2010.eko Ekainaren 2ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2010eko ekainaren 2an, asteazkena, 19:35etan, eratu da OHIKO OSOKO UDALBATZA egiteko xedez, lehen deialdian, Haritz Salaberria Goikoetxea alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Haritz Salaberria Goikoetxea, Jon Legorburu Arrastua, Iñigo Esnaola Arbiza, María Pilar Legorburu Echegaray, Urko Lopetegi Campano, Jaione Lekuona Irazusta, Kepa Garbizu Azkue, Enrique Figueroa Laboa, Jesús María Martiarena Jaca eta Miguel Antonio Arrizabalaga Brusín.

Ez dira bilerara azaldu Irati Aranburu Salaberria eta Roberto Sánchez Sánchez zinegotziak.

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

Gai zerrendarekin hasi aurretik, alkateak urgentziaz gai zerrendari Kepa Garbizuk aurkeztu duen mozioa gehitzea proposatu du. Mozioa, Darieta-Ugarritze ingurua arkeologia gune izan daiteken egiaztatzeko eskaerari buruzkoa da. Aho-batez onartu da alkatearen proposamena eta bilera honetako gai zerrendako 6. puntua izango da.

 

1.- Egoki irudituz gero, 2010eko apirilaren 21 eta maiatzaren 5eko aktak onartzea.

 

Aldaketarik gabe aktak onartu dira. Jesus Mari Martiarenak ez ditu aktak sinatuko ez delako aktetan bilkuretan esaten den guztia jasotzen.

2.- Babespeko apartamentuen araudia onartzeko diktamena (2010GZ190003).

Alkateak Gizarte Zerbitzuetako Batzordeak onartutako diktamena onartzea proposatu du. Diktamenari ondokoa gehitu nahi dio: hilabeteko epean erreklamaziorik ez balego, araudia onartutzat joko.

Honela dio diktamenak:

"12/2008ko Gizarte Zerbitzuen legeak apartamentu babestuak sortu eta kudeatzeko eskumena udalei ematen die. Baliabide hauek autonomia maila egoki bat izanik, hainbat arrazoiengatik, beren ohiko etxebizitza bizi ezin duten, adineko pertsonei zuzenduta daude. Gizarte arloan izan diren aldaketak medio, azken urteetan eta egunetik egunera egoera honetan aurkitu daitezkeen pertsonak gehiago dira eta gizarte zerbitzuek, eta udalak, gizarte behar egoera honen aurrean duen erantzunkidetasuna dela eta sortzen dira apartamentu hauek. Apartamentu honen kudeaketarako beharrezkoa da.

Haritz Salaberria, Jon Legorburu eta Pili Legorbururen botoa alde delarik, Gizarte Zerbitzuetako Batzordeak behean heldu dena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Hasierako onarpena ematea Lezoko Udaleko Apartamentu babestuen araudia.

 

BI: Informazio publikorako hilabeteko epea irekitzea, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta iragarki oholtzan iragarkia argitaratuz, alegazioak aurkez daitezen."

Kepa Garbizuk dio egindako lana estimatzekoa dela. Dena den testuan akats batzuk eta kontraesanak daudela dio. Behar bada alegazio bidez eskatu beharko du haien zuzenketa, nahiz eta ez gustatu, gero eta sarriago hartu behar izan duten zuzentzaile eginkizuna.

Bozketa egin eta alkateak egindako zuzenketarekin diktamena onartu da aldeko sei boto eta lau abstentziokin (Kepa Garbizu, Enrique Figueroa, Jesus Mari Martiarena eta Mikel Antxon Arrizabalaga).

 

3.- Babespeko apartamentuen tasen ordenantza fiskala onartzeko diktamena (2010KO290003).

Alkateak Ogasun Batzordean aztertu eta Gizarte Zerbitzuetako Batzordean diktaminatutakoa onartzea eskatu dio osoko bilkurari. Honela dio diktamenak:

"Ikusirik 12/2008ko Gizarte Zerbitzuen legeak, babespeko apartamentuen inguruan dioena; Lezon baliabide hauen onuraduna izan daitezkeen egoera ekonomikoa eta ezaugarriak, eta udal teknikariak eginiko txostenean-udal apartamentu babestuen tasaren memoria ekonomiko finantzieroa,

Haritz Salaberria, Jon Legorburu eta Pili Legorbururen botoa alde delarik, Gizarte Zerbitzuetako Batzordeak behean heldu dena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Tasak hauek onartzea Apartamentu babestuentzako eta udal ordenantza fiskaleko prezioetan sartzea:

  • Banakakoak: 400 € hilabetean.
  • Bikoak/dobleak: 465 € hilabetean.
  • Bi logelakoak: 400 € pertsonako.

