Jaizkibelgo dorre karlistak

Jaizkibel mendiko dorreak herriak XIX. mendean (guda karlistekin) bizitako guda-jardueraren testigu dira. Jaizkibelgo mendilerroaren gailurrean sei dorre altxa ziren eta gaur egun bosten hondarrak daude. Horietatik hegoalderantz begira Irun-Pasaia korridorearen lurraldea ikus dezakegu; iparralderantz begira, berriz, itsasorantz Jaizkibelgo mendi-mazelei erreparatuko diegu.

Dorre guztien oinplanoa hexagonala da eta alde bakoitzak 3,3 m-tik 3,5 m-ra bitartean ditu. Salbuespena, Guadalupetik hurbilen kokatutakoa da: horren oinplanoa laukia da. Guztiek bi solairu eta terraza zituzten. Egun, hareharrizko inguruko hormak bakarrik kontserbatzen dira, barrualdea erabat hutsa dago. Beheko solairuan zulo txiki angeluzuzenak irekitzen ziren, eta aireztatzeko nahiz behatzeko erabiltzen ziren. Kanpoaldean zapata ikus daiteke eta altuera aldakorra du, dorrea baino pixka bat zabalagoa. Lursailaren gainean zuen altuera lursailaren irregulartasunen araberakoa zen.

Soldaduak ez ziren beheko solairutik sartzen. Lehen solairua irekitzen zen eta bertara iristeko desagerraraz zitekeen eskailera erabiltzen zen. Hala, zailagoa zen eraikinean sartzea. Solairu berean alde bakoitzean bi edo hiru gezileiho irekitzen ziren. Terraza fatxada baino pixka bat aurrerago zegoen eta poligonoaren alde bakoitzean hiru ukondok eusten zuten. Gainera, erpin bakoitzean ukondo bana zegoen. Horien artean gutxi gorabehera zirkularra zen zuloa irekitzen zen eta euri-urak kanporatzeko erabiltzen zen.

Telekomunikazioko antenak dauden lekua, gunerik altuena (Alleru gailurra- 547 m) Karlistek San Enriqueko gotorlekua kokatzeko hautatu zuten. Bere aurriak egoera onean kontserbatzen dira, inguruko hormak eta barneko zenbait zatiketa bereiz baitaitezke.

43.332469639618, -1.8957370519638