak dio inork ez duela zalantzan jartzen gaurko kaiaren biziberritu beharra. Biziberritze ereduan sortzen dira desadostasunak. Biziberritzea kai ondoko herritarrentzat izan behar duela eta hori ez omen da lortuko batzuk etxe eta kirol kaiez egin nahi duten biziberritze ereduarekin, Orio eta Hondarribian gertatu den bezala. Horietan, hiri autonomo eta desertuak sortzen dira ordu jakin batzuetatik aurrera. Hobekuntzak kanpo kaia egiteari baldintzatzea kritikatu du. Alkateak.

Bozketa egin da eta alegazioa aurkeztu izana berretsi da aldeko zortzi botorekin eta aurkako bat (Mikel Antxon Arrizabalaga).

5.- Ulia eta Jaizkibelen Itsas Eremu Babestuaren (IEB) aldeko adierazpen instituzionala eta aldeko jarrera hartzeko diktamena, Red Natura 2000ren baitan, era berean, Donostia-Biarritz itsas Ekologia-korridorean barne dagoena.

Alkateak Hirigintza Batzordeak onartutako diktamena onartzea proposatu dio osoko bilkurari. Honela dio diktaminak:

"Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2010eko azaroaren 26an egindako batzarraldian Haritz Salaberria, Iñigo Esnaola eta Jon Legorbururen aldeko botoarekin diktaminatzen du:

BAT: Oceana-Cobe proposamen zientifikoa bere gain hartzea, onartzea eta bultzatzea. Proposamen horren helburua Uliako eta Jaizkibelgo itsas hondoen eta eremu pelagikoen Natura 2000 Sarea babestea da, eta, horretarako, 13.000 hektareako Itsas Eremu Babestua (IEB) eratu behar da. Donostia eta Biarritz arteko mugaz haraindiko itsas korridore ekologikoaren parte izango litzateke IEB hori.

BI: Itsasoa babestearekin eta Natura 2000 Sarearekin zerikusia duten erakunde eskudunei (Europako Batzordeko Ingurumen Sailaren Zuzendaritza Orokorra, Ingurumen Ministerioa, Eusko Jaurlaritza) eskaera egitea, Uliako eta Jaizkibelgo IEB hori, arestian aipatua, halakotzat har dezaten, Kantauriko Natura 2000 Sarearen konfigurazioaren baitan, habitatei buruzko zuzentaraua garatze aldera, legezko konpromisoa eta betebeharra dela ulertuta.

HIRU: Aipatutako ingurumen erakundeei eta Gipuzkoako hedabideei adierazpen instituzional hau helaraztea.

LAU: Herritarrei erabaki honen berri ematea, eta gure udalerriko natura ondarea eta itsas biodibertsitatea babestearen garrantziari buruz sentsibilizatzea. Izan ere, itsasoari lotuta bizi izan da Lezo historian zehar, eta itsasoa egoera onean egoteak baldintzatu du beti herria. Eta hala izaten jarrai dezala."

Kepa Garzbiuk dio erabaki hau kanpo kaiaren kontra doala eta aurreko gaiarekin egin bezala hobe izango litzatekeela alegazio bezala proposatu izan balitz.

Mikel Antxon Arrizabalaga Gipuzkoako Batzar Nagusietan gai honen inguruan onartutako ebazpena onartzearen alde azaldu da. Bere ustez logikoagoa izango litzateke mozioaren ordez alegazioak aurkeztea, kanpo kaiaren zuzendaritza planari ikerketan aipatzen diren gune garrantzitsuak babesteko eskatuz.

Bozkatu eta diktamena onartu da aldeko sei botorekin, abstentzio batekin (Mikel Antxon Arrizabalaga) eta aurkako bi botorekin (Kepa Garbizu eta Enrique Figueroa).

 

6.- Eusko Jaurlaritzaren 235/2010 eta 236/2010 dekretuen aurkako helegitea tarteratzen alkateak hartutako erabakia berrestea (2010H0450005).

Alkatearen erabakiak honela dio hitzez hitz:

"Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako Sailburuak proposatuta 2010eko irailaren 10ean Pasaiako Portuko Agintaritzaren Administrazio Kontseiluko bokalak Kargutik kentzeko 235/2010 Dekretua onartu zuen.