Goian aipatzen diren tasa mota bakoitzeko %75ko bonifikazioa aplikatzea urteko honako diru sarrerak eta ondarea dituzten eskatzaileei:

Kide kopurua

1

2

Pentsiodunak

13.299,30€

16.624,08€

Besteak

11.703,42€

15.028,20€

Diru sarreratzat hartuko dira, honako hauek gehitzearen ondorio direnak:

  • Urteko diru sarrera korronte garbiak.
  • Higigarrien kapitaleko urteko etekin garbia.
  • Higiezinen kapitaleko urteko etekin garbia.
  • Eta gehienez ere honako ondarea dutenek:

Kide kopurua

1

2

Pentsionistak

35.464,80€

44.330,88€

Besteak

31.209,12€

40.075,20€

Ondarea erabiltzailearen higigarrien eta higiezinen kapital osoak osatzen du. Eskaera egin aurretiko lau urteak bakarrik hartzen dira aintzat.

Ohiko etxebizitza ez da aintzat hartuko baldin eta bertan ezkonlagunak eta/edo guraso aginte luzatu edo birgaituaren mendean egonik, judizialki ezgaituak diren adinez nagusiek bizi behar badute.

BI: Informazio publikorako hilabeteko epea irekitzea, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta iragarki oholtzan iragarkia argitaratuz, alegazioak aurkez daitezen."

Kepa Garbizuk dio ez direla gai izan akordio proposamena ulertzeko eta ilunpe horretan ezin dutela diktamena onartu. Zerbitzuan defizita suposatzen duela eta prezioekin gastuak berdindu egin beharko liratekeela defendatzen du. Horregatik abstenitu egingo direla dio.

Alkateak onartu du zerbitzua martxan jarri gabeko eskarmentu faltagatik prezioak erabakitzea ez dela erraza. Dena den, ordenantza fiskalak datorren udazkenean eta urtero errepasatzen direnez prezioak egokitzeko aukera izango dela dio.

Bozketa egin da eta diktamena onartu da aldeko sei botokin eta lau abstentziorekin (Kepa Garbizu, Enrique Figueroa, Jesus Mari Martiarena eta Mikel Antxon Arrizabalaga).

4.- Zerga informazioa emateko lankidetza hitzarmena sinatzeko diktamena, Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza departamentuaren eta Lezoko Udalaren artean.

Alkateak Ogasun batzordeak onartutako diktamena onartzea eskatu du. Honela dio diktamenak:

"Udal honek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuarekin lankidetza hitzarmena sinatzeko interesa du zerga informazioa ematearen inguruan.

Ogasun eta Kontuetako Batzordeak, 2010eko maiatzaren 26an egindako bilkuran, Haritz Salaberria, Jon Legorburu eta Iñigo Esnaola zinegotzien aldeko boto ponderatuekin, eta Kepa Garbizu eta Mikel Antxon Arrizabalaga zinegotzien abstentzioarekin, behean heldu den proposamena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Bi aldeak ados jartzea lankidetza hitzarmen hau sinatzeko. Hitzarmen honen xedea da Ogasun eta Finantza Departamentuaren (aurrerantzean informazio-emailea) eta Lezoko Udalaren (aurrerantzean informazio-hartzailea) arteko lankidetza arautzea, zerga administrazio jardunean informazio-emaileak eskuratutako zerga informazioan sar dadin informazio-hartzailea, azken honek bereak dituen eginkizunetarako behar duen heinean."

Diktamena aho batez onartu da.

5.- Bake epaile titularra eta ordezkoak izendatzeko diktamena (2010PE090002).

Alkateak Barne Batzordearen diktamena onartzea proposatu du. Honela dio diktamenak:

Bake Epaile titularra eta ordezkoa aukeratzeko 2010eko maiatzaren 5eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, udaletxeko iragarki oholean eta webean, eta udalerrian banatutako bandoaren deialdiari erantzunez lau eskaera jaso dira: Agustina Pontesta Garmendia, Eneko Toledo Narbarte, Itsaso Errasti Markinez eta Mª del Mar Gallego Martín.

Azken bederatzi urtetan Agustina Pontesta Garmendia aritu izan da karguan eta ez jarraitzeko ez dago inongo arrazoirik, beste hiruen artean Eneko Toledo Narbarte hobesten dut eskatutakoa hobekiago betetzen duelako.

Eskaerak aurkezteko epea amaiturik eta aurkeztutakoak aztertu ondoren, Haritz Salaberria Goikoetxea, Iñigo Esnaola Arbiza eta Jon Legorburu Arrastuaren botoa alde dela, Barne gaietarako Batzordeak behean heldu dena DIKTAMINATU du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Bake epaile titular bezala Agustina Pontesta Garmendia izendatzea, 1. ordezko bezala Eneko Toledo Narbarte eta 2. ordezko bezala Itsaso Errasti Markinez.

BI: Erabaki honen berri EAEko Auzitegi Nagusiari ematea.

HIRU: Erabakiaren aurkako errekurtsoak:

a) Auzitara jo aurretik, eskatzaileak, hala nahi izanez gero, erabakia berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezake 30/1992 Legearen arabera.

  • Horretarako, hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.
  • Errekurtsoa aurkeztekotan Osoko Bilkurara jo behar da.

b) Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezake zuzen-zuzenean.

  • Horretarako, bi hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita
  • Errekurtsoa aurkeztekotan, EAEko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzitarako Donostiako epaitegira jo behar da."

Kepa Garbizu kexatu egin da diktamenak ez duelako eduki bera gazteleraz eta euskaraz, idatzitako azalpenetan. Ez da lehen aldia kexatzen dena plenora iristen den dokumentuetan horrelako akatsak izateagatik.

Diktamena aho batez onartu da.

6.- Mozioa, Darieta-Ugarritze ingurua arkeologia gune izan daitekeen egiaztatzeko eskaerari buruzkoa.

 

Hona hemen EAJ-PNV udal taldeak aurkeztutako mozioa:

"Lezon jaiotako Lope de Isasti apaizak, 1625. urtearen inguruan idatzi zuen "Compendio Historial de Guipúzcoa" izeneko bere liburua; beraren "Laugarren liburuki"ko "V garren kapitulua", "Del lugar de Lezo" izendatzen du eta honen 11 eta 12. aipamenetan horrela dio:

"11. El distrito de la iglesia llega por la parte de Oriente hasta el término que llaman Gainzuruzqueta, una legua: y por la de poniente hasta el barrio que llaman de Vizcaya (que es junto al lugar del Pasage) incluyendo para Lezo el mismo barrio, como consta de las egecutorias y compromisos, y por la de septentrión la sierra de Jaizquibel hasta la mar cumulative con el pueblo del Pasage: y por la de mediodía toda la cuesta de Darieta hasta Ugarriza de Rentería. Y es de notar, que en la bajada de aquella parte está una escalera de piedra muy larga que hicieron los de Lezo, que tiene doscientos y diez y seis escalones de ocho pies de ancho y algunas veces suben y bajan por ellas las cabalgaduras de medio de ella.

12. Por este lugar pasó el Emperador Carlos Quinto, cuando iba a Gante el año 1540 recibiéndole... "

Nahiz eta 385 urte pasa, toponimoek irauten dute oraindik eta ongi zehazten dute non zegoen 216 mailako eskailera hura.

Ez dakigu inguru horretan eskailera hori aurkitzeko azterlanik egin den, ezta noski, bere ondoriorik ere. Dena den, gure ustez, kaltegarriago litzateke eskailera betirako galtzea, azterketa errepikatzea baino.

Balizko arkeologia guneak finkatzeko araudia Eusko Jaurlaritzaren 234/1996 Dekretuak, (205. EHAA, 1996ko urriaren 23koan) ezartzen du.

Guzti honengatik eskatzen diogu Lezoko Udalbatzarrari 234/1996 Dekretuan oinarrituz, arabera, Lezoko Darieta-Ugarritze ingurua arkeologia gune izan daiteken egin beharreko zereginak egin ditzan eska diezaion Kultura Ondarearen Zentroari."

 

Kepa Garbizuk begi onez ikusiko luke bide hori eta eskailera horiek errekuperatzea Lezoko Darietatik Errenteria joateko bidea, Papeleraren ondoko zubira ateratzen zena.

Alkateari ere ondo iruditzen zaio gaia aztertzea eta ikuspuntu horretatik Lezon lanean ari direla aprobetxatu eta Aranzadi Zientzia Elkartekoei gaiaren inguruko azterketa eskatzearen aukera aipatu du.

Mozioa aho batez onartu da.

 

7- Alkatearen, Organo Kolegiatuetako udal-ordezkarien eta Delegatuen txostenak.

 

Jon Legorburuk, Obra eta Hirigintza gaietarako zinegotzi delegatuak, hainbat konturen berri eman du. Uztailean hasiko dira Udala eta Udal Liburutegia kokatua dagoen Andreone eraikinean eraberritze lanak, Zapateroren II. Planaren dirulaguntzarekin. Bestalde, kalea garbitzeko makina berria erosiko da, 3.000 €ko kostuarekin. Horrezaz gain, eskola garraioa bi urtez kontratatzeko lehiaketa deituko da. Gainera, Oiartzungo udalarekin batera Udaltzaingoaren gaueko txandaren zerbitzuaren inguruko informazioa eman du Legorburuk. Gai horren inguruan, orain arteko balorazioa positiboa dela eta larunbateko txandak bi herriak elkarrekin egin ordez, herri bakoitzak berea egitea aztertzen ari direla esan du. Jesus Mari Martiarenak dio Lezoko herria ez dagoela batere gustura antolaketa berri honekin. Eta Jon Legorburuk esan dio hori gutxi esatea dela, herria ez delako konformatzen gauero bi udaltzain Lezon izatearekin ere.

Alkateak Udal ogasunari buruzko informazioa eman du: 2009ko kontu orokorra batzorde berriemailean aurkeztu zela batetik, auditoria egingo dela, bestetik, eta, azkenik, aurrekontu aldaketen espedienteen berri eman du (2010KO090004 eta 0005 espedienteena, eta 2010KO010001 espediente bidez egindakoena).

Gizarte Zerbitzuen arloan alkateak dio arreta zerbitzua gainezka dagoela eta beste gizarte langile bat kontratatuko dela. Zerbitzuen finantziazioari buruz Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzak aipatu ditu. Babespeko apartamentuen eta eguneko zentroaren obrak bukatzear daudela dio. Aldi berean, Gaxuxa emakume taldearekin iazko hitzarmenaren ondorioz jasotako dirulaguntza zuritu dutela eta aurtengoa onartu dela esan du.

Euskara arloan alkateak dio urteroko dirulaguntza deialdia martxan dagoela; ludoteka eta udalekuen zerbitzua Jokaitzari esleitu zaiola eta matrikulatuen kopurua jaitsi egin dela. Bestalde, Herritarren Sareak diagnostikoa egitea planteatu omen du. Hori, ahal dela uda aurretik egingo dela esan du ondoren emaitzak zabaltzeko.

Kultura arloan gogoratu ditu pasa berri diren Mendekoste jaiak: giro onean ospatu dira, arazorik gabe eta herritarren partehartze handikoak izan direla dio. Santakrutz festak prestatzeko batzordea datorren asterako deituko dela eta festak bezperan hasiko direla jakinarazi du. Bestalde, lantzen ari diren hiru liburuak (Elias Salaberria, Polentzi Gezala eta Lezo airetik) Santakrutz ingururako aurkeztea espero dela dio. Esandakoaz gain, Gazte Plana lantzen 18 gazte aritu direla eta kirol mahaia ekainean bilduko dela esan du. Kiroldegiko kontuak ikusteko batzordea udara aurretik bilduko dela ere, aipatu du.

Musika Eskolaren datorren urteko hezkuntza proiektua langile eta irakasleekin lantzen ari direla esan du. Bertan taldeak indartu nahi direla dio eta beharbada horrek irakasle langileen kontratuetan jasotzen den lan jardunen ehunekotan eragina izango du.

8.- Galde-eskeak.

1.- Alkateak Kepa Garbizuren 125 eta 126 galderak erantzun ditu. INEM eta +Euskadi dirulaguntzetara Oarsoaldearen eskutik sartu omen da Udala. INEMetik lorezaintzarako lau langile eta +Euskadi planetik beste 11 langile kontratatuko dira (bi administrari laguntzaile, ingurumen teknikari bat, lorezaintza taldea eta pintore taldea).

2.- Kepa Garbizuk dio 113 galdera dituela eginak eta erantzun gabe.

3.- Kepa Garbizuk dio akaso batzorde berriemailetan nahiko quorumik gabe ari direla erabakiak hartzen eta batzordeen osaketaren zerrenda eskatu du.

4.- Alkateak dio urriko ohiko plenoa bitarte, aurrekontu aldaketa bat medio, ez ohiko osoko bilkura deituko dela, behar bada ekainaren 30erako.

5.- Plan orokorreko tramitazioan, alegazioen erantzunetan, Portukoei, haiei eskatutako planoa jaso aurretik erantzun izanaz kexatu da Jesus Mari Martiarena. Ez zaio legezkoa iruditzen eskatu eta hura jaso aurretik erantzutea. Alkateak dio dokumentu ezberdinetaz ari direla.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 20:40ean eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 828.487.etik 828.489.ra eta 828.496tik 828.498/ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna