2018KO MAIATZAK 31

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2018ko maiatzaren 31n, osteguna, 19:30etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, OHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Jesus Maria Martiarena Jaca alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Maria Noemi Arberas Oses, Alfredo de la Puente Pagola, Enrique Figueroa Laboa, Irlentz Ortega Ugalde eta Miguel Angel Sanchez Antunez (EAJ-PNV udal taldea), Mikel Arruti Salaberria, Igor Cordero de la Fuente, Angel Portugal Formoso eta Asier Irastorza Alustiza (EHBILDU udal taldea) eta Jose Angel Sanchez Gallardo (Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos).

Ez dira bileran izanAinhoa Zabalo Loiarte eta Ainhoa Intxaurrandieta Ezkurra (EHBILDU udal taldea)

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiola Aristik.

Baita ere bertan da, alkateak horrela eskatuta, udaleko Kontuhartzailea, Pedro Etxarri Ollokiegi.

1. 2018ko martxoaren 28an ohiko izaerarekin egindako bileraren akta onartzea (2018ID200002).

Akta inolako aldaketarik gabe onartu da.

Mikel Arrutik gai zerrendaren ordena aldatzea eskatu du 11. gaiaren eztabaida eta bozketa orain eginez, jendartean daudenak gai horrengatik daudelako. Alkatea ados dago eta gainontzeko bilkura kide guztien adostasunarekin gai zerrendako 11. gaia orain eztabaidatuko da.

2. Gure Esku Dago-k aurkeztutako mozioa: Ekainak 10ean egingo den giza katearekin bat egitea(2018AL050006).

Honela dio mozioak:

Euskal herritarrok bidegurutze batean gaude: hegoaldetik datozen haize atzerakoiak ditugu alde batean, eta demokrazian oinarritutako ziklo berri bat bestean. Zein bide hobesten dugun argi adieraziko dugu ekainaren 10eko giza katean. Erronkari heltzeko prest gaude. Erabakira iritsi arte lan egiteko daukagun determinazioa erabatekoa da. Etorkizun hobe batean sinesten dugulako, ziklo berria zabaltzeko mugarria jartzera goaz. Mugarri hori urrunago edo hurbilago jarri, gure esku dago. Herritarron esku.

Egungo marko juridiko-politikoak ezartzen dituen oztopoak nahikoa ez eta egungo markoa are eta murritzagoa nahi dutenek gure erakundeak jo puntuan jarri dituzte, herritar denon oinarrizko eskubideak urratzeko inolako erreparorik gabe. Katalunian aplikatu du Espainiako estatuak aurrenekoz 155. artikulua, baina Euskal Herrian ere aplikatu dezake. Ez dezagun ahaztu.

Orain arte gatazka politikoa zena, erronka demokratiko bihurtzea lortu behar dugu.

Argi dugu, epe luzerako elkarbizitza bermatzeko ezinbesteko baldintza dela erabakitzeko eskubidea gauzatzea. Elkarrekin etorkizun demokratiko, justu eta duina eraikitzeko bidean, inoiz baino argiago dagokigu askatasunaren eta eskubide zibil eta politikoen defentsan elkarri eskua ematea. Hain justu, ekainaren 10eko giza kateak balio behar du adierazteko herri hau ez dagoela prest atzera egiteko bere asmo eta helburuetan, aurrera egiteko determinazioa duela. Halaber, etorkizuna elkarrekin eraikitzeko borondatea erakutsi behar du mobilizazioak, horrek ahalbidetuko duelako mugak eta oztopoak gainditzea eta urrutira iristea.

Euskal Herritarrok erabakitzeko eskubidea gauzatzeko ditugun milaka arrazoiak biltzen dihardu Gure Esku Dagok; horixe baita, finean, Herritarron Ituna. Erabakitzeko arrazoien bilduma; herritarren behar, ilusio, asmo eta zergatiak jasoko dituen bilduma zabala. Eta zertarako arrazoi bilketa hori? Bada, arrazoi horiei guztiei demokratikoki bide emateko, eta horretarako behar diren tresnak eta adostasun esparruak elkarrekin eraikitzeko. ‘Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta herritarron garaia da’ leloetatik abiatuz, erabakitzeko eskubidea edukiz beteko dugu. Etorkizunean elkarrekin eraiki behar dugun herriari eta gizarte ereduari buruz abiatu beharreko eztabaida zabalari ekarpena egin nahi dio egitasmoak.