Egun berean Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako Sailburuak proposatuta 2010eko irailaren 10ean Pasaiako Portuko Agintaritzaren Administrazio Kontseiluko Kideak izendatzeko 236/2010 Dekretua onartu zuen

Dekretu hau Interes orokorreko Portuen Araubide Ekonomikoari eta Portuotan Zerbitzuak Eskaintzeari buruzko azaroaren 26ko 48/2003 legea aldatu duen abuztuaren 5eko 33/2010 Legea indarrean sartu izanaren ondorioz onartu da.

Hain zuzen ere aipatu legearen arabera, portuko zerbitzugunearen kokatuta dauden udalerriek Portuko kontseiluaren gainerako kideen 100ko 33ko ordezkaritza izango dute. Zerbitzugunea udalerri batean baino gehiagotan kokatuta egonez gero, ordezkaritza, lehenik, Portuko Agintaritzak administratutako portuari edo portuei izena emandako udalerri edo udalerriei egokituko zaie, ondoren gainerako udalerriei, zerbitzugunearen eraginpean duten azaleraren proportzioan.

235/2010 Dekretuan, besteak beste, Errenteriako eta Lezoko udal ordezkariak kargutik kentzen dira eta 236/2010 Dekretuan berriz, Errenteriako udal ordezkaria izendatzen da Pasaiako Portuko Agintaritzaren Administrazio Kontseiluko Kide izateko. Beraz ulertu behar dugu, 33/2010 Legearen aplikazioan Eusko Jaurlaritzaren ustez Errenteriako udalerriak Portuko zerbitzugunearen eraginpean duen azalera Lezoko udalerriak duena baino handiagoa dela.

Lezoko udal informazioaren eta teknikarien arabera ordea, Lezoko Udalerriak Errenteriakoak baino azalera gehiago du Portuko zerbitzugunearen eraginpean.

Ondorioz Eusko Jaurlaritzak onarturiko 235/2010 eta 256/2010 Dekretuak legea urratuko lukete, 33/2010 legearen aplikazio oker bat gauzatu duelako.

Lezoko Udal Idazkariaren txostena kontutan izanik, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2010eko azaroaren 26an egindako batzarraldian, diktaminatutakoa ikusirik eta epearen urgentzia aintzat hartuz,

Alkatetza honek ERABAKI DU:

BAT: Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak onarturiko 235/2010 eta 236/2010 Dekretuen aurka helegitea tarteratzea.

BI: Dekretu hau udalaren osoko bilkurari aurkeztea bere berrespenerako."

Erabakia berretsi egin da aldeko zortzi botorekin eta abstentzio batekin (Mikel Antxon Arrizabalaga).

 

7.- Proposamena, udal aurrekontuaren aldaketa kreditu gaikuntza bidez egitekoa (2010KO090008).

Alkateak gaia gai zerrendatik kendu egin du.

8.- Proposamena, 2011 ekitaldirako taxi tarifak onartzeko (2010KO290007).

Alkateak erabaki proposamena aurkeztu du. Honela dio:

"Urriaren 6an egindako osoko bilkurak mahai gainean uztea erabaki zuen Ogasun Batzordeak egindako diktamena 2011. urteko taxi tarifak onartzeko, Oarsoaldea eskualde mailan egin beharreko koordinazio bilera baten zain.

Ondoren Oarsoaldeko Taxi Batzordean egindako bileran proposamen bat adostu zuten bai udal ordezkariek eta taxisten elkarteetako lehendakariek.

Hori ikusirik, Alkateak Plenora darama ondorengo erabaki proposamena:

BAT: 2011. urterako taxien tarifak onartzea, Oarsoaldeako Taxi Batzordeak proposatu bezala:

Tarifa I (*):

Gutxienekoa: 4,9365€

Egindako Km. 1,0491€

Itxaronaldia, orduko: 20,6242€

(*) Tarifa hau lanegunetan, 07:00etatik 23:00etara, aplikatuko da:

Tarifa II (**)

Gutxienekoa: 5,8272€

Egindako Km 1,6466€

Itxaronaldia, orduko: 22,4124€

(**) Tarifa hau igandeetan eta Autonomia Erkidegoko eta tokiko araudian jaiegun diren egunetan aplikatuko da, baita larunbatetan ere. Halaber, lanegunetan ere, 23:00etatik 07:00etara, aplikatuko da.

Gutxieneko tarifaren barnean 1,5 Km-ko ibilbidea edo bost minutuko itxaronaldia sartzen da."