Abiapuntu gisa, 2019 arrazoi biltzeko asmoa dugu, 2019. urtea dugulako jomugan. Esparru anitzetan, gizarte mailan, erakundeetan, zein nazioartean egiten ari diren urrats guztiek bat eginda, datorren urtean erabakitzeko eskubidea gauzatzeko aukera berriak sortu daitezkeela sinesten dugu. Euskal Herritarrok nolako etorkizuna nahi dugun irudikatu eta eztabaidatzen hasteko unea da.

Ziur gaude erabakitzeko arrazoien bilketak lagunduko digula ikustarazten nola gauden herri gisa, eta ohartarazten zein diren gure beharrak eta gure mugak. Herri gisako erronkak eta lehentasunak zehaztu eta erabakitzeko eskubidea gauzatzeko modua adosteko unea iritsiko da orduan. Denon artean heldu beharreko erronka, eragile politiko eta sozialek eta herritarrok elkarrekin osatu beharrekoa. Horixe da GEDek aipatzen duen Herri Ituna. Eztabaida, ekarpen, proposamen eta adostasunaren bidez eraikiko dugun tresna dinamikoa izango da.

Erabakitzeko eskubidea badugu eta arrazoiak ere soberan ditugu. Gauzatzeko ibilbidea elkarrekin adostea dagokigu orain. Eta hori guztion ardura da. Herri bezala jarduteko garaia da. Elkarrekin. Ezin baitugu aukera historiko hau galdu. Ezin gara geldirik geratu. Gure garaia da. Herritarrona. Determinazio osoz goaz aurrera, herritar burujabeok eraikiko dugun herri burujabera. Jende zoriontsua izan nahi dugulako, herri libre batean. Ekainaren 10ean eman diezaiogun eskua etorkiZUnari!

Erabakitzeko eskubidea dugu! Erabakitzeko milaka arrazoi ditugu! Adostu dezagun bidea elkarrekin.

Guzti honengatik, Lezoko Udalari eskatzen diogu, bat egin dezala GURE ESKU DAGOK antolatzen dituen ekimenetan eta luza diezaiola herri guztiari EKAINAK 10ean egingo den GIZA KATEAN parte hartzeko deialdia bertaratzeko izena emanez, egun hauetan zehar horretarako jarriko diren mahaietara agertuaz.

Lezon jarriko diren mahaiak:

• Astelehen arratsaldetan Kultura aretoan

• Ostiral arratsaldean Tiñelu atzekaldean pintxopoteorarekin

• EKAINAK 2 larunbata Gezala aretoan Gartxot emankizunarekin

Mozioa bozkatu eta onartu egin da aldeko hamar botorekin (Alkatea eta EAJ-PNV udal taldeko eta EH Bildu udal taldeko zinegotziak) eta abstentzio batekin (Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos taldeko zinegotziarena).

Jendartetik Gure Esku Dagoren izenean A.P.k dio oso inportantea dela udaletik horrelako ekimenak bultzatzea eta eskertu egin die mozioaren alde egin duten zinegotziei. Babesaren irudia jasotzeko alde bozkatu duten zinegotziek argazki bat atera dute elkarrekin ekainaren 10eko ekitaldira deitzeko.

3. Foru Aldundia eta Lezoko Udalaren arteko Etxez Etxeko laguntza zerbitzuaren finantzaketarako hitzarmen berria onartzeko diktamena (2018GZ360003).

Noemi Arberasek, Gizarte gaietarako eta Berdintasuneko zinegotzi delegatuak azaldu du gaia.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak 2018ko martxoaren 20an hartutako erabakiaren bidez indarrik gabe utzi ditu Etxeko Laguntza Zerbitzua finantzatzeko 2014ko martxoa geroztik udalekin sinatutako hitzarmenak.

Finantzazio hitzarmena ordezkatzeko beste hitzarmen eredu bat onartu eta proposatu die udalei eta mankomunitateei.

2014ko hitzarmena Lezoko Udalaren osoko bilkurak 2014ko urriaren 31n onartu zuen.

2014ko hitzarmen ereduan jasotako baldintza ekonomikoak, zerbitzua finantzatzeko Foru Aldundiak udalei egin beharreko ekarpenak zehazten zituztenak, Gipuzkoan Mendekotasunaren Arreta Hobetzeko 2013-2016 Planean oinarritu ziren, zeinetan proposamen bat egiten baitzen Gizarte Zerbitzuei buruzko 12/2008 Legearen bigarren xedapen iragankorrean aipatzen zen eskumen doiketari aurre egiteko.

12/2008 legeak, etxez etxeko laguntza Zerbitzuaren eskumena udalen gain uzte du, eta haren finantzaketa bermatze aldera egin ziren hitzarmenak.

Orain, eskumen banaketa aldatzeko inolako asmorik gabe eta, beraz, administrazio bakoitzak dagozkion gizarte zerbitzuak ematen jarrai dezan lankidetza hitzarmenerako proposamen bat prestu dute Gizarte Politikako Departamentuak eta EUDELen Gipuzkoako Lurralde Batzordeak, Etxeko laguntza Zerbitzua finantzatzeko.

Finantzazio sistema berri bat ezartzen da eta zenbait hobekuntza sartu dira zerbitzuaren eskaintzan, hala nola zerbitzuaren iraupena eta intentsitatea handitzea, erabiltzaileen koordainketa txikiagotzea eta zerbitzua mendikoen kalifikazioa ez dutenengana zabaltzea. Horregatik, indarrik gabe utzi behar dira 2014an onartu ziren hitzarmenak, eta haien ordez, 2018-2019 aldirako baldintza berriak dauzkatenak jarri behar dira.

Horiek horrela Gizarte Zerbitzuetako Zinegotzi Delegatuak proposatu eta Batzorde Informatibo Orokorra diktaminatuta, aldeko zazpi botorekin (alkatea, EAJ-PNV udal taldeko zinegotziak eta Euskal sozialistak- Socialistas Vascos udal taldeko zinegotziarena) eta lau abstentziorekin (EHBildu udal taldeko zinegotziena) osoko bilkurak erabaki du:

BAT: Indarrik gabe uztea udalaren osoko bilkurak 2014ko urriaren 31ean Etxez Etxeko laguntza zerbitzuaren finantzaketarako onartutako hitzarmena.

BI: Onartzea, 2018-2019 epealdirako, Foru Aldundiaren eta Lezoko Udalaren arteko Etxez Etxeko laguntzaren zerbitzuaren finantzaketarako hitzarmen berria.

HIRU: Ahalmena ematea Alkateari hitzarmena eta bera gauzatzeko sinatu beharrekoak sinatzeko.

M.A.k dio hitzarmenak hobekuntzak baino betebehar gehiago suposatzen duela udalentzat horretarako behar den diru ekarpen nahikorik gabe.

4. II. Berdintasun Planaren iraunaldia luzatzeko diktamena (2018BE100001).

Noemi Arberasek, Gizarte gaietarako eta Berdintasuneko zinegotzi delegatuak azaldu du gaia.

Lezoko Udalaren osoko bilkurak 2014ko azaroaren 27ko osoko bilkuran II. Berdintasun Plana onartu zuen. Planaren iraunaldia 2018. urtean bukatzen da.

Horren inguruan berdintasun teknikariak egindako txostena azterturik, Berdintasun zinegotzi delegatuak proposatu eta Batzorde Informatibo Orokorrak diktaminatuta, osoko bilkurak ahobatez ondorengoa ERABAKI DU:

BAT: Lezoko Udalaren II. Berdintasun Planaren iraunaldia beste bi urtez luzatzea, hau da, 2020. urteraino.

5. Diru-laguntzak emateko eta kudeatzeko ordenantzan sexu berdintasun baldintzak gehitzeko diktamena (2018AL050001, 2018KO290002).

Noemi Arberasek, Gizarte gaietarako eta Berdintasuneko zinegotzi delegatuak azaldu du gaia.

EH Bildu Udal taldeak 2018ko martxoaren 22an erregistratutako mozioan Diru-laguntzak emateko eta kudeatzeko ordenantza arautzailean sexu berdintasun baldintzak gehitzeaproposatu zuen.

Udalaren osoko bilkurak 2018 martxoaren 28an erabaki zuen gaia mahai gainean uztea eskaera udal teknikariak aztertu ahal zezaten.

Udal teknikariek egin dizkiete zenbait ekarpen eta ordenantzaren aldaketa aprobetxatuz beste aldaketa batzuk ere gehitzea proposatzen dute.

Horiek horrela, Alkateak proposatu eta Batzorde Informatibo Orokorrak diktaminatuta, osoko bilkurak ahobatez ondorengoa ERABAKI DU:

BAT: Diru-laguntzak emateko eta kudeatzeko udal ordenantza arautzailearen aldaketei hasierako onarpena ematea, sexu berdintasun baldintzak eta euskararen erabilerari buruzko baldintzak gehituz.

BI: Jendaurrean jartzea GAOn eta udaletxeko iragarki taulan eta udaleko www.lezo.euswebean anuntzio bidez, hogeita hamar laneguneko epean espedientea aztertu eta alegazioak tarteratu ahal izateko.

Ordenantza honen aldaketa onartzeko 7/1985 Legearen 49 artikuluaren arabera, osoko bilkurak haserako onarpena eman behar dio aldaketari, jendaurrean 30 egunez eduki behar da espedientea eta erreklamaziorik edo iradokizunik balego berriro ere osoko bilkurak ebatzi behar ditu.

Epe horretan alegaziorik ez bada jasotzen, araudiak behin betiko onarpena izango luke.

6. 2017/12/31n egindako ondasunen inbentarioaren eguneratzea eta ibilgetuaren balorazioa onartzeko diktamena (2018KO320007).

“2017ko abenduaren 31 datarekin, udal ondasunen inbentarioa eguneratzeko eta ibilgetuaren balorazioa egiteko kontratuaren esleipena eskuratu zuen Invayunt S.L. enpresak egindako txostena aztertu dut.

Txosten horrek Udal honen Kontu-hartzailearen oniritzia jaso duela kontuan hartuta.

Horiek horrela, Batzorde Informatibo Orokorrak diktaminaturik, ahobatez, ondorengoa ERABAKI DA:

BAT: 2017ko abenduaren 31n egindako ondasunen inbentarioaren eguneratzea eta ibilgetuaren balorazioa onartzea.”

7. 2018ko aurrekontu aldaketaren kontu ematea: gehigarriak (2018KO050001)

Alkateak berak onartutako aurrekontu aldaketaren kontu eman dio osoko bilkurari. Zehazki aldaketa honena:

· 2018 ekitaldiko Aurrekontuaren aldaketa, kreditu gehigarriak, 2018-KALD-000002-00.

8. 2018ko aurrekontu aldaketa egiteko diktamena: kreditu gehigarriak (2018KO050002)

Ikusita udal honen aurrekontuko kredituak aldatzeko espedientea, kreditu gehigarriaren modalitatekoa, 2018-KALD-000003-00 zenbakiduna.

Ikusita kontu-hartzaileak idatzitako txostenaren arabera espedientea bat datorrela aplikagarria zaion legeriarekin, zehazki 21/2003 Foru Arauak, abenduaren 19koak, Toki Erakundeen Aurrekontuei buruzkoak, 34. artikuluan ezarritakoarekin.

Mikel Arrutik dio EH Bildu ez dagoela ados Pasai Donibanera doan bidegorriaren inbertsioan udalak parte hartzearekin, Aldundiari dagokiola dio. Aldundiak Pasaialdea biziberritzeko dirulaguntzen aitzakiarekin berari dagokion lan bat burutzera doala Udala haiek kontratatzera eta finantziatzera behartuz.

Diktamena bozkatu eta aldeko zazpi botorekin (alkatea eta EAJ-PNV udal taldeko beste bost zinegotziena etaEuskal Sozialistak-Socialistas Vascos taldeko zinegotziena) eta lau boto aurka (bilkuran diren EHBILDU udal taldeko lau zinegotziena) hau ERABAKI DA:

BAT: Onartzea udal honen aurrekontuko kredituak aldatzeko espedientea, kreditu gehigarriaren modalitatekoa, proposamenean ageri den partidakako xehetasunarekin, kapitulukako laburpen honen arabera.

KREDITU GEHIGARRIAK

Kapituluak

Izena

Gehikuntzak

4

TRANSFERENTZIA ARRUNTAK

11.989,00

6

INBERTSIO ERREALAK

909.000,00

KREDITU GEHIGARRIAK GUZTIRA

920.989,00

FINANTZAKETA

Kapituluak

Izena

Zenbatekoa

8 (SARRERAK)

FINANTZA AKTIBOAK

920.989,00

GUZTIRA

920.989,00

BI: Jendaurrean ikusgai jartzea hamabost egunez, erreklamazioen ondorioetarako. Erreklamaziorik aurkezten ez bada, erabaki hau behin betikotzat joko da. Espediente honek aurrekontua onartzeko ezarritako gainerako tramiteak jarraitu beharko ditu.

Mikel Arrutik dio aurka bozkatu dutela jasotzen diren gastu batzuk ez dagozkiolako udalari, Pasai Donibanera doan bidegorriarena hain zuzen.

9. Udal kontu-hartzailearen eta diruzainaren txostenen berri ematea.

Udal kontu-hartzailearen bi txosten eta diruzainaren diruzaintza planaren berri eman zaio osoko bilkurari, deialdiarekin zabaldutako dokumentazioarekin maiatzaren 24ko batzorde berriemaile orokorrean egin bezala. Hauek dira banatutako txostenak:

  1. 2018ko 1. hiruhilekoari dagokion ordaintzeko bataz besteko epeari (OBE) buruzko txostena.
  1. 2018ko finantza eta aurrekontuen arloko informazioa (21/2003 Foru Arauaren 49.3 art.)
  1. Diruzaintza plana: 2018ko ekainetik abuztura bitartekoa.

10. Tomas Garbizu Udal Musika Eskolako 2018-2019 ikasturteko tasak eta hobariak onartzeko 7-10 Udal Ordenantza fiskalaren behin betiko onarpena emateko diktamena (2018KO290001).

Udalaren osoko bilkurak 2018ko martxoaren 28an hasierako onarpena eman zien ordenantza fiskalen zenbait tasa eta prezio publikoren aldaketa onartzeko diktamenari. Haien artean zegoen 7-10 ordenantza, Musika Eskolako prezioak jasotzen dituena.

Jendaurreko epean Musika Eskola Kontseiluak eta teknikariak ohartu dira hobarien prozedura ez datorrela guztiz bat tasen hobari eskaeretako 7. ordenantzan ezarritakoarekin

Prozedurak bateratzeko 7.10 ordenantzan, hobarien izapidetarako, 7. ordenantzan aurreikusitako prozedura bera jarraitzea proposatu du alkateak.

Horiek horrela, Alkateak proposatu eta Batzorde Informatibo Orokorrak diktaminatuta, osoko bilkurak ahobatez ondorengoa ERABAKI DU:

BAT: Osoko bilkurak 2018ko martxoaren 28an hasieraz onartutako 7-10 Musika Eskolako tasak jasotzen dituen ordenantzan aldaketak egitea hobarien izapidetzeari dagokionez, 7. ordenantza fiskalean ezarritakoa bertan jasoz.

BI: Behin betiko onarpena ematea aipatu aldaketa horrekin 7-10 ordenantzari.

11. Kirol instalazioen kontratuaren aldaketa diktamena (2016ID170008).

Irlentz Ortegak, kiroletako ordezkotza berezia duen zinegotziak azaldu du gaia.

Batzorde Informatiboaren diktamenean jasotako zalantzak zehaztu ondoren, eta berriro ere Kirol Orientazio Zerbitzuari buruzko txostena eta Kirol Instalazioen Kudeaketa 2017-2018 esleipenerako espedientea aztertu ondoren, Alkateak proposatu eta Batzorde Informatibo Orokorrak diktaminatutakoa, osoko bilkurak ahobatez ondorengoa ERABAKI DU:

BAT: 2016/12/23an sinatutako “Bekoerrota kiroldegia eta Altzate Igerilekuak Kirol Instalazioen Kudeaketa Integrala zerbitzua” kontratua aldatzea eta bertan KOZ zerbitzua (kirol orientazio zerbitzua) gehitzea, txosten teknikoan jasotako ezaugarrien arabera.

BI: 2018ko ekainaren 1etik 2018ko abenduaren 31rainoko zerbitzuari dagokion 15.598’8 €tan handitzea BPXPORT S.L.k jasotzen duen ordaina kirol instalazioen kudeaketaren kontratuarengatik.

HIRU: Zerbitzu honen ordainketa, modu zatikatuan egingo da kudeaketa zerbitzu osoaren ustiapenaren defizita orekatzeko egiten diren bi-hileko frakzioen ordainketarekin batera eta jarduera aurkezten den bihileko txostenean jasoko da ere.

LAU: Gastua onartzea (AD-265).

12. Alkatearen, Organo Kolegiatuetako udal-ordezkarien eta Delegatuen txostenak.

12.1. Miguel Angel Sanchezek Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako zenbait kontuen berri eman du:

12.1.1 Altamirarako igogailua egiteko obraren kontratazioa martxan dagoela.

12.1.2. Altamirako auzoan egin den parte hartze prozesuaren emaitzen zain dagoela udala.

12.1.3. Gaurko bilkura honetan onartutako aurrekontua aldaketarekin beste obra batzuk hasi daitezkela dio (bidegorria eta Elias Salaberriako espaloia berritzeko lanak).

12.1.4. Aldundia hasi omen da Elias Salaberria kalean euri urekin sortzen diren potsuen arazoa konpontzen.

12.2. Jose Angel Sanchezek, merkataritza eta ingurugiro gaietako berri eman du:

12.2.1. Lezoko Merkatarien Elkartea berpizteko merkatariekin hitz egiten ari dela eta ekainean 50 merkatariekin biltzeko dela.

12.2.2. Maiatzaren 23 eta 25 udal baratzetan aholkularitza zerbitzua emango dela.

12.2.3. Portuko iharduerak sortzen duen zaratengatik herritar batzuk egindako kexak medio, alkatea eta bera Portuko agintariekin bildu direla eta haiek agindu zieten neurriak hartuko zituztela.

12.3. Alkateak dio gizarte langile berri bat kontratatu dela, baja bat eta oporraldiak ordezkatzeko.

12.4. Alfredo de la Puentek Musika Eskolaren inguruan dio:

12.4.1. Musika Eskolan datorren kurtsorako matrikula epea zabalik dagoela.

12.4.2. Sutargi abesbatza eguneko zentroan emango duela emanaldia.

13. Galde-eskeak.

13.1. Mikel Arrutik galdetu du ea Altamirako parte hartze prozesua bukatu den. Talde politokoekin egindako bileran aurkezpena taldeei banatzea erabaki omen zen eta haren inguruan ekarpenak egiteko aukera eman. Agindutakoa jasotzeko zain dauden bitartean, ekarpenak egin ahal izateko, orain esaten da parte hartze prozesua bukatu dela.

Galdetu du ere ea Altamirako Auzo Elkarteak idatziz aurkeztutakoa erantzun duen udalak.

Miguel Angel Sanchezek ezetz dio.

13.2. Kale garbiketa zerbitzuari buruz, Mikel Arrutik galdetu du ea kontratatutako enpresak martxan jarri al dituen zerbitzurako agindutako guztiak (barredora berria, langileen kopuruak, …).

Miguel Angel Sanchezek dio begiratuko dutela eta esango diola.

13.3. Mikel Arruti kexatu da udaleko web orrian Lopene auzoan erretako eduki ontziaren albisteari darion asmo politikoari ulertu ahal delako, albistean lotura egiten delako erreketa eta hondakinen gaikako bilketaren inguruko eskaerekin. Eskatzen du ez manipulatzeko gertaerak eta elkarbizitzaren alde egiteko.

Aktaren amaiera.

Alkate-lehendakariak, aztertzeko ziren gai guztiak aztertu ondoren, 20:15ean eman dio buru bilkurari. Idazkari naizen aldetik, akta 1243945tik 1243952ra zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta berrespena ematen diot alkatearen oniritziaz.

Eguna