Eusko Jaurlaritzan bihar egingo den Prezioen Batzordetik pasa ahal izateko, gaia diktaminatu gabe dago, batzordetik pasa gabe. Gaurko bilkuran diren zinegotzi guztien adostasunarekin gaiaren urgentzia onartu egin da.

Proposamena ere aho batez onartu da.

9.- Mozioak, Azaroak 25, emakumeen aurkako biolentziaren kontrako nazioarteko eguna (2010AL050007).

Alkateak dio deialdiarekin batera gai honen inguruko bi mozio bidali direla. Bi testuak gaurko bilerako aktan jasotzearen aldekoa bada ere, ez du bozkatzera jarriko Jon Legoruruk aurkeztutako testua.

Hona hemen Mikel Antxon Arrizabalagak aurkeztutako mozioa:

"Aurten ere, Azaroak 25 dela eta, Genero Indarkeriaren kontrako Nazioarteko egunean, arreta guztia jarri nahi dugu biolentzia sinboliko, suabe, maltzur eta ohartezinarengan, bertan emakumeen identitatea eraikitzen da eta posible egiten du emakumeen kontrako biolentzia fisikoa.

Indarkeri sinboliko hau ideia okerretan oinarritzen da, baina oso zabalduak eta bereganatuak daude, adibidez, emakume izatea eta leku eta ordu batzutan egoteak arrisku bat dela, barneratzea sexu eraso bat baino txarrago ez dagoela eta aldi berean emakume batek ezin duela ezer egin, beldurra edukitzea ikastea eta zaurgarria izatea, babes beharra edukitzera, baina ez du inork esaten zerri edo nori beldur eduki behar zaion, lotsatu eta errudun sentitu sexu eraso jasotzeagatik edo tratu txarrak jasotzeagatik, justifikatuz edo ukatuz, errekonozitu edo kritikatu beharrean; suposatzeak emakumeen askatasun sexuala probokazioa bat dela eta hala justifikatu gizon batzuen jarduera erasotzailea; edo uste izatea, kontrola eta ieloskorra izateak bikotearen barnean, maitasuna eta bikotearen parte dela eta saiatzen bazara, agian maitasunagatik alda daitekeela.

Guzti hau behartzen gaitu gure arreta ezartzea urte guztiaren zehar, baina gehiago data hau heltzen denean, bereziki, gure udalerriko nerabe eta gazteetan, 2009an egin genuen bezala, beraiek bereizteko biolentzia, modu sotilean ere, gizarteak bertakotu eta bereganatuak dituena eta hala zaurgarriak ez izatea lortu arte.

Horretarako, aurreko kanpainan erabilitako leloa erabiliko dugu berriro ere, Berdinsarea, Beldur barik. Beldur barik esatea inplikatzen du beldurra kontrol estrategia moduan ukatzea eta errekonozitzeak, emakumea izatea arriskutsua izanik, udaletxe honek emakumeei erraztu behar die tresna batzuk bereganatzea prebentziorako eta bere aurrean defendatzeko. Bordondate hau, gure udalerrietan exijentzia bihurtu behar litzateke.

Hala, ez diegu gazteei bakarrik lagunduko biolentzia fisikoaren kontra, animatuko diegu agente aktiboak izaten emakumeen aurkako biolentziaren aurrean euren arbuioa adierazten edozein espresiobideren bitartez, borrokatzen bai indibidualki, bai koletiboki.

Guzti honengatik, udaletxe honek:

Garatzeko konpromezua bereganatzen du, bere konpetentzien barne eta legealdiaren barne, politika munizipal aktiboa, integrala eta koordinatua berdintasunaren aldekoa eta emakumeen indarkeriaren kontrakoa, bereziki arreta jarri nerabeek eta gazteek jasaten duten biolentziari, jardun dezaten efektiboki, beldurrik gabe bizitzeko eskubidea eta biolentziaren aurrean defendatzeko.

Komeni da iniziatiba batzuk martxan ezartzea urtean zehar, gazteen partaidetza edukirik eta hala tresnak eskuratzea beldurra eta zaurgarritasunari aurre egiteko, euren enpoderamendua faboratzen; aldi berean eragingo da gazteekin lan egitea jarrera sexistak ekiditeko eta bultzatu aktiboak izaten eraso matxisten aurrean.

Gizarte animatu eta bereziki udalerriko neska-mutilak parte hartzen Azaroak 25aren inguruan ospatuko diren ekitaldietan, Emakumeen Aurkako Biolentziaren Kontrako Nazioarteko Egunean, manifestatzera biolentzia horren kontra eta parte hartu Beldur Barik Festibalean, Bendinsareak antolatua kanpaina honetarako eta Bilbon, azaroaren 27an ospatuko dena.

Gonbidatu denok lila puntua erabiltzera, emakumeen aurkako biolentziaren kontrako sinboloa dena eta puntu lila hauxe udaletxeko eraikin printzipalean puntu ikusgarri batean kokatzea."

Jon Legorburuk aurkeztutako mozioak hemen heldu dena dio:

"Beste urte batez, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, Lezoko udalak salaketa egin nahi du eta biolentzia matxistaren aurka lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi egiten du, bere herritarrei honen aurrean mobilizatzeko deia luzatzeaz bat.

2010. urtea hasi zenetik 6 emakume erahil dituzte eta beste batek desagerturik jarraitzen du. Eraso sexisten inguruko gertakariak eta salaketak egunero entzun ohi ditugun elementuak dira. Herriko jaietan edota jai eremuetan emakumeon askatasuna baldintzatu eta eraso sexisten areagotzea ematen da. Lan eremuan ematen diren sexu jazarpenen datuak kezkatzekoak dira. Gazteriaren artean sexuen arteko botere harremanak eta balore patriarkarrak iraunarazteaz gain, mutil askok nesken kontrako indarkeria ere baliatzen jarraitzen dute...

Instituzioen aldetik, emakumeon aurkako indarkeriari aurre hartzeko martxan dauden lege, protokolo, orden eta akordio inter-instituzionalak, partzialak dira eta protokolo horiek aurrera eramateko baliabideak ez ezartzeaz gain, herriz herri nola banatu behar diren ere ez da zehazten. Herri-udal bakoitzak dituen baliabide ekonomiko eta humanoen arabera usten delarik. Honen aurrean, konpromiso politikotan oinarritutako adierazpena plazaratzea beharrezkoa dela deritzogu.

Horregatik, udal honek bere konpromisoa berresten du, bere eskumenen esparruan eta indarreko legeria aplikatuz, berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako udal politika aktibo, osoa eta koordinatua garatzeko, hitzetatik ekintzetara pasatuz.

Horrekin batera, Indarkeriari aurre egiteko politika integralari dagokionez, mota desberdinetako neurriak hartu beharko ditugu kontutan, besteak beste heziketan oinarritutako prebentzio neurriak, eraso baten ondorengo neurri asistentzialak edota erantzun soziala artikulatzeari begira.

Udal honek, gonbitea egiten die herritar guztiei, bereziki udalerriko neska eta mutilei, azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, burutuko diren mobilizazioetan parte hartzera.

Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartea eraikitzea guztion ardura da!!! "

Alkateak aurreratu bezala Mikel Antxon Arrizabalagak aurkeztutako mozioa bakarrik bozkatu da eta aho batez onartu da.

Kepa Garbizuk dio beste zintzilikarioak jartzen diren bezala gai honetako ere jarri beharko liratekeela udaletxeko balkoian.

10.- Mozioa, Saharar herriari elkartasuna aurkeztekoa (2010AL050008).

Deialdiarekin batera bidalitako mozioaz gain, Kepa Garbizuk eta Mikel Antxon Arrizabalagak, bakoitzak bere aldetik, testu berdina duten gaiaren inguruko beste mozio bat aurkeztu dute.

Alkateak testu alternatibo bezala eztabaidatu eta bozkatu ordez, bi bozketa egitea proposatu du: lehenik Kepa Garbizuk eta Mikel Antxon Arrizabalagak aurkeztutako mozioa bozkatuko litzateke eta gero deialdiarekin batera bidalitako Jon Legorburuk aurkeztutako mozioa.

Kepa Garbizuk eta Mikel Antxon Arrizabalagak aurkeztutako mozioak honakoa dio:

"Aaiunen, Marokoko agintariek 20.000 sahararrek baino gehiagok beren egoragatik modu baketsuan protesta egiteko bilduta zeuden kanpamentua bortxaz hustuarazita izandako gertaera larri-larriak direla-eta:

1.- Lezoko Udalak kondenatu egiten ditu Marokoko Gobernuak saharar populazioaren kontra egindako indarkeria-ekintzak, eta elkartasuna eta babesa adierazi die sahararrei.

2.- Lezoko Udalak kondenatu egiten du saharar zibilen hilketa, Marokoko Armadak Aaiunen kokatutako zibilen kanpalekuen kontra burututako eraso militar bortitzak eragindakoa, eta elkartasuna adierazten die eraso horren biktimei eta beren senideei. Era berean, barru-barrutik deitoratzen du liskarretan hildako polizia marokoarren heriotza.

3.- Lezoko Udalak salatu egiten du Marokoko Gobernuaren jarrera, galerazten ari baita Europako Parlamentuko, Euskal Autonomia Erkidegoko Legebiltzarreko eta Nafarroako Parlamentuko kideek Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetara sartzea.

4.- Lezoko Udalak berriro adierazten du konpromisoa daukala saharar herria jasaten ari den egoera salatzeko eta herritar horien eskubide zibil eta politikoak eskatzeko.

5.- Lezoko Udalak azaltzen du kezkatuta dagoela Marokoko indar polizial eta militarren presioak giza eskubideen bortxaketa ari delako eragiten Mendebaldeko Saharan.

6.- Lezoko Udalak Nazio Batuen Erakundeari eskatzen dio eman diezaiola Minursori saharar populazioaren giza eskubideak babesteko ahalmena. Eusko Legebiltzarrak exijitzen du, gainera, Minursok (Nazio Batuen misioa Mendebaldeko Sahararen erreferendumerako) bitarteko indar gisa jokatu dezala gertakari hauen aurrean.

7.- Lezoko Udalak Espainiako Gobernuari eta instituzio guztiei eskatzen die bermatzaile eta begirale jarrera mantendu dezala Mendebaldeko Saharan giza eskubideak haustearen aurrean, eta areagotu ditzatela beharrezko diren lan diplomatikoak, behingoz bukatu dadin Gdeym Izik kanpalekuaren kontrako eraso bortitza eta Aaiungo ondorengo gorabeherak, aurrerantzean biktima gehiagorik ez izateko.

8.- Lezoko Udalak adierazten du beharrezkoa dela nazioarteko behatzaileak etengabe egoera lurralde okupatuetan, eta animatu egiten ditu gizarte zibila eta erakunde eta kargu instituzionalak jarraitu dezaten giza eskubideen bortxaketak salatzen.

9.- Lezoko Udalak berretsi egiten du saharar herriaren autodeterminazio-eskubidea Nazio Batuen Erakundeak adostutako eran.

10.- Lezoko Udalak Espainiako Gobernuari eskatzen dio hartu dezala berari dagokion papera eta babestu dezala gatazka konpontzeko prozesua Nazio Batuen esparruan.

11.- Lezoko Udalak animatu egiten ditu herritarrak eta instituzioak Euskadin egitate hauek arbuiatzeko antolatzen diren ekitaldietan parte har dezaten".

Jon Legorburuk aurkeztutako mozioa hemen heldu dena dio:

"Duela zenbait aste, ehunka, milaka saharar Mendebaldeko Saharako okupatutako hirietatik atera eta protesta kanpalekuak antolatzen hasi ziren. Kanpaleku horiek manifestatzeko eta adierazpen askatasunaz baliatzeko eraiki dituzte, hori egitea ezinezkoa baita Aaiungo eta Mendebaldeko Saharako beste hiri batzuetako kaleetan.

Kanpaleku horiek zapaldutako hitza, herri bati lapurtutako ahotsa berreskuratzeko sortu dituzte; saharar herriak erasoei, torturei eta legez kanpoko atxiloketei, baliabide naturalak indarrez kentzeari, bidegabekeriari, beste herrialde batzuen pasibotasunari, interes ekonomikoei, traizioari eta komunikabideen isiltasunari aurre egiteko ahots urragaitz eta bakezalea erabiltzen dutela erakusteko. Iristen diren berrien arabera, kanpalekua poliziaz inguratuta dago. Poliziak ez die kanpalekura sartzen uzten ibilgailuei. Bertara sartzen saiatzen direnak atxilotu egiten dituzte, galdeketak egiten dizkiete, eta ibilgailuak, ura, elikagaiak eta botikak kentzen dizkiete. Marokoko militarrek saharar ekintzaileak tirokatu dituzte, eta 14 urteko Elgarhi Nayem Foidal Mohamed gaztea hil dute; haren gorpua bahitu eta lurperatu egin dute, familiari gaztea agurtzeko aukerarik eman gabe. Halaber, GARHI ZUBEIR (hildakoaren anaia) eta beste sei ekintzaile balaz zauritu dituzte. Horrez gainera, Marokoko polizia eta armada saharar kanpalekua husten ari dira, han dauden errefuxiatuen aurka indarkeria erabiliz; oraindik ere berriak nahasgarriak izan arren, gutxienez 14 saharar ekintzaile hil direla baieztatu dute.

Saharar herria borroka eta erresistentziaren eredu garbia da. Hayako Nazioarteko Justizia Auzitegiak eta Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak emandako ebazpen guztiek xedatzen dute saharar herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela, autodeterminazioari eta independentziari buruzko erreferendum baten bidez. Saharar herriak Nazio Batuen ebazpen guztiak bete ditu, eta erreferendum bidez bere etorkizuna erabakitzeko prest jarraitzen du; hala ere, Marokok gatazka hori nazioarteko politikaren agendatik at uztea lortu du, nazioarteko komunitatearen laguntzari eta herri horren okupazioaren arduraduna den Espainiako Estatuaren pasibotasunari esker.

Marokoko Gobernuak halaxe espoliatzen du okupatutako saharar herria. Mendebaldeko Saharak baliabide natural oparoak ditu. Bu Craako meatzeak aire zabalean dauden munduko fosfatozko meategi handienetakoak dira; bertan, 2,8 milioi tona fosfato ekoizten dira urtean. Meatze hori Francoren diktadurapean jarri zuen martxan Espainiak eta 1975. urtean utzi zuen, Mendebaldeko Saharatik eta haren herritik alde egin zuenean; gaur egun, Marokok ustiatzen du. Saharar kalak munduko arrantza-toki aberatsenetakoak dira, eta Europar Batasunak eta Marokok akordioak egin dituzte haietan arrantzatzeari buruz. Akordio horiekin emandako 114 lizentzietako 100 Espainiari dagozkio. Are gehiago, saharar hondartzetako hondarra Espainiari saltzen diote, Kanariar Uharteetako eta Espainiako kostaldean dauden beste hiri batzuetako hondartzak lehengoratzeko. Horrez gainera, Marokok, Europar Batasuneko bazkideak, erasoen, torturen eta legez kanpoko atxiloketen politika ezarri du Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan bizi den saharar herriaren aurka.

Saharar biztanle zibilen aurka egindako eraso horiek egunero gertatzen dira Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan.

Nazioarteko komunitatearen hipokresiak ez du mugarik. Nazio Batuek emandako ebazpenak behin eta berriz urratzen direla ikusi arren, Europar Batasunak ez du neurririk hartzen, eta, gainera, lehentasunezko bazkide izendatu du Maroko; halere, Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan giza eskubideak errespetatzeko eskatu dio, eta saharar ekintzaileak babesteko azpimarratu dio. Europar Batasunaren eta Marokoren arteko lehenengo goi-bilera egin eta hurrengo egunean, saharar ekintzaileak eraso zituzten Dajla, Aaiun eta Smaran. Europar Batasunak ez du ezertxo ere egin horri dagokionez.

Zentzu horretan, Espainiako Gobernuak babestu egiten du Marokok Mendebaldeko Saharari buruz duen iritzia, eta, beraz, Espainiako Gobernuaren jarrera lotsagarria izateaz gain, erabat legez kanpokoa da. Mendebaldeko Sahara Afrikako azken kolonia da, eta Espainiar Estatuaren historiako beste orrialde beltz bat. Deskolonizazio prozesua ez da gauzatu, herrialde horretako indar administratzailea Espainiako Estatua baitzen; horixe izan da saharar herriaren zoritxarra. Horren harira, eta okupatuta edo erbestean dagoen saharar herriaren erresistentzia ikusita, Ezker Abertzaleak dei egiten du Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren, Fronte Polisarioaren eta, oro har, saharar herriaren aldeko elkartasuna areagotzeko. Hori dela eta, datozen egunetan, Ezker Abertzaleak hainbat mozio aurkeztuko ditu Euskal Herriko udaletan, eraikitako kanpalekuen aldeko elkartasuna adierazteko, haiei ahal den guztian laguntzeko borondatea erakusteko eta nazioarteko komunitateari saharar herriaren okupazioa behin betiko konpon dezala eta nazioarteko legedia nahiz herrien autodeterminazio eskubide besterenezina bete dezala eskatzeko.

Ebazpena:

  • 1 Protesta baketsuan parte hartzeko okupatutako hirietatik irten ziren 20.000 sahararrei elkartasuna adieraztea, eta Marokok eta haren bazterketa politikak saharar herriaren giza eskubideen aurka egiten dituen urradura larriak salatzea.
  • 2 Halaber, gure gaitzespenik handiena adieraztea Marokoko armadaren esku-hartzearen aurka; batez ere, azaroaren 8an, astelehena, egin zenaren aurka, bertan 14 saharar hil baitzituzten Marokoko polizia eta armadaren tiroek.
  • 3 Marokoko agintariei manifestari baketsuen aurkako ekintza basatiak berehala amaitzeko eta saharar herriaren aurkako errepresio gero eta gogorragoa bukatzeko eskatzea.
  • 4 Saharar herriari gure babes osoa adieraztea, eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoari gure eskuetan dagoen guztian laguntzeko konpromisoa berrestea, saharar herriak askatasuna lor dezan.
  • 5 Europar Batasunari Marokoko Erresumarekin duen Bazkide Akordioa bertan behera uzteko eskatzea, giza eskubideen 2. artikuluan ezartzen dena urratzen baitu.
  • 6 Marokok nazioarteko legedia errespeta dezan eskatzea, bereziki autodeterminazio erreferenduma egitearen alde Nazio Batuek xedatutako ebazpenak, Mendebaldeko Sahara deskolonizatzeko prozesua amai dadin. Horren harira, indar okupatzailea, Maroko, autodeterminazio eskubide hori garatzera behar dezaten eskatzea Nazio Batuei, Europar Batasunari eta Espainiako Estatuari (lehengo indar koloniala den aldetik).
  • 7 Azken gertakariak ikusita, Udal honek Marokoko erakunde guztiekin dituen harremanak etetea erabaki duela adieraztea, eta herrialdean dauden Marokoko ordezkariei erabaki horren berri ematea. Halaber, Euskal Herriko hainbat erakunderi neurri berak har ditzaten eskatzea.
  • 8 Azken gertakariak ikusita, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoari laguntzeko gure eskuetan dagoen guztia egingo dugula jakinaraztea."

Kepa Garbizuk aurkeztutako mozioa onartu da aldeko hiru boto eta sei abstentziokin. Eta Jon Legorburuk aurkeztutakoa ere, onartu egin da aldeko sei boto eta hiru abstentziorekin.

11.- Alkatearen, Organo Kolegiatuetako udal-ordezkarien eta Delegatuen txostenak.

1.- Alkateak ondorengo gai hauen berri eman du:

- Udal aurrekontuetan egindako kreditu aldaketak: 2010K0090007, 2010K0090008, 2010K0010003, 2010K0010004, 2010K0010005 espedienteenak.

- 2011rako ordenantza fiskalak behin betiko onartu direla, jendaurreko epean inolako alegaziorik ez delako aurkeztu.

- 2011ko udal aurrekontuak lantzen ari direla dio, eta hurrengo ohiko bilkurarako aurkeztu nahi dituela dio alkateak.

- Euskararen arloan urteko planaren jarraipena egiten ari direla dio. Horretaz gain, ohiz egiten den erabilera neurketa ere martxan dela aipatu du. Bestalde, ostiral honetan, abenduak 3, euskararen eguna dela eta, Oarsoarrak saria banatuko dira. Sarituak Niessen enpresako Euskara Batzordea eta Juanba Berasategiri izango dira egin duten ibilbideagatik. Sariak Sanmarkoko gotorlekuan banatuko direla esan du.

-Gizarte Zerbitzuetan dio etxez etxeko zerbitzuaren eskaera jaitsi egin dela eta ez dagoela itxaron zerrendarik. Langile kopuruak aipatu ditu eta babestutako 8 apartamentuekin izango duten lana aipatu du.

- Oarsoaldea Garapen Agentzian ere datorren urterako aurrekontua lantzen ari direla dio. Aurreko urteetan bezala udalen ekarpenak murrizteko irizpideekin ari direla lanean. Enplegu arloan Madrildik Jaurlaritzara transferitutakoak eta Lanbideren garapenak Garapen Agentzian izan dezakeen ondorioaz bilerak izan direla Eudelekin. Bileretan hitz egindakoen berri jasotzen duen oharren kopia banatu die guztiei.

- Sanmarkoko mankomunitateak urriaren 27an egin zuen Junta. Bertan behin behineko idazkari-kontuhartzailea bezala Aldundiko teknikari bat izendatu zen. Baita ere gordailuzain berria izendatu zen, eta auzi juridikoen eta auditorien kontu eman zen.

2.- Jon Legorburuk, Hirigintza, obra eta zerbitzuetako zinegotziak honen berri eman du:

- Izartu dirulaguntza programako Jauregialdeko obra bukatua dagoela eta Markesanekoa bukatzear.

- Zapatero II. Planeko obretatik Itturrin poligonokoa gelditzen da bukatzeko, beste hirurak bukatuak (Udaletxea eta Alhondegia, Andreone Kultur Etxea eta Pysbe eta San Pedrokoak).

- Altamirako aparkaldi mugatua datorren urtarrilean hasiko dela martxan dio. Orain hasiko dela udala txartelak banatzen.

- Zuzkidurako apartamentuen proiektua egiten ari da Eusko Jaurlaritza. Beheko sotoan aurreikusitako Osasun etxea egiteko gonbitea ez du onartu Osakidetzak. Ez dago erantzun ofizialik, baina proposatu zaien egoitza bi solairutan banatzearena ez da beraien gustukoa.

3.- Iñigo Esnaolak, Kultura, kirol eta gazteria zinegotzi delegatuak hau dio:

- Andreoneko obrak bukatuta, liburutegia abenduaren 21ean irekiko da.

- Gabonetako ekitaldi egutegia bukatzen ari direla ohikoak izaten diren jarduerekin.

- Udalak argitaratutako liburuen arrakasta azpimarratu du, aurkezpen jendetsuekin eta harrera onarekin (Lezo airetik, Polentzi Gezala, Elias Salaberria).

- Kiroldegian jarri berria den eskaladarako txokoa aipatu du, Jaurlaritzako Hezkuntza sailak egin duen ikastaro bat aprobetxatu da horretarako.

- Kiroldegiko jarraipen batzorde ekonomikoaren bigarren bilera egin dela esan du. Jardueraren gastuak ezin berdindurik tasa aldaketa bat proposatu dute zerbitzuaren kudeatzaileek.

- Musika Eskola: irakasleekin sinatutako hitzarmena aipatu du, Tokiko Gobernu Batzarrean 2010-11-02an onartua.

12.- Galde-eskeak.

Kepa Garbizuk egindakoak:

1.- Gogoratu ditu idatziz 5 galdera berri erregistratu dituela eta erantzun gabe beste 119 dituela. Iñigo Esnaolak 174 zenbakia duenaren erantzun idatzia eman dio.

2.- Aurreko bilkuran galdetu bezala gaur ere galdetu du zertan den bidegorriko barandaren ordezkapena. Jon Legorburuk dio berdinean dela, baranda berezi hori bilatzen ari direla oraindik.

3.- Ekainean eskatu zuena gogoratu du, batzordeen osaketa zerrendak eskuratu nahi ditu. Alkateak bidaliko dizkiola agindu dio.

Mikel Antxon Arrizabalagak egindakoak:

4.- Azaroaren 10ean ospatu den memoriaren inguruan berak aurkeztutako mozioa alkateak gai zerrendan ez sartu izanaz kexatu da. Hala ere, aktan jasotzea nahi du ETAk eta GAEk Lezon hildakoen izenak: Emilio Guezala Aramburu, Rafael Recaola Landa eta Luis Miranda Blanco, ETAk hildakoak eta Carlos Saldise Korta, GAEk hildakoa.

5.- Donostialdeako Lurraldeko Zatikako Planaren inguruko alegaziorik egiteko asmorik ba ote dagoen galdetu du.

Alkateak dio urtarrilaren 20ra arte luzatu dutela alegazioak tarteratzeko epea. Haiek aztertzeko eta erabakitzeko, lehenagotik, osoko bilkura egiteko intentzioa duela dio.

6.- Galdetu du ea nola dagoen udal funtzionarioei ordainsariak murrizteko Madrilek emandako 8/2010 dekretuaren aplikazioa. Alkateak dio gobernu taldea ez datorrela bat krisia langileengan kargatzearekin, nahiz eta ados egon aurrekontuko I. kapituluko gastuak kontrolatu behar direnarekin. Gaiaren inguruko proposamen bat pasa diotela langileen ordezkaritza osatzen duen enpresa komiteari eta haien erantzunaren zain daudela esan du.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 21:05ean eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 885.717tik 885.720 bitarte eta 885.722tik 885.733.ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna